“AHTa aberatsentzako trena da, gero eta pobrezia handiagoan bizi den gizartearen diruz ordaindutakoa”

EHBilduko legebiltzarkide Oskar Matutek eta Marian Beitialarrangoitiak prentsa agerraldia egin dute Oregi sailburuari eta Urkulluren gobernuari berriz ere eskatzeko EAErentzat xahutze ikaragarria den abiadura handiko trena egiten jarraitzeko asmoa eten dezatela, are gehiago, krisialdian murgilduta gaudenean. Salatu dutenez, euskal Ya aberatsei begira eginiko trena da, gero eta pobrezia handiagoan bizi den gizartearen diruarekin ordaindutakoa. Era berea, nabarmendu dute inora ez doan trena dela, ez baitago bermatuta hasieran aurreikusitako loturak izango dituenik.

Azkunari Kukutzaren auzitik erretiratzeko eta interes pribatuen alde lan egiteari uzteko eskatu dio Alternatibak

Alternatiba Bilboko bozeramaile Jorge Segovianok, Bilboko alkate Iñaki Azkunari eskatu dio Kukutza gaztetxearen hustearen inguruko istiluak prozesatzen dituen auzia uzteko, orubearen jabe Cabisa enpresak, 2011an eraikinaren hustearen ondorioz egon ziren hiru inputatuen eta 23 atxilotuen kontrako auzian salaketa pertsonal bat egitera uko egin dionean.

Segovianok  Azkunari “alkate zerbitzaria” izatea leporatu dio, “erakunde pribatuen defentsan lan egiten duena, haien burua defendatzeko interesik ez dutenean ere. Nolatan ari da alkatea bestela auzi batean, enpresa pribatu baten defentsan, enpresak berak bere burua defendatzeko interesik erakusten ez duenean?”. Aldi berean, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak orubearen gaurko egoera deitoragarria salatu du “guztiz abandonatuta dago, proiekturik gabe bistan eta inolako erabilpenik gabe, Errekaldeko bizilagunek hasieratik susmatzen zuten bezalaxe”.

Kukutzaren Elkartasun Taldeak dioenez, “salaketa zentzurik gabekoa da, legalitatetik zein gizartearen ikuspuntutik, higiezin baten usurpazioa leporatzea 23 lagun jakinei Kukutzara joandako milaka lagun izan zirenean eraikina hustera joan zirenean”. Are gehiago, Segovianok horrela azpimarratu du: “haien burua demokratatzat dutenei eta besteei irakaspenak emateko ohitura duten horiei ahotsa eta indarra emateko saiakera berri bat da hau, bortizkeria polizialaren bitartez egindakoa”.

Guzti horregatik, Alternatibatik gaur Bilbon, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Bilboko Udalaren aurrean “Bilbo x kukutza” herri ekimenak deitutako mobilizazioan parte hartzera deitu dute, inputatuei haien elkartasuna  helarazteko, eta burujabetza eta okupazioa defendatuko dituen eredu sozial berri baten aldeko kausan indarrak batzeko.

Agur, San Mames

Jonathan Martinez – Alternatiba

Bilbo existitu aurretik, bazegoen itsasadarreko bi bazterrak lotzen zituen zubi bat. San Antongo zubi zaharra hiribilduko paisaiaren parte izan zen bostehun urte luzez, 1870ean Udalak uholdeen kontra borroka egiteaz aspertuta, berri batekin ordezkatu zuen arte. Bilboko, Athleticeko eta Txileko Constitución hiriko armarriek ageri duten zubia, orain dela mende bat baino gehiago desegin zuten. Ondarearen suntsiketa tatuatuta daramagu armarrian.

Sustrai sakonak dituen ohiturari jarraiki, ehun urte luzez gurekin egon den eta nahitaez gure bizitzen parte bilakatutako estadioa eraisten hasi dira. San Mames obra-hondakin bihurtuko da San Mames Barriarengatik ordezkatua izan arte. San Mames zaharrean 39.750 ikusle sartzen ziren, San Mames berriak ordea, 53.332 pertsonentzako tokia izango du. Halere, leku guztiak batuta ere, ez litzateke tokia nahikorik egongo Bizkaian egun diren 100.188 langabeentzat.

