Alternatibak babesa agertu die GARAko langileei eta gizarteari komunikazio proiektu herritarrak defendatzeko deia egin dio

Alternatibako Koordinakunde Nazionalak salatu egin du milaka euskal herritarren ahalgin eta bultzadarekin martxan jarritako komunikabideen kontrako enegarren erasoa. Gararen kontrako lapurretaren harira doa salaketa, modu bidegabean eta ulertezinean  egotzi baitzaio Eginen zorra. Ondorioz, komunikabide baten etorkizuna mehatxupean jarri dute, berez bideragarria dena, aniztasun informatiboa beraren kalterako.

Tamalez, euskal independentismoaren aurkako estrategia errepresiboan, orain Kataluniarekin eta TV3ekin egin bezala, Espainiako Erresumak zentsura, jazarpena eta komunikabideen itxierak baliatu izan ditu. Adibide larri bezain ugarien artean, 1998an Egin beraren itxiera dago, Ardi Beltzarena (2001) edota Euskaldunon Egunkariarena (2003). ETAren jarduera eten zenetik ere, bere joera zapaltzaileari jarraipena eman dio estatuak: Apurtu eta Ateak Ireki webguneak itxi, kazetariak atxilotu (Alfredo Remirez) eta Mozal Legea ezarri (Hala Bedi eta Argia).

Egoera honen aurrean, Alternatibak bere babesa agertu nahi die Garako langile guztiei. Gizarteari, bestetik, dei egin dio bide guztietatik babesten jarrai ditzala martxan jarritako komunikabide herritar independenteak, gizarte anitza eta demokratiko baten ezinbesteko osagai direlako.

Fatuarte “Subertsioa, umorea eta kritika soziopolitikoa Aste Nagusiaren parte izan dira eta izango dira, oztopo guztien gainetik”

EH Bilduk bere poztasuna agertu nahi du gaurkoan Hontzak konpartsako idazkariaren absoluzioarengatik “Carniceria Vaticana” apainketaren auziaren inguruan izandako epaiketan, 2017ko Aste Nagusian Gotzaingoak aurkeztutako salaketaren ondorioz.

Alba Fatuarte Alternatibako kide eta koalizioko zinegotziak azpimarratu duenez, kasua “ez litzateke inoiz epaitegietara heldu behar izan”. Bere aburuz, “subertsioa, umorea eta kritika soziopolitikoa Aste Nagusiaren parte izan dira eta izango dira, oztopo guztien gainetik”. Era berean, “larri eta onartezintzat” jo ditu gertatutakoak.

Fatuartek, Jai Batzorde Mistoaren parte ere badena, Juan Mari Aburto alkateari polemika honen inguruan bere garaian botatako hitz “moralizatzale eta onartezinetan” atzera egitea eskatu dio. Zinegotziak gaineratu duenez, “Aburtok ulertu beharko luke bere sinesmen pertsonalen eta bilbotar guztion eskubideak defendatzearen artean ezberdintasun handia dagoela”. Fatuarteren iritziz, Aburtok “hasierako momentutik bere babesa adierazi behar izan zion Gotzaingoak Hontzak konpartsaren, eta oro har, jai ereduari, eraso egiten saiatu zenean”

Bide beretik, EH Bilduk argi dauka Bilboko Konpartsek 1978tik lanean daramatela jai “anitz eta zabalen alde”, non kritika eta satira politikoek bere ezinbesteko tokia izango duten. Epaiketa, eta oro har, salaketa honen inguruan emandakoak, “kolpe latza izan dira aldarrikapenean eta subertsioan oinarrituriko hiri eta jai eredu honentzako”.

EH Bildu Bilbo

Iragana ahazteko lasterketa

Azken asteotan, industria turismoaren hausnarketari lotuta, Jaurlaritzak euskal industriaren ondare baliabide nagusiak indarrean jarri nahi izan ditu. Eskainitako bisita gidatuen, zineforumen eta bestelakoen helburua industria baliabideen garrantziaz sentsibilizatzea izan da. Arkitekturan eta hirigintzan adituak ez garenontzat, jakintza horien izaera politikoa birgogoratzeko aukera ere izan da.

Gure orain-oraingo historia industriari erabat lotuta dagoela ukaezina da eta horrek eragin handia du gure gaurko gizartean; horregatik, jaso dugun ondarea gure izaeraren ezaugarria dela esan dezakegu. Zoritxarrez, industria ondarea desagertzen ari da, Jaurlaritzaren bultzadarekin 20 urtean hondarrak modu sistematikoan suntsitzen joan dira ia-ia oihartzunik gabe. Horren harira sortutako gizarte eztabaida eta batez ere izandako erantzuna, salbuespenak salbuespen, oso eskasa izan da. Akaso Kukutzaren defentsa izan da salbuespen horietariko bat. Baina gaur egun asko da oraindik arriskuan dagoena, iragana ahazteko lasterketak jarraitzen du.

Suntsipenarekin batera 90eko hamarkadatik aurrera hirien birsortzea gertatu zen. Bereziki adierazgarria da Bilbon gertatutakoa, hiria kontsumo turistikoko marka bihurtu nahi izan da; hiriaren erdialdea behintzat. Itxuran ederragoa eta errentagarriagoa da, baina ez jasangarriagoa; eta batez ere arimarik gabeko hiri bilakatu dute.

