Iñigo Goikoetxea “Jaizkibel konpainia” komikiaren egileari elkarrizketa BERRIAn

Iñigo Goikoetxea “Jaizkibel konpainia” komikiaren egile eta marrazkilariari Jon Ander De la Hoz kazetariak BERRIAn egindako elkarrizketa, Hondarribiko Alardearen eta Jaizkibel Konpainiaren historia kontatzen duena. 

Beti ibili izan da marrazkiaren jiran Iñigo Goikoetxea (Hondarribia, Gipuzkoa, 1983). Arkitektura ikasketak egin zituen, eta komikia du zaletasun. Zaletasun horretan oinarritu du alardeko Jaizkibel konpainia mistoaren historia biltzen duen komikia: «Konpainiako militantea naiz, eta lan hau gizartean eragiteko tresna da».

Komikiaren lehen zatian alardearen oinarri izan zen 1638ko setioa landu duzu. Nola dokumentatu zara duela lau mende oinarritutako zatia egiteko?

Hasteko, garai hari buruzko testuak irakurri nituen informatzeko. Xabier Kerejeta historialariarekin ere bildu nintzen, eta zinta batzuetan bera txertatu dut kontaketa egiten. Hondarribiko setiotik hasi, eta ia XX. mendera arteko historia kontatu zidan. Beraz, esan daiteke elkarrizketa bidez informatu naizela.

Jaizkibelen hogei urteko ibilbidea ere biltzen du lanak. Konpainiako kide izateak zuzeneko iturrietara iristea ahalbidetu dizu?

Kideak ezagutzen ditut, eta lanak errazten ditu horrek. Gainera, ez dute nirekin hitz egiteko beldurrik izan, nire babesa dutela badakitelako. Jende irekia da elkarrizketak emateko garaian.

Komikia egiten hasi zinenerako istorio definitu bat egituratua al zenuen?

Ez dut gidoirik erabili, esperientzia pertsonalen batuketa delako. Lau edo bost aukera nituen informazioa sartzeko; kronologikoki azaldu dut Jaizkibelen bilakaera.

Zeure kabuz hasi zinen lana egiten; zer erantzun jaso zenuen Jaizkibelekoei aurkeztu zenienean? 

Ni komikiaren munduan aritzen naiz, eta komikia tresna ona da gaia gizartean zabaltzeko. Horregatik, Jaizkibelen asanbladan proposatu zuten, eta, ados zeudenez, aurrera egitea erabaki genuen.

Fikzioak ba al du lekurik zure lanean?

Komikia kronika bat da, eta marrazkien bidez benetan gertatutakoei irudi bat egin diet, telebistako kamerarik ez zegoelako ordu hartan. Esaterako, lehen aldiz desfilatu aurretik etxeko atarian bizi izandakoen irudikapena dago komikian. Fikziotik gutxi du lanak, baina komikian badago zati bat non egileak momentu hori imajinatu egiten duen. Hala ere, betiko alardeko kide bati galdetzen badiozu, guztia fikzioa dela esango dizu. Komikia inprimatu ere egin gabe zegoenean, hala jarri zuten txio batean, fikziozko istorio polita zela.

Diozunez, gatazka ez zen 1996an hasi, 1993an baizik. Zergatik?

Hori da. Ez da asko ezagutzen, baina lehendabiziko hiru urteetan, festan parte hartzeko baimena eskatu zion emakume talde batek Hondarribiko Udalari. Oso modu naturalean egin zuten, horretarako eskubidea zutela iritzita. Hiru urte horietan, isiltasun administratiboa egin zuen udalak, eskaera hura ikusezin bilakatuz. Jendeak pentsa dezake 1996ko saialdira arte ez zela deus gertatzen, baina ez da hala.

Alternatibak Hondarribiko alardearen eta Jaizkibel konpainiaren historia jasotzen duen komikia Gasteizen eta Oiartzunen aurkeztuko du

Abenduaren 19an eta 20an, Alternatibak “Jaizkibel konpainia” komikiaren aurkezpena egingo du Gasteizen eta Oiartzunen. Liburuak Hondarribiko alardearen historia jorratzen du, jatorrizko gertaera historikoetatik abiatuta, irailaren 8an urtero gogora ekartzen direnak, eta azken hamarkadetan herriko jaiak parekidetasunean bizitzeko hainbat emakume eta gizonek abiatutako borrokarekin amaituta.

