Elkartasuna, ez hemen eta ez han

Jon Albizu – Alternatiba

“Inork badio nire etxean eztago bakerik, bila beza bakea auzoko etxean edo munduko bazterrik azkenean…”

Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan beso zabalik daude gerratik ihesi datozen errefuxiatuak jasotzeko. Hala izango da, eta bejondeiela, baina beste arrazoi batzuk direla medio gure herrira datozenekin ez dirudi besoak hain zabalik dituztenik. Izan ere, PSEren Jaurlaritzaren garaitik zein EAJren egungoarekin, Diru sarrerak bermatzeko errenta (gazteleraz RGI deritzona) jaso ahal izateko baldintzak gogorrago dira, besteak beste, bertan erroldatutako urte kopurua handitu egin zelako. Hau da, gure herrietara berrikien etorri (edo itzuli) diren pertsonei murrizten zitzaien batez ere laguntza hori.

Gipuzkoako aurreko Foru Aldundiak, Bilduren eskutik, murrizketa hori konpentsatzeko diru laguntza bat sortu zuen, baina, egungo gobernuak, lehen aipatu protagonista berberekin, EAJ-PSE, diru laguntza hori ezbaian jarri du, “jendea erakartzen duelako” argudioarekin.

Hala, gerra errefuxiatuekin ez dakigu, baina beste kasuetan behintzat, gure egungo agintariek ez omen dute gogo gehiegirik jende berria etor dakigun. Eta gogorra dirudien arren, esan beharrean gaude gutxieneko bizitza duin bat lortzeko etxetik joan behar duen jendeari gure herrialdeetara etorri beste irtenbiderik ematen jakin beharko genukeela. Hau da, munduko arazoen konponbide bakarra ezin da mugatu jendeak bere etxetik alde egin behar izatera.

Baina horra hor egungo Foru Aldundiaren paradoxa. Ez dituzte hemen nahi… baina nazioarteko lankidetzan egindako aurrekontu esfortzua ere murriztu egin dute. Ez hemen eta ez han. Euren arazoa da. Eta posizio hau, beso eta esku zabaltasun txikikoa izango litzateke, baina badu arrazoi eta ondoriorik gurean. Izan ere, beste herrialdeetako egoeran badugu zer esanik, eta batzuek nahiko luketenaren aurka, gurean ere eragina du.

Aurreko legealdian, Donostian lankidetza zinegotzi nintzela egunkari batek elkarrizketa egin zidan. Saiatu nintzen azaltzen guretzat Lankidetza ez zela karitatea, baina ezta elkartasun edo eskuzabaltasun hutsa ere, mundu mailako borroka baten isla baizik. Bukatuan “no es darles peces sino enseñarles a pescar” (arraina eman baino, hobe arrantzan irakastea) batekin laburtu nahi izan zuen kazetariak, eta “para empezar es no robarles el pescado” (lehenik eta behin, haien arrainak ez lapurtzea) batekin erantzun behar izan nion. Hau da, lankidetza egiteko lehen kontua beste herrialdeen arazoetan dugun arduraz jabetzea da, eta gero bakoitzak bere arazoei edo munduko arazoei soluzio propioak emateko baliabideak garatzen laguntzea. Dirutan… edo esperientzia trukaketan, elkarrengandik ikasten eta, batez ere, batek bestea zapaldu gabe.

Munduan diren desberdintasunak apaltzea ez dagokio soilik elkartasunari. Edozein herri barnean gertatzen den bezala, munduan gutxieneko berdintasun maila batzuk eduki ezean ez da orekarik izango. Nahi adina itxiko ditugu gure ateak, beste bidetik etorriko zaizkigu bueltan. Izan ere, herri horietan dagoen txirotasunak kontsumo-gai asko ekartzen dizkigu prezio merkean, baina funtsean arazo ere bazaizkigu, herrien txirotasuna paradisua baitzaie kapital hutsaren menpe dauden enpresei, euren lana hara eramateko eta, ondorioz, guri kentzeko.

