Gure kide Ayem Oskozek EH Bilduko udal taldean Axi Jakaren lekukoa hartuko du

Axi Jakak zinegotzi kargua utziko du etapa berri bat ekinez eta, hemendik aurrera, EH Bilduri ekarpena beste era batean, militante bezala, egiten jarraituko du: “6 urteko ibilbide luzea egin ondoren, udal-gobernuan eta oposizioan, zinegotzi-lana egitetik oinarrizko militante bezala Donostiako EH Bildun lanean jarraitzera pasako naiz. Espero det nere karguari zegozkion eginbeharrak ahal bezain ondo bete izana. Eta, batez ere, eskerrak nigan konfiantza jarri edo bidelagun izan zareten guztioi, bereziki EH Bilduren udal talderari. Laster arte”

Donostiako EH Bildu osatzen dugun komunitate osoaren partetik: Axi, mila esker bihotz-bihotzetik. Eta Ayem Oskozi, berriz, ongietorri esan nahi diogu. Ongietorri udaletxeari eta zinegotzi ardurari, izan ere Donostiako EH Bilduren militantea hasieratik izan da eta, beraz, ez dugu aurkezpen gehiegirik egin behar. Denok ezagutzen duzue, udal hauteskundetarako zerrendan bederatzigarrena joan zen eta berari egokitu zaio Axi Jakaren lekukoa hartzea.

Hementxe Ayemen kurrikuluma:

1985ko otsailaren 18an jaioa, Donostian, Amara Berri eskola publikoan ikasitakoa eta Gizarte Langintzan diplomatua EHUn. Arlo profesionalean, besteak beste, lanpostu hauek bete ditu: Elkartu (Gipuzkoan gutxitasun fisikoa duten pertsonen federazio koordinatzailea), Hika Ateneo Kultur elkartea (Gasteiz), eta Mundubat. Ibilbide politikoari dagokionez, EH Bildun hasieratik parte hartzeaz gain, Zutik eta Gorripidearen militantea izan da eta egun Alternatiba-koa. ESK sindikatuko afiliatua ere bada.

Twitter: @AyemOskoz

Alternatibak emakumeen bazterketa alardeetan babesten uzteko exijitu die PNV eta PSEri

Berdintasun efektiboaren aldeko borrokak, jaietan parte hartzerakoan ere bai, iaz hogei urteren muga psikologikoa gainditu zuen, lehenengo aldiz, hainbat emakumek Irungo Alardean parte hartzeko eskaera egin zutenetik eta udalaren ezezkoaren aurrean, aldebakartasunez parekidetasuna gauzatzea erabaki zutenenik. Gaur, bi hamarkada beranduago, oraindik ere egoera normalizatzeko saiakerak egiten dira, baina emandako aurrera pausoen gainetik, Irungo Alardean diskriminazioa dirau, are larritasun gehiagorekin Hondarribiko Alardean. Larriena da aldiz, instituzio publiko eta hauen ordezkariek egoera hau onartu ez ezik, haien ekintzekin gizartearen erdia, emakumeak, baztertzea babesten dutela.

Horregatik, herritarrei Alarde parekidean parte hartzera edota bera kalean babestera deitu ez ezik, Alternatibatik berriro ere salatu nahi dugu bihar, Irungo alkate Jose Antonio Santanok (PSE), Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olanok (PNV) eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk parekidetasunari bizkarra emango diotela. Santanok alarde baztertzaileari harrera egingo dio eta emakumeek eta gizonezkoek osatutakoari begiratu ere ez die egingo. Olano ere ez da bertan egongo; bere “ekarpen” handia izan da dekretatzea alardeen afera ez dagokiola genero desberdintasunari baizik eta bizikidetzari, kaltetuak beren herriko jaietan berdintasunean parte hartzeko aukera galarazita dutenak emakumeak izan arren. Eta Urkulluk, berriro ere esango du aski duela bere gobernuaren izenean Emakunde bertaratzearekin, eta inongo edukirik gabeko planak iragarriko ditu benetan konpondu nahi ez duen gatazka konpontze aldera.

Bihar, Udala, Aldundia eta Eusko Jaurlaritza berdintasun eza estrukturalaren eta diskriminazioaren konplize izango dira. Eta halako lotsagabekeriaren aurrean mezu argia helarazi nahi diegu: Aski da! instituzio publiko batek arrazakeria, xenofobia, indarkeria eta bortxaketa babestu ezin dituen modu berdinean, ezin du Alardeetako diskriminazioa bermatu. Santano, Olano eta Urkullu jauna, zuen presentzia falta, zuen isiltasuna eta zuen gelditasuna, indarkeria estruktural horren eta emakumeek bizi duten berdintasun eza horren parte dira ere bai.

Gure hiriko kaleak eta jaiak gureak ere badira. Gora emakumeak alardean!

Duela berrogei urte, Errenterian

Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba

Duela berrogei urte Amnistiaren aldeko astean gertatutakoak gogoratzeko ekitaldi sorta antolatu dutela Kalera Kalera mugimenduak Errenteria-Oreretan. Ondo dago gertatutakoak gogoratzea eta horren inguruan hausnarketa egitea. Nik jada, idatzi behar nuen ia guztia idatzia dut, eta oroimenaren aldetik, urteak aurrera geroz eta lausoagoak ditudalako bizipenak, garai haietan idatzitakoak berrirakurtzen ditut noizean behin.

Paper horiztatuen artean hauxe aurkitu dute eskuz idatzita:

Maiatzaren hamahiruan,

Errenterian,

zauri eta herio

guardia zibilen fusiletatik

odola dario!”