Egilea, Iñigo Goicocechea “Galgó” marrazkilari hondarribiarra, aurkezpen ekitaldietan izango da, eta ikerketa lanaren zein sorkuntza grafikoaren berri emango du. Komikia auto-edizioaren bidez argitara eman da, besteak beste, Alternatiba bezalako eragileen laguntzarekin, Jaizkibel konpainiaren borrokarekin aspalditik agertutako konpromisoarekin bat eginda.

Gasteizko ekitaldia hilaren 19an, asteartea, egingo da, alderdiaren egoitzan (Los Herran kaleko 25.eko behealdean) arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Hurrengo egunean, Oiartzunera (Gipuzkoa) eramango da aurkezpena, Manuel Lekuona udal liburutegira hain zuzen eta ordu berean, 19:00etan, hasita.

Ekitaldiotan komikia erosteko aukera izango dute bertaratutakoek. Salmentarekin bildutako dirua, osorik, Jaizkibiel Konpainiarentzat bideratuko da. Informazio gehiago nahi dutenek edota egilea elkarrizketatu  nahi duten hedabideek, aski dute Alternatibaren komunikazio taldearekin harremanetan jartzea.

Fidel gogoan bere heriotzetik urtebetera

Urtebete igaro da Fidel Castro Ruz Betirako Komandantearen desagerpen fisikotik 2016ko azaroak 25ean. Denon ahotan egon zen berri tamalgarri hura. Gogoratuko gara nola segituan bete ziren Euskal Herriko kaleak Fidelen argazkiez, Bandera Kubatarrak ere azaldu ziren balkoietan eta omenaldi ugari egin ziren.

Momentuak eskatzen zuen urgentziaz, Donostiako hainbat alderdi, erakunde eta herritarrok lehen momentuko ekitaldia egin genuen Donostian. Urtebete geroago, Alderdi Komunista-PCPE, Alternatiba, PCE/EPK, Sortu, Gazte Komunisten Kolektiboak-CJC, Ernai, Gazte Komunistak, Askapena eta Euskal Herria Donbas Komiteari beharrezkoa ikusi dugu berriro elkartzea Gipuzkoan bizi diren kubatarrekin batera, ACESMArekin, batzen gaituen hori oroitu, defendatu eta goraipatzeko: Fidel eta Kubatar Iraultza.

Aurten Urriko Iraultza Sozialista Handiaren mendeurrena ospatu dugun urte honetan, gogora ekarri nahi dugu Sobietar Batasunaren adibidea jarraituz duela 59 urte Fidelek eta berak gidaturiko Iraultzak independentzia nazional eta klasista ekarri ziola Kubari, Latino Amerikako lehen iraultza sozialista garaipenera eramanez. Inperialisten esanetara zegoen Batista diktadorea garaituz borroka luze baten ondoren eta aberri berri bat eraikitzen hasi zen Fidel; Che Guevara, Raul eta Camilo Cienfuegos bezalakoekin batera, Amerikar Estatu Batuen sudurren aurrean.

Fidelek hitz egin zigun azken aldietako batean, Sobietar Batasuna eta Leninen obra gogora ekarri zigun eta desiratu zuen beste 100 urte behar ez izatea Sobietar Iraultza bezalako obra handi bat gizadiak berriro izan dezan.

1961eko apirilak 16an Fidelek Iraultzaren Izaera Sozialista aldarrikatu zuen, Kubako Alderdi Komunistaren gidaritza ukaezinarekin. Ekoizpen bideak nazionalizatu eta langileak agintari bilakatu ziren. Laborantza erreforma bultzatu eta nekazariak lurren agintari bihurtu ziren. Nazio mailako alfabetizazio kanpaina erraldoi bat abiatu zen ez soilik haurrei, baita helduei ere idatzi eta irakurtzen irakasteko, ondo bai zekien Fidelek, herri ez-jakitun bat baino gauza arriskutsuagorik ez dagoela.

Fidel adibide bat da munduko iraultzaile eta progresista guztientzat. Bere tinkotasuna zailtasun guztien aurrean, munduko aldaketa historikoen irakurketa gaitasuna eta taktika iraultzailea momentuko kondizioetara moldatzeko gaitasuna, bere gizarte justuago bat eraikitzearen ideiaren atxikimenduak eta bere internazionalismo proletarioak nahitaezko erreferentzian bilakatzen du Fidel.