Ez dago oso modan kapitalismoa bezalako hitz potoloak erabiltzea, baina fenomenoak modu bakanean aztertzetik ikuspegi oso batera joatea dugun erronka handienetakoa da. Berriki, Euskal Herrian dauden enpresa batzuk itxiko direla jakin dugu. Askotan komunikabideetan enpresa gaizto batzuk jartzen dituzte errudun, baina sakoneko arazoa handiagoa da: kapitalak ez du bihotzik eta, egun, pertsonek ez bezala, mugarik ere ez du, inolako zentzutan.

Egoera hauei aurre egiteko bideetako bat herrien benetako burujabetzan sakontzea da, ez soilik gero eta eskumen txikiagoak dituzten estatuak sortuta, baizik eta herrialde bakoitzeko ekonomia sustatu ahal izango duten enpresa txiki eta ertainekin. Baina burujabetza hori ezin dugu gure herrira eta gure burbuilara mugatu. Ezin dugu beste herrialdeekiko lehia hutsean bizi eta beti ondo aterako garelako itxaropena eduki. “Ezin dugu” esan dut, ez “ez genuke beharko” soil bat. Munduari bizkar emanda bizi nahi izatea zilegi ez izateaz gain, ezinezkoa baita. Kapital hutsari botere guztia eman eta gero gurekin gupidatsu jokatzea bezain ezinezkoa.

“… Baina etxean bakea balu, eztezala gerrarik inon bila, bakea eta etxea galduko baitu munduko bazterretan”

(Gabriel Aresti, ‘Nire poesia’)

Gure herriko apirilak hamalauak

Joseba Barriola – Alternatiba

Askori, apirilak 14 esanda, Espainiako II Errepublikaren hasiera etorriko zaio burura. Ez da bainan, gure herriko historiaren apirilak 14 bakarra.

1931-IV-14. Urte hartan eta ondorengoetan Espainiar Estatupeko herrietako langile eta nekazariek erakutsi zuten ahalmen eraldatzailearen oroimena agurtzen dut. Ez dut ordea II Errepublikaren “apologiarik” egingo. Ez noski, ez dut egingo II Errepublikaren gobernu legala izan zen “bienio negro” deritzanaren apologiarik egingo. Bainan ezta ere gobernu demokrata deritzanena ere. II Errepublikaren gobernu guztiek jaso eta onartu zuten Monarkia Inperialaren azkenetako aztarna koloniala: Maroko. II Errepublikak ez zen gai izan Kataluniako eta Euskadiko eskaerei erantzuteko, ezta nekazal erreforma egin eta defendatzeko ahaleginak egin (nekazarien grebak zigortu baizik), ezta langileen exijentziei. Azkenik Francoren Kolpe Militarraren aurrean, lehenengo egun erabakiorretan, Errepublikako instituzioak paralizatuak egon ziren eta herri armatua izan zen aurre egin ziona kolpeari. Gerra garaiko politika berriz, inkoherentziaz josia eta Jaurlaritzaren erretirada koldarra tartean, Errepublikaren eremuan ordena burgesa mantentzera eta Francori aurre egitera zuzendua izan zen. Europako demokraziekiko konfiantza ilusoak gidatua, orden errepublikar-burgesa mantentzeko baldintzarekin Sobiet Batasunak emandako laguntza. Kontraesan guzti horiek eztanda egin zuten 1937ean, Bartzelonako maiatzako borroketan. Gure memoria historikoaren barruan esperientzia hori ere badago. Empatia osoz orduko miliziano eta gudariekiko, gogoeta kritikoa egin beharra dugula uste dut.

1766-IV-14. Egun hartan, duela 250 urte, Donostiako Udalak gutun bat bidali zion Diputazioari. Bi zurrumurruen eta paskin baten berri ematen zion.

Lehenengo zurrumurruaren arabera gariaren prezioa oso altua zen, jendeak ez zuen ordaintzeko modurik, gosearen mehatxua, eta zurrumurruaren arabera gariaren pilatzaileak eta komertzianteak omen ziren erantzuleak. Donostiako Udalaren aburuz, zurrumurruaren argudioak “mamuen ehiza” modukoak ziren eta arazo bakarra “la natural escasez” omen zen.

