EAJk ez du Euskal Herrian prozesu eratzailerik nahi Madrilgo erregimenarekin eroso bizitzen jarraitzea nahiago duelako

Alternatibako bozeramaile eta Euskal Herria Bilduko legebiltzarkide Oskar Matutek prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean, Urkulluren gobernuaren gainean balantzea egin eta egunotan PNVko hainbat burukidek erakusten duen urduritasuaren inguruan hitz egiteko, EHBilduren kontrako erasoetan erakusten dutena.

Urkulluren gobernuak azken bi urteetan egindakoaren balantzea egin dugu egunotan. Tamalez, atera dezakegun ondorio bakarra da, inora ez doan bide baten erdian gaudela. Gobernu honek, herritarren bizi baldintzak hobetu beharrean, okertu egin ditu; gehien dutenen aldeko politikak ezarri ditu, herritarrei eskubideak eta zerbitzu publikoak murriztu dizkien bitartean. Eta beti bezala, krisiaren aitzakian egin du.

Gobernu honek, irautea du helburu bakarra, botereari kosta ahala kosta eustea. Eta horretarako, ez du inolako arazorik sostengua eskaintzeko prest dagoen edozeinekin negoziatzeko. Are gehiago hain prezio merkean egin dezakeenean. Zalantzarik ez dago gainbeheran dagoen alderdi sozialista EAJren aliaturik onena dela, hala demostratzen dute murrizketak onartzeko prest azaltzen direnean, gero eta jende gehiago egoera prekarioan eta pobrezian ere utzi behar badituzte ere.

Baina hala eta guztiz ere, Urkulluk urte erdia darama ekonomiaren hobekuntzaz hitz egiten. Ez dakigu, ordea, zertaz ari den, akaso langileen soldatak murriztu arren akziodunen dibidenduak biderkatzen dituzten enpresez ari da, edota ixtear daudenaz, Aguraingo Arcelor edo Basauriko Edesa kasu.

Antzeko egoera eskaintzen digu Urkulluk herri honetako normalizazio politikoan, EAJk bere urduritasuna azaltzen baitu gai delikaturen bat mahai gainean dagoen bakoitzean. Ez daki nola jokatu. Aurrerapausorik ez du ematen eta, horrez gain, oztopo berriak jartzen ditu, presoen eskubideen aldeko herritarren aldarrikapenari ezetz esaten dionean.

EAJkez du ez gurekin ezta herritarrekin zein herri honetako eragile sozialekin Euskal Herria eraiki nahi. Ez dut euskal biderik nahi. Eta ez du nahi Espainiako erregimenaren baitan erosotasun handiz bizi delako.

Herritarrek argi dute Urkulluk berak eta bere gobernuak egindakoak suspentsoa merezi duela eta hala adierazi dute euskobarometroan. Lau biztanletik hiruk uste du gobernu honek ez duela nahikoa egiten krisia eta langabezia gainditzeko. Era berean, herri honek bere etorkizuna erabakitzeko galdeketa bat egiteko gogoak ere azaldu ditu gizarteak, gobernu honek horren aldeko urratsik egiten ez badu ere.

Eta gobernuaren kudeaketa txarraren aurrean, EAJk bere zilborrari bakarrik begiratzen dio. Ohi bezala, erreferentzia gisa duten estatuaren aldean pixka bat hobeto egotearekin kontsolatzen dira. Eta beren miseriei aurre egin ezinean, EHBilduri eraso egiten diote, azken egunetan bezala.

Horren adibidea hainbat burukidek eskaini digu egunotan. Itsasoari begira dirudiela, hobe du euskal herritarren bizi baldintzak desegin dituen olatuarekin kezkatzea; edota Urkulluren gobernuaren politikak eragindako haserrearen olatuarekin. Horren adibide ugari izan genituen atzo, EAEko hiri desberdinetan aldarrikapen ugari entzun zirelako: duintasun eske, pobreziaren aurka, enpleguaren alde eta guztien eskubideei begirunea exijituz, besteak beste. Baina EAJk guzti horri bizkarra ematen dio.

Etxerik gabeko pertsonentzako aterpeari dagokion berririk ez Ezkerraldean

Duela urtebete Ezkerraldeko EH Bilduko hautetsi eta kideek gaua kalean eman zuten, aterpetxe baten beharra agerian uzteko. Gaur egun egoerak berdin jarraitzen du, eta horregatik gaur ere gaua kalean pasako dugu.