Sobietar Batasunean eta Europako beste herrialde sozialistetan tamalez kontrairaultzak garaipena lortu ondoren, Iraultza Kubatarraren adibideak

beste dimentsio bat hartu zuen. Garai gogor horietan, Fidelek gidaturiko irlak, Bandera Gorria goian mantendu zuen momentuko korronte guztien aurka, munduko iraultzaile guztientzat itxaropen eta erreferentzia bilakatuz.

Kubatar Iraultza Sozialistak bertako langile-nekazariak ahalduntzeaz gain, beste herrialde askotakoei ere laguntza ikaragarria eman zien eta ematen jarraitzen die internazionalismo proletarioari jarraiki. Eredugarriak dira Kubatar Indar Armatu Iraultzaileek emandako laguntza independentzia nazionala eta eraikuntza sozialista defendatuz Argelian, Kongon, Sirian, Angolan, Etiopian eta Nikaraguan, esanguratsuenak aipatzearren. *Latino Ameriketako herrialde antiinperialistekin batera sustaturiko ALBA mugimendua, Hego Afrikako beltzei apartheid garaian emandako laguntza, eta beste hamarnaka adibide ditugu.* Denongatik ezagunak dira ere mundu osoan zehar behar handienak dituztenei laguntzen ibiltzen diren mediku kubatarrak.

Bereziki gogora ekarri nahi dugu Euskal Herriko iheslari politiko askok Kuban aurkitu izan duten babesa. Kubatar Iraultzak eskaini dien bigarren etxe duin hori beti eskertua izango da.

Aipatu dugun guztia ez zen horrela izango Fidel gabe. Fidel aitzindari bat izan zen, fisikoki joan zitzaigun urtean bertan aurreratu zizkigun hitz hauek: “denoi iritsiko zaigu gure txanda, baina Kubako komunisten ideiak geratuko dira, planeta honetan irmotasun eta duintasunez lan egiten bada, gizakiok behar ditugun ondare material eta kulturalak ekoiztu daitezke, eta atsedenik gabe borrokatu behar dugu horiek lortzeko. Gure munduko anaiei helarazi behar diegu Kubatar Herriak irabaziko duela”.

http://www.alternatiba.net/old-files/Cuba01%20(1).jpg

http://www.alternatiba.net/old-files/Cuba01%20(3).jpeg

http://www.alternatiba.net/old-files/Cuba01%20(6).jpg

http://www.alternatiba.net/old-files/Cuba01%20(7).jpg

http://www.alternatiba.net/old-files/Cuba01%20(1).jpeg

http://alternatiba.net/old-files/Cuba01 (1).jpg

http://alternatiba.net/old-files/Cuba01 (3).jpeg

http://alternatiba.net/old-files/Cuba01 (6).jpg

http://alternatiba.net/old-files/Cuba01 (7).jpg

http://alternatiba.net/old-files/Cuba01 (1).jpeg

‘Colapso’ liburuaren aurkezpenak jakinmina sortu du

Testua eta argazkiak: mondraberri.eus /2017ko azaroak 23, osteguna

40 lagun inguru batu ziren atzo arratsaldean Jaizaleko Elkartean, Alternatibak antolatutako hitzaldiaren baitan. Gonbidatua Carlos Taibo idazle galiziar libertarioa izan zen. Oraingo honetan ‘Colapso: Capitalismo Terminal, Transición Ecológica, Ecofascismo’ bere lanaren 3. edizioa aurkeztera gerturatu zen idazlea Arrasatera. Ez da lehenengo aldia ordea Carlos Taibo gurean dagoena, duela 18 urte Txetxeniaren inguruko hitzaldi batean parte hartzera etorri zen eta.

Joan etorri marduleko autorea dugu galiziarra, ideia libertarioen defendatzaile amorratua. 50 liburu argitaratu ditu jadanik Unibertsitateko irakaslea den pentsalari honek. ‘Colapso’ren kasuan, lehen bi edizioetan liburu guztiak saldu zituen, eta hirugarren edizioa du beraz honakoak, Cataratas editorialaren eskutik.

Jakinmin handia piztu zuen aurkeztera etorri zen liburuaren gaiak. Obrak egun jasaten dugun sistemaren kolapsoa, erorketa edo deuseztapena gerta daitekeen aukera gisa planteatzen du. Diskurtso politiko eta mediatiko hegemonikoek ez dute gai honen inguruan inolako eztabaidarik plazaratzen, baina horrek ez du esan nahi aukera hori existitzen ez denik.

