Zurietan zuri

Joxe Iriarte “Bikila” – Alternatiba

Zuria, faltsua dela zioen Orixek. Izan ingurumen arloan, izan genero zapalkuntzaren arloan, nazkatua nago instituzio batzuei darien zurikeriarekin. Eguneroko ogia bihurtu zaigu gauza bat esan eta bestea egitea. Esate baterako, uda honetako jai guztietan: jaia berdintasunean leloa entzun dugu ia udal guztietako arduradunen ahoetatik. Beraz, erbesteratu egin behar omen dugu gure jaietatik generoarekin zerikusirik duen edozein bortizkeria mota. Alabaina, diskurtso horrek ez du, dirudienez, zerikusirik Hondarribiko eta Irungo alardeekin gertatzen denarekin. Alegia, emakume izatetik baztertua izatea herriko jaiaren ekimen garrantzitsuenean.

Askotan entzun dugu, generoen arteko indarkeria edo diskriminazioaren atzean dagoena botere kontua dela. Botere ekonomikoa, fisikoa, psikologikoa eta kulturala. Irungo eta Hondarribiko herri tradizioaren inguruan gauzaturiko botere faktikoek oso argi ikusi zuten Alardearen auzian beren botere kulturala zalantzan jartzen zela eta, zoritxarrez, gurean ere hain errotua dagoen sen gregarioaz baliatu ziren (horien artean emakume askorenak ere) alarde parekidearen aurka era guztietako biolentzia motaz oldartzeko. Argitu iezadazue bestela, urte guzti hauetan Alarde parekidekoak jasandakoa, biolentzia ez bada, zer arraio den. Arantxa Urretabizkaiari eta Ixabel Alkaini egindako elkarrizketan eta, batez ere, Arantxaren azken eleberrian (Bidean ikasi nuena) azaltzen den guztia nahiko froga ez bada.

Ni neu, nire aldetik, gatazka sortu zenetik bertatik bertara ikusi dut bi herrietako Alarde parekideen aldekoek sufritu izan dutena. Plastiko beltzarena icebergaren tontorra besterik ez da. Eta hori dena Hondarribiko eta Irungo udalen konplizitatearekin eta Aldundiaren bestaldera begiratzearekin. Irailaren 8an Hondarribiko alkatea ausartuko al da esatera sexu erasorik gabeko jaiak nahi dituela? Alarde parekidekoek Ertzaintzaren zaintzapean desfilatzea behartuta jarraitzen duten bitartean eta, gainera, udalak bizkarra ematen jarraitzen dienean.

Irakurri BERRIAn

Fatuarte: «Onartezinak dira umore, kritika soziopolitikoa eta adierazpen askatasunaren kontrako erasoak»

Alternatibako kide eta Bilboko zinegotzi Alba Fatuartek “larritzat” jo du gaur goizean Ertzaintzak, agindu judizial bat baliatuta, Hontzak konpartsaren txosnaren dekorazioa kendu izana. Jai Batzorde mistoko kideak gogoratu du “erasoa” gotzaindegiaren salaketen ondorioz eta Aburtoren atzoko adierazpen “moralizatzaileen” ostean jazo dela. “Onartezinak dira umore, kritika soziopolitikoa eta adierazpen askatasunaren kontrako erasoak”, adierazi du.

Fatuartek salatu du Bilboko Konpartsak-ek 1978etik lanez eta umorez eraikitako Aste Nagusia eta Bilbok hiri irekia eta anitza bezala duen irudia erabat kolpatuta atera direla eraso honen ondorioz. “Ari gara hitz egiten aste batez non subertsioa eta aldarrikapena presente egon dira eta egongo diren beti jai esparruan, are gehiago, berezko ezaugarriak ditu Aste Nagusiak, batzuei gustatu ez arren”.

Bukatzeko, zinegotziak konpartsa guztiei eta bereziki Hontzak-i elkartasuna helerazi eta azpimarratu du Europa osoan Charli Hebdo aldizkari satirikoak Mahomari buruzko txisteak adierazpen askatasuntzat jo izan diren bitartean, “hemen oraindik gelditzen dira epaile batzuk estatu konfesional batean bizi bagina bezala aritzen direnak”.

