Alternatibak Kukutzaren kontrako eraso militarra gaitzestera deitu du

Alternatibak “oso larria” deritzo Bilboko Errekalde auzoan gertatzen ari denari, Kukutza “indarrez eta bortizkeriz” baliatuta husteko ahaleginaren harira. Izan ere, Jonathan Martinez Bizkaiko batzarkide ohiak salatu duenez, bilbotarren artean babes zabala duen gaztetxean, proiektu sozial baten egoitzan, “militarren modura sartu dira, Bilbon aspaldi ikusi ez ditugun tankeak ere erabilita”.

Kukutzatik jakinarazi dutenez, erasoan dozenaka lagun zauritu eta atxilolotu ditu Ertzaintzak, hala, “haien burua demokratatzat dutenei eta besteei irakaspenak emateko ohitura duten horiei poliziek erabilitako indarkeria gaitzesteko” eskatu die.

Goizetik, gaztetxera hurbildutako euskal gizartea eta politikako ordezkari ugariren artean, Alternatibako hainbat ordezkari izan dira, besteak beste Oskar Matute eta Ana Etxarte alderdiko bozeramaile nazionalak.

Alternatiba Arabak herrialdeko enpresen hamaikagarren itxiera salatu du eta erakunde publikoen esku-hartzea eskatu du

Alternatiba Arabak kezka handiz bizi du gure herrialdean azkenaldian industria egituretan ematen ari den deslokalizazio eta desegite prozesua. Saunier Duval, Kemen, Ceplastik eta beste hainbat enpresa historikoen itxierari Daewoo eta, berriki, Esmaltaciones San Ignacio lantegiena gehitu zaizkio. Honekin batera lan itunak negoziatzeko zailtasunak ikusten ditugu, inguruko adibiderik adierazgarriena Mercedes enpresan emandakoa dela, hitzarmena erabat geldirik dagoela.

Arabako langileon kontrako erasoen aurrean, Alternatibak erakunde guztien aldetik esku-hartze handiagoa exijitzen du gatazka hauek konpontzeko. Enpresaburuei ere, haien Sindikatua buru dutela, ardura handiagoa eskatzen diegu, Araban bizi eta lan egiten dugun herritarrekin eta herrialdeko gizarte egiturekin.

Era berean, egoera lazgarri hauek kaltetutako langile guztiei gure elkartasuna adierazi nahi diegu eta Arabako langile guztien eskubideak babesteko atsedenik gabe lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, gainerako alderdi, sindikatu eta gizarte mugimenduekin batera.

Bukatzeko, arabar guztiei dei egiten diegu antolatutako mobilizazio guztiekin bat egin dezaten, gure adiskideeen aurkako erasoak langile guztien aurkako erasoak direlako. Hurrengoa zu zeu izan zaitezkeelako.

Nork hartzen du bere gain bizitzaren jasangarritasunaren erantzukizuna?

Hainbat eragile izan dira, emakumeen rolean gertatutako aldaketa funtsezkoa izanik, biztanleen erantzukizunen banaketan aurrez ezarritako eredua ezegonkortu dutenak eta lanaren berrantolaketaren beharrizana eragin dutenak. Nola banatzen da orain zaintzaren erantzukizuna? Nork edo nortzuk ari dira bere gain hartzen bizitzaren jasangarritasunaren erantzukizuna? Beharrizan hau nola asetzen den geure buruari galdetzeak, bizitzako beharrizanak bermatzeko ardura nork eta nola hartuko duen aztertzea eskatzen du. Galdera hauen erantzunek, lehengo ereduak aurkezten zituen ardatz berdinetan oinarritutako eredu berri bat azaleratzen dute; gizarte desberdintasuna eta lanen ikusezintasuna, hain zuzen ere. 

