Ogia versus giza eskubideak?

Joxe Iriarte “Bikila” – Alternatiba

Karl Marxek zioenez, sabela hutsik ezin da filosofian murgildu. Giza Eskubideen Kartak  oinarrikotzat jotzen du, besteen artean, gizakiak ondo elikatzeko duen eskubidea. Aurtengo urrian mendeurrena egingo duen Lehen Iraultza Sozialista, “ogia, bakea eta askatasuna!” aldarriekin hasi zen.

Alabaina, kapitalismo gerrazale eta neo-liberalaren hegemonia itogarriaren garaiotan geroz eta zailagoa zaigu eskubideak modu banaezinean uztartzea. Kapitalismoak, bata edo bestea, eskubide desberdinen artean aukeratzera behartzen gaitu. Adibide batzuk: lanpostuak (ogia) ala ingurumena (osasuna). Ikatz meategi kutsatzaileak, fracking-a, zentral nuklearrak edo automobil gehiago produzitzea. Bestea, ogia edo giza eskubideak: armagintza, aeronautika militarra, lehergailu lantegiak eta abar.

Tranpa horretatik ezin atera dabiltza ia sindikatu guztiak, beste kontsiderazioen gainetik lanpostuei lehentasuna ematen diotenean. Lehentasuna, nahiz eta kongresuetan bere egiten duten garapen jasangarriaren kontzeptua. Zer esanik ez, alderdi politikoak, gehienak boto emaileen iritzien zordun. Badaude salbuespenak. Ezagutzen dut Leongo alkate ekologista bat, zeinak itxitako meategia irekitzeari uko egiteagatik, bere herriko biztanleek ia lintxatu zuten. Jakina, alkatetza galdu zuen.

Dilema larri horretan harrapatuta ikusi nuen Podemoseko Jose Maria Gonzalez Kichi, Cadizko alkatea, Jordi Ebolek oso modu zorrotzean galdetu zionean: “Aspaldiko antimilitarista eta giza eskubideen aldeko ekintzailea, eta halaber Espainiako langabezia-tasa handiena duen Cadizko alkatea. Ados zaude Saudi Arabiako monarkia misogino giza eskubide bortxatzailea izanda, harekin Cadizko ontziolan gerraontzi militarrak eraikitzeko?”. “Bai. Gure langileek behar dituzte lanpostu horiek”. Erantzunak ez ninduen harritu, bai ordea, penatu.

Kichi alkatea ez baita ohiko politikaria. Zintzoa da, bere herriari emana, instituzioen errapetik edaten ez duena eta segur aski alkatetza uzten duenean bere ogibidera eta oinarriko militantziara itzuliko den horietakoa. Patuak edo dena delakoak libra nazala batzuen giza eskubideak besteenaren gainetik hautatu edo jarri beharreko ataka gaitzetik. Zalantzak zalantza, uste dut badaudela zeharkatu ezin diren marrak (gorriak?), eta horietako bat da ezin dela, soldata baten truk urrutiko gizakiak zanpatzeko erabiltzen den tresneria fabrikatzearekin bat egin.

Beste bideak. Borrokatu dezagun, esate baterako Oinarrizko Errenta Unibertsalaren alde. Horrek herritarroi emango liguke, kaltegarriak, arriskutsuegiak edo beharrezkoak ez diren industriei muzin egiteko aukera. Errenta horren nondik norakoak beste baterako.

Argia-n argitaratua

Arrazakeriaren aurkako eguneko agiria

Arrazakeriaren aurkako nazioarteko egunean, aspaldi egindako izugarrikeriez gainera, gaur egun estatu zein pertsona talde batzuek ekintza arrazistak egiten jarraitzen dutela ekarri nahi dugu gogora, hala nola Israelgo Estatuak Palestinan, Marokok Sahara okupatuan, Txinak Tibeten eta Europak eta AEBek migrazio-politiken kasuan. Eta ez ditugu ahaztu nahi errefuxiatuek Frantzian, Grezian eta Italian –besteak beste– beraientzako antolatutako eremuetan etengabe jasaten dituzten xenofobia-erasoak, migratzaileek Estatu espainoleko CIEetan jasotzen duten tratu txar arrazista nabarmena eta ijitoek oraindik ere jasaten duten tratua.

Eraso hauek guztiak, herritarrak elkarrengandik urruntzeko erabiltzen diren hesi zein kontzertina, edota muga zein migrazio politiken inguruko nazioarteko itunen anparoan egiten direla salatu nahi dugu gaur, pertsonek mugitzeko eta asiloa eskatzeko duten eskubidea urratzen baita.