EH Bildu Bilbo

Fatuarte “Zezenketei lekua egingo zaie berriro diru publikoz ordaindutako komunikabide batean, egunkariko langileek salatuta ere”

Alternatibako kide eta EHBilduren Bilboko zinegotzi Alba Fatuartek, UdalBerri-Bilbao en Común eta Goazen Bilbao udal taldeekin batera beste urte batez Periodico Bilbao egunkarian Aste Nagusian egiten diren zezenketen inguruko artikuluak argitaratzea salatu dute. Hiru taldeek salatu dute nola, diru publikoz finantzatzen den komunikabide batean, animalien kontrako tratu txarren apologia egiten den nahiz eta langile askok hori salatu ere.

EAJk eta PSEk osatutako gobernuak behin eta berriz aipatzen du zezenketek Bilboko jaietan daukaten garrantzia. Hala ere, beraiek otsailean argitaratutako txosten ekonomikoan argi geratu zen ekitaldi horrek daukan garrantzi eta oihartzun eza hirian. Txosten horrek argi utzi zuen herritarrei zezenketek ez zaizkiela interesatzen eta asko minduta sentitzen direla. Hori nahiko izan beharko litzateke horrelako artiukulurik eta kronikarik ez argitaratzeko.

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziaren ustez, “azken urteetan argi geratu da herritarrek lepoa eman dietela zezenketei, zezen plazako zifrek erakutsi duten bezala. Artikuluen inguruko erabakiak egunkariaren erredakzio kontseiluan hartu beharko lirateke eta ez da izan behar aldebakarreko erabaki bat. EAJk eta PSEk horrela egin dute, erredakzio kontseiluko beste kideen iritzia kontuan izan gabe”.

Carmen Muñoz, UdalBerriko bozeramaileak, ere salatu du diru publikoz finantzatutako medio batek horrelako mezuak zabaltzea. “Alderdi batzuek zezenketak sustatzen ari diren arren, gero eta jende gutxiagok onartzen ditu gure hirian. Argi geratu da egindako inkestetan. Estatuan, esaterako, %30etik %19ra jaitsi da babesa azken hiru urteetan eta 16 eta 24 urteko gazteen %84k ez ditu onartzen zezenketak”.

Azkenik, Francisco Samir Lahdou Goazen Bilbaoko bozeramaileak ere kontra agertu da horrelako artikuluak argitaratzearekin eta EAJ eta PSEren jarrera salatu du. “Bilbon animalien kontrako tratu txarren alde egiten jarraitzen dute”.

Irakurri bilbo.ehbildu.eus-en

Fatuarte: «Benetan udalak ezin duela esfortzu bat egin aurrekontua handitu eta gutxienez jai batzordeen azpiegituren gastua arintzeko?»

Osoko Bilkuran EH Bilduk udal gobernuari eskatu dio auzoko jaien aldeko benetako apustua egitea. Mozioa ez da aurrera atera EAJk eta PSOEk, PPren laguntzarekin, inolako konpromisorik hartu nahi izan ez dutelako.

 

 

Gure kide Alba Fatuarteren hitzartzea:

Ez da lehen aldia EHBildu udal taldeak auzoetako jaien gaia Udalbatzarrera ekartzen duela. 2012an ere oso antzeko proposamen bat ekarri genuen, eta duela bost urte bezala, Udal Gobernuaren erantzuna ere beretsua izan da.

Auzoetako jaiei dagokionez, aurrera egin beharrean, eta dauden arazoak pixkanaka konpondu ordez, egoerak bere horretan jarraitzen du eta kasu batzuetan esan dezakegu, okerrera egin duela.

Batetik EAJk eta PSOEk esaten duzue behin eta berriro auzoetako jai batzordeen lana aintzat hartzen dela Udal honetan, eta aitortza egiten zaiela, baina argi dago hitz hoiekin batera ekintzak ez datozela bat.

Soilik kopuruetara begiratuta, ikusten da zein den Udal honen konpromisoa auzoetako jaiekiko eta zelako desoreka dagoen udal honek finantzatzen dituen beste ekitaldi pribatu batzuekiko:

  • 39.000€ko aurrekontua auzoetako jaietarako, jai batozrde bakoitzeko gehienez 1.500€ esleitzen direlarik.
  • Jai batzorde bakoitzaren gastuen bataz bestekoa 22.000€
  • Udalaren dirulaguntza gastuaren %7a suposatzen du
  • Jai batzordeen gastuaren laurdena azpiegituretara doa: tarimak, eszenatokiak, komunak, segurtasun hesiak… Udalak berak exigitzen dituen elementuak dira gainera.

