Sabin Arana Bilbao gogoran, agur eta ohore

Atzo jaso genuen Sabin Arana Bilbaoren heriotzaren (Sestao, 1944 – Gasteiz, 2013) berri; ezkerreko militante, euskaltzale eta Frankismoko errepresaliatua. Alternatibatik gure atsekabea azaldu nahi dugu, pertsona honen ibilbide luzea askorentzat eredugarria izan delako; batez ere, hamarkadaz hamarkada Sabin borrokan ibili den trintxera ugarietako askotan berarekin borroka egin dugunontzat. Ez alferrik, klandestinitatea, tortura eta kartzela ezagutu zituen, beti ere, bidegabekerien kontra, teorian eta praktikan, borroka eginez sozialismoaren norabideari jarraituz.

Bera galtzea deitoratzen badugu ere, agur esaterakoan erakutsitako duintasunari pozik egoteko modukoa deritzogu, gaixotasunarekin bidean topo egin arte frankismoaren aurkako konpromisoa mantendu zuelako; Sabin, Argentinan Frankismoaren kontra hasi zen auziaren aldeko plataformaren sustatzailea baitzen. Diktaduraren zigorgabetasunaren bukaera nahi zuen, horrenbestetan borrokatu zuena eta ondorioz zigortua izan zena; baina inoiz ez mendekuaren izenean, justiziarenean baizik.

Frankismoaren aurka azken hatsera arte Mikel Peruarena Ansa

Asier Vega: “Biktima guztiak, biktimak dira eta ezin dira sufritutako indarkeriaren arabera neurtu”

Alternatibako kide eta EHBilduren Bizkaiko batzarkide Asier Vegak, Alderdi Popularrak Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztutako Terrorismoaren biktimen aitortza eta erreparaziorako arauz besteko proposamenari erantzuten dio: “Biktima guztiak, biktimak dira eta ezin dira sufritutako bortizkeriaren arabera neurtu. Biktimak dira indarkeria edo eskubideen urraketa sufritu dutelako”.

Sotanak eta arrosarioak Aste Nagusian

Ana Etxarte – Alternatibaren Bilboko Asanblada

Gizarte bat benetan berdintasunean oinarrituta dago, ez bakarrik berdintasuna erretorikaz defendatzen duenean; berdintasun hori efektibo egingo dituen jarduera politikoak, prozesuak eta ekimenak martxan jartzen dituenean baizik. Zoritxarrez, egun bizi dugun garai honetan, administrazio publiko askok berdintasunaren bermatzaileak izan beharrean, ez adituarena egin eta boteretsuen interesei men egiten diete.

Boteretsu hauen artean Eliza Katolikoa dago, bere doktrina beste doktrinen gainetik kokatzeko betiko gogo biziaz, erakunde publikoak bere estrategiaren parte-hartzaile zuzenak bihurtzen dituena. Horrela, eta gizarte laiko eta akonfesionalean bizi bagara ere, administrazio asko eta asko diraute erritu erlijiosoak, katolikoak gehien bat, bultzatzen eta hauetan parte hartzen, betiere, aurretik aipatutako akonfesionaltasun, laikotasun eta berdintasun oinarriak ezerezean utziz.

Honen adibide argia, behin eta berriro, Bilboko Udala dugu. Orain dela hilabete batzuk, harriduraz Bilboko Aste Santua Interes Kulturaleko Ondasuna aitortzeko EAJ eta PP kontserbadoreen – PSEren ez beharrezko abstentzioaz lagunduta – arteko hitzarmen baten lekuko izan ginen; Udalaren lokaletan eta eremu publikoetan hileta zibilak ospatzeko proposamena atzera botatzen zuten garai berdinean.

Zerrenda luze bateko bi adibide baino ez dira hauek, eskuinak konfesio erlijioso zehatz baten -katolikoa- interesekiko “egiten uzteko” ohitura agerian uzten duena, tradizio katolikoetatik geroz eta urrunago dagoen gizarte baten kontra eginez, sinesbide eta erlijio aniztasuna dagoen arren.

