Alternatibak hitzaldi sorta antolatu du, TTIP, AEBen eta Europaren arteko merkataritza librerako itunaren ondorio larrien inguruan

Datorren astean, urriaren 7an, Kultur Alternatibak Gorripidearen babesarekin antolatutako hitzaldi sortari hasiera emango diogu, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, Europa eta Estatu Batuen arteko Merkataritza eta Inbertsiorako Itun Transatlantikoaren testuingurua eta bere ondorio larriak sakonki aztertuko dituena. “TTIP: Transnazionalen inbasioa geldiaraz dezagun” lemapean, hitzaldietan nazioarte gaietako adituen parte-hartzea izango dugu: ikerlari sozial eta Ecologistas en Accion-eko kide Tom Kucharz, ELA sindikatuko nazioarteko arduradun Laura Gonzalez de Txabarri, EHUko irakasle eta zuzenbidean doktore Juan Hernandez eta ATTAC-eko kide eta ekonomista Jose Ramon Mariño, Alternatibako bozeramaile eta EHBilduren legebiltzarkide Oskar Matuteren parte hartzearekin batera.

Bozeramailearen esanetan, “une honetan, AEBetako eta EBeko gobernuek sustatutako transnazionalen eta Europako arteko norgehiagoka baten lekuko gara. TTIP deritzon merkataritza eta inbertsiorako itun transatlantikoaren mehatxua dago mahai gainean, Europako herritarroi pobrezia, pribatizazioa, natur baliabideen galera, osasunerako arriskua eta demokraziaren okertzea ekarriko diguna”. Laburbilduz, “pertsonen eskubide eta duintasunaren kontrako eraso bortitza dela” gaineratu du.

Zentzu horretan, Alternatibatik “itun horren inguruan ikuspegi kritikoa sustatu eta haren kontra erresistentzia eraikitzeko apustua” egin nahi dugu. Guzti horregatik, beste eragile sozial, sindikal eta politiko batzuekin batera partekatuko ditugun borroka esparruetatik haratago, urriaren 11n Europako TTIParen kontrako Eguna ospatzen adibidez, alderdi ezkertiarrari lotuta dagoen elkarte kulturalak konferentzia hauek antolatu nahi izan ditu aipatutako norabide horretan aurrera egiteko. Jardunaldiak urriaren 7an, 8an, 27an eta 28an izango dira, Bilbon, Oreretan, Iruñean eta Gasteizen hurrenez hurren.

Aurretik esan bezala, hitzaldiak antolatzeko ATTAC, Ecologistas en Accion, EHUko hainbat irakasle eta eragile sozialekin kontaktuan jarri gara, ingurumenaren ikuspuntuaz gain, ikuspegi eta perspektiba desberdinetatik, soziala zein ekonomikoa, TTIParen onespenak ekarriko dituen ondorioetan sakondu ahal izateko.

Urriak 7, Bilbao, Hika Ateneo,19:00
– Tom Kucharz (Ecologistas en Acción)
– Oskar Matute (Alternatiba)

Urriak 8, Orereta, Mikelazulo, 19:00
– Tom Kucharz (Ecologistas en Acción)
– José Ramón Mariño (ATTAC)
 

Urriak 27, Iruñea, Katakrak, 19:00
– Laura Glez. de Txabarri (ELA)
– Tom Kucharz (Ecologistas en Acción)

Urriak 28, Gasteiz, Aldabe, 19:00
– Laura Glez. de Txabarri (ELA)
– Juan Hernández (EHU-UPV)
– José Ramón Mariño (ATTAC)

 

http://alternatiba.net/old-files/Cartel TTIP RGB.jpg

Marotok beste behin ere hiri garraiorako ikasle txartelaren deskontuak hilabete atzeratu ditu

Alternatibako kide eta Gasteizko EHBilduren zinegotzi David Pinak Gasteizko alkate Marotori ikasleen garraio sari-txartelak martxan jartzeko exijitu dio, eta bide batez, bere Gobernuari laguntza gehien behar duten kolektiboak bost axola zaizkiela erakusteari uzteko eskatu dio”

PPren Gobernuak, bigarren urtez jarraian, hiri garraiorako ikasle txartelaren hobariak hilabete atzeratu ditu. Urtero bezala kurtsoa irailean hasi da, deskontuak urria arte ez direla abian jarriko egiaztatu dugu.

