Alternatibak salatu du Irungo alkatearen jarrerak Berdintasun Legea era larrian urratzen duela

Alternatibaren ordezkari Diana Urreak, “guztiz onartezintzat” jo du Irungo alkate Jose Antonio Santanok kargu publiko gisa hartutako aldebakarreko erabakia, udalerriko III. Berdintasun Planaren zirriborrotik Alardearen ospakizunarekin urtero errepikatzen den egoera diskriminatzailea kendu duelako, mugimendu feministek, berdintasun teknikariek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak berak salatu duten bezala. Horregatik, ohartarazi dio “Berdintasun Legea modu larrian urratzen” ari dela.

Alderdi ezkertiarretik adierazi dute Bidasoa eskualdeko Alardeen egoera udalerrietako berdintasun planetan sartzea oinarrizkoa dela: “gizartearen talde adierazgarri bat matxista izatea, Berdintasunari dagokio; bere herriko jaietan modu baketsuan desfilatu nahi duten emakumeen kontrako hitzezko indarkeria edo indarkeria fisikoa eragitea, Berdintasunari dagokio; bizitzaren esparru guztietan emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa zaindu eta sustatu behar duten instituzioek jokaera sexistak praktikan jartzea eta zigorgabe mantentzea, Berdintasunarekin erabat lotuta dago”.

Zentzu horretan, Urreak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna gai soziala dela gogoratu du, batez ere, desberdintasun hori gizarte patriarkal batean oinarritzen delako eta “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen arabera, EAEko botere publiko guztiak behartuta daudelako sistema patriarkal honen ondorio guztiei aurre egitera”. Horregatik, “Irungo alkateak bizitzaren arlo eta espazio guztietan, herriko jaietan barne, berdintasun efektiboa lortzea eragozten duten oztopo guztiak desagerrarazi beharko lituzkeela”  azaldu du.

Bestaldetik, “desfilatzen duten emakumeak iraintzea, ezkutatu nahi izatea eta  zilegitasuna kentzea ahalbidetzen duen kultura sustatzea emakumeen kontrako indarkeria modu sinbolikobatean sustatzearen berdina da”. Horrela, Santanok Eudeli balioa kentzen diola ulertzen du, aste honetako bezalako erailketa matxistak ekiditeko berdintasunaren alde lanean ari dela baieztatzen duenean, bere presidenteorde Santanok bitartean “kultura matxista zabaltzen duenean, emakumeen kontrako indarkeriaren sustraia dena”.

Bukatzeko, Urreak PSEri eskatu dio bere alderdiko Santanori aipatutako 4/2005 Legea betetzeko exijitu diezaiola, PNVri ere helarazi dion eskaera, jeltzalea baita Hondarribiko alkate Aitor Kerejeta, Eudeleko zuzendaritzako kidea ere, eta modu berean urratzen du bere herriko emakumeek alardean parte hartzeko duten eskubidea. Tamalez, amaitu du, “legeak emakumeon eskubideekin zerikusia dutenean inork ez du ezer egiten betearaztearren, bigarren mailako legeak iruditzeraino. Izango da alkate batzuek, oraindik ere, uste dutelako emakumeak bigarren mailako pertsonak direla”.

Ehun emakume inguruk sortu dute Gipuzkoako Berdintasuneko lehen Foru Kontseilua

Gipuzkoako 41 elkartetako ehun emakumetik gora izan dira Gunea Gipuzkoako Berdintasunerako lehen Foru Kontseilua sortzeko prozesuan parte hartu dutenak. Emakumeen parte-hartze soziopolitikorako eta Diputazioarekin elkarrizketa zuzena izateko sortu da Gunea. Orain arte, babes instituzionalik izan ez duen mugimendu feministaren aldarrikapen historikoa da.

Kontseiluaren sortze dekretua Diputatuen Kontseiluak onartuko du bihar eta gaur aurkeztu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek, Berdintasunerako foru zuzendari Laura Gómezek eta Gunean parte hartu duten bi emakumek, Hazar Smadi eta Katia Reimberg-ek, Safar eta Bidez Bide elkartekoek, hurrenez hurren.

