Matute: «Argindarraren prezioaren igoerak pobrezia energetikoa desagerrarazteko Espainiako gobernuaren borondate eza adierazten du»

Alternatibako kide eta EH Bilduko diputatuak esan duenez, argindarraren prezioaren historiako bigarren igoera handienaren aurrean energia ministroak egindako adierazpenek “Espainiako estatuko milaka etxebizitzatan bizi duten pobrezia energetikoa desagerrarazteko gobernuaren borondate eza adierazten dute”.

Oskar Matuteren arabera, “ez da onargarria energia enpresen aurrean behin eta berriz amore eman duen gobernuko ministroak bere erantzunkizunari muzin egitea euri eta haize eskasia, edo eta beste herrialde batzuetako faktoreei aipamena eginez”. Ildo horretan, euskal diputatuak gogoratu du “energia berriztagarriak alboratu dituena, eguzkiaren zerga ezarri eta erregai fosilekiko dependentzia areagotu duena gobernua bera izan dela”.

Matutek berretsi egin du “arlo guztietan burujabea den herria eraiki behar dugula, baita energiaren alorrean ere”, eta gehitu du “zein energia motaz hornitu nahi duen erabakitzeko ahalmena izango duen Euskal Herria defendatzen duela EH Bilduk”.

“Jendea jatearen eta berogailuaren artean aukeratzera nola kondenatzen duten ikusteaz nazkaturik gaude”, esan du.

EH Bildu

Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak. Horrelaxe da!

Azken egunetan markesina ezberdinetan ohiko publizitate sexista ikusi ordez, Euskal Herriko Chrysallis elkarteak egindako kanpaina beharrezko bat ikusi ahal izan dugu. “Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak. Horrelaxe da! Horietako gehienek sufritu egiten dute, gizarteak errealitate honen berri ez duelako. Hitz egin beharra daukagu. Beraien zoriona zure esku ere badago” dio kanpaina honek.

Hain zuzen, hitz egiteko asko eman du kanpainak, baina tamalez ez espero zen norabidean. Hasteko, kanpaina publiko egin bezain laster Facebook orrialdeak irudia zentsuratu egin zuen. Jendartearen mobilizazioari esker berrezartzea lortu zuten ordea. Hala ere markesinetako kartelek ere jaso dituzte erasoak. Mezu transfoboz esnatu zen Iruñea kanpaina martxan jarri ondorengo egunean, Gasteizen ere kristalak apurtuta eta kartelak kenduta ikusi ditugu, eta errepikatu dira Bilbon ere.

Gogor salatu nahi ditugu eraso guzti hauek. Hain zuzen, kanpainak dioenaren kontrako jarrera oldarkor eta bortitz hauek pertsona transexual guztien kontrako sufrimendu biderkatzaile baitira. Norberaren dogma eta ideologia atzerakoiak, pertsonen ongizate eta zoriontasunaren gainetik jartzeak mespretxu handiena merezi du eta jadanik bizi-istorio gogor eta zailak dituzten pertsonen sufrimenduan sakondu nahi dutenen aurrean, aniztasunaren aldarrikapen irmoena egiten dugu. Pertsona heldu transexualak galdutako haurtzaroaz mintzo dira euren testigantzetan. Eta ikaragarria da jakitea haurtzaroan identitatea ukatu zitzaien heldu transexualen suizidioen saiakera tasa %41ekoa dela (populazio osoaren %1,6a izanik).

Aitzitik, itxaropenez bete gaitu gazte transexualekin berriki egindako ikerketa beten emaitzak; kasu honetan, haien identitatea errespetatu zuten familiek, haien ondoan egon eta babestu egin zituzten, eta nerabezaroan blokeorako tratamendua eskaini zitzaien. Ikerketa honetan egiaztatu da, bai bizi eta zoriontasun kalitate indizeak, bai antsietate indizeak eta bakoitzaren gorputzaren itxuragatik dituzten kezkak, bere adin bereko populazio ez transexualaren antzekoak edo hobeak direla.

