Alternatibaren Bilboko Asanbladako militanteek Irrati Libre eta Komunitarioen inguruko bideo-erreportajea egin dute, Bilboko Tas-Tas Irratiko eta Gasteizko Hala Bedi Irratiko ordezkariak elkarrizketatuz, beren eragin eremuetan gehien errotuetako hedabide alternatiboetako bi, alegia; hamarkadak baitaramatzate ahotsik ez dutenen ahotsa izaten, tokiko errealitateari begira FM bidez emitituta zein beren uhinak mundu osora zabalduta Interneteko emisioen bitartez.
Biak ala biak dira, gainera, Euskal Herriko hogeitik gora irrati libre biltzen dituen Arrosa Sareko kide, haien arteko elkarlana sustatzeko martxan jarritako proiektua, euskarazko irratsaioak elkar trukatuz edota beren kideen trebakuntza hobetzeko tailerrak prestatzen.
Elkarrizketen bidez, komunikazio proiektu herritar hauen sorrera eta garapena, Eusko Jaurlaritzak egin eta bertan behera utzitako azken lizentzia lehiaketa edota irrati libreek inguruko eragile sozialekin dituzten harreman zein elkarlanaren berri ematen da bideoan. Erreportajea Alternatibaren YouTubeko katean zein webgunean ikus daiteke dagoeneko. Euskaraz grabatu izan da eta 11 minutu inguruko iraupena dauka.
EH Bilduren Iruñeko eta Gasteizko legebiltzarkideek prentsaurrekoa eman dute gaur Nafarroako hiriburuan. Alde batetik, bi ganberatako ordezkarien arteko harremana sendotzeko konpromisoa hartu dute; bestetik, Barcina eta Urkulluri eskaera zehatza egin diete: “Euskal Herriko gizarteak dituen arazoei irtenbidea emateko harreman instituzionala sendotzea eskatzen diegu.
EAEko ordezkari moduan Laura Mintegi, Juanjo Agirrezabala, Rebeka Ubera eta Diana Urrea izan dira prentsaurrekoan; euren alboan, Nafarroako parlamentuko ordezkari diren Bakartxo Ruiz, Mayorga Ramirez eta Asun Fernandez de Garaialde izan dira. Alor zehatzetara hedatu dute bi gobernuko buruei egindako elkarlanerako eskaria: zerga-politika, kultura, normalizazio politikoa, ETBren seinalea, etabar.
Agerraldian irakurritako oharra:
EH Bildun parte hartzen ari garen Gasteizko eta Iruñeko parlamentariok euskal jendarteak erronka handiak eta urgenteak dituela azpimarratu nahi dugu. Erronka gehienak herri bezala jorratu behar eta irtenbideak bilatu behar ditugu, oraingo banaketa administratiboa gaindituz.
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko harremana hutsala bada ere, egoera hau gainditzeko urratsak ematen hasi behar dute gobernu hauen arduradunek. Ezin dira geratu bakoitza bere zilborrari begira, herri honen arazoei irtenbidea bilatu nahi izanez gero.
Gai asko eta asko elkarlanaren bidez jorratu behar direla uste dugu. Gure aldetik, EH Bildu osatzen dugun parlamentariok gure arteko elkarlana areagotzeko konpromisoa sendoa da eta gaurko prentsaurreko eta hemen bertan aurkeztuko ditugun ekimen parlamentarioak horren frogak dira.
Izan ere, egoera ekonomiko larri honetan EAEren eta Nafarroaren arteko harreman instituzionalik ez izatea arduragabekeria da. Bi administrazioen arteko harremana ziurtatu behar da, egoeraren irakurketa komuna egin eta irtenbideak bilatu ahal izateko. Bietan konpartitzen dugun ekonomiaren arazo estrukturala ikusita, beste politika ekonomikoa egiteko aukerak aztertu behar; esate baterako, politika fiskala justuagoa egiteko aukera.