Berdintasuneko zuzendariak azaldu duenez, azken urtean parte-hartze prozesu bat egin da zortzi eskualdetan bilerak eginez eta, bertan, Lurralde osoko emakumeek parte hartu dute Kontseilua definitzeko, izena zehaztetik Gunea-, helburuak finkatzera bitarte. Prozesu honetan elkarte mota ugarik parte hartu dute: feministak, musulmanak, alargunak, etxeko langileak, etorkin latinoamerikarrak…

Guztiek definitu dute Gunea “berdintasunerako parte-hartze eta elkarrizketa toki gisa, mugimendu feminista eta emakumeen elkarteek foru politiketan ahotsa izan dezaten”. Foro honek bere funtzioen artean du, gainera, berdintasun politikak bultzatzea, Aldundiko politiketan ikuspegi feminista txertatzen dela bermatzeko foru arduradunek elkarrizketa zuzena zehaztea, emakumeen enpoderatzea sustatzea, elkarteen arteko sare eta koordinazioa indartzea eta gure Lurraldeko edozein indarkeria matxista modu salatzea.

Berdintasun zuzendariak Guneako kideak zoriondu ditu gune hau sortzeagatik eta azpimarratu duenez, “honela, Gipuzkoan mugimendu feministak zuen aldarrikapen historiko bat bete da, izan ere, orain arte, erakundeek beti bizkar eman diote eskaera honi”. Gómezek gaineratu du Gunea datorren larunbatean, hilaren 22an, aurkeztuko dela publikoki, Donostiako Bulebarrean 12.00etatik aurrera egingo den festa giroko ekitaldi batean.

Gipuzkoak bost udal egoitza bere gain hartuko ditu aurten

Gipuzkoako Foru Aldundiak bost udal egoitza hartuko ditu bere gain aurten, 18/2008ko legeak ezartzen duen eskumen banaketaren baitan. Elgoibar, Villabona, Zumaia, Lasarte-Oria eta Azkoitiko adineko zentroak izango dira Gizarte Politikako Departamentuak sortuko duen erakunde autonomo berrira pasako diren lehenengo bost udal egoitzak. Hurrengo asteetan udal hauetako ordezkariekin bilerak hasiko dira.

Horrela adierazi du Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek Batzar Nagusietan izandako agerraldian. Bertan, Mendekotasunaren Arreta Hobetzeko Planaren bilakaera aurkeztu du, eta “oso positibotzat” jo ditu orain arte emandako aurrerapausoak. Plan hau, 2013ko urtarrilean aurkeztu zitzaien BBNNetako taldeei eta Gipuzkoako udalei. Proposamen honen bidez, Gizarte Zerbitzuen Legeak dakarren eskumen banaketari heldu nahi dio Aldundiak, beti ere eskaintzen den arreta indartuz. “Finean, mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko politikak hobetzeko proiektu partekatu bat da plana, zehazki eta batez ere, mendekotasuna duten pertsonak beren ingurunean jarrai dezaten helburu duten politikak hobetzeko”, azpimarratu du diputatuak.

Plan horren baitan, egutegi bat ezartzen da udal egoitzak eta eguneko zentroak Aldundiari eskualdatzeko, eta Gipuzkoako udalek Etxeko Laguntza Zerbitzuaren finantzazioa progresiboki beren gain hartzeko. Egutegi horren aurreneko pausoak hauek dira: etxeko laguntza zerbitzuari ekarpenak egiten hasiko dira udalak, eta Aldundiak bere gain hartuko ditu Legeak ezartzen dituen eskumenak.

Horien artean, 16 udal egoitzen ardura bere gain hartu behar du Aldundiak, eta, iaz aurkeztutako egutegia jarraituz, aurten Elgoibar, Villabona, Zumaia, Lasarte-Oria eta Azkoitiko adineko zentroak Diputazioaren eskutara pasako dira.