Emakumeak eremu publikoan (politikoan zein lan arloan) sartu badira ere, haurrak eta menpekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko ardura nagusia familien baitako ordaindu gabeko lanean oinarritzen da oraindik ere. Haurtzaroari dagokionez, 3 urtetik beherakoen eta gorakoen artean ezberdindu behar da. Lehenengoentzat, zerbitzu publikoen eskaintza oso murritza da, eta ondorioz, bestelako estrategiak garatu behar izaten dira. Besteak beste, soldatapeko lana murriztea edo alde batera uztea, ia gehienetan emakumeak izanik uko egin behar dutenek. Emakumearen Institutuaren datuen arabera, 2005. urtean adin txikikoak zaintzeko eszedentzien ehuneko 95,2a emakumeek eskatu zituzten. Bestalde, pertsonak kontratatzea edo diru-sarrerak izatekotan, haurtzaindegi pribatuetara jotzea, edota senideen laguntzara jotzea dira estrategiak. 3 urtetik gorakoei dagokionez, hezkuntza sistemaren eta familien beharrizanen – ordutegiak edo oporraldiak – arteko koordinazio falta izugarria dagoela antzematen da eta horregatik bestelako estrategiak jarraitu behar izaten dira. Amak lan egiten badu, senideen laguntza – batez ere amonena – bereziki azpimarragarria da. Bere zeregina gutxitzen doa maila sozioekonomikoa hazten doan heinean, non etxeko lanetan aritzeko kontrataturiko pertsona batek garrantzi gehiago hartzen duen.

Etxe guztietan, guraso bakarrekoetan ezik, menpekotasun egoeran dauden pertsonak laguntzeko ardura ere, ordaindu gabeko lanean oinarritzen da. 65 urtetik gorakoak diren eta menpekotasun egoeran dauden pertsonen zainketari dagokionez, azpimarratzekoa da zaharren egoitza, ospitale edo geriatrikoetarako sarbidean oinarritzen den instituzionalizaziorik ez dagoenean, arreta etxean eman ohi dela, eta etxetik kanpoko laguntzak unean-unean ematen direla edo ordezkatze asmoa izaten dutela. Menpekotasun egoeran dauden pertsonak etxean zaintzen direnean, arreta laguntzaile sare bat duen zaintzaile nagusi baten inguruan antolatu ohi da. Zaintzaile nagusiak oso profil zehatza dauka: emakumea izan ohi da, ikasketa maila txikikoa, ezkondua, 45 eta 65 urte bitartekoa, eta ordaindu gabeko zainketa lanetan soilik jarduten duena, hau da, etxeko-andre lanetan. Generoa elementu erabakigarri gisa mantentzen da, non zainketa lanak emakumeei esleitu zaizkiela argi eta garbi ikusten den.

Zerbitzu publiko zein pribatuek beharrezkoa den zainketaren ehuneko 12 inguru besterik ez dute egiten, gainontzekoa ordaindu gabeko lanek betetzen dutelarik. Hala, egun onartzen diren eskubideak – lan merkatutik kanpo egotea, arreta soziosanitarioa, diru-laguntzak, gizarte segurantza edo ogasunaren bidezkoak – ez dira nahikoa menpekotasun egoeran izanez gero, zaindua izateko giza eskubidea badagoela baieztatzeko. Zainketa hau, hor nonbait modu eskasean betetzen da famili sarea dagoen heinean eta nahikoa emakume badago. Beraz, Estatuaren eta erakunde publikoen eginkizuna subsidiarioa da, hau da, famili-sarea ordezkatzen du berau ez dagoenean, baina badagoenean ere, ez dira elkarren osagarriak eta ez da behar bezain lagungarria, are gehiago, familiei zainketa inposatzen diete.