“Alkateari eta bere Gobernuari laguntza gehien behar duten kolektiboak zenbat bost axola zaizkiela ikusten dugu beste behin ere”, azaldu du zinegotzi eta TUVISAko kontseilaria den David Pinak. Bere gobernuaren utzikeria gorritzeko modukoa da. “Ekainean jada hobariak epean martxan jartzeaz ohartarazi genuen, aurreko ikasturtean gertatutakoa errepikatu ez zedin. Eta beste behin ere berdina egin dute”, gogoratu du. “Egoera lehen aldiz salatu genuenean, Gobernuak TUVISAri leporatu zion errua. Egun, aipatu behar da, Alfredo Iturricha zinegotzia udal garraio elkartearen lehendakariorde dugula eta beraz, PPren arabera euren zinegotzia dela honen erruduna”.

Gobernuari eskatu diogu hobariak berehala martxan jartzeko eta gai honi buruzko azalpenak emateko eskatu dugu bai Hezkuntza batzordean eta baita TUVISAko kontseiluan bertan ere.

Ana Etxarte “EAJk saltoki ertain eta txikiak desagerpenara kondenatzen ari ditu, langileen lan baldintzak geroz eta gehiago prekarizatuz”

EHBilduk gaur goizean baloratu du, atzo Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean agertu bezala, merkataritza ordutegiei dagokienez,  Bilbo eremu turismo handiko eremutzat jo izana. Ana Etxarte zinegotziak adierazpena gogor kritikatu du soilik merkatal kate handiei on egiten baitie, merkatu txikia “babesik gabe utzi eta desagerpenera kondenatuz, langileen baldintzak gero eta gehiago kaskartuz”.

Ezkerreko zinegotzi soberanistak, aipatutako adierazpena EAJ-k Bilbon merkatu ertain eta txikia kaltetzeko duen estrategiaren baitan kokatu du. “PPk Madriletik inposatutako merkatuaren liberalizazioaren onarpenarekin ikusi ahal izan dugu” adierazi du Etxartek.

Zentzu honetan, Etxartek salatu du Eusko Jaurlaritzak, Arantza Tapiak hain zuzen, “egiari muzin egin diola” ez baita egia “irekiera librearen aukera ahal den gehienera mugatzen duenik”.

EHBilduko zinegotziaren ustez, Gasteizko exekutiboak goian aipatutakoa benetan egin nahi izan balu, “eremu turistiko handiko eremu, auzo bakar bat, edo Guggenheimaren inguruko bizpahiru kale izendatuko lituzke. Dekretuak, zonalde bakar bat eremu turistiko handiko eremu izendatzearekin nahikoa izango litzatekeela adierazten baitu. Aldiz, bost auzo izendatu dituzte (Abando, Indautxu, Garellano, Alde Zaharra eta Deustu), hiriaren erdigune osoa hain zuzen. Honek zera adierazten du, azalera handiko merkatu, supermerkatu eta kate komertzial handientzako ordutegi askatasunari ateak irekitzea”.

Etxartek azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak, merkatu ertain eta txikia babestetik urrun, Bilboko EAJren gogo liberalizatzaileei men egin diela, “dekretua publikatu bezain pronto Lakuari hiriko erdigune osoaren liberalizazioa onartzeko eskatu baitzion”.

“2012ko otsailaz geroztik, hau da, EAJ, PP eta PSOEk, EHBilduren oposizio bakarraz, 8 jai egunetako egutegia aurrera atera zutenez geroztik, EAJk ez du etenik izan kate komertzial handiak bultzatzeko ekimenean, Rajoyren dekretua aitzakia baino ez da, PPk bultzatutako proiektua martxan jarriko du EAJrenaren berdin berdina izanik. Hau guztia, kate handien etekinak handitzea baino ez du ekarriko” deitoratu du Etxartek.