Honetaz gain, orain arte eman diren aurrerapausoak hauek dira:

  • Urtarrilaren 1etik Diputazioa hasi da ordaintzen autonomoen kostea adinekoen egoitzetako plazetan. 19 udal onuradun daude eta 900.000 euroko gastua suposatu du Diputazioarentzat.
  • Udal egoitzen egoerari buruzko auditoriak egin ditugu.
  • Diputazioak etxeko laguntza zerbitzuaren 2014ko tarifak KPIaren arabera eguneratu ditu. 100.000 euro gehiago suposatu dute.
  • Aldundiak hitzarmen bat prestatuko du beste 11 udal jakinei euren udal egoitzen defizitaren %15,5 ordaintzeko. 1,1 milioi euro aurreikusi dira horretarako.
  • Bi udalekin elkarlanean, Mendekotasun Legearen prestazio ekonomikoen hartzaileei jarraipena egiteko eta kasu bakoitza aztertzeko egitasmo pilotua jarriko dugu martxan, beti ere zerbitzua hobetze aldera.

Beraz, diputatuaren hitzetan, “Mendekotasunaren Arreta Hobetzeko Plangintza aurreikusi bezala betetzen ari da. Pozik gaude eta balantze positiboa egiten dugu, bereziki eskumen berrantolaketa hori, 18/2008 Legearen arabera, 2009an egitekoa zelako, eta Plan honekin hasi arte inork ez duelako urratsik eman bide horretan”.

GFA

Alternatibak osasungintza publikoaren aldeko Tolosaldeko martxarekin bat egitera deitu du

Alternatibako Gipuzkoako koordinatzaile Ayem Oskozek bihar, larunbata, Tolosan antolatutako elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du, Osasun eskubidea, publikoa eta kalitatezkoa lemapean eguerdiko 12:00etan Trianguloatik abiatuko dena, “osasungintza publikoa aldarrikatu eta kapital pribatua oinarrizko zerbitzu publikoetan sartzearen arriskuaz ohartarazteko”, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Inviza enpresarekin duen hitzarmenaren harira.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gogora ekarri nahi izan du Margaret Tacherrek Erresuma Batuan zerabilen leloa, “there is no alternative” (ez dago beste aukerarik) oinarrizko zerbitzu publikoak pribatizatzen zituenean: “Egun, Ingalaterran nabarmenak dira politika horrek osasungintzaren kalitateari eragin zizkion kalteak. Orain dela gutxi, David Cameron lehen ministroak barkamena eskatu behar izan zuen, hain zuzen ere, pribatizazio prozesu horren ondorio lazgarriengatik”.

Oskozek esan duenez, Thatcherrek ez bezala, “PNVk disimulu handiagoarekin ekin dio osasun sistemaren pribatizazioari”. Honen kontra, askotariko eragile ugari biltzen dituen Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde TOPA plataformak lan “bikaina” egin du eskualde hartan  gertatzen ari den egoeraren inguruko kezka zabaltzeko, alegia “Darpon osasun kontseilariak Tolosaldeak ospitale publiko bat izatearen eskaera historikoari muzin egin eta pribatizazioan urrats berriak egiten dabilela salatzeko”.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Gomez Montoyaren Asuncion Klinikari orain arte publikotik ematen ziren zerbitzuak bideratzen ari da. Gomez Montoya Adegi eta CEOEko klinika pribatuen bozeramailea da eta, ospitaleak kudeatzeaz gain, zahar etxeak ere kudeatzen ditu. Ez da lehen aldia PNVk lagundu egiten diona. Zahar etxeen borrokan Gomez Montoyak Gipuzkoako patronalaren bozeramaile gisa Aldundiaren kontra aritu zenean, PNV Adegiren alde aritu zen.

Alternatibatik gogorarazi dutenez, “Euskal Herrian ikusi ditugu Nafarroako ospitaletako elikagaien aferarekin zein larria izan daitekeen osasungintzaren pribatizazioa”. Horregatik, orain PNVk EAEn ere eredu hau zabaltzeko helburua ageri duela, “Tolosaldean eman beharreko erantzuna sendoa izan behar da, Tolosaldean eredu hau gelditzeak beste eskualde batzuetan be gelditzea suposatuko baitu”.