Preseski, sinesmen aniztasun honekiko errespetu kezkatsuak bakarrik, inolako lehentasunik gabekoa, ahalbidetuko luke berdintasunean, pluraltasunean eta baldintza berdinetako bizikidetzan oinarritutako gizarte bat. Laikotasunak, batzuek sinestarazi nahi digutenaren kontra, ez du erlijiozkotasuna gaitzesten, ez eta konfesio erlijioso baten aritzea eragozten, guztiz kontrakoa baizik; erlijio pluraltasuna bermatzen du, beti ere, praktika hau esparru pertsonal eta pribatura mugatzen bada.

Oraindik ere, Bilboko Udalak publikoa pribatuarekin nahastearen alde egiten du apustu, sinesmen batzuen nagusitasuna besteen gainetik jarriz eta ohitura katolikoak agerraldi publikoetan sartzeko erabaki konfesional hori mantenduz.

Honen adibide bikaina, Aste Nagusiko programa dugu, urtero bezala, ekitaldi eta ospakizunen artean hainbat egintza erlijioso barne hartu, eta hauetara Udalbatzari dei egiten duena. Zehazki, abuztuaren 15ean Begoñako basilikan eta abuztuaren 16an Pagasarri eta Artxandako ermitetan egingo diren mezaz ari gara.

Zergatik behar dute parte hartu kargu publikoek, herritar guztien ordezkari eta haien sinesmenak edozein direla eta, horrelako ekitaldi erlijiosoetan? Zergatik horrenbesteko burugogorkeria esparru publikoa eta pribatua, partikularra eta erlijiosoa denarekin nahasteko? Zergatik sartu Udala, guztiona den instituzio bat, gizartean geroz eta txikiagoa den sektore pribatu bakar baten ekitaldietan?

Dimentsio erlijiosoa lan instituzionaletik kanpo mantendu behar da eta edozein praktika erlijiosoren erabilera ezingo da inoiz eremu pribatutik atera. Hau da akonfesionaltasunaren oinarria bermatzeko bide bakarra. Guzti honengatik, eta benetan laikotasuna eta akonfesionaltasuna bermatu nahi badira, Udalak ezingo du hauetan parte-hartzera dei egin, eta kargu publikoek ezingo dute modu ofizialean, inolako konfesio motaren ekitaldi erlijiosoetan parte hartu.

Noiz hartu behar du Bilboko Udalak, instituzio publiko bat den heinean, praktikan jarri beharko lukeen akonfesionaltasun hori serio? Noiz arte babestuko ditu ekitaldi erlijiosoak eta jarraitu behar du Aste Nagusiko ospakizunen parte bezala mezak antolatzen? Bilbotarrok Aste Nagusia herrikoia, dibertigarria, alaia eta parte-hartzailea nahi dugu, sinesmenekin eta pertsona guztien eskubideekin adeitsua dena, eta ez batzuen morala, besteon moralaren gainetik gailentzen duen Aste Nagusia.

Osasungoa eta hizkuntzen galera

Aitor Montes Lasarte – Familia medikua

Euskara guneak irabaziz joan da azken hamarkadetan Hego Euskal Herrian, astiro baina irmoki. Egon badaude irratiak euskaraz, telebistak euskaraz, egunkariak euskaraz, euskal literatura oparoa. Herri-administrazioan aurrera egin du eta irakaskuntzan hil ala bizikoa zitzaion lekua hartu du. Baina ez da gune edo esparru guztietara heltzen, eta argi dago ez dela nahikoa. Gune horien artean garrantzitsuena, garrantzitsurik bada, osasungoa litzateke. Orain arte euskalzaleen lehentasunak beste arloetan kokatu dira, eta osasungintzan gerotik gerora gabiltza zoritxarrez.

