Israeldar Arrazismori Txartel Gorria erakusten

Euskal Herria-Palestina Sarea

2011ko ekainean, Palestinako 42 futbol taldeek, UEFA-ko lehendakaria den Michel Platini 21 urtetik beherakoen lehiaketa maskulinoa Israelen egitearen erabakia aldatzera bultzatu zuten, Israelek Palestinan okupazio militarra, kolonizazioa eta apartheid sistema inposatzen dituelako.

Harrezkero, UEFA-k sub21ko finalak Israeli ken ziezazkiolako eskaera deiak etengabeko eran ugaritu ziren Europa osoan eta mundu zabalean. Sarean bildutako 13.000 sinadurak, edo europar futboleko 50 izarrek  sinatutako adierazpenak edo Marie-George Buffet kiroletako ministra ohiaren eskutitzak frogatzen dute, bai futbol jarraitzaileek bai giza eskubideetako defendatzaileek, Israeli lehen mailako kategoria duen ekitaldi bat antolatzeko ohorea ematea, kiroletako balioen aurka doan bidegabeko portaera bat saritzea dela uste dutela.

Nazioarteko zuzenbidea ez betetzea eta palestinarren giza eskubideen urratzeengatik, Europa osoan zabaltzen den mugimendu anti-arrazista, Israeli Txartel Gorria erakusteko kanpaina egiten ari da.

Kanpainak, Israelen kirol lehiaketak ospatzeko UEFA-ren erabakia eztabaidatzen du, eta kirolak duen potentzial positiboa, Israel presionatzeko erabiltzea, giza eskubideen bortxaketarekin amai dezan esigituz, eta ez zigorgabetasunarekin eta sari emateekin adore emateko. 2005ean jendarte zibilak martxan jarri zuen BDZ (Boikot, Desinbertsio eta Zigor) mugimendu orokorraren barruan sartzen den kanpaina da, zein Hegoafrikako Apartheid-en aurkako mugimenduan oinarritzen den, non kiroletako boikotak paper garrantzizkoa izan zuen egoera horren aldaketan.

2010ko irailean, Michel Platini-k Israelek futbolari palestinarrei inposatzen dizkien murrizketei buruzko kezka adierazi zuen, “Israelek aukeratu beharko du kirol palestinarra garatu eta loratu dadila baimentzea edo bere gaurko portaeraren ondorioei aurre egitea” esanez.

Harrezkero bi urte eta erdi   pasatu dira eta “loratzea” ez da Palestinako kirolen gaurko baldintzak deskribatzeko erabil daitekeen hitzik egokiena. Zisjordanian, Jerusalenen eta Gazan okupazio militarrari aurre egin behar dion palestinar herri osoaren adibide txiki bat besterik ez da, edo Israelgo Estatu barruan bigarren mailako herritarrak bezala edo atzerrian kanporatutako errefuxiatu bezala bizi direnen errealitateko zatitxo bat besterik ez.

Ez dira  futboleko eta kiroletako instalazioak soilik izan militar israeldarren erasoen jo muga, paralinpikoen batzorde nazionala eta Gazako estadio nagusia barne. Eskoletako patio eta haur-parkeetan, bonbardaketek, futbolean ari ziren gaztetxo palestinarrak ere hil dituzte.

Hiru hilabeteko gose greba eta nazioarteko protesta zabala egin behar izan ziren Mahmoud Sarsak palestinar selekzio nazionaleko kidea dena lehengo urteko uztailean askatzeko, israeldar autoritateak. Gazatik Cisjordaniara partidu bat jolastera zihoanean atxilotu zuten eta hiru urtez eduki zuten kargurik eta epaiketarik gabe. Gaur egun oraindik selekzio nazionaleko atezaina den Omar Abu Rois eta Ramalako jokalaria den Mohammed Nimr espetxeratuak dauzka Israelek, beste lau mila baina gehiago preso politikoekin batera.

Palestinar orori bezala ohizkoa den eran futbolari palestinarrei ere mugimendu askatasuna ukatzen zaie, nahiz okupatutako lurralde barruan, nahiz entrenamenduetan edo lehiaketetan parte hartzeko atzerrira bidaiatzen saiatzen direnean. Gainera, UEFA-k aurrera egingo balu txarto pentsatutako sub21en lehiaketa plana Israelen ospatzeko asmoarekin, legez kanpo okupatutako lurraldeetako milaka palestinar jarraitzaileei ukatu egingo litzaieke partiduak ikustera joateko eskubidea, kolono israeldarrak inongo oztoporik gabe edozein joan etorria egiteko askatasun guztia izango luketen bitartean.