Hitz solte horiek hurrengo goizean (1977ko hamalauan) idatzi nituen seguraski poesia izate intentzioarekin. Odol isurketa, Rafael Gomez Jauregi zuen izena. Ordu berean ere Candido Peña zauritua gertatu zen balaz udaletxeko enparantzaren aurrean. Izan ere guardia zibilek herria okupatuta zuten eta edozeini egiten zioten tiro. Behartuta, erdigunetik goiko auzoetara jo genuen asanblada egitera, eta handik jaitsi ginen erdigunera greba orokorraren aldarria eginez. Baita guardia zibilekin muturtu ordu luzez. Hamairuan, Greba orokorra totala zen. Herri osoa zegoen paralizatua eta barrikadez beteta, etengabekoak ziren poliziarekiko enfrentamenduak. Gaueko hamarretan etxeko baloian patxadan zegoela balaz larriki zauritu zuten Gregorio Maritxalar, handik egun gutxira hilko zena.

Hamalauan, Asanbladarako bidean jakin nuen Iruñean Luis Cano errenteriarra poliziak erail zuela. Asanbladan Euskal Herria osorako greba orokorraren beharraz eztabaidatzeko koordinaketa nazionala egitea proposatu genuen eta mezua lau haizetara zabaldu. Guk behintzat aurrera ekin genion beste bi egunetan. Garai hartako esaera zen: Errez hasten dugu Greba Orokorra, zaila jakitea noiz bukatu, zeren poliziaren eraso basatia zela medio, dena hankaz gora jartzen zen arazo bati beste asko pilatuz edo gehituz. Bost eguneko Greba Orokorra, errez esaten da hori. Izan ere, kontua ez zen soilik nola eta zenbateraino borrokatu; baita hiritarren beharrei erantzuna ematea. Barrikadan non jarri eta zeinek eta nola defendatu. Zein komertzioei irekitzeko baimena eman; premiazko elikadura ekartzen zuten garraiolarien joan eta etorria arautu; eri eta gaixoen zaintza bermatu. Herri boterea deitzen genion hori guztiari. Horregatik, ez gaitezen geratu errepresioaren oroimen gordinarekin, edo borroka molde eredugarriarekin soil soilik, nabarmendu dezagun une hartan zein garrantzia izan zuen halako asanblada, Euskal Herri osoan parekorik ez zuena, zeina (garai hartan idatzitako txostenean idatzi genuen bezala) “ezin da bere sakontasunean ulertu, ezpada kontutan hartzen Errenteriako herriak urte luzeetan eraman duen amaierarik gabeko borrokak eragin duela kontzientzia nazionala eta soziala”.

Kepa Olaiz: «Teknologiarik modernoena erabilita ere, erraustegia kaltegarria da»

Kepa Olaiz erraustegiaren kontrako mugimenduko bozeramaileak Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio onar dezala zenbait ikerketak erraustegia kaltegarritzat jotzen dutela ingurumen eta osasunarentzat.

Erraustegiko lanak inauguratzear direla, Kepa Olaiz erraustegiaren kontrako mugimenduko bozeramaileak ‘Faktoria‘n berretsi du azpiegiturak ondorio kaltegarriak izango dituela.

Olaizek Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio onar dezala zenbait ikerketak erraustegia kaltegarritzat jotzen duela ingurumenarentzat eta osasunarentzat.

Euskadi Irratia

Alternatibak globalizazioaren arriskuak eta Errenta Unibertsalaren moduko alternatibak aztertuko ditu Donostian eta Bilbon “In the same boat” filmarekin

Maiatzaren 10ean, asteazkena, Donostian, eta ostegunean, hilaren 11n Bilbon, Alternatibak “In the same boat” (“Ontzi berean”) dokumentala eskainiko du. Rudy Gnuttik zuzendutakoa, gero eta handiagoa den aberatsenen eta pobreneen arteko amildegia hizpide duena. Lanak aurrerapen teknologikoak ere ditu hizpide, mundu justuagoa eta hobea eraikitzeko lanabes izan zitezkeenak baina gaizki kudeatuz gero mehatxu izan daitezkeenak.

“In the same boat” dokumentala zortzi herrialdeetan grabatu da eta jorratzen diren arloetako adituen ahotsek osatzen dute. Honela, Uruguaiko presidente ohi Jose Mujika; Zygmunt Bauman soziologo eta filosofo ospetsua; Oxford-eko irakasle eta ekonomialaria Anthony B. Atkinson; ekonomialari eta desazkundearen inguruan aditu Serge Latouche edo Sussex-eko ekonomia irakasle Mariana Mazucatoren hausnarketak eskaintzen ditu.

Proiekzioen ostean, filmaren inguruko hausnarketak plazaratzeko tartea irekiko da solasaldien bidez. Donostian, 18:00etan ONCEren areto nagusian (Etxaide kalearen 14.ean) hasiko den saioaren ostean, Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiaren lan-arloko aretoaren presidentea eta Gipuzkoako Politika Sozialeko diputatu ohi Ander Rodriguez ariko dira hizlari, besteak beste, aberastasunaren banaketa ahalbidetu dezakeen Errente Unibertsalaz eta nazioarteko lan araudiak hizpide izango dituztela.

Bilboko saioan, Hika Ateneon (Ibeni kaia 1) arratsaldeko 19:00etatik aurrera egingo dena, Juan Hernandez OMALeko kide eta EHUko irakaslearen eta Euskal Herria Bilduren legebiltzarkide ohi Diana Urrearen gidaritza izango du filmaren gaineko eztabaidak, merkatuaren mundualizazioa kontzeptua hizpide.

Hitzaldi biak sarrera askoekoak izango dira aretoetako leku guztiak bete arte.

http://alternatiba.net/old-files/170510DocuForum In The same Boat – RGB_0.jpg

X