Osasun arreta gazteleraz onartzerik bada? Gaur  egun, ezaguna da, erabilera gune gehienetan ingelesa da nagusi, baita medikuntza arloan ere. Lehen latina zena, delako lingua franca, orain ingelesa bilakatu zaigu. Medikuon hizkeran betidanik latinera eta grekera erabili izan ditugu (eritropoiesia, apoptosia, kakexia moduko hitzak), baina orain hitz teknikoak ingelesaren iturriak isurtzen ditu: by-pass, shunt, screening, etab. Goi-mailako argitalpenik garrantzitsuenak ingelesez daude, hala nola New England Journal of Medicine, Lancet, British Medical Journal, Pediatrics, etab. Eta medikuok hain maite ditugun kongresuak, maila internazionalekoak behintzat, ingelesez burutzen dira.

Beste hizkuntzak maldan behera doaz medikuntzan, alemaniera kasu. XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran goren-gorenean zegoen alemaniera; ospe handikoak ziren alemaniar zientzilari eta mediku asko (Virchow, Langerhans, von Behring, Koch, Ehrlich besteak beste medikuntzaren historiari betiko lotutako izenak dira), eta alemanieraz argitaratzen zen testu zientifiko mordoa. Orain, ingelesak lekua kendu dio.

Baina eguneroko osasun lanari lotu gaitezen. Interesgarria litzateke oso osasun arreta zein hizkuntzatan eskaintzen den jakitea. Amerika osoan, nago bost direla bakarrik: ingelesa, frantsesera, gaztelera, portugesa eta agian nederlandera Guyanan.

Europa daukagu gertuago, eta hemen osasun arreta ofizialtasuna lortu duten hizkuntzetan soilik burutzen da; ez bilatu bretoiera lan-hizkuntza duen ospitalerik, ez duzu topatuko eta. Italian, italieraz; Frantzian, frantsesez; Erresuma Batuan, ingelesez.

Euskal Herria zatituta dago, eta euskarak ez du ofizialtasunik lurralde osoan. Baina EAEn ofiziala izan arren, ez du esparru hau eskuratu, erabilgune hau  gaztelerari dagokio bete-betean. Osasungoan, lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza gaztelera da. Osasun arreta gaixoen onerako dagoela ez dago ukatzerik; baina hizkuntzen bizi itxaropenean izan dezakeen eragina ez da behar bezala baloratu; aipatu ere ez da egiten. Osasun sistemak jatorrizko hizkuntzak maspiltzeko eta ezabatzeko tresna bilaka daitezke, oharkabean, ontasunaren mozorroaz. Gurera begira, eskola erdaraz legez, osasungoa erdara hutsean euskararen galbiderako da, eta errekara bidean goaz hau konpondu ezean. Egoera larria izan arren, gerotik gerora gabiltza.

Munduan zenbat hizkuntza dauden ez dago jakiterik. Gehienak, zoritxarrez, galzorian. Bizi garen mendean, orain arte ezagutu ez dugun hizkuntzen galeraren lekuko izango gara. Bioaniztasunak legez, aniztasun kulturalak hondamen izugarria pairatuko du.

Gauzak horrela, hizkuntzalariek ez dakite zeintzu diren salbatuko omen diren hizkuntzak. Baina nago osasun arretak gaixoekin harremana zuzena duen moduan, hizkuntzekin ere zerikusia duela. Osasungintza gure gizartearen zutabeetako bat baita, hurbil daukaguna. Osasun arretan erabiltzen diren hizkuntzek aurrera egingo dute, zalantza izpirik gabe. Beste guztiak arriskuan daude, euskara euren artean. Euskarak osasungintzaren jarduera esparrua bere egin behar du aldez edo moldez; osasungoa goitik behera euskaldundu behar dugu, euskara salbatuko bada. Denbora aurrera doa, ez dago gelditzerik; bizitza eta heriotza ez dira baratzen, baina ospitaleetan ibiltzen den hizkuntza ez da inoiz hilko.

Bilbao Ria 2000ak Iberdrolari eginiko mesedea Udalak ordaintzea EAJk herritarrei eginiko lapurreta perfektua da

Dorrea eraikitzeagatik multinazionalak ordaindu beharko lituzkeen 25,5 milioi euro bere gain hartuko ditu Udalak, eta ohiz kanpoko udalbatzarra egingo du hilaren 16an, zorraren zati bat kitatzea onartzeko.