Irainen mukuru bezala, sub21en amaierarako aukeratutako estadioen artean Bloomfield estadioa dago, lehenago Basa deitua, Shabab kluba-Arab 1948an kanporatu zuten estadioa; Netanya herriko estadioa, Bayyarat Hannun palestinar herri suntsitua izan zeneko azken etxearen gainean eraikitakoa; erreserba moduan Ramat Gan-eko estadioa, “ jabe absentea” delakoaren legea aplikatuz, Jarisha,  Al Jammasin eta Al Sharqi-ko udalei desjabetutako lurretan eraikia, eta Teddy estadioa, Al Maliha suntsitutako herriaren ondoan eraikia.

Teddy estadioa,  Beitar Jerusalem talde entzutetsuaren egoitza ere bada, zeinen jarraitzaileak 2013ko otsailean klubaren eraikin administratiboak erre zituzten Chechnya-ko bi jokalari musulman fitxatu ondoren, eta hilabete bat geroago haietako batek bere lehen gola markatu zuenean, mordo handi batean alde egin zuten estadiotik. Moshe Zimmerman-ek, unibertsitate hebrearreko kirol historialari denak, Beitar Jerusalem-en jarraitzaileak, taldexka estremista bat besterik ez denaren ideiari uko egiten dio eta horrela adierazi du: “Israeldar jendartea orokorrean gero eta arrazistagoa itzultzen ari da, edo gutxienez etnozentrikoagoa eta hau horren adierazgarri da”.

Europa osoan Tarjeta Gorria-ren kanpainak argudiatzen du Israel “ondorioei aurpegia ematera behartu” behar dela. Adierazpen honetan zerrendatutako gehiegikeriak Israel deskalifikatzen dute kiroletako nazioarteko ekitaldiko anfitrioia moduan. Hori baimentzeak zigorgabetasunaren sentsazioa indartzen bai du, gehiegikeriak betikotuz.

Sub21en txapelketa europarra egiteko, Israeli emandako ohore hori erretiratzea eskatzen diogu UEFA-ri, eta etorkizunean ere Israel bazter dezala horrelako ekitaldiak antolatzeko hautagaietatik, giza eskubideen bortxaketa sistematikoak kirolean ez duenaren mezu sendoa igorriz.

Demokrazia ezkertiarra da

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate – Alternatibako Mahai Internazionalista

Italiak azkenaldian bizi izan duen hauteskunde-osteko komeria, 5 Izarren Mugimenduaren ustekabeko arrakastak presidentea aukeratzeko momentuan alderdi tradizionalen arteko nahaspilak sortutakoa, demokrazia berezi bat duen herri batean gertatutako beste arazo bat besterik izango ez balitz bezala azter zitekeen. 

Halaber, eta Italiakoa klabe historikoan eta nazioartean aztertuz gero, mugimendu ausart, erradikal, konplexu eta zehaztugabe honek sortutako hedatze-uhina haratago joan zitekeela ondorioztatu genezake. Horrela, mundu osoan pairatzen dugun maila baxuko demokraziaren zilegitasun eza handitzeko prozesu zabal eta sakon batean hasteko aukera egongo litzake. Izan ere, demokrazia hau ez da gai gehiengo zabalen interesak asebetetzeko ezta parte-hartze, justizia eta bake beharrizan globalari erantzuteko ere. Prozesu hau beraz, indartsu hel zitekeen Europara.   

Zentzu honetan, gero eta nabarmenagoa da herritarren eta erabaki garrantzitsuen arteko aldentzea; gero eta argiagoa da parte-hartzearen kalitate demokratiko eskasa, lau urtean behin ordezkariak aukeratzeko sistema moduan ulertuta; gero eta ageriagoa da enpresa eta merkatuek, pertsona eta gobernuekiko duten nagusitasuna; gero eta adierazgarriagoa da alderdi politikoen zilegitasun eza, bai masen tresna modura zein proposamen eraldatzaile eta burujabeen aurkako babes bezala.

