Hizkuntza Eskolaren eskaera handitzeko konpromisorik ez Bilboko Udalean

Gure kide eta EH Bildu Bildoko zinegotzi Alba Fatuarteren hitzartzea azken udalbatzan, Hizkuntza Eskola publikoetan euskara ikasteko plaza kopurua handitu beharraren inguruan.

Hizkuntza Eskola Ofizialen datuak aztertuz gero, argi eta garbi ikusiko dugu eskaintza oro har ez dela eskabideak asetzeko nahikoa, ez Bilbon, ezta beste herrietako eskoletan ere. Bilboko kasuan, 2015/2016 ikasturteko matrikulazio datuen arabera, 17.128 eskabide jaso ziren eta soilik 7.112 eskaintzen ziren. Hau da, 10.000 lagun inguru plazarik gabe gelditu dira Bilboko Hizkuntza Eskolan azken ikasturtean eta hauetatik 1.500 lagun ziren euskara ikasteko eskabidea egin eta plazarik gabe gelditu zirenak. Gaurko Osoko Bilkuran, Udalberrik proposatuta Hizkuntza Eskola handitzeko eskaera jorratu da eta hitz politikak baino ez dira atera gobernuaren aldetik, inolako konpromisorik gabekoak.

Datuak aztertzen baditugu, ikusten da hau hizkuntzeta guztietan ere gertatzen dela. Gainera, euskararen kasuan, kontuan izan behar dugu Bilbon euskaltegien sare zabal bat dagoela, nahiz eta oraindik auzo batzuetan, Otxarkoagan esaterako, bilbotarrek euskara ikasteko aukerarik ez duten. Edonola ere, eta Hizkuntza Eskola Ofizialera itzulita, agerikoa da, bai euskaraz eta bai beste hizkuntzatan ere, eskaintza ez dela nahikoa.

Horregatik harritu egiten gaitu gobernuak aurkeztutako emendakinean irakurtzea Jaurlaritzarekin kolaboratuko duzuela eskaintzaren egokitzapenaren inguruan, HORI BEHARREZKOA IZANGO BALITZ. Hau da, ez duzue sikiera onartzen eskaintza handitzea beharrezkoa dela eta gainera ez duzue inongo konpromisorik hartzen Jaurlaritzari eskaintza handitzea eskatzeko.

Eta nire harridurarekin jarrituz, beste kontu bat alderdi sozialistari dagokionez. Zuek  gobernuko kide moduan, proposamena babesten duzue, baina kontua da, oposizioan zaudetenean askoz ere exigenteagoak zaretela gai honekin. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EHBilduren botuekin batera bi proposamen onartu dira, bata 2014an eta bestea aurten bertan, 2016ko ekainean, non Jaurlaritzari zuzenean eskatzen zaion Hizkuntza Eskola Ofizialen eskaintza handitzea, ahalik eta eskaera gehien asetze aldera. Beraz, eskatuko genizueke behintzat, gobernuan zaudetenean oposizioan bezain zorrotzak izatea zuen eskakizunekin, ze oposiziotik gauzak eskatzea ez da hain zaila; benetako erronka dator kudeatzeko ardura duzunean, horri eustea.

Edonola ere, harritzen ez nauena emendakin honen konpromiso falta itzela da. Eta ez nau harritzen, zeren EHBilduko Legebiltzarreko taldeak galdera bat egin du gai honen inguruan duela sei hilabete eskas, eta Cristina Uriarte, jarduneko sailburuak sinatutako erantzunaren arabera, Jaurlaritzak oraingoz ez du inongo asmorik eskaintza zabaltzeko.

Amaitzeko esatea EH Bilduk Hizkuntza Eskola Ofizialen beharra aldarrikatzen duela, zerbitzu publiko hau indartu behar dela uste duela, eta emendakin honetan ordea udal gobernuaren konpromiso falta besterik ez dugu ikusten. Abstentzioa izango da beraz gure bozka.