Hiri eredu berrian sakontzeko, herritarren ekarpena bultzatuko du Donostiako EHBilduk

Azken urteetan egindako lana baloratzeko eta “hiri eredu berria eraikitzeko ditugun erronkak herritarrekin partekatzeko” herri batzarrak antolatu ditu EH Bilduk Donostian. Gaur egindako agerraldian, duela bi urte abiarazi zen aldaketan sakontzeko herritarren ekarpena ezinbesteko osagaitzat jo dute EH Bilduko ordezkariek. Bertan izan da ere Alternatiba Gipuzkoako kide Ayem Oskoz.

aurkezpena1

“2011ko maiatzean burutu ziren udal hauteskundeek aldaketa esanguratsua eragin zuten Donostiako Udalean. EH Bildu Donostiako Udal Gobernuaren buru jarriz, urte luzez Donostian garatutako politika eredua aldatzea hautatu zuten herritarrek. 2011ko maiatza hartan, gauzak beste modu batera egiteko jarri gintuzten herritarrek Udal Gobernuaren buru, eta geroztik, mandatu horrek gidatu ditu gure urratsak.

Bi urte eta erdi hauetan, aldaketa hori gorpuztuz joan gara, bai politika egiteko moduei dagokienean, baita politika horien edukiei dagokienean ere. Formei dagokienean, Udaletxearen ateak herritarrei zabaldu dizkiegu eta herritarren parte hartzerako bideak ugaldu. Auzoetara joan gara arazoen aurrean aurpegia ematera eta informazioa herritarren esku jarri dugu. Herritarrak Donostiako politikagintzaren protagonista bilakatzen ari gara.

Baina politika egiteko moduez harago, garatzen ari garen politikek ere, aldaketa nabarmena ekarri dute Donostiara. Gure politiken erdigunean ere, pertsonak, donostiarrak jarri baititugu. Donostiarren interesek gidatzen dituzte, gaur inoiz ez bezala, Donostiako Udaletik bultzatzen diren politikak. Eskubide sozialen eremuan, enpleguaren sustapenean, giza eskubideen alorrean, ekologian, hizkuntzan, kulturan edota aniztasunean, herritarrak dira EH Bilduren politiken abiapuntua eta helmuga. Herritarrak dira gure politikaren ardatza.

aurkezpena4

Eta hori horrela izanik, berebiziko garrantzia du EH Bildurentzako instituzioetan egiten ari garen lan hori guztia herritar sare zabalekin iraunkorki partekatzea. Informazioa zuzenki elkartrukatu eta egiten dugun lana elkarrekin baloratzeko, baita aurrera begira ditugun erronkak elkarrekin aztertu eta zehazteko ere. Ekainaren 23an, legegintzaldiak bi urte bete zituenean, Miramarren ehun herritar inguru elkartu ginen egindako bidearen balantzea egiteko, eta bertan, ondorio argia atera genuen. Alegia, halako saio irekiak biderkatu behar genituela.

Eta hala egingo dugu. Otsaila eta martxoan zehar lau saio antolatu ditugu hiriko gune ezberdinetan. Esan bezala, saioen helburua bikoitza izango da: egindako bidearen balorazioa egitea eta aurrera begira ditugun erronkak partekatzea. Saio guztiak larunbatez burutuko ditugu, goizeko 11:00etan abiatuta, eta metodologia aldetik, herritarren parte hartzea bultzatzeko formatuak landuko ditugu (talde txikietan banatu…).

– Datorren larunbatean, otsailaren 15ean, Okendo Kultur Etxean herritarren partaidetzaz arituko gara “Herritarrok egiten dugu Donostia” izendatu dugun saioan.

–  Otsailaren 22an, Egiako Kultur Etxean, euskara izango dugu hizpide “Bizi euskaraz Donostia” lemapean.

– Martxoaren 22an, Loiolako Kultur Etxean hirigintzaz arituko gara “pertsonentzako hiria” izenburupean.

– Martxoaren 29an Altzako Casares Kultur Etxean, ongizate politikak aztertuko ditugu “Donostia justu eta solidarioa” saioan.

Guk argi dugu, guk eraiki nahi dugun Donostia, herritarron Donostia, herritarrekiko justu eta solidarioa, parte hartzailea, euskalduna, jasangarria, kultur-anitza… eraikitzen jarraitzeko, herritarren inplikazioa eta babesa ezinbesteko osagaia dugula. Horregatik, batzar hauetan parte hartzeko deia ozen luzatu nahi diegu EH Bildu bultzatzen ari den hiri eredu berri honekin bat egiten duten herritar guztiei.

X