EHBilduren zinegotziak adierazi du neurri honek merkatu txikia babesik gabe uzten duela, “desagerpenera kondenatu eta langileen eskubideak gero eta gehiago kaskartuz. Hau, ordutegien liberalizazioa aplikatu den beste eremu batzuetan gertatu da jadanik, Madril eta Valentzia kasu”.

Azkenik, Etxartek Andoni Aldekoa alkatetzako ordezkariarengana zuzendu da, “merkatu txikiaren gainean etengabe jazarpen politika ezartzen duen arren, haren konpromisoa eskatzen jarraitzen duelarik”, merkatu ertain eta txikiarekiko zein langileekiko EAJren konpromisoa zein dengaldetzeko. Non ote dago kaltetuen aterako diren auzoetako merkatuekiko konpromisoa?”.

Hurrengo ikasturterako plangintza eta programa osatzeko partehartze prozesua martxan

EHBilduk hurrengo ikasturteari begira bere plangintza eta programa osatzeko parte hartze prozesu bat jarri du abian. Ekimen honekin herritarrei eta batez ere haien iritziari eta eguneroko politikagintzako parte-hartzeari garrantzi berezia eman nahi diogu. Horregatik, parte-hartze prozesu irekia abian jarri dugu. Irailaren 6an ekitaldia egingo dugu, ikasturterako plangintza eta programaren lerro nagusiak zehaztuz.

EHBilduren oinarri ideologiko nagusietako bat da politika egiteko bestelako eredu berri bat indarrean jartzea: herritarrengandik eta eragile sozialengandik hurbila, haien iritzia entzun eta aintzat hartzen duena, arreta haien benetako interesetan jartzen duena… Azken finean, herritarrak eta haien beharrak eta interesak dira gure eguneroko jardun politikoaren ardatza. Besteak beste, horretarako jaio ginen eta etorri ginen taula politikora. EHBilduk herritarrekin eta herritarrentzat egin nahi dugu politika. Politikan aritzeko beste modurik ez dugu ulertzen.

Esan dugun bezala, hurrengo ikasturte politikoari begira EH Bildutik beste urrats bat eman nahi dugu zentzu horretan, eta urteko plan politikoaren plangintza gure oinarri sozialarekin eta herritar ororekin batera prestatu nahi dugu.

Komunikaziorako tresna berriek eskaintzen dituzten abantailak erabiliko ditugu horretarako, eta EH Bilduren webgunean -www.ehbildu.eus- ere atal berezi bat irekiko dugu. Baina ez gara horretara mugatuko, eta aurrez-aurreko ekarpen, iritzi edo kritika guztiak entzuteko eta aintzat hartzeko prestutasun osoa daukagu. Azken baten, EHBilduren ateak oraindik eta gehiago zabalduko dizkiegu herritarrei eta eragile sozialei.

Egin nahi dugun auzolan horretarako sarbide nagusia, esan bezala, koalizioak bere webgunean jarriko duen atal berezia da. Bertan egin ahal izango du bere ekarpena nahi duen orok. Ekarpenak modu eraginkorragoan egin eta biltzeko asmoarekin, atal berezituak jarriko ditugu bertan: euskara, hezkuntza, burujabetza ekonomikoa, Jaurlaritzaren eta Nafarroako gobernuaren politika ekonomikoak, AHT, Kutxabank eta euskal finantza sistema, alor sozial eta ekonomikoaren eztabaida estrategikoak, tokiko garapena, energia eta elikadura burujabetza, osasungintza, politika feminista, politika egiteko bestelako eredu gardena eta herritarra eta askatasuna eta eskubideak. Modu horretan laburbildu nahi izan ditugu gaiak, baina horrek ez du esan nahi herritarren eta eragileen ekarpenak horretara mugatu behar direnik.

EHBilduren helburua politikagintza egiteko bestelako ereduan oraindik eta gehiago sakontzea delako, egungo eredua goitik behera eraldatuz, edo hobe esanda, behetik gora eraikiz. Politikagintza herritarra eta gardena egin nahi dugulako, herritarren kezkak eta interesak entzun, aintzat hartu eta erabakiguneetara eraman nahi ditugulako. Laburbilduz, politikagintzaren jardunaren ardatza herritarrengan eta haien interesetan jarri nahi dugu, eta ez elite ekonomiko, sozial eta politikoen ezkutuko interesetan. Bide horretan, jauzi kualitatibo garrantzitsua eman nahi dugu hurrengo hilabeteetan.