Edozelan ere, ondareari buruzko politiken helburua ezin da izan memoria monumentalizatzea, malenkonian murgiltzea eta finean turismo industriako kontsumo produktu bilakatzea. Halere, gero eta homogeneoagoak diren herri eta hirietan industriaren aztarnak elementu bereizgarriak dira. Zaharberritu daitezke eta bizia eman ahal zaie, Europan zehar adibideak ugariak dira. Hiriei nortasun berria emateak ez baitu esan nahi iragana ukatu behar denik. Hirian bizi garenok ezin gara izan idatzi ez dugun antzerki baten aktoreak. Nazio Batuetako Garapen Jasangarrirako 2030 agenda ospetsuak zehazten duenez, hirigintza parte-hartzailea, integratua eta jasangarria izan behar da. Baina era berean, kultur ondarea babestu eta zaintzeko eginkizuna ezartzen du. Ez dezagun gure iragan hurbila hain erraz ahaztu.

GARAn argitaratua

Fatuarte “Arrazan oinarritutako miaketarik ezin da onartu”

Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bildu Bilboko zinegotziak azken egunetan San Frantzisko inguruan egindako miaketa masiboengatik arduratuta agertu da. Bizkaiko SOS Arrazakeriak ere salatu eta magrebtar kolektiboa jomuga izan duten miaketekin, hain zuzen ere.

“Ostegun eta ostiralean egin diren eta gazte magrebtarrak jomuga izan dituzten miaketekin arduratuta gaude. Arrazan oinarritutako miaketarik ezin da onartu eta uste dugu poliziak segurtasuna bermatzeko daukan betebeharrak ezin duela talka egin oinarrizko eskubideekin”, adierazi du Fatuartek.

Zinegotziak azpimarratu du EH Bildu jakitun dela zonaldeko bizilagunak arduratuta daudela eta segurtasunean neurri eraginkorrak hartu behar direla uste du. “Segurtasun arazoen aurrean instituzioek eraginkorrak ez diren neurriak aplikatu dituzte. Orain arte haserrea eta kolektibo batzuenganako mesfidantza areagotzeko baino ez dute balio izan”.

Fatuarteren iritziz, “ez da koherentea egun batean inklusio programak aurkeztea eta, hurrengo egunean, kolektibo horien aurkako miaketa masiboak egitea. Horrek ez dauka zerikusirik Segurtasun Itunean adostu genuen hurbileko polizia ereduarekin”.

EHBildu Bilbo

Amaiera onen garrantzia

María del Río – Alternatiba

Istorio batean garrantzitsuena bukaera dela esan ohi da. Baieztapena gehiegizkoa iruditu arren, egia da noiz edo noiz guztioi gertatu zaigula liburu edo pelikula baten amaiera kaskar batek lan osoaren oroitzapena zapuztea. Askorako eman izan dute telesail batzuen azkeneko kapituluekin egindako txantxek. Bukaerei asko eskatu ahal zaie, baina garrantzitsuena, dudarik gabe, garatu den ideia orokorrarekin koherentzia gordetzea da. Istorioei hori eskatzen badiegu, nola ez diogu ba gauza bera eskatuko gure bizitzei? Heriotza duinaren eztabaida tarteka zabaltzen da, eta oraingoan parez pare irekiko dela dirudi.

Gure bizitzaren protagonistak izan bagara, nola ez diogu eutsiko ba protagonismoari heriotzarena bezalako atal garrantzitsuan? Hau da, bizialdi osoan bizitza on bat izaten saiatu bagara, heriotza txukun batekin bukatu nahi izango dugu. Espainiako kongresuan eutanasia legeztatzeko lege proiektua aurrera doa. PSOEk proposaturiko testuak gabeziak baditu ere, badirudi Zigor Kodea aldatuko duen bidea geldiezina dela, zailtasunak zailtasun.

Zalantzarik gabe, bizitzarako eskubidea oinarrizko eskubidea da, baina inolaz ere ez betebehar juridikoa. Gainera, ezin da ahaztu bestelako giza eskubideak tartean ere badaudela, besteak beste, giza duintasuna, askatasuna edo ideologia eta erlijio askatasuna. Zenbait pauso emanak dira horiek guztiak asetzeko, esate baterako, tratamendu medikuak ukatzeko eskubidea –jakinda bizitza bera ere zalantzan jartzen dela–, edo Eusko Legebiltzarrean 2016an onartutako legea, zainketa aringarriak bermatzekoa. Aurrerapen horien garrantzia aitortuta, eztabaidak nahastea ez da batere lagungarria, eutanasiaren eta zainketa aringarrien debatea bereiztea ezinbestekoa baita.

Norberaren bizitzan agintzeko gaitasunaren trataera juridikoa aldatzeko unea da, batik bat, bitartekoei ezarri ahal zaizkien zigorrei dagokienez. Gizartearen eskakizuna da askatasuna eta autonomia pertsonala bermatzea, talde ahulenei babesa eskainiz. Idatz ditzagun bukaera hobeak.

GARAn argitaratua

X