Alternatibak Eisenstein-en ‘Urria’ filmaren proiekzioak antolatu ditu Gipuzkoako hiri nagusietan

Errusiako Iraultzaren 100. urteurrena dela eta, Alternatibak munduko historia aldatuko zuen gertaera horren gaineko ekitaldiak antolatu ditu URRIA (Eisenstein, 1927) filma proiektatuz Gipuzkoako hiri nagusietan. Lehen emalandia gaur izango da, Irunen, eta hurrengoak Errenteria-Oreretan (24, asteartea), Arrasaten (25, asteazkena), Donostian (26, osteguna) eta Eibarren (31, asteartea) izango dira. Filmaren ostean, Joxemari Carrere idazle eta ipuin-kontalariak gidatutako solasaldiak egingo dira.

Urriko Iraultzaren hamargarren urteurrenaren harira, Sergei Eisenstein zinegileak gertaera haiek berregin zituen film honetan. Errusiako Iraultzak munduko historia aldatu zuen, jendartearen aldaketarako bidean eta mundu justuago baten bilaketan, ezkerreko jendearentzat erreferentzia eta ikasbidea bihurtuz. XIX. mendean emandako askatasunaren aldeko iraultzen ondorengoa dugu, Pariseko Komunaren (1871) esperientzia esaterako.

Iraultza sozialisten lehertzearen zergatiak eta garapenak eztabaidagai izan dira beti ezkerraren baitan. Errusiako Iraultza beraren lehenengo fasea eta geroago Sobiet Batasunak Stalinen gidaritzapean izandako garapen odoltsua, kritikoen hiketekin eta errepresioaren aurrean ezker mugimenduaren baitan eztabaida luzeak eta zatiketen eragile izan zen. Geroago beste iraultzak etorri ziren, Kuban eta Nikaraguan esaterako, guztiak boterearen hartzea armen bidez izan zirenak, horiek ere hamaika eztabaida bide zabaldu izan dituztenak.

Sobietar Iraultza lehertu zenetik 100 urteko tarte historikoa eman da; URRIA filmaren aitzakiarekin Alternatibak gizarte berri baterako bide horretaz gogoeta proposatzen dugu, gizarte justuago, askeago eta pertsonen berdintasunean oinarritutakoa lor dezagun.

U19 IRUN Kabigorri 19:30

U24 ERRENTERIA-ORERETA Mikelazulo 18:30

U25 ARRASATE Jai-zale 18:30

U26 DONOSTIA Alternatibaren egoitza 18:30

U31 EIBAR Portalea 19:00

 

Alternatiba Hondarribin izango da bihar alarde parekidea babesteko

Ekaina bukaera Irunen egin bezala, Alternatiba Hondarribian izango da bihar alarde parekidea eta Jaizkibel Konpainia babesteko. Koordinakunde Nazionaleko Alba Fatuartek, Joxe Irtarte ‘Bikila’k eta Josean Eguilegorrek osatutako ordezkaritzak jaiak asktasunean eta berdintasunean bizitzeko eksubidea aldarrikatuko dute Hondarribiko ehunka lagunekin batera.
 
Hondarribiko udaleko, Gipuzkoako Alundiko zein Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu nahi dugu, ezer egin gabe bazterkeriaren konplize bilakatzek direlako, eta dagoeneko bi hamarkada dira alarde parekideen aldeko borroka piztu zenetik.Gora emakumeak alardean!

Alternatibak EAJren kudeaketa eredua aztergai izango du Errenterian eta Arrasaten Igor Meltxor ikerlariaren eskutik

Irailaren 6an eta 13an, asteazkenak, Alternatibak hitzaldiak egingo ditu Errenteria-Oreretan eta Arrasaten hurrenez hurren, Eusko Alderdi Jeltzaleak EAEko erakunde desberdinetan egiten duen kudeaketa ereduaren balizko onuren atzean zer dagoen aztertzeko. Horretarako, Igor Meltxor (Ortuella, 1978) ikerlari politiko, idazle eta Kazetari Kanaiako zuzendaria izango dugu hizlari.