Horrela, gizonek etxean egiten duten lanari dagokionez zein zerbitzu publikoen zainketa beharrizanei dagokionez (Ongizate estatuaren baitako murrizketak), emakumeek jasotako erantzuna eskasa den heinean, lan merkatuan sartu behar izateak ondorio ezberdinak izaten ditu familia bakoitzaren gizarte klasearen arabera. Errenta handiak dituztenen artean, etxeko espazioaren merkantilizazioa gertatzen ari da, mota guztietako kanpo-zerbitzuak direla medio (etxerako langileak, etxeetako zerbitzuak, haurtzaindegi pribatuak, etab.); Aitzitik, baliabide eskasak dituzten eta merkatura jotzeko erosketa ahalmen nahikorik ez duten familiek etxeko lana areagotu behar izaten dute eta ondorioz, menpekotasun egoeran dagoen familia-kidearenganako arreta gutxitzen da edota familiaren estresa handitu egiten da. Horrela, zaintzaren ardura familiena izaten jarraitzen bada ere, egia da etxebizitza bakoitzaren baitan zaintzaren berrantolaketa gertatzen ari dela,  merkatuan zerbitzuak erosteko ahalmenari lotutako klase osagai argi bat duena. Prozesu hau ez da kalterik gabekoa, aitzitik, desberdintasunen areagotzea ekartzen du sarritan, merkatuek soilik dirudunen eskaera beharrizanak asetzen dituztelako.  

Nolanahi ere, pribatizazioa ez da merkatuek populazioaren zainketa beharrizanen asetzearen arduraren elkarbanatze prozesu baten adierazgarri. Aitzitik, enpresek etekinak lortzeko duten interesa asetzen du eta oso harreman iluna dauka emakumezkoekin zein lan baldintza eskasekin. Hala, zaintza profesionalaz dihardugunean, lan prekarioan oinarritutako emakume sektore batekin egiten dugu topo; etxeko langileak prekarietate honen adibide nagusia direlarik eta etorkinen populazioaren orderkaritza handituz doalarik.

Laburbilduz, eta Amaia Orozco ekonomilari eta feministaren hitzetan, esan genezake “herritarren beharrizanen asetzea emakume sareen inguruan antolatzen dela, zainketa batetik bestera joanarazten dutelarik, botere ardatzetan oinarrituta, merkatuaren eta nazioaren mugak gainditzen dituen kate luze batean, gizonezkoak sistematikoki kanpoan uzten dituen katea, hain zuzen ere. 

Emakumeek zainketan duten arduren inguruko gogoetak indarrean dagoen egitura sozioekonomikoa eta honek bizirauteko behar dituen gizarte gatazka eta desberdintasunak zalantzan jartzera eraman gaitzake. Baina hau egitea ez da erraza, hamaika arrazoien artean, sare honetan emakumeok zein nolako funtzioa betetzen dugun eta gizartean zein leku dagokigun hausnartzea suposatzen duelako, eta azken buruan, beharbada ez litzateke erraza erantzuna onartzea.

Etxeko langileen egoeraren laburpena

Argazkia: Olmo CalvoDoako zaintzak, batez ere amonena, baldintza prekarioetan eginiko etxeko lanarekin batera egungo zaintza ereduaren rol nagusia betetzen du menpekotasunak eragindako arduraz ari garenean. Etxeko lanak kontratatzeari dagokionez, oso lanpostu prekarioak izan dira beti, bestelako aukera profesionalik ez duten emakumeek hartutakoak, emakume etorkinak gero eta gehiago.

Gobernuak sistematikoki eta urte luzez ukatu ditu sektore honetako eskubideak, baina azken hilabetean lan baldintza hobeak lortzeari ateak ireki dizkioten gertaerak eman dira:  Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE)  etxeko zerbitzuaz onartutako hitzarmena eta etxeko langileak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean sartzeko erabakia.

Testu honetan egoera eta gure gizartearen jasangarritasunerako funtsezkoa den emakumezkoen lan sektore baten aldarrikapenak ulertzeko gakoak ematen dira.

Zenbat emakume ari dira etxeko langile gisa Euskal Autonomia Erkidegoan? Ezkutuko ekonomiak sektore honen hedaduraren egiazko argazki bat izatea eragozten du. Baina, Lan Ministerioaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 24.318 langile dira eta euretarik 14.000 besterik ez dute Gizarte Segurantzan modu batera edo bestera  kotizatzen. 

