Aguraindik ere, matxinatzeko arrazoiak

Toni Ramos – Alternatiba Araba

Krisiaz modu orokorrean hitz egitea, honezkero, nekagarria eta errepikakorra ere izan daiteke. Dagoeneko, ezkerreko gizon eta emakume guztiok bat gatoz esatean hau ez dela krisi ekonomiko soila, ez dela krisi zikliko horietako bat, kapitalismoaren babesleek irakatsi nahi izan diguten bezala, igaroko diren horietakoak eta azken buruan merkatuak ia berez konponduko dituena. Izan ere, errealitatean, sistema kapitalista beraren krisi bat da, krisi ekonomiko, ekologiko eta energetiko batean ondorioztatu dena. Egoera honetan, kaltetuak betikoak dira, bereziki emakumeak. 

Gertuko kasuak ezagutzea interesgarriagoa izan daiteke; Gogoeta eragin eta horrelako egoerak pairatzen dituzten pertsonez errukiarazten gaituztenak; gehiago ala gutxiago, basakeria honen eraginik jasotzen dutenak eta noiz edo noiz mobilizazioren bat babesteko kalera ateratzen animatzen diren horiek hunkitu ditzaketenak. Hau eraginkorragoa izan daiteke kontzientziak pizteko, bai, baina kasu horiek ere, gero eta gehiago, gure egunerokotasunaren parte dira eta ohikoak bihurtzeko,  eta beraz sentsazionalismoan erortzeko arriskua dute.

Inguruan begiratu besterik ez dugu egin behar, bizilagunak entzun, udal asanbladetara joan (deitzen diren lekuetan, noski), kalean dauden kartelak begiratu eta norberaren burua ispiluan begiratu. Aski da gainean dugun egoeraz jabetzeko. Gure inguruan gertatzen dena azaletik aztertu besterik ez dugu behar. Honen bitartez ulertuko dugunez, ez da beharrezkoa azalpen global bat bilatzea, azalpena bere horretan datorrelako, eta ez dugu eredu dramatiko bat behar, parez pare dugu eta.

Nik ariketa hau praktikan jarri dut nire herrian, Agurainen. Higiezinen eztandak eta bestelako txorakeriek eraginda, aurreko udal gobernuak sustatutako kudeaketa negargarriaren erruz Udalak duen zor izugarriaz konturatu naiz; FCC talde boteretsuaren filial batean estalitako erraustegi bat Olaztin eraiki nahi izateagatik guztiok sufritzen dugun arriskua ikusi dut; langabeziaren lekuko izan naiz, azken urtean %10eko igoera izan duena, Agurainen %19ko tasa eutsiezinera heldu dela; eta etxe kaleratzeen itzal makabroa eta baita familia aguraindarren zelatan dauden putreak ere. Horrela, kasu jakinetan gelditzeko beharrik gabe eta azalpen globalak emateko beharrik gabe, egoera onartezina dela ondorioztatu dut eta arrazoi nahikoa dauzkagula bidegabekeria horien guztien aurka kalera ateratzeko eta matxinatzeko; sistema kapitalistaren aurka matxinatzeko. 

Baina Agurainen kasua ez da bakarra, ez da salbuespen bat, ez da aparteko gertakari bat. Eta gure herri eta hiri guztietan, gure inguruan gertatzen denari buruz azaleko analisi hau bera egiten badugu, argudio berdin eta ezberdinekin topo egingo dugu, kalera irteteko eta munstro zapaltzailearen  aurka eta bere ondorioen aurka matxinatzeko.

Bilduk berebizikoa ikusten du ostalarien interesak auzokideen deskantsurako eskubidearekin tartekatzea

Ana Etxarte eta Aitziber Ibaibarriaga zinegotziek, Bildu Udal taldeak Ostalaritza Ordenantza moldatzeko egindako ekarpenak aurkeztu dituzte gaur goizean. Bilduk, aurretiaz ostalaritzaren egoeraren inguruko diagnostiko bat egin ez izana deitoratu du, era honetan, ostalaritza, espazio publikoa eta terrazak, ingurugiroa edota zaraten arloak bere baitan kontutan hartu ahal dituen proposamen globala egin ahal izateko, soilik honela tartekatu baitaitezke ostalaritzaren interesak eta auzokideen deskantsurako eskubidea. Etxartek adierazi du hurrengo Udalbatzan Aisialdiaren Zarata Mapa egiteko proposamena aurkeztuko dutela, modu honetan, aipatutako jarduerak eragindako zarata maila neurtu ahal izateko.