Gestión a la vasca: Chiringuitos, impunidad y soberbia“, “Caso Bidegi: ¿A dónde ha ido a parar el dinero?” eta “Gestión a la vasca II: El oasis vasco” ikerketa liburuen egileak, hainbat datu jarriko ditu mahai gainean jeltzaleen benetako interesak azalerazteko, #PNVstyle deritzonaren frogak mahai gaineratzeko azken batean.

Lehen hitzaldia hilaren 6an izango da, Errenteria-Oreretako Mikelazulo elkartearen aretoan (Beheko kalearen 4.ean) arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Bigarren hitzordua Arrasateko Jai-Zale tabernan izango da (Olarteko kalea, 37) ordu berean baina irailaren 13an, asteazkena. Hitzaldi irekiak izango dira biak, sarrera askekoak aretoak bete arte. Bata zein bestean ikerlariaren liburuak eskuratzeko aukera izango dute bertaratutakoek.

Eguna: Irailak 6, asteazkena.

Ordua: 18:30

Lekua: Mikelazulo Elkartea (Beheko kalea 4, Errenteria-Orereta).

Hizlariak: Igor Meltxor analista politikoa eta idazle eta Alternatibako kide Joxemari Carrere.

 

Eguna: Irailak 13, asteazkena.

Ordua: 18:30 .

Lekua: Jai-Zale taberna (Olarte 37, Arrasate).

Hizlariak: Igor Meltxor analista politikoa eta Josean Eguilegor, Alternatibaren zuzendaritzako kidea.

Zurietan zuri

Joxe Iriarte “Bikila” – Alternatiba

Zuria, faltsua dela zioen Orixek. Izan ingurumen arloan, izan genero zapalkuntzaren arloan, nazkatua nago instituzio batzuei darien zurikeriarekin. Eguneroko ogia bihurtu zaigu gauza bat esan eta bestea egitea. Esate baterako, uda honetako jai guztietan: jaia berdintasunean leloa entzun dugu ia udal guztietako arduradunen ahoetatik. Beraz, erbesteratu egin behar omen dugu gure jaietatik generoarekin zerikusirik duen edozein bortizkeria mota. Alabaina, diskurtso horrek ez du, dirudienez, zerikusirik Hondarribiko eta Irungo alardeekin gertatzen denarekin. Alegia, emakume izatetik baztertua izatea herriko jaiaren ekimen garrantzitsuenean.

Askotan entzun dugu, generoen arteko indarkeria edo diskriminazioaren atzean dagoena botere kontua dela. Botere ekonomikoa, fisikoa, psikologikoa eta kulturala. Irungo eta Hondarribiko herri tradizioaren inguruan gauzaturiko botere faktikoek oso argi ikusi zuten Alardearen auzian beren botere kulturala zalantzan jartzen zela eta, zoritxarrez, gurean ere hain errotua dagoen sen gregarioaz baliatu ziren (horien artean emakume askorenak ere) alarde parekidearen aurka era guztietako biolentzia motaz oldartzeko. Argitu iezadazue bestela, urte guzti hauetan Alarde parekidekoak jasandakoa, biolentzia ez bada, zer arraio den. Arantxa Urretabizkaiari eta Ixabel Alkaini egindako elkarrizketan eta, batez ere, Arantxaren azken eleberrian (Bidean ikasi nuena) azaltzen den guztia nahiko froga ez bada.

Ni neu, nire aldetik, gatazka sortu zenetik bertatik bertara ikusi dut bi herrietako Alarde parekideen aldekoek sufritu izan dutena. Plastiko beltzarena icebergaren tontorra besterik ez da. Eta hori dena Hondarribiko eta Irungo udalen konplizitatearekin eta Aldundiaren bestaldera begiratzearekin. Irailaren 8an Hondarribiko alkatea ausartuko al da esatera sexu erasorik gabeko jaiak nahi dituela? Alarde parekidekoek Ertzaintzaren zaintzapean desfilatzea behartuta jarraitzen duten bitartean eta, gainera, udalak bizkarra ematen jarraitzen dienean.