Bigarren zurrumurruaren arabera, bilerak egiten ari ziren eta hainbat herri prestatzen omen ari ziren Donostia eta bertako Merkatarien aurka altxatzeko. Zurrumurru hau larria zen, Udalaren ustez.

Paskina berriz, are bildurgarriagoa zen. Izan ere paskinak zioenez: “O señores hermanos de mi alma…Pues qué mayores enemigos o demonios que los mismos Capitulares de esta Ciudad que en lugar de proveer en cinco cuartos el pan nos proveen en diez. Y esto se remedia con traer muchos polvos en las pelucas y galones, y con acudir a la tertulia de Jacinta…: pues no, esta bondad o malicia en demasiado peca y nos veremos precisados a ejecutar un desatino, si es que no pongan remedios útiles, como lo verán y en ocho días por el anochecer: Nadie quite este papel, pena de vida”.

Baino, Donostiako Udalak gutuna bidaltzen zuen bitartean, lehendik zetozen zurrumurruak gorpuztu ziren Azpeiti aldean eta 1766ko apirilaren 14ean Matxinada hasi zen. Diputazioa eta Koroako Korregidorea Azpeitian zeudenez, Matxinoen lege eta kapitulazioak sinatu behar izan zuten. Donostiako karta abisu bat zen Diputazioari. Ezin zen gehiago herriko jende xumearen ezinegonari ezikusiarena egin. Eta hurrengo goizean, apirilaren hamabostean, bere kabuz eta Probintziako Jauntxo eta Handiki guztien bidea markatuz, Donostiako Udalak bando bat atera zuen gariaren prezioa jetsiz (ez bainan Matxinoek Azpeitian ezarritako mailan), eta ardoa banatuz kalejira bat antolatuz jendea baretzeko asmoz. Arriola alkatea izan zen kalejira eta ardo banaketan buru. Hurrengo egunetan Matxinada hedatzen joan zen Probintziara, baita Bizkaiara eta Arabara (Agurainen hiru paskin azaldu ziren herriko plazan). Donostia militarizatua eta merkatariek ondo kontrolatua izan zen erreakzio errepresiboaren burua, bai ideietan, bai kontzesio tranpatietan eta baita indar armatuetan.

1755eko apirilaren 14a. Bainan badugu hirugarren apirilak 14 bat. (Egia esan apirilak 11 izan zen). Egun horretan, Bergaran, paskin bat agertu zen herriko plazan. 1754ean Diputazioak Arau Foral bat onartu zuen Probintziatik kanpora haragia saltzea debekatuz. Desadostasuna handia izan zen ganadua zuten baserritarren aldetik. Haragiaren Gatazka gertatu zen. Desobedientzia zibila (behiak Gasteizko azokara eramaten hasi ziren), premiazkoa zuten salmenta eta bertako “probeedore ofizialak” ez zieten erosten Frantzian merke lortzen zutelako. Gainera ohituraren aurkako araua omen zen eta Diputazioak Foruaren zentzua zapuzten ari zen.

Diputazioaren erreakzioa gogorra izan zen. Atxilotuak (Aretxabaleta, Bergara eta Arrasateko baserritarrak) eta epaiketa. Eta justu, epaiketaren egunean, apirilaren 11an, paskin bat agertu zen Bergaran, epaiketa horien kontra eta… Honela zioen “ …quieren usurpar la sangre de los pobres…Juntesen todos los vecinos y congregense todos estar prontos con sus armas, y los que no tienen escopeta sacaran otras armas, lo que a Vms. les pareceiere en ésta misma forma…Y como está dicho antes no debe haber escándalo hasta ver que determina la justicia…”. Paskinak berak asaldatu zituen Diputazioko jauntxoak, behien “kontrabandoa baino”. Beraien memoriara etorri zen, berehala, 1718ko Matxinada. Paskinaren idazlearen aurka “búsqueda y captura” antolatu zen. Esteben Etxeberria, Antzuolakoa, izan zen egilea eta semea idazlea. Epaiketan, Diputazioko fiskalaren argumentazioan, besteak beste, esaten zen: “Que se destierre para siempre la voz y término de Matxinada”. Nonbait XVIII mendean “mamu bat zebilen Gipuzkoan barrena: matxinadaren mamua”. Eta hitza bera betirako akatzea zen Diputazioaren nahia. Orain arte.