Etxartek eta Ibaibarriagak, Udal gobernu batzordeak egindako Ostalaritzaren gaineko Ordenantzaren aldaketa “zuloa estaltzeko” egin dutela adierazi dute. Ibaibarriagak salatu du, Udalak, Ordenantza aurretiazko diagnostiko bat egin gabe abiatu duela etaauzo elkarteen parte hartzea kontutan hartu gabe “Udalak proposatutakoarekin bat egiten ez duena”.

Bilduko zinegotziek ezinbesteko jotzen dute hiriarentzat horren garrantzitsua den ostalaritza bezalako sektore ekonomikoaren, bizilagunen deskantsurako eskubidearen, ingurugiroaren zaintzaren eta espazio publikoaren arteko oreka bilatzea.

“Oreka hau bermatu ahal izateko ezinbestekoa da egoeraren diagnosi bat edukitzea, azken urteotan aisialdi ereduan ematen ari diren aldaketak kontutan hartuko dituena: Tabako lege berriak sortu dituen jende multzoen kontzentrazioak, kalean kokaturiko terrazen gorakada, eguneko tabernen ugaritzea zonalde batzuetan, eta abar luze bat”, azpimarratu du Ibaibarriagak.

Bilduk uste du Gobernu batzordeak egindako Ordenantza proposamenak “ez duela arazoaren muina konponduko”. Ibaibarriagak Udalari osoko ekinbidea martxan jartzea eskatu dio. “Deskantsurako eskubidea bermatzeaz gain, kalitatezko ostalaritza bultzatu beharra dago, eguneroko errealitatean oinarrituta egongo dena, eta ez soilik turismoaren baitan ezartzen diren espektatibetan. Ostalaritzaren sostengu nagusia eguneroko bezeroak dira eta horiei begirako neurriak planteatuko beharko lirateke”.

Antzemandako gabeziak gainditzeari begira, Udal talde soberanistak lau zuzenketa aurkeztu ditu eta, honekin batera, mozio-proposamen bat eramango du apirileko Udalbatzarrerako. “Bertan Aisialdiaren Zarata Mapa osatzea proposatuko dugu, modu honetan jakin dezagun behingoz zein den mota honetako jarduerek sortzen duten kaltea”, azaldu du Ibaibarriagak. Mapa hau osatu eta gero Ekintza Plan bat osatzea litzateke hurrengo pausua, Babes Bereziko guneak ezarriz, maparen bitartez bizilagunen osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen zarata mailak gainditzen diren eremuetan.

Aurkeztu ditugun zuzenketak

  • Bertan behera geratzea II taldeari dagokionean lizentzia berrien tramitazio guztiak, Aisialdiaren Zarata Mapa osatu bitartean, Babes Akustikoko Eremu Berezietan. Babes Akustikoko Eremu Berezi hauek behin behineko izaera izango dute, Aisialdiaren Zarata Mapa osatu bitartean, dekretu baten bitartez eta kalearen edo plazaren morfologia, dimentsioak eta kalean dagoeneko ezarriak dauden ostalaritza jardueren portzentajea kontutan hartuta. 
  • Lizentzia motari dagokionean ezingo da I taldetik II taldera inongo aldaketarik eman,  Aisialdiko Zarata Maparen bitartez Babes Akustikoko Eremu Bereziak zeintzuk diren zehaztu arte. 
  • Hiriko zonalde zehatzetan ostalaritza jarduera berriak ezartzea debekatuko da eremu horiek Babes Akustikoko Eremu Bereziak izendatzen direnean, Aisialdiko Zarata Maparen bitartez. Babes Akustikoko Eremu Berezietan ez da aplikatuko 7. artikuluak distantzia minimoei buruz zehazten duena, baizik eta Ekintza Planak zehazten duena. 
  • Gaiaren inguruan bizilagunek ahalik eta informazio handiena izan dezaten, ostalaritza jarduera guztietako fatxadan edo atean kaletik errez ikusi daitekeen bereizgarri bat ezarriko da bertan jardueraren lizentzia mota eta bete beharreko ordutegia zein den izango dituena.