Udalbatzarra uda erdian eginda, jokaldi makur horren ondorioak isilpean eta inongo erantzukizunik onartu gabe kudeatu nahi izatea egotzi dio EH Bilduk EAJren udal gobernuari

Iberdrola dorrearen magalera etorri gara gaur, porrot egin duen politika egiteko modu baten erakusle baita eraikin hau. Herritarrei bizkarra eman eta enpresa handien mesedetan jarduteko politika molde baten adibide argigarria ere bada Iberdrola dorrearen eraikuntza. Herritarrei eginiko lapurreta perfektua.

Zergatik diogun hau?

Heldu den asteartean, ohiz kanpoko udalbatzarra egingo du Bilboko Udalak. Eta 12 milioi euroko diru atala onartuko du, Bilbao Ria 2000 sozietatearen baitan duen zorraren zati bat kitatzeko. Hau da, ingeniaritza finantzarioa eginez, dorrea eraikitzeko Iberdrolari emandako erraztasun guztiek Bilbao Ria 2000 sozietatean eragin zuten zuloaren zati bat estaltzeko.

Argi daukagu: ez da kasualitatea udan deitu izana horretarako aurrekontua onartzeko ohiz kanpoko udalbatzarra, noiz eta uztaileko bigarren hamabostaldian, Bilboko herritarren gehiengo handi bat oporretan edo kanpoan denean. Eginiko operazioa, zeinaren bidez Udala zorpetu duten multinazionalaren mesedetan, larria da oso, eta are larriagoa da orain hartu duten jarrera: isilpean kudeatu nahi dituzte jokaldi makur horretatik eratorritako ondorioak, inongo autokritikarik edota erantzukizunik onartu gabe, eta noski, egiten ari direnaren berri herritarrei azaldu gabe.

Eta eginikoa larria dela diogu, Bilboko herritarrentzat erabat kaltegarria den jokaldia egin baitzuen Udalak. Zeinen eta Iberdrolaren mesedetan, 2012an 2.800 milioiko irabaziak izan zituen multinazionalaren onuran.

Enpresa jakin batzuen alde politika egiteko modu hori, porlanean eta espekulazioan oinarritutakoa, ohikoa da batzuentzat. Urte luzaz jardun dira horrela, eta orain ari gara ikusten zeinen larriki kaltetu dituzten herritarren interesak eta udal kontuak.

Beste behin ere salatu behar dugu, Udalak 25 milioi zorra duela Bilbao Ria 2000 sozietatean (20 milioi + KPIa), Iberdrolak ordaindu beharko lukeen zenbateko bat bere gain hartu zuelako. Halaber, gaur-hemen salatu behar dugu Udal gobernuak harturiko bideak agerian utzi dituela Azkunak behin eta berriro esan dizkigun zenbait gezur.

EH Bilduk 20 milioiko zulo horren berri eman zuenean, Udalak esan zuen 20 milioi horiek aprobetxamenduko 9.000 unitateren trukean ordainduko zituela. Baina edo orduan sartu nahi izan zigun ziria edo orain sartu nahi digu, zeren sinatuko duen hitzarmenean argi uzten du 20 milioi euro ordainduko dizkiola Bilbao Ria 2000 sozietateari, eta 20 milioi euro horiek direla, hain justu, dorrea eraikitzeko orubea saltzean Iberdrolari oparitu egin zizkion 20 milioi euroak. Eta ez Iberdrolaren Gardoki kaleko lehengo egoitzako aprobetxamenduko 9.000 unitateren trukean ordaindurikoak.

Horregatik, 2005ean Iberdrola, Bilbao Ria 2000 eta Udalak izenpetutako hitzarmenaren bestelako interpretazio bat jasotzen duen txosten bat osatu du EH Bilduk. Hau da, hitzarmenean hitzez hitz jasotakoari segitzen badiogu, Udalak aprobetxamenduzko 9.000 unitateak erosteko konpromisoa hartu zuen bere gain, eta unitate horietako bakoitza 2.305 eurotan ordaintzekoa (eta 2.855 euro ere bai, KPIaren igoera kontuan hartuz gero). Baina Udalak ez zuen hitzartu 20 milioi (gehi KPIaren igoera) ordaintzea. Ez zuen horrelako eginkizunik izenpetu. Besteak beste, 2005ean jakiterik ez zegoelako hamar urteren buruan aprobetxamenduzko 9.000 unitate horiek salduak egongo ziren edo ez.