Horregatik, eta zinez uste dugulako Euskal Herria gure herrian bizi den orok osatzen duela eta bertan bizi den orok egiten duela, Alternatiba eta EH Bildu erakunde-politikak aldatzearen alde dago, baina balioak, jarrerak eta portaerak aldatzearen alde ere bagaude, kultur aniztasunean oinarritutako jendartea eraiki dezagun, pertsona orok baitu eskubidea segurtasun, osasun eta askatasunarekin bizitzeko, eta dagozkion bizi-baldintzak hobetzeko.

Hori dela-eta, arrazagatiko diskriminazioaren aurkako nazioarteko egunean indar handiagoz erantzun behar diegu, ahal bada, desberdinen arteko bizikidetza anitz eta askearen aurka egiten duten eraso politiko, lege-eraso, erakunde-eraso eta polizia-erasoei, aniztasunaren aldeko mobilizazioetan parte hartuz, erakundeetan aldaketak sustatuz, eta norbere inguru hurbilean aktibatuz.

EH Bildu osatzen dugun emakume eta gizonok argi baitugu, inori ez diogula galdetuko inoiz nondik etorri den, izatekotan, elkarrekin nora joan nahi dugun galdetuko baitiogu.

EH Bildu

Matute: «Parlamentu honen gehiengoak ere esan du; beraz, mehatxu hau, Garoña, gure bizitzetatik ezabatu ezazue»

Kongresuak hiru puntu jasotzen dituen legez besteko proposamena onartu du gaur. Lehenak, zentral nuklearra berriz ez irekitzeko eskaria jasotzen du. Bigarrenik, segurtasun baldintzetan eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren begiradapean zentrala eraistea eskatzen dio Rajoyren gobernuari. Eta hirugarren puntuak kaltetutako eskualdearen berrindustrializaziorako plangintza alternatiboa martxan jartzeko eskaria jasotzen du.Testua hainbat talde parlamentariok adostu dute eta joan den otsailaren 22an industria batzordean onartutako berbera da.

Oskar Matute Alternatibako kide eta EH Bilduko diputatuak “gizartearen nahia” entzun eta betetzeko eskatu dio PPren gobernuari. “Euskal gizartearen gehiengoak esan dizu. Parlamentu honen gehiengoak ere gaur esan dizu, eta beraz mehatxu hau gure bizitzetatik ezabatu ezazue”, esan du diputatu subiranistak. Eta gehitu duenez, “zoritxarrik” ez izateko modurik onena “badaezpadako” neurriak hartzea da.

 

 

Albistea EITBn

Gauzak horrela, EH Bilduk egindako legez besteko proposamena onartu du Kongresuak. Oskar Matute EH Bilduko zinegotziak aurkeztutako proposamen horrek Fernando Marti Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko presidentearen kargugabetzea aurreikusten zuen.

Dena dela, oposizioko alderdi guztien babesa izateko puntu hori alde batera uztea erabaki du EH Bilduk. Hala, beste talde parlamentarirekin batera adostu duen testuan industria batzordean onartutako eskari berdinak egin dituzte.

Matuteren esanetan, Endesak eta Ibredrolak ez dute zentral nuklear horren beharrik, eta etekinak pilatzeko interesa besterik ez dutelako ez dute Garoña itxi nahi.

Ildo horretatik, herritarren nahia entzun eta bete ditzan eskatu dio Matutek Espainiako Gobernuari. Halaber, Garoñako zentral nuklearraren etorkizunari buruz erabaki bat hartzeko orduan interes orokorra gailendu beharko litzatekeela azpimarratu du EH Bilduko diputatuak. Gauzak horrela, euskal gizartearen gehiengoak Garoña ixteko exijitu diola esan du.

Beste alde batetik, estortsioaren eta erailketaren aurrean neurri hori askoz hobea izango litzatekeela erantzun dio Guillermo Mariscal PPko diputatuak. Halaber, Garoñaren itxierak oposizioko talde guztiak PPren kontra batu egin izana deitoratu du.

EH Bildu

Fatuarte: «AHTrekin ez bezala, EAJk eta PSOEk uko egin diote kupotik kentzeari mendekotasunari kendutako diru-partidak berreskuratzeko»

EH Bilduk mendekotasun egoeran dauden pertsonentzat dirua berreskuratzea (1.418.527,3 euro) proposatu du gaurko Osoko Bilkuran. “Bizkaiko aurrekontuetan milioi bat euro dago etxeko arretarako. Ezin gara zain geratu kupoa noiz negoziatuko den diru hori berreskuratzeko. Udalak orain eskatu behar du”, exijitu du Alba Fatuarte Alternatibako kide eta koalizoko zinegotziak.