Santurtzin eta Sestaon EAJ-k egindako hitzarmenak ez dira martxan jarri, Portugaleten, PSEk ezetza eman zio proposamenari eta alternatibarik ez du eskaini eta Barakaldon bestalde, PSE-k etxerik gabeko pertsonen arazoa neguko hilabeteetan adabaki txiki batekin konpontzen dela sinestarazten tematuta dago

Duela gutxi, lan-mahai bateko abiaratzea bultzatzea eskatu diegu lau herrietako alkateei. Lau udaletxeek eta beraien alkateek, alderdi politkoek eta arlo honetan lan egiten duten elkarteek osatutako mahaia proposatu diegu, informazioa elkartrukatzeko eta gure herrien kaleetan bizi den drama honi irtenbideak bilatzeko helburuarekin. Ez dugu erantzunik jaso, PNVk eta PSEk ez dute arazo honi irtenbidea aurkitu nahi.

EHBildu Bizkaia

https://pbs.twimg.com/media/B5P_qL4CYAM5wgQ.jpg

https://pbs.twimg.com/media/B5OKgdaCUAAsTIt.jpg

https://pbs.twimg.com/media/B5OKgdeCYAAK9gg.jpg

https://pbs.twimg.com/media/B5PnhB8CUAAhlkb.jpg:large

Auzitegien ebazpenaren ostean EAJri eskatu diogu jarrera aldatzeko eta ez dezala Bilbo bihurtu askatasun erlijiosoa urratzen duen lehen euskal udalerria

Ana Etxarte Alternatibako kide eta Bilboko EHBilduren zinegotziak adierazi du “nahiko kezkagarria” dela herritarrak epaitegietara jo beharra beraien oinarrizko eskubideak errespetatu daitezen.

Atzo ezagutu genuen Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak baliogabetu zuela kultu zentroen irekiera oztopatzeko ezarritako mugak zehazten zituen HAPOaren aldaketa, forma arrazoiak zirela eta, hau da, prozedura ez jarraitzearen ondorioz. Ebazpenaren ondoren EH Bilduk gobernu batzordeari eskatu dio jarrera aldatzeko eta ez dezala Bilbo bihurtu askatasun erlijiosoa urratzen duen Euskal Herriko lehen udalerria.

Ana Etxarte zinegotziak, gai honen jatorria eskubide bati muga jartzea, hau da, askatasun erlijiosoa mugatzeko saiakera izan zela gogoratzeaz gain, azpimarratu du “nahiko kezkagarria” dela herritarrak epaitegietara jo beharra beraien oinarrizko eskubideak errespetatu daitezen “eta, hori dela eta, udalari eskatzen diogu bere jarrera berehala alda dezala”.

EH Bilduko zinegotziak azpimarratu du EHANren ebazpenak agerian uzten duela EAJren parte hartze eredua. Etxartek gogoratu du Deustuko kanalaren aferan ere parte hartze eskubidea ez bermatzearen ondorioz antzeko epai bat egon zela. “Orduan, orain bezala, epaia forma kontuetan sartzen zen soilik eta ez zuen fondoan gaineko iritzirik eman, baina bizilagunen presioari esker udalak azkenean gaiaren muinari eutsi eta hasierako proposamena aldatzea erabaki zuen bizilagunekin hitz egin eta gero. Orain gauza bera egitea eskatzen diogu udalari.

Etxartek gogoratu du HAPOaren aldaketa hau bultzatzeko Hirigintza sailaren argudioak ez zirela gertakari objektiboak izan, “baizik eta arrazoi ideologikoetan oinarritzen zen erlijio katolikokoak ez beste baztertzeko. Hirigintza araudia aitzakia bezala erabilita, Udalak herritargoaren zati baten eskubideak mugatu nahi ditu”.

Etxartek gezurtatu du atzo Eduardo Maiz Hirigintza zinegotziak egindako adierazpenak non esaten zuen EHANren ebazpenak arrazoia ematen diola Udalari. “Ebazpena ez da gaiaren mamian sartzen, ez ditu salatzailearen argudioak aztertzen, eta forma akats honek prozesu guztia bertan behera uzten du”, adierazi du zinegotziak.