Horregatik, transexualitate egoeran dauden haurren, helduen, zein ingurune hurbilaren ongizateagatik Chrysallis elkarteak egiten duen lana berebizikoa da. Haiekin asko ikasi dugu azken urteetan eta garapen handia suposatu duten urrats asko ematen lagundu digute. Horrexegatik, haien jakintza eta bizipenetatik ikasten jarraitu nahi dugula eta bidelagun izango gaituztela esan nahi dugu gaurkoan.

EH Bilduk, dituen baliabide eta espazio ezberdinetan Chrysallisen lana bultzatu eta babesteko ekimenak egiten hasi edo jarraituko duela adierazi nahi du, eta publikoa izan beharko lukeen kanpainari bere babes osoa adierazi. Trasexualitatearen legearen garapenean, eskoletako programen sakontzean, herrietako trebatze eskoletan… haiekin batera lanean egongo gara.

Oztopo guztien gainetik, elkarteak egiten duen lana goraipatu eta txalotzea besterik ez zaigu geratzen. Eskerrik asko Chrysallis!

EH Bildu

SS2016: lotsaizuna!

Joseba Barriola – Alternatiba eta EH Bilduko kidea

Europako Batasunaren instituzio batek aldarrikatu zuen izendapena. Baina Europako Batasunaren politika kulturala hilkorra (Irak, Libia, Siria, Palestina… edo ez al dago gerraren kultura?), kriminala (aurten Mediterraneoan 5.000 etorkin hil dira itota eta denok ikusi ahal izan dugu Europako mugetako lotsagarrikeria) eta krudela (austerizidiotik hasi, etorkin langile esklabuen antolakuntzatik segi) da. Eta horrez gain islamofobiaren gorakada eta kulturaren merkantilizazioa eta espektakularizazioa, kultura negozio bide soila bihurtuz. Europako Batasuna, gaurkoa, munduko mila hizkuntzen desagerpenaren erantzule da, eta botereak erabiltzen dituen hizkuntza nagusienak degradatuak daude dominazioaren tresna bihurtuz. Ez da euskara soilik, gaztelera eta frantzesa, inglesa etabar zapalketaren (eta arrokeriaren eta gorrotoaren) pentsamendu bakarra elikatzeko erabiltzen dira milioika euro horretan gastatuz. Hauek dira Europako Batasuneko kultura ustelduaren agerpen batzuk. Europako Batasuneko «kultura» minbiziaz hartua dago. Aldarrikatzen du elkarbizitza eta pakea eta justo kontrakoa praktikatzen du eskala handian. Gezur permanente bat da. Auzi zentral honen aurrean ezikusiarena egitea erosoena da. Korronteari segi, kultura itxura egin, negozioari (turismoa) begiratu eta gure nortasuna beste aberatsekiko «graziosoak» izan.

Pakea? Bi hitzaldi sonatuak eman ziren: Solanarena eta Barrosorena. Solana: orduko Yugoslavian NATOren bonbardaketak agindu zituena. Barroso: Azoresen Bush, Blair eta Aznarrekin Irakeko gerraren proklama egin zuena.

“Tratados de Paz” erakusketa egin zen eta bertan egon zen Felipe VI, oraingo Espainiako erregea. Bere aurrekoen artean Felipe V aurkitzen da, Ondorengotza gerraren ondoren Borboien kastaren lehena Espainiako Monarkian. 1713. Utrech-eko pakea. Besteak beste Felipe V.ak Inglaterrari eman zion «asiento de negros» delakoa, hau da, Afrikatik esklabu beltzak Ameriketara eramateko monopolioa.

¿Tratados de Paz? Eta Euskal Herrian, gaur egun, gehiengo osoak nahi duen pake-itun edo pake-bideari eta ETAren desarmeari trabak jartzen? Eta pakearen eta elkarbizitzaren izenean euskal presoen kuadroen zentsura. Hori da SS2016ko kulturaren kalitate gorenaren froga!

Olatu talka, maiatzean egin ziren. Hona webgunearen oharra:

«La singularidad de Olatu Talka radica en que su programación se configura desde y para la ciudadanía, que es quien envía las propuestas culturales. Por eso tiene la participación una especial significación: Olatu Talka será lo que la ciudadanía decida que sea. Olatu Talka es un festival que sacude culturalmente la ciudad.»