Alternatibak Jose Luis Bilbaoren gobernuari leporatu dio gizartearen haserreaz jabetzea eta bere publizitatean barregarri uztea

Alternatibako Bizkaiko bozeramaile Asier Vegak salatu du aste honetan Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako kanpaina publizitarioa iruzur fiskalari aurre egiteko, bere “eraginkortasuna eztabaidagarria” izan daitekeen arren. Kanpaina honen iragarkietan sexu eta adin desberdineko pertsonak pankarta baten atzean manifestatzen agertzen dira “Guri iruzurrik ez” lemapean. Pankartan STOP seinale bereizgarria -iruzurraren kontrakoa kasu honetan- ere ikusten da, “kaleetan geroz eta maizago egiten diren kaleratzeen, iruzur politikoaren, langileriaren eskubideen eta lanpostuen suntsiketa dakartzaten lan erreformen aplikazioen kontrako protesten leloen eta sinboloen jabe egiteko ahalegin batean”.

Vegaren hitzetan: “deitoragarria da instituzio publiko batek Bizkaiko herri klaseei bizkarra ematea dirudunen faborean gobernatzeko, herriaren suminduraren sinbologia usurpatzen den bitartean, barregarri uzteraino. Iraingarria da benetan Bilbao-Iruarrizaga bikoteak ezartzen dutenen tankerako politiken kontra kalean egunero erabiltzen diren lelo eta pankartak imitatzea”. Modu berean, iruzur fiskalaren kontrako publizitatea gaitzetsi du, Foru Ogasunak iaz antzemandako zenbatekoa %19an jaitsi zen bitartean.

Hau guztiarekin batera, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak ondorengoa azpimarratu du: “PNVren eskuetan dagoen Aldundiaren politika fiskala oraindik ere larriagoa da iruzur legalizatua ahalbidetzen duelako, eta horren ondorioz, zerbitzu sozialak bermatuko dituen eta gizartea transformatzeko balioko duen bilketa eragozten duelako”. Gauzak horrela, eta publizitate honen “faltsutasunaren” adibide bat jarri nahian, iragarkian agertzen den aniztasun funtzionaleko kolektiboaren erabilera salatu du, gurpil aulkian dagoen mutiko baten bidez irudikatuta dagoena. Faltsukeriaz josita dago, Bizkaian laguntza pertsonalerako laguntza ekonomikoak “oso urriak direlako, bost onuradun inguru bakarrik daudela, Gipuzkoan 1.100 baino gehiago diren bitartean”.

Zoritxarrez, jarraitu du esaten, adibide gehiago dago: “Iragarkiak gizon baino emakume gehiago hautatu ditu pankartaren atzean jartzeko, baina BFAaren aurrekontua sakonki aztertzen badugu, berdintasun sailaren aurrekontua gastu totalaren %0,09an dela ikus dezakegu”. Adineko pertsonak ere agertzen dira, “gizarte osasun zentroetan murrizketak sufritzen ari dituztenak”.

Egoera hau dela eta, Alternatibatik Aldundiari eta Foru Ogasunari erantzukizuna exijitu diote, eta aldi berean, “gizartearen gehiengo bat iraintzen duen kanpaina hau erretiratzeko” eskatu dute; “kolektibo hauek dira Bilbao jaunak politika sozialetan aplikatutako murrizketak gehien sufritzen dituztenak, eta hauekiko elkartasunean kalera ateratzen direnen kontra ere egiten duelako”.

Bilduk Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Plan Komunitarioak inpakturik izan ez duela salatu du

Bildu Udal Taldeak orain dela urte bat martxan jarri zen Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako auzoetarako Plan Komunitarioa inpakturik izan ez duela salatu du gaur goizean.

Ana Etxarte zinegotziak aipatu duenez, 3 planekin kontatu arren eta lehenengoa landu zenetik 13 urte pasa direlarik, “udalak oraindik ez du esku-hartze serio, koherentea eta integrala egin auzo hauetan. Alderantziz, gizarte laguntzetan, esku-hartze soziala lantzen duten eragileen baliabidetan eta enplegua bermatzeko formakuntzan murrizketak egiten jarraitu du”.