Irakurri BERRIAn

1977ko maiatz odoltsua Errenterian

Biteri kaleko Cobreros botika eta Aurrezki Kutxa Probintzialaren arteko bidegurutzean, guardia zibilen Land-Roverrak eraso gaitu. Aurretik eraman dute pankarta eta ikurrina. Hain ustekabean harrapatu gaituzte… txiripa da ezer gertatu ez izana. Oraindik ez dakit nola saihestu dugun erasoa! Ohi genuen bezala, aurreko lerroari eutsi izan bagenion hilak eta zaurituak izango genituen.

-Akatu ez gaituztenean! –esan du lagun batek ozenki.

-Uste dut norbait atxilotu dutela -oihukatu du beste batek.

Erasoaren eraginez sakabanaturikoak elkartu garen heinean, haserreak harriduraren tokia hartu du. Kuartelillora! Kuartelillora! oihuak gero eta ozenago, gero eta maizago entzuten dira.

Eta kuartelillorantz abiatu gara. Ehunka gara. Denok bero-bero. Beroegi agian. Izan ere, ez baitugu ondo neurtu kuartelilloaren aurka joaterakoan zer gerta dakigukeen! Gure zain daude eta ez digute hurbiltzen uzten. Pilotakadaka eta kezko pote kirasgarriekin hasi dira. Guk, berriz, harrika erantzun diegu. Gerra hasi dela ematen du.

Halako batean su errealaz eginiko tiro hotsak entzun ditugu eta balak gure ondoko hormak zulatzen dituzte. Berunezko balak harrien aurka, beso hutsak fusilen aurka, metraileten hotsa oihuen aurka. Laster hasi dira balaz zaurituriko manifestariak odol putzuetan erortzen, eta kuartelilloaren inguruko etxebizitzetan balek hormetan egindako zuloak agertzen. Kuartelilloaren inguruetako gatazka amaitzen joan den heinean, jendeak nork bere etxera jo du. Indarraren erabilera hain izan da desberdina, ezen guardia zibilek azkenik herria bere egin duten.

Arratsalderako zeharo aldatu zaigu egoera. Erdialde osoa inguratu dute. Halabeharrez, goiko auzoetara jo dugu asanblada egin ahal izateko. Beraun auzora hain zuzen ere. Bostehun pertsona elkartu ahal izan gara eta egoera aztertu ondoren, auzoak, enpresak eta batzordea bateratuko dituen ezkutuko taldea osatzea erabaki dugu.

Erdialdera jaisterakoan, Rafael Gomez Jauregi, 78 urteko aitona guardia zibilen balaz erori dela eman digute aditzera. Une horretan hilerriko bakearen giroa nagusi genuen herri-erdialdean. Lau katu besterik ez zebiltzan kalean eta gu goiko aldean geunden bilduta. Zer gertatu da beraz?. Rafael eta beste bi jubilatu patxara ederrean zihoazen Zumardian barrena. Bat-batean, ordea, tximistak jo izan balu bezala, zerraldo erori omen da Rafael, Batzokiaren parean. Lagunek, zeharo asaldaturik, alde batera eta bestera begiratu dute eta, tiroa, berrehun metro aurrerago, Panier Fleuriko zubian zegoen guardia zibilen taldetik atera dela antzematen dute.

Ezkutuko koordinadorakook Agustinetako komentuaren ezkaratzean bildu gara, hurrengo egunerako zereginak prestatzera.

Maiatzaren 13an, greba orokorrak aurrera dirau. Herri osoa guardia zibilek hartu dute. Hala ere, auzoz auzo, kalez kale, piketeak ibili dira informazioa zabaltzen. Kontsigna bat zen nagusi: “hamabietan, denok herri asanbladara!” 