Melilla: fikzioa gainditzen duen errealitatea

Diana Urrea – Alternatiba

Errealitateak fikzioa gainditzen duela diogu, baina batzuetan esaldi hori askoz ere gordinagoa izan daitekeela sentitzen dugu. Hala gertatu zait duela gutxi Melillara egin dudan bidaiaren ondorioz.

Mugan ematen den giza miseriaren arduradun zuzenak Espainiako eta Marokoko erresumak direla ziurtatzera eramaten gaituzten argudioak aipatu aurretik, ezinbestekoa da migratzaileak eta errefuxiatuak Melillara zer nolako  egoeratan heltzen diren azaltzen duen testuinguruaz hitz egitea.

Melillaz ari garenean, berehala hesia zeharkatzen saiatzen diren afrikar “uholdeen” irudia datorkigu gogora. Hesia baino, hesiak direla esan beharko genuke, guztira hiru baitira; eta aurki lau izango dira, Maroko eraikitzen ari den hesi berria gehituta. Afrikar hauetariko gehienak gizonezkoak dira. Emakumeak ordea, txalupetan edota muga-zeharbideetatik sartzen dira; bertatik egunero komunikabideentzat ikusezinak diren 20.000 eta 30.000 lagun artean igarotzen direla.

Gauzak horrela, azpimarratu beharreko lehen faktorea generoa da. Beste behin ere, emakumezko migratzaile eta errefuxiatuek ondorio latzak pairatzen dituzte: guztiek sexu erasoak jasotzen dituzte etengabe sorterritik atera eta helmugara heldu arte; gehienak euren ibilbide migratzailea kontrolatzen dituzten eta sexu esplotazioa helburu duten sareen salerosketaren biktimak dira; gainera familia barruan indarkeria matxista egunero jasaten dute, eta abar luze bat. Guzti hau heriotza edo haientzat are beldurgarriagoa den zerbaiten mehatxupean; budua.

Aurretik azaldutako baldintzak guztiz lotuta daude emakume hauek duten asilo eskubidearekin. Halaber, pertsona hauen sorterria gatazka egoeran eta krisi humanitario larrian murgilduta dago; eta ondorioz, nazioarteko babesa jasotzeko zilegitasun osoa dute.  

Baina Melillara heldu eta asiloa eskatzeko asmoa dutenek, euren askatasunez mugitzeko eskubide urraketarekin topo egiten dute. Izan ere, asilo baimenaren izapideak egiten diren bitartean, debekatuta dute hiritik ateratzea eta penintsulatik libre ibiltzea. Ondorioz, penintsulara beste nolabait sartzea erabakitzen dute. Arazoa da ordurako kaleratze agindu bat jaso dutela eta horrek gerora asiloa eskatu nahi izatekotan, zailtasunak sortuko dizkiela; horrela, legez kanpoko pertsonak bihurtzen dira; oinarrizko bizi baldintzarik gabe, prekarietate sozial eta ekonomiko larrian bizitzera behartuta egongo diren etorkinak. 

Argitu beharra dago Espainiako Gobernuak ez duela oraindik sexu esplotazioa helburu duen pertsonen salerosketa asiloa eskatzeko arrazoitzat jotzen eta, ondorioz, emakumeak babesik gabe eta euren sorterrira bueltan bidaltzeko arriskupean daude.

Beste faktore garrantzitsu bat Etorkinen Aldi Baterako Egonaldi Zentroaren (CETI) gehiegizko okupazioa eta pilaketa egoera da. Egiaztatu dugunez, 480 lagun biltzeko sortutako zentro honetan 1.600 pertsona nekez bizi dira; haien artean 400 adin txikikoak. Euren bataz besteko egonaldia 280 egunekoa da.