Zer da kulturalki hiria astintzen duena? Zer esan nahi du «su programación se configura desde y para la ciudadanía»? Europako Batasunak izendatu gaitu hiriburu kulturala! Gure esker ona! Fabore bat egin digu, ez gara kritiko jarriko! Kontestua jarrita dago. Kontestua ezin da eztabaidatu. Kontestua jarri ondoren, Europako Kulturaren goraipamenaren kontestuan, herriari ematen zaio partizipazioa. Seguraski Olatu Talkan agertuko ziren kulturari buruzko bestelako nahiak edo desioak. Harremanak egingo ziren, pertsonalak eta kulturalak, adixkideak. Ondo da. Bainan dena irentsia gelditzen da. Kontestuak irensten du dena. Milaka ekintza pentsamendu propiorik gabe. Inaugurazioko danborrada erraldoia bezala. Bagera (gerraren kontrako eresi ironikoa) jotzen da Beethowenen sinfoniarekin batera Europako Batasunako himnoa delako. Antimilitarismo ironikoaren eta askatasunaren himnoak, gerrak sustatzen eta libertadeak murrizten duen erakundearen omenez. Zertan bihurtu gara? Kulturalki hiria astintzen duena da, besteak beste, olatuen talkak Mediterraneoan.

Hizkuntz eskubideen protokoloaz. Kontestua gainditzeko posibilitate bat zen. Lortu al da? Hemen gogoeta baterako abiapuntua. Egoera subordinatuan egonik, bi diskurtso kritiko mota egin daitezke:

a) Diskurtso subordinatu kritikoa.

b) Subordinazioa gainditzen duen diskurtso unibertsala.

Diskurtso subordinatuaren ezugarria da, kontestu orokorra ez duela ez aipatu ere egiten. Faktum ukiezina gisa balioesten da. Horrela eztabaidatik at, ikustezinduak gelditzen dira politika linguistikoaren klabeak: Merkatuaren tirania, estatuen glotofagia, dimentsio planetarioa.

Eta hutsune horren ondorioz, funtsezko errealitatearen elementu solteak azaltzen badira ere, erizpide eta praktika glotofagikoak zuritzen dira. Funtsezko gaiak (kasu honetan linguistikoak) ez dira ikusten, aipatzen, epaitzen.

Ondorioz, kontestu orokor funtsezko horren barruan, subordinazioaren diskurtsoak hobekuntzak planteatzen ditu, baina kontestu orokorra zalantzan-eztabaidan jarri gabe. Horrela egiten diren kritikak «kudeaketa»-ri buruzkoak dira; aldarrikatzen denean «aniztasuna» ahantzia uzten da aniztasun praktikoan dagoen botere harremana; hizkuntza minorizatuaz soilik hitzegiten da eta hizkuntza maiorizatuen zulo beltzei buruz eta horien pribilegioak ez dira aipatzen; beraien egoera jartzen da erreferente bezala; gizarte zibila laudatzen denean, desagertzen da gizarte zibilarekiko edozein aipamen kritiko eta ahaztu egiten da «gizarte zibila» glotofagikoa ere badagoela.

Horrela hizkuntzen eskubide unibertsalak badira, ezin dira Europara murriztu. Eta bestalde, eremu juridikoan kokatzen badira ere –eskubidetaz ari gara–, badakigu eremu erabakiorra beste bat dela, zapalketa eta desberdintasun mota askoren aurka (langabezia, etxekanporatze, errefuxiatuak, etorkinak, emakumeak, kulturegile baztertuak…) garatzen diren mobilizazioen eremuan.

Amaitzeko. Badugu Bildukoek lan sakon eta apasionagarria egiteko beharra. Politika kultural kritiko eta askea lantzea. San Sebastián 2016-ek agerian utzi ditu gure ahuldadeak.