Etxeko langile diren emakumeetatik, zenbat dira etorkinak? Espainiako Estatuan, etxeko lanetan beharrean diharduten emakume etorkinen kopurua izugarri igo da azken urteotan, baina datu zehatzak lortzea ez da erraza, ezkutuko ekonomia dela eta. 2011ko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 703.800 pertsonek Etxeko Jardueren arloan egiten dute lan (%91,5a emakumeak dira). Emakume hauetatik, 294.270 besterik ez dute Gizarte Segurantzako Etxeko Langileen Erregimen Berezian alta emanda (%61,3a atzerritarrak dira).

Etxeko Langileen Bizkaiko Elkartearen arabera (ELE), aurreko urtean arreta jaso zuten etxe-barneko langileen %33ak, gehien bat menpekotasun egoeran dauden adin nagusikoak zaintzen dihardutenak, paperik gabe egiten dute lan.

Zeintzuk dira etxeko langileen lan baldintzak? Etxeko langileek erregimen orokorra ez bezalakoa den Erregimen berezi bat dute Gizarte Segurantzan, milaka etxeko langile lanaren eta morrontzaren artean egotera behartzen dituena. Etxeko Langileen Gizarte Segurantzako Erregimen Bereziak, gizarteak lan honekiko duen begirune eza erakusten du, eta kritika zorrotzak jaso arren, ia ez du aldaketarik izan, 1985ean sortu zenez geroztik.

Langileengatiko diskriminazioa eta euren eskubideen urraketa oso zabalduta dago eta beste lan sektoreetan pentsaezinak lirateke: ez da derrigorrezkoa idatzizko kontratua egitea; langileak enplegu-emaile berdinarentzat 20 ordu baina gutxiago lan eginez gero bere burua altan eman behar du; lan-harremana hausteko arbitrariotasuna; kaleratzeagatik jasotzen den kalte-ordain eskasa; lanaldiaren mugagabetasuna denboraren erabilgarritasuna dela eta; soldataren ehuneko 45era arte ostatu eta mantenu gisa kentzeko aukera; langabezia eta gaixotasun profesionaleko sorospenik ez izatea; gaixotasun-baja gaixoaldiaren hogeigarren eguna baino lehen jasotzeko ezintasuna; lanerako ezintasun iragankorrak ez du kotizatzeko beharrik salbuesten. Oro har, erregimen hau, pertsona autonomoen egoeratik soldatapekoengatik baino gertuago dagoena, makina bat emakume formalitaterik gabeko lan-egoeran egotea eragiten du.

Ba al dago ezberdintasunik etxeko-lanetan diharduten emakumeen lan-baldintzen artean? Etxeko lanetan diharduten emakume guztiek ez dute ikusezintasuna modu berean jasaten. Ioé Taldearen arabera, bertako langileen %79ak erregularizatu gabe egiten du lan; etorkinen %36aren aldean. Formalitaterik ezaren adierazleak ugariagoak dira bertako emakumeengan. Hau, lan honentzat baliozkoa den erregimen bereziaren ondorioz gertatzen da, emakume askok formalitaterik eza aukeratzea eragiten duena, eskatzen diren kotizazio altuengatik eta eskubide eskasengatik, hain zuen. Emakume etorkinen kasuan, euren egoera erregularizatu behar dutenez, alta hartuta egotea nahiago izaten dute. Emakume etorkinen ehunekoak gora egiten du lan-mota kaltegarriagoa den heinean (2005an, etxeko-lanetan behar egiten zuten emakumeen %52,2a izan ziren). Era berean, azpi-sektore bakoitzean, emakume etorkinek zeregin gehiago dituzte, ordu gehiago egiten dute lan eta orduko soldata murritzagoa dute, kontuan hartuta guzti hau jatorrizko herriaren eta etniaren araberakoa dela.