Eta zein da egungo egoera? Bada, Bilbao Ria 2000ak aprobetxamenduzko unitateetako batzuk saldu egin ditu hamar urte hauetan, baina 2005ean finkaturiko prezioaren azpitik. 1.457 eurotan, zehazki. Eta hori kontuan harturik EAJren udal gobernuak proposatzen du kalte ordainen zenbatekoari (12.583.214 euro) ezarritako prezioaren azpitik Bilbao Ria 2000ek RAGaren bidez urte hauetan saldutako unitateen diferentzia gehitzea. Hau da, 2005ean zehaztutako 2.855 euroko prezioaren eta gauzatutako 1.457 euroko salmentaren arteko diferentzia ere udalak ordaintzea, kalte ordain gisa. Hau da, herritar guztiek.

Baina modu horretan, saltzeko falta diren unitate horiek 3.869 euroan salduko lirateke, hitzarmenean zehaztutako salneurria baino %35 garestiago eta Udalak berak eta Anidak RAGaren orubeagatik aurten ordaindutako salneurria baino %165 garestiago. Horrez gain, udal gobernuak dio hitzarmenean jasotakoak hamar urte baino lehenago betetzeko betebeharra duela Udalak. Baina hori ez dago batere garbi, hitzarmenean ez baita aipatzen horrelakorik. Halaber, EAJren udal gobernuak konpentsazio batez hitz egiten du, unitateen prezioaren debaluazioagatik, baina hori ere ez da hitzarmenean jasotzen.

Gure ustez, Udalak 14.902.608 euro ordaindu beharko lizkioke Bilbao Ria 2000 sozietateari. Izan ere, saltzeko dauzkan 5.218 unitateetako bakoitzarengatik hitzarmenean jasotako 2.855 euro emango balizkio, 14.902.608 euro eman behar lizkioke. Ez gehiago. Eta, beraz, ez eman nahi dizkion 25 milioiak. Eta ezta ere 2015 urtea baino lehen.

Eta Udalak ulertzen badu merkatuaren prezioari gaina hartzen dion zenbatekoa kalte ordain gisa zenbatu eta gehitu behar dela, eta gainera BEZik ezarri behar ez zaiola, eragiketaren oinarriak hauxek izango lirateke:

Kalte ordaina= 14.902.608-7.606.867 = 7.295.741
Aprobetxamenduzko berrerosketa = 7.606.867
BEZa (7.606.867en %21) = 1.597.442

2005ean Iberdrola, Bilbao Ria 2000 eta Udalak izenpeturiko hitzarmena oinarri horietan konprenitu eta aplikatu beharko litzatekeelakoan gaude, eta horregatik azalpen horiek guztiak jasotzen dituen txostena emango diogu udalbatzako idazkariari, EAJren udal gobernuak egiten duen interpretazioa zuzena ez dela, eta Udalaren eta oro har herritar guztien interesen aurkakoa dela sinetsita baikaude.

EAJren udal gobernuak Iberdrolaren mesedetan jokatzea erabaki du. Eta esan beharrik ez dago, jokamolde hori ulertezina eta onartezina dela, goitik behera. Eta eman beharko dizkigu azalpenak herritar guztioi nolatan egin duen halakorik. Herritarren alde lan egin beharrean, multinazionalaren interes ekonomikoak lehenetsi ditu EAJren gobernuak, noiz eta krisiak inoizko gogorren kolpatu gaituenean. Eta zeinen alde, eta urtetik urtera gero eta irabazi handiagoak dituen Iberdrolaren mesedetan. Jokabide hau ezin daiteke inolaz ere zuritu, eta EAJren taldeak badaki oso bestela egin daitezkeela gauzak. Batzuen eta besteen interesen oreka bilatuz, Pablo Alzola kaleko klinikarekin berriki egin duen bezala.