EH Bilduk azpimarratu du ebazpen honek agerian uzten duela Udalak bizkarra ematen diola herritargoari eta egin eta desegiten duela legeak ezartzen dituen parte hartze prozedurak errespetatu gabe.

Hori dela eta, Etxarte zinegotziak Udal gobernu batzordeari eskatu dio jarrera aldatzeko, behingoagatik herritarron mesedetara gobernatzeko eta ez dezala Bilbo bihurtu askatasun erlijiosoa urratzen duen Euskal Herriko lehen udalerria.

EHBildu Bilbo

EAJri eskatzen diogu jardun publikotik ken ditzatela ikerketa judizial baten menpe dauden kideak

Bizkaiko EHBilduk agerraldia egin du gaur, Alternatibako kide eta Bizkaiko legebiltzarkide Asier Vega eta Maribi Ugarteburu legebiltzarkidea hizlari izan direla, Alonsotegin izan diren irregulartasunak direla medio, EAJri mugimendi zehatzak eskatuta.

EH Bildu milaka herritarron babesa jaso zuen programa oso argiarekin hasi zen Bizkaiko Batzar Nagusi eta Udaletan; ezkerreko planteamenduaz baliatuta eta justizia sozialean oinarrituz eredu sozioekonomiko honi buelta emateko helburuarekin. Beti ere, parte-hartzearen eta gardentasunaren bitartez gure herria, Euskal Herria, oinarri hartuta. Kudeatzen ditugun instituzio horietan ateak eta leihoak ireki ditugu, eta oposizioan ere, modu fiskalizatzaile batean lan politiko-instituzional horretan aritu gara, gure betebeharra herritarron esku instituzio gardenak jartzea izan delako eta oraindik ere badelako.

Horregatik, Alonsotegin emandako egoera salatu nahi dugu gaurkoan, Alonsotegi Eraikiz elkartearen kasuaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo eta Kanpo Sustapeneko zuzendari Gabino Martinez de Arenazari eta beste zazpi pertsonari, Alonsotegiko alkate ohi Aitor Santiesteban barne, ustezko delitu penalak egotzi zaizkienean. Biak EAJko kideak.

Gaur, astelehenean gure batzarkide taldeak aurreratutakoa berrestera gatoz. EAJk, behin eta berriro, esaten digu Ebrotik behera gertatzen diren ustelkeria kasu anitzak Bizkaian ematen direnekin alderaezinak direla. Tematu egiten da Bizkaian ustelkeria kasurik ez dagoela errepikatzen duenean. Hala eta guztiz ere, EAJk gobernatu dituen hainbat eta hainbat instituzioetan, herritarren interesen kalterako, interes pribatu zehatz batzuk onesten dituzten jarrerei mesede egiten zaiela ikusi dugu. Alonsotegiren kasuan, ardura penala dagoela argi dugu.

EH Bildu osatzen dugunok ez gara batere pozten Bizkaiko politikagintzan horrelako irregulartasun eta klientelismo kasuak ematen direnean. Guztiz kontrakoa. Hitzetatik eta geldotasunetik haratago, benetan gustatuko litzaiguke, beste alderdi politikoek aplikatzen omen dituzten kodigo etiko berdinak praktikan jarriko balira. Bestaldetik, EAJren ordezkari instituzionalei ez zaie ezertarako balio artxibatuak izan diren irregulartasunezko kasu hauek ezkutatzeko asmoz, diskurtso populista eta ukatzaileaz baliatzea. Gizartea, hitz goxoetan sinestetik urrun, zergadunen kontura poltsikoak betetzen dituen klase politikoaren zati handi baten gehiegikeriarekin nazkatuta dago.

Iñigo Urkullu lehendakariak berak, De Miguel ustelkeria kasuan inplikatuta zeuden EAJko buruei afiliazio karneta itzultzeko eskatu zien. Baina benetako arazoa eredua bera da. Hamarkadaz hamarkada mantendu eta oraindik mantentzen den kudeaketa eredu hau da erruduna; ustelkeria kasuen zerrenda handitzen den bitartean. Honen aurrean, Bizkaiko EAJk, ustezko errugabetasun oinarriari heldu dio eta neurririk hartu behar ez duela argi utzi du. Baina argudio honek aurrez aurreko talka egiten du gardentasunezko aitorpena jaso nahi duen edozein alderdi politikoaren kodigo etikoarekin.