Euri-jasak gupidarik gabe busti ditu gure hezur-mamiak. Euriak eta zakurren gertutasunak elizara bultzatu gaituzte babes bila. Beste askotan bezala, ateak ireki ditzala eskatzen diogu erretore jaunari, baina oraingoan, sor eta gor egiten dio gure eskaerari.

Eskura dugun informazioa ezagutarazi ondoren, eztabaida saioaren hasieran, tiro danbada entzun da eta megafonoa eusten duen laguna bete-betean jo dute gomazko pilota batez. Berriro ere, traizioz, atzealdetik harrapatu gaituzte. Hala ere, antzeko zerbait espero genuen, ez baita erraza hain asanblada jendetsua errepresiotik babestea. Taldeka zein multzoka, bilduz joan da jendea eta bazter guztietan altxa dira barrikadak.

Berriro ere, ohiko sinfonia. Harrikadak alde batetik, pilotakadak eta ke poteak bestetik. Hala ere, berrikuntza gisa, zenbait tokitan suzko barrikadak piztu direla eta, pontxe bero batzuk ere jaurtiki direla txapelokerren aurka.

Handik ordu erdira agertu dira antidisturbios direlako grisen talde bereziak eta lana banatu dute. Guardia zibilak errepideetan eta inguruko auzoetan, grisak erdigunean. Metraileten hotsak arima sendoenak izutzen edo kikilarazten baditu ere, jendeak ez du amore eman. Eguratsa gero eta irentsi gaitzago bihurtu da. Suzko barrikadei, ke poteei eta baita pontxeei darien keak, negar eginarazteko gasaz nahasturik, gure eztarriak urratzen dituenez, askok eta askok uretan bustitako mukizapiaz babestu ditugu sudur eta aho zuloak. Bi ordu luze iraun du manifestarien eta poliziaren arteko borrokak, gerra zibilaren irudi lazgarria gure burura erakarriz. Azkenean manifestariek etxeko bidea hartu dute eta kaleak poliziaren esku geratu dira.

Arratsaldeko asanblean, gauza zeharo garrantzitsua galdegin da lehen aldiz: greba orokorrak aurrera egiten duen bitartean, herriaren hornikuntza nola antolatu. Egun bateko greba egun askotako bihurtzen ari baitzaigu poliziaren erantzunaren ondorioz. Greba orokorrak kalteak dakartzala ez dago zalantzarik. Kontua da, kalte hauek ahalik eta arinenak izan daitezen gure kargu hartu behar ditugula sortzen diren arazoak. Poliziari bost axola zaio herriari zer gertatzen zaion. Guri, ordea, ez. Haurrentzat eta ahulduentzat nahitaezkoak diren elikagaiak banatzeko orduak jarriko ditugu: esnea saltzeko tokiek, okindegiek, botikek eta antzekoek bide izango dute goizeko bederatzietatik hamaikak arte irekitzeko. Jakina, elikagai hauek garraiatzen dituztenek ere bideak irekiak izango dituzte.

Batzuk, ordea, ez daude honekin oso ados, greba orokorra dena geraraztea delakoan baitaude. Eztabaida iritzi honen inguruan gertatu da. Kontua da, herriak zeini egiten dion kasu. Merkatu-legeari eta agintariei, ala borroka aurrera eraman ahal izateko sortutako herri asanbladari? Asanbladaren hitza legea bada, horrek berebiziko garrantzia du, ez zenbat toki dauden itxiak edo irekiak. Eta asanbladaren helburuak, izan behar luke, eraginkortasunari eutsiz, ahalik eta kalte gutxien sortzea.

Umeak eta zaharrak, behartuak oro, gutarrak dira, haien babesa gure esku baldin badago, hori dena kontuan izan behar dugu. Beraz, greba arautu egin behar dugu, edo beste modu batera esanda, aktiboki eratu. Azken iritzia atera da garaile.