Tesi honetatik abiatzen da Carlos Taibo idazle libertarioaren azken lana. Kolapsoaren kontzeptua ikuspegi pedagogiko batetik aztertuz, berau sorrarazi duten kausak eta ekar ditzakeen ondorioetan jartzen da arreta. Horretaz gain, sistemaren erorketari aurre egiteko bi erantzun guztiz kontrajarri planteatzen dira: trantsizioaren aldeko mugimenduak eta ekofaxismoa. Fenomeno hau herritarren ikuspuntutik ere lantzen da.

https://pbs.twimg.com/media/DPQQXvOWsAAtn2c.jpg

https://pbs.twimg.com/media/DPQSHOjWkAAuKmg.jpg

https://pbs.twimg.com/media/DPQTSpQXUAARx4y.jpg

https://pbs.twimg.com/media/DPQUZf9X4AASquL.jpg

https://pbs.twimg.com/media/DPQWXcqXUAMuKdM.jpg

https://pbs.twimg.com/media/DPQZqOhXUAgrNP1.jpg

https://pbs.twimg.com/media/DPQcnlsXUAYKLh-.jpg

http://alternatiba.net/old-files/171122Presentaci%C3%B3nColapso(Arrasate)2%20REDES.jpg

Alternatibak bere militante borrokalarienaren heriotza deitoratzen du, Hector Prieto Aretxabaletako zinegotzia

Atzo, urriaren 26an, albiste lazgarria jaso genuen, Hector Prieto Rosado Alternatibako kide eta Euskal Herria Bildu zinegotziaren heriotzarena. Galera mingarria, Euskal Herria justu eta solidarioago baten aldeko borrokan izan dugun militante borrokalarienaren umezurtz utzi gaituelako. Gaztea bazen ere, beste inork ez bezala jakin izan du bizitzaren minutu bakoitzari zukua ateratzen, mundua hobea eraikitzea iparrorratz zuela.

Alternatibaren Koordinakunde Nazionalak galera honek eragindako samina adierazi nahi du, eta bere senide, Pepi Rosado eta Jose Ramon Prieto gurasoei bereziki, eta hurbilekoei dolumina agertu nahi die. Haiekin guztiekin partekatzen dugu Hector ezagutu izanaren harrotasuna, eta bere bizitzari aurre egiteko moduaz zipriztindu izana. Oztopo handia jarri zion patuak, endekapenezko gaixotasun bat hain zuzen ere, baina ausardiaz egin zion aurre eta muga fisikoen gainetik, kezkaz beteriko adimen iraultzaileak hegan egiteko gai izan zen.

Hectorrek betidanik maitatu izan zuen historia, argi zuen iragana ezagutu ezean, akats berdinak errepikatzeko joera duela gizateriak. Zailtasunak zailtasun, eremu honetan ikasketak egitea lortu zuen, lizentziatura eta master bat eginda, baina baita ere bere ideia eta idazkiak hainbat blogetan jasoz. Babeslekua zen historia harentzat eta, maiz, lerro batzuk eskaintzen zizkien Buenaventura Durruti, James Connolly edota hainbeste estimatzen zuen Ernesto Che Guevara komandanteari.

Ezkerreko militante gisa, pertsona guztiak duintasunez eta elkarri kontra egin gabe biziko ziren mundua zuen amets. Eta bere harri-koskorra jarri zuen helburu horretan, Alternatiban militatzen eta harago ere joanda, izan ere, 2015eko udal hauteskundeetan Aretxabaletako EH Bilduren zerrendetan parte hartu zuen, herritarren babesari esker, zinegotzi atera zela.

Gazte joan zaigu, 34 urterekin, baina medikuen aurreikuspen guztiak gaindituta eta, batez ere, bere bidea zentzuaz eta konpromisoaz jantzita. Hector joan zaigu, baina bere eredua utzi digu, inoiz aipatu zuen Hellen Keller idazle eta aktibista itsu eta gorraren aipua egi bilakatu baitzuen: “Ezin diozu zure buruari onartu arrastaka joatea gogoak hegan egiteko eskatzen dizunean”.

Sit tibi terra levis Hector, agur eta ohore.

Alternatibako Koordinakunde Nazionala

Euskal Herria, 2017ko urriaren 27an

X