Gatazka gainditu eta normalizazio politikoa lortzeko bidean ere bi gobernuren arteko elkarlanaren garrantzia begi-bistakoa da. Euskal Herrian gatazka behin-betiko gainditzeko eta normalizazio politikoa lortzeko aukeraz beteriko agertoki berria ireki da. Bi Gobernuek aztertu beharko lukete zein den egungo egoera eta bera gainditzeko eman beharreko urratsak definitu. Arduraz aritu behar da eta ulergaitza da bi gobernuren arteko komunikazio eza.
Kultura arloan ere elkarlana beharrezkoa da. Esate baterako, oraindik ere ETB Nafarroan ikusteko zailtasunak ez dira ulertzen. Bi Gobernuek errua elkarri leporatu beharrean, irtenbideak bilatu beharko lituzkete, euskarazko telebista ikusi ahal izateko. ETB ikusteko saiakerak zigortu nahi izatearen aurrean, bi gobernuek arduraz jokatu beharko lukete, akordioak lortu eta gauzatuz.
Beraz, arlo kulturalean, ekonomikoan, politikoan eta sozialean ditugun loturak ikusita, Nafarroako Gobernuaren eta EAEko Gobernuaren arteko agenda bateratua beharrezkoa da. Halaber, lankidetza esparruak ere sortu behar dira, jendarteak dituen erronkei aurre egin ahal izateko. Horregatik bi gobernuri hainbat galdera egin dizkiegu.
Argi ikusten dugu bi Gobernuek hitzarmen berriak egin behar dutela haien arteko bitartekoak ahalbidetzeko. Esate baterako, bi gobernuek egoera politikoa aztertzeko, eta gatazka gainditzeko eta normalizazio politikoa lortzeko, goi mailako bilera egin beharko lukete.
Egoera sozial eta ekonomiko larri honi aurre egiteko ekimen bateratuak abian jartzeko ere agenda adostu beharko lukete.
Edota hizkuntza politika aztertu eta garatzeko goi mailako bilera ere.
Halaber, bi Gobernuek sinatutako eta une honetan bertan behera geratu diren hitzarmenak berrezartzeko edota horiei jarraipena egiteko bitartekoak abian jartzeko asmorik al duten ere galdetu dugu.
Eta bukatzeko, beste bi galdera egin ditugu ea nolako edo zenbatekoa den orain arte sinatuta zeuden hitzarmenen garapen maila eta zein diren hitzarmen horien gaineko jarraipena egiteko organoak edo mekanismoak.
Azken egunetan antzezten ibili diren maitasun-dantza paperera eraman dute azkenean EAJk eta PPk. Hemendik metro gutxitara, bizkaitarrak pobreziara eta prekarietatera eramango dituen hitzarmena sinatu dute. Bizkaiak inoiz izan dituen aurrekontu antisozialenak dira, EAJk azken urteetan indarrean ipini dituen neurri bidegabeetan oinarritutakoak. Eta gainera, orain austeritate eta murrizketa sozialetan Europako buru den PPren babesa bilatu dute jeltzaleek.
Bizi dugun krisi ekonomiko eta sozial latzean herritarren beharraz ahazten diren aurrekontuak dira. Alderdi interes hutsei eta kapitalaren interesei erantzuten dieten aurrekontuak dira. Ez herritarren interesei eta premiei erantzuten dieten aurrekontuak. EAJk bizkaitarrei azaldu beharko die zer adostu duten Barcenasen alderdiarekin, langile klasearen aurka ostiralero dekretuak inposatzen dituztenekin.
EH Bilduk uste duenez, Bizkaian behar sozialei erantzuna emateko, aurrekontu sozialak behar ditugu. Hemendik aurrera ezagutuko dugu zertan datzan akordioak, baina ez dugu zalantzarik egiten EAJk eta PPk bizkaitarrei esango dietenaz: herrialdearen egoera ekonomikoa txarra dela, neurri gogorrak hartu beharko direla eta politika sozialak bermatzen ahaleginduko direla. Alternatibarik gabeko egoera irudikatuko dute. Baina alternatiba egon badago.