Datuak ikusita: Benetan udal honek ezin duela esfortzu bat egin aurrekontua handitzeko eta gutxienez jai batzordeen azpiegituren gastua arinagoa izan dadin, udalak gastu hauek bere eginez? Benetan ez duzuela asmorik hori egiteko kontuan izanda urtean ia 600 jarduera antolatze dituztela? gogoratu behar al dizuegu 600 ekintza hoiek doakoak eta jendarte osoari zuzendutakoak direla? gogoratu behar dizuegu auzoetako jai batzordeak auzoetako bizitza sortzeko ezinbesteko eragileak direla, komunitatea sarea biziberritzen dutela? Gogoratu behar dizuegu jai batzordeetako kideak boluntarioak direla eta gero eta zailtasun handiagoak dituztela euren lana egin ahal izateko.

Okerrena da EAJk eta PSOEk hau guztia badakitela, baina penagarriena da hau jakinda ere, ez dutela inongo asmorik gauzak aldatzeko.

Asmorik ez aurrekontuan konpromiso bat hartzeko eta asmorik ez herritar hauei kudeaketa lana errazteko. Ze dena ez da dirua. Tramiteak burokraziaz beteta daude.

Auzo bateko jaiak antolatzeko zortzi leihatila ezberdinetatik pasa behar dira jai batzordeetako kideak: Parte-hartzea, Obrak eta Zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasuna, Garraioa, Segurtasuna, Kultura, Osasuna eta Kontsumoa, eta Jaiak. Beraz eskakizun hau, Udal osoarentzat da, ez bakarrik jaietako sailarentzat. Eta eskakizuna argia da: Leihatila bakarra osatzea.

EH Bildu Bilbo

Abiadura handiko ustelkeria

Oskar Matute

Joan den astelehenean, ekainaren 26an, Luis Barcenasek agerraldia egin zuen Madrilgo Diputatuen Kongresuan, Alderdi Popularraren legez kanpoko finantzaketa ikertzen duen batzordearen harira. Hutsaren hurrengoa izan ziren bertan ginen diputatuok atera ahal izan genizkion erantzunak, ezer gutxi esan baitzuen. Izan ere, zilegizko defentsak ahalbidetzen dion isiltasunaren aitzakiapean, gero eta argiago dago «omerta» deritzon isiltasun itun bat dagoela atzean. PPren diruzain ohiak alderdiaren erantzukizuna arindu nahi du eta, horren truke, Espainiako erresuman eta bere eredu ekonomikoan hain agerikoa den ustelkeria sistema honen pagaburu izan denarentzat zigor ahalik eta txikiena lortuko dute.

Batzorde horretan, ERC zein EH Bildutik tesi jakin bati eutsi genion: ustelkeria ez da koiunturala, sistemikoa baizik; ez da behin-behineko gaitza, ezta inor harritzeko moduko ezer ere, orokorra eta agerikoa baita. Luis Barcenas negozio eredu horren peoia baino ez da, ekonomia eta politikaren arteko harreman ereduarena, zeinetan gainsoldata eta alderdirako dohaintzek ordaina duten: obra publikorako kontratuak, ate birakariak eta abiadura bizian aberastea. Hauxe besterik ez dago «mirari espainiarra» deritzonaren atzean.

Baina zer dela eta diogu hau guztia? Gure ustez, froga ugari eta anitzak daude, eta horietako asko Barcenasen agiriekin zerikusia duen gauza orotan azaltzen dira. Espainiako estatuaren geografian zehar esleitu diren obra publikoetan gauzatu dira frogak, baina modu berezian topatu daitezke gure herrian Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanetan ere.