Diru publikotik 121 milioi euro aterako dira enpresa eraikitzaile gutxi batzuen eskuetan jartzeko. Pozez zoratzen daude beren sozio politikoek, alegia PNVk, PSOEk eta PPk babestutakooperazioari esker, oraingoan abertzaletasun zuri-gorria erabili dutenak enpresari euskañolen poltsikoak betetzeko. San Mames zaharraren lurperatzaileak AHTaren lanak egiteko -aberatsentzako tren hori, pobreek ordainduta- azpilanetan aritutako berberak izan dira, instituzio publikoetatik hiru milioi euro baino gehiago xahutuko dituztenak eta euren kontu korronteetan pilatzeko. Bere izenak Balzola,Cycasa, Exbasa, Acciona, Altuna eta Uria, Viuda de Sainz edo Murias dira. Azken hiruak, Ester Koplowitzen FCCrekin batera, otoitz egiten dute egunen baten Bildu Gipuzkoatik jausteko eta azkenik Zubietako erraustegia eraiki eta kudeatu ahal izateko, 263 milioi euroren truke.

Enpresa hauetako batzuk batzokiko partaide ospetsuak dira eta baita aurkezten diren lehiaketa publiko guztien irabazle susmagarriak ere. Viuda de Sainzek, adibidez, ez du Bizkaiko lan handietako bat bera ere galdu: BEC, Supersur edota Bilboko Metroak euren irabazien curriculuma osatzen dute hainbat eskandalu ezagunekin batera: esaterako, Karrantzako minda plantaren eraikuntzatik 10 milioi euro desagertzea edota Leioako Pinosolo polikiroldegiaren iruzurrezko esleipena, 58 milioi euroren truke.

Dudarik gabe, Balzola beste munstro jeltzaleetako bat da: Guggenheim Museoa, Iberdrola Dorrea edo BEC bere eskuetatik pasatu dira. Lezamako instalazioen berritze lanak ere bere gain egon ziren. Marcelo Bielsa entrenatzaileak berak lan hauek “engainu, lapurreta eta iruzurtzat” jo zituen, ondoren Athleticeko zuzendaritzak ohar bat bidali zuela, bere entrenatzailearen aurka eginez eta enpresa eraikitzaileari babesa emanez.

Eta estadio berria eraikitzen duen aldi baterako enpresa elkartearen buruan Acciona dugu, Ibex 35ean dagoena eta zeinaren zuzendaritza Jose Manuel Entrecanalesek 2004an jaso zuena, bere aitaren eskutik. Entrecanales Espainiako Vodafoneko presidente izandakoa da 1995 eta 2007 bitartean, Endesako presidente 2007tik 2009ra, eta 2012an Familia-enpresen Institutu (IEF) deritzon enpresarien lobbyaren presidentzia hartu zuen. Era berean, Lehiakortasunerako Enpresarien Kontseiluan (CEC) parte hartzen du, 2011an sortutako beste lobby batean alegia, Espainiako hamazazpi enpresa boteretsuenetako arduradunek osatutakoa, aberriko inbertitzaileen izen ona garbitzeko asmoz. Accionako presidenteak 2012an 4,2 milioi euroko diru-saria jaso duela jakin dugun egun berean, CEC-ek irmoki adierazi du “krisiaren txarrena pasa dela”.

Bielsak bere azken prentsaurrekoan esan zuen: “futbolak gero eta gutxiago du zaleen antza eta enpresariena gero eta gehiago hartuz doa”. Behar bada horregatik erotzat jotzen dute.

Agur, San Mames, agur, Bielsa.

PNVk bizkarra ematen dio euskal gizartearekin akordioa zabala lortzeari

Ate joka dugun PNV eta PSEren arteko akordioak, azkenean gauzatuko bada, ez du inor harrituko. PNVk hasieratik adierazi du behin eta berriro non kokatzen zituen bere lehentasunak, eta denbora irabazteko PPrekin jokatu ondoren bere benetako helburua argitu da.