EH Bildu Bilbo

Alternatibak bat egiten du STEILAS eta ELA sindikatuek LOMCEren aurka deitutako mobilizaio egunarekin

Alternatibak bat egiten du biharko, urriak 26, STEILAS eta ELA sindikatuek, hezkuntza alorreko hainbat eragileren babesarekin, Hegoaldean deitutako mobilizazio egunarekin, Euskal Herriarentzat hezkuntza sistema propioa aldarrikatu eta LOMCE zein honen izenean aplikatutako Heziberri eta errebalidak ezartzearen aurka.

LOMCEren kontrako hitzak ez ezik, urratsak ere egin behar direla gogorarazi behar zaie Gasteizko zein Iruñeko gobernuei, izan ere, erreformaren ondorio larrienetako batzuen aurrean, kontrol neurriak kasu, Hegoaldeko administrazioek jaso egin dituzte errebalidak Heziberriren bidez EAEn eta Hezkuntza legearen bidez Nafarroari dagokionez. DBH eta Batxilergoa gainditzeko ebaluazio horiek zer nolakoak izango diren ere inork ez daki, baina aski ezaguna da, aldiz, Espainiako lege atzerakoi bat onartzearen ondorio direla.

Horregatik, pertsona aske eta burujabeak sortu behar dituen hezkuntza sistema propioaren alde, eta eredu kapitalista elikatzea asmo duen eredu baten kontra, bihar ikastetxeetan deitutako lanuztearekin zein arratsaldez lau hiriburuetan antolatutako elkarretaratzeekin bat egitera deitzen dugu.

Alternatibak Iruñerriko sei ikasleen atxiloketa salatu eta kalitatezko hezkuntza publikoaren aldeko borroka txalotu du

Violeta Parraren abesti bat gogora ekarrita: Gora ikasleak, hegazti baten modukoak izanik, animaliari eta poliziari beldurrik ez diotelako! Ausardia hori aitortuz, gaur goizean Iruñerrian Espainiako poliziak gauzatutako sei ikasleen atxiloketa salatzen dugu, eta bide batez, ikasle mugimenduari gure elkartasuna helarazi nahi diogu, beste behin ere, kalitatezko hezkuntza publiko eta barneratzaile baten aldeko borrokaren irudi delako, milaka ikasle bildu zituen pasa den martxoaren 27ko grebarekin erakutsi zuten bezala.  

Aldi berean, Alderdi Popularrak bultzatutako hezkuntza erreformaren kontra altxatzeko antolatuta dagoen gazteria kriminalizatzeko nahia salatzen dugu ere. Nafarroako gazteek urteetan jazarpena sufritu dute, eta Estatuaren Segurtasun Indarren eskutik modu bortitzean zapaldua eta espetxeratua izan da.

Hala eta guztiz ere, Alternatiban gazteenen borroka antolatu hau Euskal Herriaren aldaketa soziala jomuga dugunontzat, koherentziazko adibide bat dela uste dugu.

Euskal gazteria aurrera!

Espainiako Gobernuak bultzatzen duen hezkuntza erreformaren aurka kalera ateratzeko deia egin du EH Bilduk

Hego Euskal Herriko hiriburuetan Espainiako Gobernuak bultzatzen duen hezkuntza legearen erreformaren aurka mobilizazioak egingo dira larunbat honetan, martxoaren 2an, Hego Euskal Herriko hiriburuetan, ELAk, LABek eta STEE-EILAS sindikatuek deituta. EH Bilduk manifestazio horietan parte hartuko duela aurreratzen du, eta bertan egoteko deia egin die herritar guztiei.

Izan ere, Jose Ignacio Wert ministroak bultzatzen duen legea euskararen normalizazioaren flotazio-lerrora jaurtitako misila dela uste du EH Bilduk, eta horrek erantzun bateratua ematea exijitzen duela; herri gisa erantzutea, hain zuzen.