Barcenasek dio enpresaburu desberdinek PPri eginiko dohaintzak —legeak ezarritako mugatik harago, ez dezagun ahaztu, botere ekonomikoa politikoaren gainetik dagoela gogoratzeko behintzat— alderdiarekiko atxikimenduaren emaitza zirela. Alegia, enpresariek PP miresten edo maitatzen zutelako ematen zuten dirutza, oso gustura eman ere. Ez zegoen inolako ordainik alderdi edo gobernuan zeuden erakundeetatik. Istorio honen aurrean, gutxienez, bi aztergai nagusi azaltzen zaizkigu. Batetik, ea benetan Barcenasen agirietan azaltzen diren enpresa guzti-guztiak PPren aldekoak edo gertukoak ziren eta, bestetik, ea dohaintzak egin ostean «laguntzarik» eskuratu zuten obra publikorako esleipenen bidez. Goazen ba aztertzera:

Agerikoa da gobernuan pairatzen ditugunen aldeko enpresaburu asko dagoela, egiten dituzten politikak gutxiengo dirudun horren mesederako baitira (eta ondorioz, noski, herritarren gehiengoaren kalterako). Baina, horrela izanda ere, dohaintzak egin zituzten guztiak PPren ildokoak al dira?

Diru-emaileen artean Urazca euskal enpresa ageri da, 2007an 90.000 euroren dohaintza egin ziona garaiko kontseilari ordezkari Ignacio Ugartetxeren izenean. Enpresa honen sortzaile izandako Antonio Pinal Gil edo Emilio Alvarez Lopez, Euskal Autonomia Erkidegoan nagusi den alderdi bati eta Bruesa taldeari modu estu eta zuzenean lotuta egon dira. 2006an 48.000 euro eman zituzten, baina harro azaldu dira PP ez den estatu mailako alderdi indartsu batekin harreman estua dutelako. Oraindik ere, PPrekin atxikimendu ideologiko gisa enpresek egindako dohaintzak direla, hemen aipatutakoak barne, mantenduko al dugu? Edo onartuko dugu behingoz obra publikoen esleipenen erruletan sartu nahi duen edozein enpresak ordainketa kutxatik pasa behar duela? B kutxatik, noski.

EH Bildutik 2016ko irailaren 14an eskatutako idatzizko informazioaren harira, ADIFek burututako AHTaren euskal ibilbiderako lanen esleipendun enpresei zegokien inguruan aurtengo maiatzaren 31n jasotako erantzunak aurreko paragrafoan aipatzen genuen susmoari erantzuna eman zion. Esleipendun enpresei dagokienez, ia guztiak Barcenasen paperetan ageri dira eta, ondorioz, inputatu gisa ageri dira egun irekita dagoen epaiketan. AHTaren ibilbiderako kontratuak lortu zituztenen artean OHL, Sacyr Vallehermoso, Azvi, FCC eta Urazca ageri dira, kasu gehienetan esleipenaren aurreko eta ondorengo hilabeteetan PPri dohaintza altruistak egindakoak. Ez, kasualitaterik ez dago hemen. Gutxienez 8 urtez aritu ziren azpijokoetan, 2000 eta 2008 urte bitartean. Kasualitatea ala kausalitatea? Guk ez dugu zalantzarik, bigarren aukera da zuzena.

Batzordearen lana hasi besterik ez da egin. Oraindik ahots ugari entzun beharko ditugu, ehunka galdera egingo dizkiegu eta tonaka agiri ditugu mahai gainean ikertzeke. Barcenas lehenengoa izan da. Bere paperek eztabaida kokatzeko balio dute eta izen-abizenak jartzen dituzte diru publikoa xahutu eta lapurtzeko sortutako sare honetan; noski, betiko eliteen mesederako. Baina gehiago etorriko dira, Gurteleko buru Alvaro Correa kasu, eta espoliazio honetan zeresana duten beste batzuk.

EH Bildutik guztion diru publikoa eraman nahi duten lapurrak maskaragabetzeko lanean jarraituko dugu. Izan ere, lapurreta horren beste aldean daude murrizketak osasungintzan, hezkuntzan edota zerbitzu sozialetan. Sistema publikoaren gainbeheratik porlanarekin eta inolako etekin sozialik zein bideragarritasun ekonomikorik ez duten azpiegitura erraldoiekin —AHTa besteak beste— aberasten direnak egon badirelako. Baina guk argi dugu ikerketa batzordearen lana hasi besterik ez dela egin. Ustelkeria Espainiako erresuman guztiz ezarrita dago, eta aurre egiteko dugun bitartekorik onena gure errealitate propioa eraikitzea da. Zintzotasunean, justizian eta duintasunean eraikitzeke dagoen errealitate horren izena Euskal Herria da.

BERRIAn argitaratua

X