Hilabete hauetan etengabeko antzerki baten sartu nahi izan gaituzte eta antzezlan horretan jarraitzen dute. Azken finean PNVk eta PSEk eredu berbera partekatzen dute eta akordio honen bidez PNVren ahuldadea eta PSEren beharrak estali nahi dituzte, hauteskundeen ostean zituztenak, hain zuzen, baina bere momentuan konpontzeko gai izan ez zirenak.

Noraezean dabilen PNV honek egonkortasuna behar du, eta botere instituzional guztia galdu ondoren PSEk presentzia politikoa izateko beharrean zebilen eta akordio honen bidez bozekin lortu ez duena PNVren kontura lortzen saiatuko da. Orain falta da jakitea zeren truke egin duen PNVk, zein izango den akordioa ixteko PSEri emango dion saria.

Baina bi alderdien beharraz gain, argi dagoena da ez dutela ereduaz, herritarren beharrei buruz hitz egingo, baizik eta oraingo ereduari eusteko behar dituzten akordioei buruz. Beraz, beraien interesen araberako irtenbideak adostea izango da lehentasuna, eta ez gizarteak aldarrikatzen dituen ildoen arabera.

Herri honek akordioak behar ditu, bai; baina ez bizi dugun egoera latza biziraunaraztea beste helburua ez duten txantxulloak. Beharrezkoak dira akordioak bestelako eredu bat ezartzeko, kalitatezko enplegua sortu eta aberastasuna sortu eta banatzeko, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatu sozio-laboralak aitortuak eta errespetatuak izateko, herritarrek beraien bizi-proiektuak duintasunez garatu ahal izateko… Eta PNVk eta PSEk antzeztuko diguten hori ez da bide horretatik joango, beraiek izan direlako krisiaren zulo beltzean murgildu gaituztenak urteetan indarrean jarri dituzten politikekin. Porlana, prekarietatea eta eskubide murrizketa da haien bidea; EH Bilduk, ordea, pertsonen duintasuna jartzen du beti bere jardun politikoaren erdigunean. Horregatik ez gaituzte nahi ondoan.

Osteguneko greba orokorrean bezala, berriro ere langabetuei, baztertuei, langile prekarioei… bizkarra ematen jarraitzen dute, beraien arteko negozioak bermatzeko. Parlamentuan babesten dira gizartearen aurrean aurpegia eman gabe. Politika jendearekin kontaktuan egin behar da, erabakiak gizartearekin eta gizartearentzako hartu behar dira, eta ez elite ekonomiko eta politiko zehatzen interesen arabera.

Bestalde, EH Bildutik behin eta berriro azpimarratu dugu PNVk argitu behar zuela zer nolako herria, zer eredu eta norekin eraiki nahi zuen. Orain bere hautua egin du eta, zoritxarrez, herri honen aitortza onartzen ez duen alderdi batekin lotu da, Euskal Herriaren eskubideak, izaera eta nortasuna errespetatzen ez duen sektore batekin. Eta Madril eta Troikatik erabakitzen dutenaren menpe jarraitzeko, neurri horien legalitatearen eta zilegitasunaren eztabaida ekidinez.

Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea izan behar du, baina PNVk behin eta berriro ukatu egiten du EH Bildurekin batera bide hori jorratzeko aukera. EH Bilduk nekez uler dezake herri ikuspegi batetik Gasteizko legebiltzarrean lehen indar politikoa bigarrenari inoiz akordio eskaintzarik egin ez ezik, elkarlanerako aukera orori uko egitea. Bere hautuekin PNVk behin eta berriro PSEri edo PPri ematen die herri hau gobernatzeko giltza.

Zein da arrazoia EH Bilduren proposamenak eztabaidatzeko borondate falta eta beldurra? Guk argi utzi dugu hilabete hauetan non kokatzen genituen egoera honetatik ateratzeko beharrak: justizia sozialean oinarritutako fiskalitatea eta iruzur fiskalaren aurkako borroka; murrizketekin amaitzea, zerbitzu publikoak babestea, gizarte eragileekin irtenbideak adostea, lan erreformaren aurrean enplegu politika berriak bultzatzea… Zein da PNVren arazoa EH Bildurekin horretaz hitz egiteko?