Gisa horretako erabaki politikoak onartezinak dira beti, baina berriro diogu: are gaitzesgarriagoak eta ezin onartuzkoak dira egungo testuinguru ekonomikoan. 12 milioi euro xahutuko ditu Udalak Iberdrolaren mesedetan, eta herritarren kaltetan. 12 milioi euro xahutuko ditu sail eta zerbitzu askotan murrizketak egin ondoren.

Iberdrolari 12 milioi euro oparitzea nahiago izan du, diru hori gizarte laguntzak handitzeko edota enplegua sustatzeko ekinaldietara bideratu beharrean. Eta ahaztu du Bilbon dagoeneko 32.646 direla enplegurik ez duten herritarrak, eta 20.655 premiaz bizi arren inolako laguntzarik jasotzen ez dutenak.

EAJren gobernuak ahaztu du, halaber, anbulantzia zerbitzuetan eta autobus lineetan murrizketak egin dituela oraintsu, estu bizi diren herritar askoren bizimoduan areago estutuz, eta ahaztu du nonbait eskolan zailtasunak dauzkaten umeei laguntzeko eta euskara irakasteko programak ere kendu egin dituela berriki, horiek finantzatzeko dirurik ez zegoela arrazoituz. Ez gaitzatela engainatu! Dirua egon badago. Beste kontua bat da zertara bideratu nahi duen EAJk.

Eta gaur-hemen salatzen ari garen jokaldi honek argi erakusten du zertara nahiago duen bideratu dirua udal gobernuak. Zein diren bere egiazko interesak. Eta, horrenbestez, EH Bilduk gaur-hemen salatu nahi du Iberdrola eta Bilbao Ria 2000 xede dituen jokaldi honek galerak baino ez dizkiela ekarri herritarrei. Eta gainera argi utzi nahi dugu ekidin zitekeela. Hau da, udal gobernuak baditu beste bide batzuk 2005ean izenpetutako hitzarmena urratu gabe herritarren interesak egokiago defendatzeko. Zehazki, hiru aukera edo bide dauzka zuzen eta garbi jokatu, eta uneoro egin beharko lukeen bezala, herritarren zerbitzura jarduteko. Astearteko udalbatzarrean jakinaraziko ditugu hiru bide horiek.

Eta gauzak zer diren, behin eta berriz arrakastaz beterik aurkezten zaigun Bilbao Ria 2000 sozietatearen inguruan udal-ikuskatzaileak eginiko txostenean lehendabiziko aldiz onartu dute ofizialki guk aurrez behin baino gehiagotan esandakoa: hau da, Bilbao Ria 2000ek 50 milioiko zorra duela. Beraz, argi geratu da Udalak defizitik ez duela esaten zutenean gezurretan ari zitzaizkigula. Gezur handi bat zabaldu dutela ‘defizit zero’ kontu horrekin. 50 milioi horiei, gainera, gaur salatzen ari garen jokaldiaren ondoriozko 25,5 milioi euroak gehitu behar zaizkio.

Beraz, EH Bilduk azken hileotan azaleratutako datuek argiro erakusten dute ez direla azken urteetan asperduraraino errepikatu diguten bezain kudeatzaile onak, eta are gutxiago, gardenak eta zintzoak.

Hautsi egin dira EAJren inguruan eraikitako mitoak. Eta EH Bilduk argi dauka Bilborako bestelako eredu bat posiblea izateaz gain, premiazkoa ere badela. Horretan eman ditugu azken bi urteak, instituzioan zein kalean lanean. Eta horretan segituko dugu, ez izan zalantzarik.

Sinetsita gaudelako gehiengoa garela bestelako Bilbo bat nahi eta behar dugunak, pertsonak abiaburu eta helburu izango dituen hiria eraiki nahi dugunak. Horregatik, bestelako hiri eredu baten alde segituko dugu lanean. Zorpetu behar bada, pertsona guztien ongizatea ziurtatzeko zorpetuko den hiri baten alde, baina ez enpresa handien interes kapitalak babestuko dituen hiri baten alde.

X