Naiz-en argitaratua

Eskaleak

Aurreko batean lagun batek aipatzen zuen zenbat eskale zebilen herriko kaleetan eta kezka agertzen zuen txiro horiekin nolabaiteko laguntza politika egiten ote zen. Gogoratu nuen orduan nerabe garaian Quevedoren El Buscón edo Tormesko Itsumutila irakurtzerakoan eskaleen agerpena nola harritzen ninduen, aspaldiko garaietako irudikapen baten modura. Frankismoak txiroak ere hartu zituen kontuan eta 50eko hamarkadan “eguberrietan jar ezazu pobre bat zure mahaian” kanpaina bultzatu zuen, aberatsek bihozberatasuna eta karitatea erakuts dezaten egun seinalatu horietan. Berlangak filma ederra egin zuen horren gainean, Placido. Zorionez ez nuen halakorik ezagutzen, krisiak jota zegoen langile auzo eta herri batekoa izan arren. Pobreziaren ideia ez zen miseriarena, pobrezia gehiago zen langileen etxeetan egon zitekeen eskasia aberatsekin konparatuz. Eskaleak ia ia literaturaren mundukoak ziren.
Ipuin zaharretan ere ohikoak dira eskaleak, txiroak, bazterreko pertsonaiak, hamaika pasadizo bizi dituztenak euren egoeratik irteteko. Txiroak dira protagonista eta elkartasuna dute lagun beren abenturetan. Emakume eskaleak lagunduko dio protagonistari bere egoera aldatzen, haren eskuzabaltasunaren ordain gisa. Ezerezaren bizimoduan aberastasuna elkar laguntza da. Ipuin zaharretan ez dago karitaterik, elkartasuna baizik, bestearenganako arreta. Pobreak ez dira aberatsen mahaietan esertzen haien kontzientzia zuritzeko, mahaia hartu egiten dute. Kontalariak horien ahotsa transmitituko du.
 
Joxemari Carrere Alternatibako kidearen blogean argitaratutakoa

Fatuarte: «Urquijok demititu behar du herritarrak bere ideien politikoengatik jazartzen dituelako»

EAEko Auzitegi Nagusiak Jone Artola txupineraren harira  gaur kaleratutako ebazpenaren ondorioz, Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziak Carlos Urkijoren berehalako dimisioa eskatu du. Fatuartek leporatu dio Urkijori herritarrak jazartzea bere ideien politikoengatik eta “hori onartezina da demokrazia batean”.

Fatuartek adierazi du Urkijok Artolaren kontrako gurutzada hasi zuela jakinda pertsona hori alkate, Urkijo beraren postua edota Espainiako presidente izendatua izateko eskubidea zuela. Eta hori prebarikazioa da.
 
Hori dela eta, EH Bilduko eledunak uste du Auzitegi Nagusiaren ebazpenak agerian uzten duela Urkijo lurralde kolonialetako erregeorde bat bezala ari dela. “Debeku horren bitartez bai Urkijok bai PPK helburu argia izan zuten: gatazka sortzea eta Aste Nagusiaren ezaugarri nagusiaden izaera parte-hartzailea erasotzea”. ” Horrela”, gaineratu du, “hautesontzietan lortu ez zuten garrantzia euren betiko politiketan erabiltzen duten nik agindu eta egin lortu nahi izan zuten”. Zorionez ez zuten 2013ko Aste Nagusian haien helburua lortu, eta ez dute lortu orain ere. Bilbotarren gehiengoarentzat Jone Artola izan zen 2013ko txupinera. Duintasunez eta normaltasunez egindako lana”.
 
Fatuartek gogoratu du “biktimak umiliatzen duena Alderdi Popularrak egiten duen erabilera alderdikoia dela”. Horregatik guztiagatik, zinegotziak Alderdi Popularrari eskatu dio ” ez dezala egin Aste Nagusiaren jai ereduaren kontra. Herritarren babesa duen ereduaren kontra, alegia”.
 
Horretaz gain, EH Bilduk gogoratu egin du “gobernu-ordezkariaren kargua ez dela beharrezkoa. Bakea eta normalizazioa oztopatzea bakarrik bilatzen du, hala nola gatazkaren ondorioak gainditzea oztopatu”.
 
X