EH Bilduk aurrekontu sozialak aldarrikatzen ditu Euskal Herriarentzat. Aldiz, EAJ eta PPren aurrekontuekin behar sozialak geroz eta handiagoak izango dira eta gizarte babesa geroz eta ahulagoa. Horren adibide da aurrekontu proiektu horren arabera, Gizarte Ekintzarako bideratuko den kopurua %38a baino ez dela izango. Gizarteratzeko laguntzak ere behera doaz Bizkaian; 2010ean 4 milioi euro zuzendu ziren horretarako, aurten 2 milioi euro aurreikusten dira. Bada, Gipuzkoan, ezkerreko soberanistok aurrekontuaren %48 bideratzen dugu gizarte politiketara eta Madrilen inposatutako dekretazoei eta murrizketei erantzuten dihardugu.
Egungo sistema fiskala ez da progresiboa eta errenta altuenetan ordaindu beharreko ehunekoak behera egiten du. Iruzur fiskalari ezarritako zigorren bidez bildutakoaren hazkundea 2011-2012 tarte horretan %6,2 izan zen.
Bizkaiko Foru Aldundiaren gaurko zor metatua, gehi 2013rako aurreikusten dena eta Merkataritza Foru Sozietateen zorra, guzti-guztira, 2.200 milioi eurokoa da.
Kupoa delarik, hau da banketxeen zorrak kitatzeko, espainiar monarkia mantentzearren edota armada finantzatzeko 353 euro ordainduko dugu 2013an bizkaitar bakoitzeko.
EH Bilduk alternatibak planteatzen ditu. Gaur hasita eta datozen egunetan eskupapera honen banaketa zabala egiten arituko gara Bizkaiko kaleetan. EAJ eta PPk lortutako adostasuna dela medio bizkaitarrok pairatuko dugun aurrekontuen deskribapena eman nahian, dokumentu honetan aurrekontu orokorraren banaketaz gain, ekonomia sustapenerako zuzendutako zenbakiak eskaintzen ditugu. Datuak datu, azpiegiturak, udal finantzak, euskara eta kulturari dagozkionak ere ikus ditzakezue eskupaperean.
Alternatibaren Bizkaiko bozeramaile Asier Vegak deitoratu egin du Bizkaiko Aldundiaren eta Barakaldoko Udalaren arteko eskumen eztabaida, Lutxanako tuneletan eman diren bortizkeri matxista gertaerak ekiditeko irtenbideak bilatu ez dituztelako. Egoera hau dela eta, Vegak bi erakundeei “merkatal gune erraldoien zerbitzura diseinatutako eredu urbanistikoekin, zaintza lanak eta gehienbat hauek egiten dituzten emakumeei bizkarra ematen diena” aldatzeko eskatu die eta aldi berean, Barakaldoko emakume taldeek osatutako leku arriskutsuen txostena aintzat hartzeko.
Bizkaiko Alternatibak genero ikuspegia galdegin du hiri eta herrietako hirigintza planifikatzeko orduan, “emakumeentzat debekatuta dauden lekurik ez egoteko horietan erasoak pairatzeko arriskua sentitzen dutelako”. Ildo horretatik, azpimarratu nahi izan dute Argitan talde feministak duela 4 urte salatu zituela hiriak dituen gune beltzak, “Lutxanako pasabidearena bezalakoak, Udalak horiek konpontzeko ezertxo ere egin ez duen arren eta, gerora, iazko urrian bezala, erasoak eman diren lekuak”. Hala, Vegak eskuduntzekin aitzakiak jartzea leporatu dio Tontxu Rodriguez alkateari, “ez al zaio nahikoa iruditzen bortxatu dituzten emakumeak berak gobernatzen duen udalerrikoak izatea?”.