Hezkuntza-eragileen iritzia kontuan arte gabe eta oraingo sistemaren ebaluazioa egin gabe garatutako proiektu honek erakutsi du orain bere benetako helburua: gaztelaniaz besteko estatuko beste hizkuntzak eta beren kulturak marjinal bihurtzea hezkuntzan sisteman eta sistema nazionalismo espainiarraren balioak transmititzearen mesedetan egituratzea. Proiektuak gainera komunitate autonomoen eskumenak zapaltzen ditu eta eredu zentralista bat ezartzen du.

Aurreratu zituen Wert ministroak bere asmoak, Kataluniako umeak “espainolizatu” nahi zituela adierazi zuenean. Horixe baita Hezkuntza Lege berri honen atzean ezkutatzen den benetako asmoa, Euskal Herriko neska-mutikoak nazionalismo espainiarraren esentziarik zaharkituenean heztea ikastetxeetan, bere balio moral eta hizkuntza-irizpide mugatuenekin.

Horren aurrean, bestelako hezkuntza eredu baten alde egiten du EH Bilduk: euskalduna, herritarra, publikoa, laikoa.

Bizi dugun krisi ekonomiko eta sozial ankerarren aitzakiapean, Madrilgo PPren gobernua ondo baino hobeto ari da etxeko lanak egiten eta urteetako beraien asmoak gauzatzen: Espainia bat eta bakarra desiratzen dute; hizkuntza bakar batekin, sinesmen bakar batekin, balio etiko eta moral jakin batzuekin… Azken baten, Euskal Herrian, zoritxarrez, ondo baino hobeto gogoratzen ditugun eta gaindituak behar luketen ez hain aspaldiko garaietara itzularazi nahi gaituzte berriro.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk larunbat honetan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei, gure herria LOMCE lege berriaren aurka dagoela argi uzteko.

Iruneko Akordio Estrategikoaren sinatzaileek Hendaiako ikastolaren aurkako erasoa salatu dute

Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasuna, 2012ko apirilaren 28an, Irunen, Ficoban sinatutako akordio estrategikoak biltzen dituen indar politikook, Baionako suprefetak Hendaian ikastola berri baten eraikitzearen aurkako erasoari elkarrekin ihardestea erabaki dugu. Oraingoan, Hendaiako ikastolaren aurkako eraso bati buruz ari gara, baina suprefetaren asmoak egi bilakatzen badira, Ipar Euskal Herriko ikastola guztiak kaltetuak izango dira eta desagertzeko zorian egon daitezke.

Baionako suprefetak Ipar Euskal Herrian Seaska eta herriko etxean artean zegoen funtzionamendurako 20 urteetako akordio tazitoa apurtzen du. Suprefetak Seaska eta eskuin zein ezkerreko udalen arteko kontsentuari ezin dio muzin egin. Erabaki hau euskarazko murgiltze hezkuntza sistemaren aurkako eraso zuzena da.

Denek onartutako ohiko jarduera eta suprefetak hartutako posizioaren arteko kontraesanak inoiz baino gehiago agerian uzten du marko juridiko bermatzaile baten beharra, hots, euskararen ofizialtasun estatusa edo perspektiba zabalago batean Frantziako estatuan diren hizkuntz gutxitu guztiena.

Horrez gain, salatu nahi dugu Frantziako Alderdi Sozialista jarrera. François Hollandek Europako Hizkuntz Gutxituen Gutunaren sinadura bere programaren puntu bat egin zuen, eta egun bere gobernuak izendatu duen suprefeta batek argi eta garbi erasotzen du euskarazko murgiltze hezkuntza.

Euskal gizarteari deia luzatzen diogu larunbateko manifestazioan parte hartzeko. Mobiliazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da, Hendaiako tren geltokitik.

http://alternatiba.net/old-files/p002_f01.jpg

X