Galde diezaiela PNVk bere bozemaileei ea akordioak nahi ote dituzten euskal herritarren eskubideak ukatzen dituztenekin, erabakitzetik hasita zein lan edota etxebizitza duinerako eskubidearekin amaitu, akordioak nahi dituzten. Herritarren gehiengoari bizkarra emanda ari dira. Ondorioz, edo EH Bildu zokoratzeko asmo garbia dago edo, guk uste duguna, sistema honen aldeko indarren artean eredu neoliberala pixka bat gozatuz bere horretan mantentzeko akordio ahaleginez ari gara.

Herri honek benetako herri akordioak behar ditu, eragile politiko eta sozial guztiekin ariketa burujabeen bidez eredu atzerakoi honetatik justizia sozialean oinarritutako eredu berria eraiki dezagun, behetik eta ezkerretik.

Hautsi da Bilboko kudeaketa onaren mitoa

Aitziber Ibaibarriaga, Asier Gómez, Carmen Garcia, Unai Delgado – Bilboko EH Bildu
 
Kultura edota komunitate baten sinesmenaren parte dira mitoak. Eta nahiz inoiz gertatu ez diren fantasiazko istorioak izan, egiazkotzat jotzen dituzte kultura horretako kideek, Wikipediak dioenez. Baina mitoen jatorria joandako garaietako balentrietan kokatzen den arren, egungo errealitate faltsuekin lotzeko joera izan dute batzuek. Are, errealitatearekin zerikusirik ez duten gertaeretan oinarrituz eraiki dituzte mitoak, hedabideen laguntza ezinbestekoarekin, eta diru publiko andana inbertituz.

Bilbo ez dute joera horretatik aparte utzi. Azken urteetan, kudeaketa bikainarekin lotu izan dute, behin eta berriro, Bilboren izena. Asperduraraino lotu ere, Iñaki Azkuna Munduko Alkaterik Onena izendatzeraino.

«Bilbo=kudeaketa ona» dioen XXI. mendeko mito horrek bidea arrakastaz egin ahal izateko, hainbat faktorek bat egin dute azken urteetan: oparoaldi ekonomikoari lotu zaizkion boom espekulatzaileak eta ondare publikoaren salmenta etengabeak batetik, eta sariak sustatzeko eta, kasu batzuetan, erosteko ere, abilezia izan duen propaganda politiko egoki eta trebe batean dirua inbertitzeak bestetik. Hala, ondo neurturiko eta hornituriko propaganda estrategia horren ondorioz, sari andana iritsi da Bilbora. Baina dudarik ez dago: Munduko Alkate Onenaren izendapenarekin estrategia hori gorenera eraman dute, eta ofizialtasun traza ere eman diote, nahiz fundazio pribatu elitista batek emaniko saria izan.

Gauzak zer diren: aurrez ustezko beste mito batzuk bezala, Azkuna gidari duen Bilboko kudeaketa onaren mitoa ere behera etorri da: agerian geratu da lehendik ere sumatu zitekeena, helduleku sendorik ez duen fantasia bat izan dela. EH Bilduren udal taldeak eginiko ikerketek erakutsi dute Azkunaren gobernuak bolo-bolo zabalduriko zero zorraren ideiak, hau da, udalak defizitik ez duela dioenak egiaren batere antzik ez duela. Are, gezur handi bat dela. Hastapenean baino ez gaude, eta dagoeneko 84,5 milioi euroko zorra dagoela jakin dugu. Kudeaketa eskas eta ustel samar baten ondorioz eratorritako zorra da.