Eta apirila zen. T.S. Ellioten hitzetan, hilarik krudelena. Matxinoen iraultzaren, bainan baita ere matxinoen errepresioaren hilabetea”.

D-SS 2016: espektakulotik simulakrora

Joseba Barriola – Alternatiba

Azken bost mende hauetan merkantzien eremua zabalduz joan da. Lurraren pribatizazioak eta langileen esklabutzak bidea egin dute lurra merkantzia bihurtuz eta langilea merkantzia bihurtuz. Prozesu hau ez da amaitu. Globalizazio kapitalistarekin muturreraino ematen ari da. Ez da soilik babes soziala, hezkuntza eta osasungintza pribatizazioarena, ez da soilik ongizatekoa deituriko estatuen funtzio sozialen pribatizazioa eta/edo merkantilizazioa. DNA, jakintza, klima, haziak, sexualitatea, afektibitatea, zaintza, erreprodukzio biologikoa bera… dena, merkantzia bihurtzen da eta balioesten den bakarra “truke-balioa” da. “Erabiltze-balioa” kapitalaren akumulaziorako okasioa den neurrian eta horretarako bakarrik estimatzen da.

Artea, edo sormenaren kultura, eta  ondarearen kultura, kultura zentzu berezian deitzen dena,  prozesu honetan sartua dago aspalditik, dena, baita kultura ere, kapitalaren akumulaziorako baliagarria den merkantzia bihurtzen da, eta degradazio horren abiada azkartu da azken urtetan. Horrela, momentu honetan, sistema antikultural orokor baten menpe gaude, norbanakoaren eta herrien garapen aske, kritiko eta sortzailea “kontzentrazio eremu kultural” batean preso dago. Kulturaren mekanismo globala (Nobel Saritik hasi, publizitatearekin segi, Hollywood-ekin jarraitu, komunikabideen kontzentrazio enpresariala, informazioaren lobbyak eta manipulazioa, unibertsitateen menpekotasuna multinazionalekiko, museoren antolakuntzaren simulakroa, turismoaren organizazioa, gerra mediatikoak, interneten kontrolerako egitasmoak, zientziaren finantziazioa, psikologismo merkearen hedapen zabala…) doktrinamendu global bat egiten ari da. Zurrunbilo horretan atrapatua dago artea. Eta garai batean espiritu kritikoa lantzeko funtzioa zuena, orain sumisioaren espiritua hedatzeko eta indartzeko erabiltzen da, edo beraren eraginkortasuna antzutua gelditzen da sistema jartzen dituen mugatik irten ezinik. Mekanismo global kultural honek ezaugarri nagusiak ditu: Mendebaldezentrikoa da (gainontzeko tradizio kulturalak eta hizkuntzak mespretxatuz), Patriarkala da (aski da ohartaraztea publizitatean, zineman, telebistan, historian, filosofian, ekonomian ematen zaioen objektu papera, edo nola den “ikusezina” bihurtua, edo ignoratua, edo nola bizitzaren sortze, babeste eta zaintze lana den deskontsideratua), eta Kapitalista da (balioaniztasunaren simulakroaren azpian, orden bat badago, eta orden horren erdigunean dirua eta diruaren akumulazioa da gainontzeko ustezko balio kultural guztien motorra eta helburua).