Zinegotziak bere desadostasuna erakutsi du planari emandako enfokeagatik, helburu nagusi bezala bizikidetzako arazoak konpontzea proposatzen duelako eta ez auzo hauek dituzten arazo nagusiak, pobrezia, bazterketa soziala eta langabezia gainditzea.

Etxartek auzo hauek jasaten duten langabezia tasa aipatu du. 2011an Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalan langabezi tasa %35,5a zen bitartean, Bilbon %11,4koa zen. Gainera, gazteek eta epe luzerako langabetuek kaltetu nagusiak dira, 16-24 urte bitarteko gazteen artean %56,8 portzentaia baitu eta langabezian dauden pertsonen %40a baino gehiagok bi urte baino gehiago daramatzate lana bilatzen.
Bilduk auzoetako mugimendu asoziatiboarekin adostutako plangintza bat egitea presazkoa dela uste du, auzoetako errealitate eta aukeretan oinarritutako proposamenei esker, auzoetan bizi diren norbanako eta kolektiboen ongizatea bermatzeko esku-hartze sozial, ekonomikoak eta urbanistikoak jasoz.

Zentzu honetan, Bilduk proposatu du pertsona guztien oinarrizko beharrak asetzen dituzten laguntza sozialak eta zerbitzuak bermatzea, enplegu duina sortzen dituzten jarduera ekonomikoak babestea, etxebizitza eskubide gisa kontutan hartzea eta pertsona guztiei bizitzeko leku duin bat bermatzea, kalitateko heziketa-eskaintza publikoa, eskola integrazioko eta kultur-aniztun espazioa bihurtuz, bortizkeria matxistaren aurkako borroka era integralean biziagotzea, Komunitate-ekipamenduak eta topaketa guneak sortzea Kultur-aniztasuna, berdintasuna eta bizikidetasuna bultzatzen dituzten kultur eta aisialdiko jarduerak bultzatzeko.

Martxoak 3: Ez dugu ahazten eta ez dugu ahaztuko

Martxoak 3ko gertutasuna dela eta, Gasteiz iraganera begira jarriko da beste behin ere, duela 37 urte Zaramagako auzoa odolez tindatutako egun hartara. Amorruz eta suminez, baina harrotasunez batez ere.

Orduan, Gasteizko langileria, antolakuntzarako eta konpromisorako gaitasuna erakutsi zuen. Aldaketa Politiko, Sozial eta Ekonomikoa ahalbidetzeko baldintzak ezarri ziren eta oinarri eta balio horiek gaur egun diraute eta langileon eskubideak urratzen ari diren garai honetan duintasunez erantzuna emateko baliatuko ditugu. Paper garrantzitsua izan zuten elkartasun komitean aritutako emakume askok eta askok, gazteak eta ikasleak baita ere.

Gaur egun, garai hartan bezala, gure eskubideak lapurtu nahi dizkigute.

Eta Arabar guztion defentsan aritu beharko liratekenak, alfonbra gorria jartzen diete Madriletik datozen inposaketei, BAI, ateak irekitzen dizkiete “De Andresek” eta “Alderdi Popularrak” Madriletik jasan behar ditugun neurri neoliberalei.

Egoera honi aurre egiteko, EH BILDUk burujabetza eta aldaketa sozialaren aldeko aldarria egiten du. Irtenbidea badagoelako, eta alternatibak baditugulako. Honen harira, AMAIUR taldeko Sabino Cuadra eta Rafa Larreina kongresistak, datorren martxoaren 7an, ostegunean, “Villa Suso”-n eskeiniko duten hitzaldira gonbitea luzatu nahi diegu herritar orori, aldaketarako proposamenak eta neurriak ezagutzeko aukera eskeiniz.

Aldez aurretik, Martxoak 3 dugu bueltan. Borrokaren ikurra baina hilketarena ere bai. Poliziak 5 langile hil zituen eta ehundaka zauritu. 37 urte pasa dira eta Estatuak oraindik ez du bere ardura aitortu. Datorren igandean, goizeko 11:00tan Gasteizko langileria pairatutako errepresio bortitza, bidegabekeria eta zigorgabetasuna salatzeko eta bizia galdu zutenen memoria gurera ekartzeko, omenaldi xumea egingo dugu Zaramagako auzoan, urteroko manifestazioaren aurretik.

Ez dugu ahazten eta ez dugu ahaztuko.

X