Jakin dugunez, Iberdrolak ordaindu beharko lituzkeen 20 milioi ordaintzeko erantzukizuna bere gain hartu zuen udalak, tamaina horretako zuloa eraginez udal kontuetan. Iberdrolaren lehengo egoitzari, Gardoki kalekoari, luxuzko etxebizitzak egin ahal izateko izendapena aldatu zion udalak. Kromo aldaketa bat egin zuten: «Zuk dorrea eraikitzen didazu, eta nik 20 milioi euro oparitzen dizkizut». Zortzi urteren ondoren, kromo aldaketa horrek utzitako 20 milioiko zorrari KPIa gehitu behar zaio. Zuloa 25,5 milioi eurokoa da, horrenbestez. Zeinen, eta 2012an 2.841 milioi euro garbi irabazi zituen multinazionalaren alde jokatu zuen Azkunaren gobernuak. Legearen barruan arituta ere, etikaren muga guztietatik gaindi jokatu zuen udal gobernuak. Eta jokabide horrek kudeaketa eredu jakin batean ditu erroak, politika egiteko modu zehatz batean, hain justu Estatuko beste hainbat tokitan PPk sustaturiko horretan, zeina espekulazio finantzarioan oinarritzen den, eta egun nozitzen dugun krisiaren eragile nagusietako bat den.

84,5 milioi horiek, halaber, Bilbao Ria 2000 sozietate publikoaren desegitean dute jatorria. Hiriaren eraldaketaren ustezko bandera ontzi izandakoa zama lazgarri bihurtu da herritarrentzat. 195 milioi euroko zuloa du, eta denen artean ordaindu beharko dugu orain hark utzitako zorra, gure kasuan Bilboko Udalari dagokiona: 29 milioi, zehatz-mehatz.

Eta bihar Ibon Areso egitekoa den agerraldiaren zain, honako galderak asaldatzen gaitu: ezin zuen udalak Iberdrolarekin hitzarmen bat adostu, zeinetan Iberdrolak uko egingo zion Gardokiko lursailaren salmentak eragindako superabitari? Huraxe egitera behartu ditu udalak beste hainbat, Pablo Alzola kaleko etxebizitza bateko jabeak, adibidez. Baina, eta zergatik ez zuen berdin jokatu Iberdrolarekin? Hartara, ez legoke zorrik.

Bada gehiago: Deustuko kanala irekitzeko lanak ordaintzeko beste 30 milioiko zorra hartuko du bere gain udalak. Areago zorpetuko da, zertarako eta Bilbon enegarren megaproiektu espekulatzaileari bide emateko. Hau da, herritarren egungo beharrizanekin inongo zerikusirik ez duten lan batzuk egiteko. Eta, gainera, 30 milioi horietatik bost Udal Etxebizitzetarako gordetako diru sailetik hartuko ditu.

Baina kudeaketa onaren mitoa ez dute soilik arrazoi ekonomikoek hautsi. Urte hauetan guztietan, abiadura biko Bilbo bat sortu dute. Hirigunea eta auzoak bereizten dituen pitzadura gero eta handiagoa da, gero eta mingarriagoa. Hala, udalaren eskariz Ikerfel enpresak eginiko inkestaren emaitzek ez dute dudarako tarterik uzten: herritarren %32k soilik uste dute udalak egoki kudeatzen dituela auzoei dagozkien arazo eta gaiak. Horrekin batera, gizarte pitzadura ere nabarmena da. Langabeziak marka historiko guztiak hautsi ditu: 32.559 langabe daude egun Bilbon, 2007an baino %117 gehiago.

EAJren inguruan eraikitako kudeaketa onaren mitoak hondoa jo du. Azken datuek garbi erakusten dute: Azkunaren gobernuaren kudeaketa ez da izan horren eraginkorra, eta are gutxiago, gardena. Hala, bestelako Bilbo bat posible dela uste duten bilbotar guztiei deia egiten diegu: orain dugu aukera historikoa aldaketa gauzatzen hasteko, pertsonak abiaburu eta helburu izango dituen eredua abian jartzeko. Bilbo aldatu nahi dugu, eta alda dezakegu. Horretarako, herritar guztiei irekita dauden jardunaldiak egingo ditugu, bihartik larunbatera, La Bolsan eta Areatzan. Azken hamarkadetan Bilbon ezarri duten hiri ereduaz hausnartzeko eremua sortu nahi dugu, eztabaidarako eta gogoetarako. Beste Bilbo bat posible delako, beste Bilbo bat premiazkoa delako.

X