Herri indioen bizimodu “antzinakoa” turismorako diru iturri bihurtzen da. Edozein herriko tradizio kulturalak dirua emango duen turismorako erabilgarriak dira. Musika klasikoa eta kontzertu erraldoiak pasibotasunaren elikatzaileak dira edota askatasunaren enterradoreen ikur irudia (Beethoven eta Europako Troika). Kultura, bere zentzuaren muina galdurik, espektakulo hutsa bihurtu da, gizarte harmoniatsu eta oparoaren irudia ematen du. Irudi hori ematea da bere funtzioa eta horrela banalizatzen da. Norbaitek (manipulatzeko bitartekoen jabetza duenak) erabakitzen du zer den kultura estimagarria eta zer den kontrakoa. Baina inon ez kulturaren funtsezko funtzioa: gizakien eta herrien garapen librerako begiradak lantzea. Barne usteldua duen sagar koloretsu distiratsua da kulturaren izaera nagusia gaur egun.

Hurbil gaitezen gertuagora. Donostia 2016. Zer dugu hemen? Kultura? Espektakulua? Simulakroa? Adibide xume bat. Urteko ebento espektakular honen hasiera espektakularra. Milaka donostiar danborra jotzen kaleetan barna.

a)Historiaren kontrako espektakulu kulturala. Izan ere, Donostiako historian “danborradak” badu leku bat: protesta ironiko eta ludikoa militarismoaren kontra eta bizitzeko baliabide duinen alde. 1813 eta gerra karlisten ondoren eta giroan sorturiko ekimena, tradizio bihurtua. Ehunaka urte hauetan (frankismoa barne eta demokrazia frankista monarkiko honen garaia) danborrada izan da herriaren nahiak azalerazteko okasioa. 2016 dela medio danborrez jotzen da Beethoven bederatzigarren sinfoniaren zatia eta horrela egiten da, ez Beethoven erdi aroko mirabetzaren aurkako askatasunaren musikaren sortzaile izan zelako, Europako Batasunaren himnoa, eta himno domestikatua, delako baizik. Hau da, askatasunaren enterradorearen eta militarismoaren praktikante sutsuaren omenez. Zeren Europako Batasuna horixe baita, eta ondo gogoan izan dezagun, 2016ren eskutik gonbidatuak izan ziren Solana, NATOko buru gerraria izan zelako (Serbia eta Kosovoren gatazkan, bonbardaketak agindu zuena) eta Barroso, Hiriburutza Kulturala erabakitzen duen erakundeko burua zelakoa, eta aldi berean AUSTERIZIDIOAREN agintari agerikoa eta Irakeko gerra sinatu zenean Bush, Blair eta Aznarren anfitroika Madeira uhartetan. Donostiako Udalak saldu du (eta zeremoniako marionetak izatearekin pozik ibili dira donostiar asko) Donostiako danborradaren zentzu historikoa, eta nori saldu!, eta zeren truke?

b) Hiriaren aurkako espektakulo kulturala. Hiria dira eraikuntzak, baina batez ere jendea eta jendearen harreman askeak, eta horregatik hiria da askatasunaren altzoa. Baina hiria bera merkantzia bihurtu da. 2016ean Donostia bihurtzen da turista dirudunentzat merkantzia bat. Merkantziaren jabeak (Donostiako eta Gipuzkoako handikiak) eskaini nahi dute hiri bat (eraikuntzak eta jendea eta jendearen harremanak) txukun, dotore, elegante, etorriko diren turista dotore eta dirudunen apetentziak asetzeko prestatua. Horregatik oztopo bat dira Kortxoenea eta piratak, traba dira eskaleak eta prostitua pobreak, traba dira langabetuen manifestazioak, etxetik kanporatuen protestak eta presoen aldeko asteroko martxak, traba dira emigranteak eta oro har pobreak. Hiri “garbia”, etorriko direnen begiak ez daitezela miseriaren espektakuluaz edo askatasunaren eztandaz desoro ukituak. Orduan, zein papera duten Donostia 2016ean donostiarrak? Turismo exoterikoa egiteko prestatu den Amazoniako herri indigenaren papera bera. 2016 ez da kultura aske eta kritikoa, gure garapen pertsonala eta soziala, hiri bezala gure historia berraztertzeko eta zor dugun zorra historikoa kitatzeko, edo gure etorkizuna lantzeko. Operazio ikusgarria da, zeinean donostiarrei eskaintzen zaion okasioa funtsarik gabeko erakustokian besteen, dirudunen monigote sinpatikoa izateko.