EH Bilduk argi utzi du dagoeneko, aro politiko berriari begira ere, Bizkaian ezarritako opakutasunari amaiera ematera gatozela. EAJri eskatzen diogu, Urkulluk berak eskatu zuen bezala, jardun publikotik ken ditzatela ikerketa judizial baten menpe dauden kideak, are gehiago kudeaketa publiko onartezina eta balizko delitu penalak egin dituztenean. Alderdi politiko guztiak ez gara berdinak, eta EH Bilduk arduraz jokatzen jarraituko du Alonsotegikoaren moduko zein bestelako aferen aurrean; eta gainerako alderdiei berdin jokatzeko exijitzeko moduan gaude, umiltasunez, botere instituzionala herritarren zerbitzura jarrita eta ez pertsona jakin batzuen mesedetara.

PNV, Bizkaiko gobernuan dagoen alderdia den heinean, alderdi ilunei zalantza izpirik utzi behar ez dien politikagintzaren bermea izan beharko litzateke, ahaldun nagusiak aipatutako ‘maletarik’ gabekoa beraz. Ustelkeria estatu espainiarraren egiturazko elementu gisa azaleratzen den unean, EAJren jokabidea PPk egiten duenarekiko desberdina izan beharko litzateke, neurri zehatz eta irmoak hartuta.

EH Bilduk ez du politika judizializatzeko berezko asmorik. Inoiz ez dugu eramango auzitara diskurtso edo analisi politiko bat, beste batzuek gure ordezkariekin egin bezala. Egingo duguna, ordea, herritarren agindua zorrotz betetzea da, politika gardena eta garbia, inolako irregulartasunik gabekoa, egitearen agindua.

EHBildu Bizkaia

Kontratazio eta erosketa publiko arduratsua bultzatzeko foru araua aurkeztu du EHBildu Arabak

Kontratazio eta erosketa publiko arduratsua bultzatzeko foru araua aurkeztu du gaur EH Bilduk Arabako Biltzar Nagusietan. Gipuzkoan aho betez onartu den foru arauan oinarriturik, arau horren arabera, Arabako Foru Aldundiak eta bere menpe dauden entitate guztiek egiten dituzten kontratazio publikoetan izaera sozialeko klausulak kontuan hartuko dituzte, hala nola, genero berdintasuna, kolektibo berezien lan merkaturatzea, ingurumenarekiko errespetua, kalitatezko enplegua eta hizkuntz eskubideen bermea bultzatzea.

Foru Arau honen helburuak hauek izango dira:

1. Lan merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboak laguntzea

2. Lan merkatuan gizonezkoen eta emakumezkoen artean dauden desberdintasunak ezabatzea. Berdintasuna eta familia eta lana bateratzeko neurriak bermatzen dituztela egiaztatzen duten enpresen eskaintzak lehentasuna izango dute, beraz, kontratazio publikoetan.

3. Kalitatezko enplegua sustatzea, hau da, enpresa horien langileei oinarrizko lan eskubideak errespetatuko zaizkiela eta lan baldintza duinetan eta segurtasunaz lan egingo dutela bermatzea.

4. Ingurumenarekin lotutako irizpideak. Eraginkortasun energetikoa, ahalik eta hondakin gutxien sortzea, produktu ekologikoak erabiltzea… Horri esker, ingurumena babestu eta inguruari kalte egiten ez dioten sistemak sustatzea da helburua.

5. Hizkuntzarekin lotutako irizpideak ere aintzat hartuko ditu, legeak ezartzen duen moduan, herritarren hizkuntz eskubideak modu eraginkorrean bermatzeko helburuarekin.

“Instituzioetatik berme batzuk ezarri nahi ditugu eta horrez gain, gizarte justuago bat eratzeko beharrezkoak diren irizpideak saritu nahi ditugu erosketa eta kontratazio publikoaren bidez”, laburbildu dute Luis Salgado Alternatibako kideak eta Gorka Ortiz de Guineak, EH Bilduko ordezkariak biak Arabako Biltzar Nagusietan.

EHBildu Araba

X