AHTrekin ez bezala, EAJk eta PSOEk uko egin diote kupotik kentzeari mendekotasunari kendutako dirua berreskuratzeko, euren lehentasunak zeintzuk diren argi utziz.2016ko abenduaren 20an Bizkaiko Foru Aldundiak onartu zuen erabaki-proposamena, zertarako eta Gizartekutxa funtsean sartzea onartzeko, eta, Estatuarekiko Kupoan sorturiko eta Bizkaiko Foru Aldundiak jasotzeke duen zenbatekoarekin, Menpekotasun Legeari eta DAAS-ri dagozkion prestazioak (2014, 2015 eta 2016 urteak) finantzatzeko dirua funts horren irizpideen arabera banatzeko udalen artean. Hala, erabaki du BFAn etxez etzeko laguntza zerbitzuko arretan ordu kopurua handitzeko kupotik kendutako funtsaren %15 Gizartekutxa Funtsean sartzea, eta “BFA eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Udalen artean zerbitzuak eta programa sozialak babatzeko akordioan” ezarritako irizpideen arabera, Bizkaiko udalerrien artean banatzea.

Aipatu erabaki-proposamenaren hirugarren puntuak dio: “Eranskinean jasotako zenbatekoak Bizkaiko Lurralde Historikoko udalei ordaintzeke uztea eta ordainketa horiek Bizkaiko Foru Aldundiak Estatuarekiko Kupoan sortutako eta jasotzeke dituen zenbatekoak jaso heinean egitea, Autonomia pertsonala eta inoren laguntza behar duten pertsonen arreta sustatzeko Legea aplikatuta, 2014, 2015 eta 2016ko ekitaldietako DAASi dagokionez”. Kopuru hauek Bilboko Udalaren kasuan honakoak dira: 387.774,91€ 2014. urtekoak, 638.338,67€ 2015-ekoak eta 392.414,15€ 2016-koak, guztira 1.418.527,73€.

Partida hau Bizkaiko Aurrekontuetan zehaztuta dago eta udalek diru hori behar dute etxez etxeko laguntza zerbitzuko arreta finantzatzeko. Horregatik eskatzen diogu Foru Aldundiari zenbateko hauek ordaintzeke ez uztea.

EH Bildu Bilbo

Andoni Unzaluri su, Diana Urreak

Loiola Aretxabaletak Zuzeu atarian argitaratutako testua, gure kide Diana Urreak En Jake saioan Andoni Unzaluri emandako zaplaren berri eman du

Diana Urrea Alternatibako militantea da, eta EH Bilduko parlamentari ohia Gasteizko legebiltzarrean, gazteena. Andoni Unzalu PSEko aurpegi ezagunenetakoa da, parlamentari izana hau ere, eta eskarmentu handiko politikaria.

 

 

Atzo (edo herenegun, jada ez dakit zein egunetan bizi garen-eta), Kataluniako galdeketaren aferari buruzko mahai-inguru batean parte hartu zuten, ETBn eta gazteleraz. Liskar txiki bat izan zuten.

Unzaluk, enegarrenez, zalantzan jarri zuen EH Bilduren oinarri demokratikoa, eta… Urreak, apur bat gogaiturik -bai Andoni, batzuetan badakizu apur bat gogaikarria izaten-, zuzen-zuzenean tiro egin zion Andoni Unzaluri: “Nik ez dut sekula arma bat izan eskutan, agian zuk ezin duzu gauza bera esan” (nola zen `zaska´euskaraz, zapla?).

Izan ere guztiok dugu ezkutuko iragan bat, itsasoak gutxien espero dugunean hondarretara ekarriko duena. Egun Patxi Lopez Madrilera aupatzeko komunikazioaz arduratzen den zornotzarraren kasuan, ez pentsa hain erraza denik informazioa aurkitzea, nazionalismotik aldendu eta, kritiko, Aldaketako partaide izan zela esateko ez bada -euskaltzale legez ere definitzen dute-. Zeharkako idatzien bitartez baino ez dugu jakin, orain arte ez genekien eta, polimilia izandakoa dela Unzalu ere; to Memoria Historikoa!

Hemen saio horretan egin zituen gainerako hitzartzeak:

X