Ondoren manifestazioa egitea erabaki da eta herri erdira hurbiltzen ari ginela, berriro, eraso egin digutenekin gatazka gogorra sortu da. Hamar bat lagun zaurituta eraman dituzte Donostiako erresidentziara. Hezur kraskatuak, ubeldurak, zauriak… denetarik izan dugu.

Ilunabarrean, beste berri txar bat zabaldu da: Bazen Garaia tabernako nagusia izandakoa, Gregorio Maritxalar, balaz larriki zauritu dute bere etxeko balkoian. Iruñaldean ere, Errenterikoa omen den beste lagun bat hil dute.

Larunbata, 14. Haize txarrak ekaitza dakar. Goizgoizetik jakin dugu, Maritxalar hil dela eta Iruñean hildakoa, berriz, Jose Luis Cano izeneko gaztea dela. Garai batean Errenterian bizi izana, eta orain Donostian bizi zena. Senideak, Beraun auzoan bizi omen dira. Herriko erdialdea polizien kontrolpean dago. Beraungo bidea, ordea, barrikadaz josita dagoenez, guk kontrolatzen dugu.

Mila bat lagun inguru gara asanbladari hasiera eman diogunak. Badirudi jendea hasi dela jabetzen goiko aldera igo behar duela. Asanblada honetan aukeratzen da nortzuk eta zein agindurekin joango diren Bilbo aldean egingo den Euskadi osoko lantegi-ordezkarien bilerara. Gure iritzia, eta hara igorri dugun mezua zera da: greba asteleheneraino luzatzea.

Asanblada bukatu ondoren, Jose Luis Cano zenaren sendiaren etxebizitzaraino abiatu gara. Ordezkaritza batek sendiarekin hitz egin duen bitartean, kalean daudenek “Cano hermano, nosotros no olvidamos” oihukatu dute.

Arratsaldean, Eliza nagusia leporaino beteta dagoela, Rafael Gomez Jauregi zenari azken omenaldia egin zaio. Kaleak barrikadaz beteta daude. Ematen du urte osoko gatazkan sartuta gaudela eta jendearen aurpegietan, urduritasuna, nekea eta lo gutxi egin izanaren eragina nabaritzen da. Hala ere, ez gara, antza denez, gu bakarrik neke-neke eginda daudenak. Biteri kaleko gatazka-eremuan gaudela, Espainiako Poliziaren kapitain bat hurbildu zaigu arduradun batekin hitz egin nahi duela oihukatuz. Gure artean, kontsulta egin ondoren, ni hurbildu natzaio:

-¿Qué desea? -galdetu diot.

-Miren ustedes. Vengo a proponerles una tregua. Llevamos toda la semana de jaleo, estamos muy cansados, y pensamos que ustedes estarán igual. ¿Qué les parece, si damos por terminado lo de hoy? Y mañana Dios dirá.

-Eso no depende de nosotros. Estamos en nuestro pueblo, y tenemos todo el derecho del mundo a expresarnos pacíficamente. Aquí no hay follón hasta que llegan ustedes. Así que, si se marchan, esto vuelve a la calma –erantzun diot.

Bat-batean, gure solasaldia eten egiten da, ondorengo kaleetatik datorren istilu hotsari pilotakaden danbadaz erantzun dietenean. Kapitainak ere ezin ditu bere agindupean dauden guztiak kontrolatu.

Igandea 15. Herriaren okupazioak jarraitu egin du, baina kaleak bare daude. Askok Donostia aldera jo dugu auzoetan egiten diren asanbleetan gure egoeraren berri emateko.

Astelehena, 16. Kalean ezin da ibili, edonori eskatzen baitiote karneta. Hala ere, Beraunen elkartu gara. Ortuellan beste hildako bat izan da poliziaren balaz. Eztabaidak baino areago egoerak bultzatu du greba orokorra egitera Euskadi osoan. Baina egun horretan bukatuko da. Gurean ere bai.

•••

http://alternatiba.net/old-files/Untitled-3.jpg

X