Edonola ere, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gogorarazi du hirigintzatik segurtasun eza beharrezkoa diren konponbide guztiak ez ezik, ezinbestekoa dela indarkeria matxistaren jatorriaren aurka egin, izan ere, eraso sexualak ez dira “ez zoriagatik ezta kasuistikagatik ematen, emakumeen aurkako indarkeria darabilten gizonezkoak existitzen direlako baizik, patriarkatuaren adierazpenik bortitzena baina inondik inora bakarra”. Hori dela eta, Vegak gizartean eman beharreko “errotiko aldaketaz” hitz egin du, “emakumeak babestu beharreko biktimak gehiago ez izateko”. Aldaketak, alabaina, udal erakundeek Barakaldon gertatzen diren hainbat ekitaldiren aurrean zer edo zer esatea eskatzen du, “bertoko diskoteketan jai sexistak egiten direnekoak kasu, zeinetara jendea erakartzeko emakumeen sasi zozketak egiten diren”.
Alternatibako Bilboko Asanbladak bere balorazioa kaleratu nahi izan du hiribilduko edilak, Iñaki Azkuna, munduko alkaterik hoberenaren titulua jaso duelako. Alternatibako udal bozeramaile Pablo Fernandezek horrela erantzun dio izendatzeari: “honek lotsa eta haserrea eragin dezake bilbotar askorengan, barregura ere”. Fernandezek ironiaz hitz egin du bere alkatearen inguruan, beste lorpen askoren artean “merkatalgune eta kate handien mesederako merkatari txikiak zapaldu ditu, jai egunetan irekitzea ahalbidetu eta etengabeko ordutegiak sustatuta, lan baldintzak pobretuz eta kontziliazioa oztopatuz”.
Ezkerreko alderditik, hiriko jaiak eta kultura sustatzen duten erakunde sozial konprometituekiko Bilboko alkateak duen jarrera salatu nahi izan dute ere, “Bilboko Konpartsak adibidez, berriro ere aurten Kale Nagusitik inauterietan desfilatzea debekatu zaiena, Udalak bere desfile pribatua ere egingo ez duela baieztatu arren. Iazko uztailean bezala, Konpartsero Egunean, mundu guztiari irekia dagoen festa herrikoia, poliziaren bitartez sakabanatzearen mehatxua egin zien konpartsei, azkenean isunen bidez egin bazuen ere”.
Alkate berberak, adierazi du Fernandezek, “neurri gabeko indarkeriaz zapuztu izan ditu Sorgintxulo eta Kukutza bezalako kulturgune autogestionatuak, beren auzoetan errotutakoak, edota sortu eta berehala desegin dituen Patakon eta Uztaldi. Etxegabeak edota etorkinen aurka ere indarkeriaz aritzen dena, duela gutxi Zorrotzaurren egin duen moduan”.
Alternatibatik, halaber, “udalaren balizko zor gabezia” gaitzetsi dute, gogorarazita “erakunde honen zorra sortutako hainbat sozietateren gainean dagoela”. Bilbo ederragoa “egin omen du ere Azkunak, zentroa bakarrik eta auzoen lepotik izan arren”.
Azkenik, Bilboko Asanbladatik alkatetzan azken 13 urtetan egondakoaren “pribatizatzeko grina” salatu dute, “ahal izan duen guztia eta are gehiago ere pribatizatu egin du, Erriberako merkatuarena bezalako adibide lotsagarriekin, gaizki atera zaiona gainera. Antzera jokatu du etxebizitza arloan, 25.000 etxe hutsik dituen hirian eraikuntzaren aldeko apustuari eusten dion, Garrellanoko proiektuan kasu, zeinetan tasatutako etxe bat erosteko aukera izateko urteroko 50.000 euro gordineko soldata eskatzen den. Supersur eta Bilbao World Series formako Scalextric zaletasunaren alkatea dugu, euskal kulturari gorroto diona eta adiskideen artean monarkak eta militarrak dituena. Azken batean, BERE munduko alkaterik onena”.