c) Kultura bizigarriaren aurkako espektakulo kulturala. Kultura bizitzatik aparte, ez badu kulturak gure bizitzaren galdegaiekin loturarik, kultura degradatua da, ez du gure erronkei aurre egiteko balio, ez du nahi askatzailearen egoera eta premia berriei erantzuten. Orduan zer da 2016ko kultura? Fetitxe espektakular bat, ohoratzen dena ohoratu behar delako, baina azpian interes prosaikoenak dituena. Interes prosaiko eta bakarra: nola aprobetxatzen dugu hiriburutza kulturala negozioa egiteko. Interes prosaikoak eta zerbait gehiago: egoerarekin, statu quoa-rekin asebetetasuna, satisfazioa. Baina nola izan asebetea egoerarekin, egoera dagoenean mehatxuz betea: gerra –eta gerra atomikoaren mehatxua–, etorkinen egoera lizuna “kulturaren” Europa honek probokatua, Europak Troikaren bidea eragindako zatiketa soziala mingarria geroz eta larriagoa, Estatuen Europa honek inposatzen digun gure nazioaren eskubideak hankaperatuak

Orain arte ez dut hitz bat esan donostiarrei buruz. Esan dudan guztia da zein den espektakuluaren hariak mugitzen duten indar disimulatu horiek nahi duten donostiarrak joka dezaten: gure historia, gure hiria eta gure kulturarako eskubidea zapuzten duen espektakuluan txotxongiloak izatea. Baina izan al ez izan, hori da kontua. Gure esku dago zein papera jokatu.

Igor Meltxorrekin hitzaldia antolatu du Alternatibak Oreretan: “Bidegi eta bestelako batzokikeriak”

Joan den urtarrilaren Bilbon egin bezala, Alternatibak hitzaldia antolatu du  Errenteria-Oreretan Igor Meltxor analista politikoarekin hilaren18an, osteguna, PNVren kudeatzeko balizko gaitasuna zalantzan jartzeko. “Gestión a la vasca: Chiringuitos, impunidad y soberbia” eta “Caso Bidegi: ¿A dónde ha ido a parar el dinero?” ikerketa liburuen egileak, hainbat datu jarriko ditu mahai gainean jeltzaleen benetako interesak azalerazteko, #PNVstyle deritzonaren frogak azken batean. 19:00etatik aurrera izango da hitzaldi irekia.

Ander Rodriguez: “Herri bat eraiki nahi dugu, emakume eta gizon librez osaturiko herri berria”

EH Bilduk “herri berri bat” eraiki nahi du, “emakume eta gizon librez osaturiko herri berria”. Horrela adierazi du gaur arratsaldean koalizioko Kongresurako hautagai eta Alternatibako kide Ander Rodriguezek Arrasaten izandako hauteskunde ekitaldian. Rodriguezek independentzia “itxaropenez” hartzen duen helburua da. “Herri bat eraikitzeko aukera izatea da independentzia. Neguaren erdian egonda, udaberria helduko den itxaropena. Herri berria, emakume eta gizon librez osaturiko herri berria aldarrikatzen dugu”, esan du hautagaiak.

Rodriguezek adierazi du EH Bildu Madrilera joango dela “zutik”, inoren aurrean “belauniko jarri gabe, inoren menpeko izan gabe”. “EH Bilduren zerrendetan emakume eta gizon libreak aurkituko dituzue. Herri honen borondateari bakarrik men egingo dioten emakume eta gizonak”, baieztatu du Rodriguezek, eta gaineratu du bakoitza izan behar dela bere bizitzaren protagonista.