Zentro honen beharrizan guztiei aurre egiteko 15 funtzionariok egiten dute lan, eta eskura dituzten baliabide ekonomiko eskasak kontuan izanda, zeregin hau betetzea erabat ezinezkoa da. Egoera lazgarri honen arduraduna Estatu Espainoleko Barne Ministerioa da. 

Faktore mediatikoak ere garrantzi handia dauka: komunikabide ofizialistak erabiliz, hesira salto egiten duten pertsonak kontrolaezinak direla sinestarazten zaie herritarrei. Norbaitek sinetsiko al luke egoera hauek kontrolaezinak direla, estatuaren segurtasun eta indar kidegoek eskura dituzten bero eta mugimendu sentsoreekin eta base militar marokoarrekin? zentzugabekeria hutsa da. Hala nahi izango balute, inork ez luke hesitik salto egin behar, baina zenbait hitzarmen ekonomiko sinatzen direnean, mugimendu masibo hauek ematea komeni da, arreta desbideratu ahal izateko, giza miseriaren morboa eta pertsonen salerosketa erabilita.

Zorionez, komunikabide alternatiboak daude, Espainiari lan zikina egiten dieten indar marokoarrek pertsona migratzaileei jasanarazten dieten krudeltasunaren  berri ematen digutenak. Melillako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakunde baten esanetan “penintsulako herri ezberdinen burujabetza ukatzen dutenek, Marokori bere nahiera ibiltzen eta giza eskubideak urratzen uzten diote”.

Azkenik, ezin ahaztu Melillan ematen den esklabotza mota ikusgarriena: “Emakume garraiolari” delakoak. Emakume marokoarrak dira, Espainia eta Maroko artean 30 eta 100 kilo bitarteko fardelak euren sorbaldetan eramaten dituztenak, 2 euroren truke. Auzo Txinatarretik igaro besterik ez dugu behar pairatu behar izaten dituzten izugarrikeriez ohartzeko.

Baina zerbait azpimarratzekotan, duintasuna izango litzateke. Mundu zeken eta bidegabe batean gizaki batek jasan dezakeen guztia jasan ostean, edozein bidetik mugak zeharkatzen dituzten milaka gizon-emakumeei, Estatu espainol eta marokoarrek inoiz kendu ezin izango dieten duintasuna, hain zuzen ere.

Mugarik gabeko mundu baten alde, non herrien arteko elkartasuna eta herritartasun unibertsala oinarrizko printzipioak izango diren; gaur inoiz baino gehiago, Euskal Herri libre eta internazionalista bat aldarrikatzen dugu, munduko edozein tokitan pobrezia eta bidegabekeria pairatzen duten pertsona eta herri guztien mina bere egingo duena.

Argitaratu izan da, besteak beste:

Ahotsa.info eta Ozenki webguneetan.

https://scontent-b-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-xap1/t31.0-8/10532325_921584127858904_8223132021791970165_o.jpg

https://scontent-a-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-xpa1/t31.0-8/10457389_921583914525592_770403091804003351_o.jpg

https://scontent-b-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-xpa1/t31.0-8/10497292_921583921192258_2981816096046544466_o.jpg

https://scontent-b-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-xpf1/t31.0-8/10547369_921584001192250_7142990125952579762_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/t31.0-8/10535779_921584027858914_198461352626954479_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-a-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xaf1/t31.0-8/10572203_921584077858909_9056584540340134860_o.jpg

https://scontent-b-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-xap1/t31.0-8/10517308_921584184525565_5475852870746427544_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xap1/t31.0-8/s960x960/1889080_921584211192229_8860629059750369364_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/t31.0-8/10553743_921584221192228_8235299782313136558_o.jpg

https://scontent-a-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-xpa1/t31.0-8/1537544_921584277858889_8216496498213771208_o.jpg

https://scontent-a-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-xpf1/t31.0-8/10295897_921584301192220_7814162715301170349_o.jpg

https://scontent-a-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-xpa1/t31.0-8/10497141_921584324525551_9050137041099940671_o.jpg

https://scontent-b-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-xap1/t31.0-8/10495344_921584361192214_1408028507051181404_o.jpg

https://scontent-a-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-xpa1/t31.0-8/10498315_921584354525548_329560118946672805_o.jpg

X