Zein izan da gobernuaren jarrera, etxeko langileen egoerari dagokionez? Gobernuak onartzen du etxeko langileen erregimenak desorekak sustatzen dituela. Izan ere, gobernu sozialistak agindu zuen euren eskubideak gainontzeko langileenekin parekatuko zituztela. Baina 2007az geroztik aldaketa bi baino ez ditu egin.  Soldataren ehuneko 45 ostatu eta mantenu moduan kentzeko aukera ezabatzea, hain zuzen.

Eta, bigarrena, aste honetan onartutako zuzenketa da, enplegu–emaileak etxeko langileengatik lehenengo ordutik kotizatzera behartzen dituenak. Egun, langile hauek astean 20 ordu edo gehiago egiten dituztenean bakarrik kotizatzen dute. Hilabetean, gutxienez, 72 ordu egiten baditu etxe bi edo gehiagotan, langileak bere kuotak ordaintzeko aukera dauka.

Laburbilduz, Gobernuak urrats bat atzera eta beste bat aurrera eman duela esan daiteke. Alde batetik, zeinbait hobekuntza egin ditu etxeko langileen egoera oso pixkanaka gainerako langileen baldintzekin parekatzen direla. Baina, bestetik, Gizarte Segurantzaren pentsioen sistemaren Erreformarako Legea onartu du, Gizarte Segurantzaren gastua murrizteko asmoz, Gobernuak kotizazio-oinarriak kalkulatzeko erabiltzen duen gutxieneko urte kopurua 15etik 20ra igo du. Ondorioz, sindikatuen kalkuluen arabera, pentsioak %6 murriztuko dira. Neurri honek batez ere emakumeei eragiten die, kotizazio garai laburragoak dituztenak, lan-merkatuan etengabe sartu eta irteten dabiltzalako eta lanaldi partzialeko kontratu gehiago dituztelako. Bereziki, Etxeko Lanen Erregimen Bereziaren baitan dauden langileei eragiten die, erregimen honetan dauden langileen %32,5a 16 eta 20 urte bitartean kotizatu dituztenen tartean dagoelako. Egun, 65 urtetik gorako emakume gehienak, ezin izan dutenez euren lan-bizitzan kotizatu, euren senarraren erretiro-pentsiotik edo alargun-pentsiotik bizi dira.

Neurri hauei, krisia gehitu behar zaie, zeinak lan kopurua gutxitu ez dituenak, baina lan-baldintzak okertzea eragin duena.

Zertan eragin lezake Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) itxitako etxeko zerbitzuaren hitzarmen berriak? Ekainaren 19an LANEk etxeko-lana “gutxietsia eta ikusezina” izaten jarraitzen duela onartzen duen hitzarmen historiko bat itxi zuen. LANEren arau berriek etxeko langileek gainontzekoen oinarrizko eskubide berdinak izango dituztela ezartzen dute. Tartean, “bidezko lan-ordu kopuru bat, astean behin elkarren segidako 24 orduko atsedenaldia, espezietan ordaintzeko mugak, lan-baldintzei buruzko informazio argia, eta lan arloko oinarrizko arau eta eskubideak errespetatzea, askatasun sindikala eta negoziazio kolektiboa barne”. Halaber, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata jasotzeko eskubidea izango dute hamalau ordainsaritan; orain arte hamahiru izan dira soilik. Azkenik, araubide berriak lanean segurtasuna eta osasuna izateko eskubidea bermatzen du eta baita baja hartzean Gizarte Segurantza izateko eskubidea ere, istripua izatekotan baja lehenengo egunetik eta gaixotasuna balitz laugarren egunetik hartu ahal izateko, hain zuzen.

Hitzarmenak, gizarte eragile, sindikatu eta alderdi politikoekin batera, indarrak bideratu ditzake, orain arte gobernuan egon diren alderdi guztiek sistematikoki ukatu izan dituzten langileen eskubideak babestearen alde.

 

Argazkia: Olmo Calvo

http://alternatiba.net/old-files/18_19_servicio_domestico_1_Olmo_Calvo.jpg

X