“Beste inork ez digu esango zer pentsatu, sentitu eta erabaki. Gure bizitzari eta etorkizunari buruzko erabakiak guk hartu behar ditugu. Gure eskubideak ez dira negoziatzen, irabazi egiten dira. Hemen, Euskal Herrian irabazten dira, eta Madrilen defendatzen dira”, esan du. Zentzu honetan, esan du EH Bilduk Estatu espainiarrarekin haustura demokratikoa lortu nahi duela eta, abenduaren 20aren ondoren, koalizioko hautagaiek haustura hori lortzearen aldeko “konpromisoa” hartu dutela.

Memoria oso eta inklusiboa

Rodriguezen ondoren, EH Bilduko Kongresurako hautagai Gotzon Elizburuk hartu du hitza eta adierazi du koalizioa “memoria oso eta inklusiboa” lortzearekin konprometitu dela: “Espainiak eta Frantziak egiten dizkiguten eskaintzak inposaketa eta ukazioa dira, giza eskubideen urraketa eta mendekuan oinarritutako kartzela politika, gatazkan kateatuta nahi dutelako herri hau. Guk, aldiz, bakearekin, memoria oso eta inklusiboarekin dugu konpromisoa, biktima guztien aitortzarekin, erreparazioa eta, garrantzitsuena, berriro ez gertatzea bermatuko dien kontakizunarekin”.

EHBildu

EH Bilduk “herri berri bat” eraiki nahi du, “emakume eta gizon librez osaturiko herri berria”. Horrela adierazi du gaur arratsaldean koalizioko Kongresurako hautagai Ander Rodriguezek Arrasaten izandako hauteskunde ekitaldian. Rodriguezek independentzia “itxaropenez” hartzen duen helburua da. “Herri bat eraikitzeko aukera izatea da independentzia. Neguaren erdian egonda, udaberria helduko den itxaropena. Herri berria, emakume eta gizon librez osaturiko herri berria aldarrikatzen dugu”, esan du hautagaiak.

Rodriguezek adierazi du EH Bildu Madrilera joango dela “zutik”, inoren aurrean “belauniko jarri gabe, inoren menpeko izan gabe”. “EH Bilduren zerrendetan emakume eta gizon libreak aurkituko dituzue. Herri honen borondateari bakarrik men egingo dioten emakume eta gizonak”, baieztatu du Rodriguezek, eta gaineratu du bakoitza izan behar dela bere bizitzaren protagonista.

“Beste inork ez digu esango zer pentsatu, sentitu eta erabaki. Gure bizitzari eta etorkizunari buruzko erabakiak guk hartu behar ditugu. Gure eskubideak ez dira negoziatzen, irabazi egiten dira. Hemen, Euskal Herrian irabazten dira, eta Madrilen defendatzen dira”, esan du. Zentzu honetan, esan du EH Bilduk Estatu espainiarrarekin haustura demokratikoa lortu nahi duela eta, abenduaren 20aren ondoren, koalizioko hautagaiek haustura hori lortzearen aldeko “konpromisoa” hartu dutela.

Memoria oso eta inklusiboa

Rodriguezen ondoren, EH Bilduko Kongresurako hautagai Gotzon Elizburuk hartu du hitza eta adierazi du koalizioa “memoria oso eta inklusiboa” lortzearekin konprometitu dela: “Espainiak eta Frantziak egiten dizkiguten eskaintzak inposaketa eta ukazioa dira, giza eskubideen urraketa eta mendekuan oinarritutako kartzela politika, gatazkan kateatuta nahi dutelako herri hau. Guk, aldiz, bakearekin, memoria oso eta inklusiboarekin dugu konpromisoa, biktima guztien aitortzarekin, erreparazioa eta, garrantzitsuena, berriro ez gertatzea bermatuko dien kontakizunarekin”.

– See more at: http://ehbildu.eus/eu/8528-ander-rodriguez-herri-bat-eraiki-nahi-dugu-emakume-eta-gizon-librez-osaturiko-herri-berria#sthash.DOZuLIVF.dpuf

X