Hala, demokrazia liberal-ordezkatzailearen eredua eta bere eragile nagusiak –alderdi politikoak-  gero eta gehiago jartzen dira zalantzan, eta herritarrek eredu honen inguruan sortu den hauteskundeetara aurkezteari eta instituzioetan egoteari begirako sarea, arrotza, garrantzirik gabekoa eta euren interesen aurkakoa dela ere uler dezakete. Horrela ulertzen dira adibidez, Latinoamerikan gertatutako aldaketa prozesu esanguratsuenetako batzuk: ekimen ausartenetako asko –Bolivia, Ekuador eta Venezuela- erro berdina konpartitzen dute, alderdi tradizionalak, agenda estuak eta kultura politiko itsuak alde batera utzita, eta parte-hartze eredu berriak proposatzen dituzte ikuspuntu liberala baztertuz, baita alderdikrazia delakoari aurre eginez ere. Era berean, munduan barrena borroka eraldatzaileetan protagonista izaten ari direnak eta agenda berrien inguruan sektore herrikoi garrantzitsuak biltzen dituztenak, mugimendu sozial desberdinak direla ikus dezakegu. 

Hau ez da berria, beti egon baita balio gutxiko demokrazia honen aurkako erantzuna eta honi aurre egitea lortu duten pertsona zein erakundeak ere. Aitzitik, eredu ustel eta bidegabe honekiko nekea eta demokrazia, parte-hartzea zein boterea ulertzeko beste eredu batzuetara aldatzeko beharra, gero eta handiagoa da. Horregatik, herritarrok zein alderdi politikoek –eredu honen seme-alabak- etorkizunari ahalik eta modu onenean aurre egiten prestatuko gaituzten lezioak ikasi behar ditugu.

Zentzu honetan, eta lehenik eta behin, gaur egun berez balioa galdu duen demokrazia baten balio galera prozesu batean murgilduta gaude. Batetik, Italian sistema babesten duten alderdi guztiak –eskumakoak, liberalak, sozialdemokratak- herriaren gobernagarritasuna bermatzeko, hau da biziraupena bermatzen dien statu quoa mantentzeko, zein azkar batzen diren ikusten dugu. Aldaketa haizeak suntsitzeko asmoz egindako eskumen batuketa hau, edonon gero eta gehiago ikusiko dugun zerbait izango da; bestetik, errepresioa, protestaren kriminalizazioa eta indarkeria instituzionala gero eta indartsuagoak direla dirudi, desberdintasunak areagotzen diren bitartean eta pertsonak euren eskubideen alde borrokatzeko antolatzen diren heinean. Munduan zehar gertatzen diren erailketa politiko anitzak (Guatemala, Mexiko, Kolonbia, etab.), zein Etxe-kaleratzeen aurkako Plataformako kideen aurka Espainoko estatuak zuzentzen duen kriminalizazioa, edota euren militantzia politikoagatik Ertzaintzak gauzatutako 8 gazte euskaldunen atxiloketa, krisiari eta kosta ahala kosta euren pribilegioak mantentzearren boteretsuek egindako saiakerari lotutako garai berri honetan gertatutako adibide batzuk besterik ez dira. Ezin dugu bistatik galdu gero eta nabarmenagoa den errealitate hau.

Baina gainera, eta bigarrenez, ezkerrak beste oinarrizko lezio bat ikasi behar du demokraziari buruzko diagnosi honetan: hauteskundeetara aurkezteari eta instituzioetan egoteari begirako jokoak, gaur egun garrantzi handikoa bada ere, hutsune sakonak dauzka, zilegitasuna guztiz galdu du eta beraz, gero eta maila txikiagoan ordezkatzen du jendartea. Oinarrian hauteskundeetara aurkezteari eta instituzioetan egoteari begirako estrategiaren erritmoak eta dinamikak lehenesten konformatzen bagara, Titanic hondoratzen ari zenean jotzen jarraitzen zuten musikariak bezala amaitzeko arriskua dugu.  

Irabazteko asmoa dugu, bakarrik –edo batez ere- eskumak iruzurrez kontrolatzen duen karta joko batean. Aitzitik, gero eta argiagoa dirudi aldaketak gertatzen ari diren joko-zelaiak anitzak direla eta bertan, kartak ere askotarikoak direla. Eskumak botoak besterik ez ditu behar gobernuan egoteko eta boterea mantentzeko, eta ezkerrak botoak baino gehiago behar ditu: konbentzitzea falta zaio, formazioa sustatzea falta zaio, alternatibak proposatzea falta zaio, indar politikoak metatzea falta zaio. Hauek izan behar dira gure kartak, hori da gure jokoa, eta hori ez da soilik –eta oinarrian- instituzioetatik egiten -baina baita ere-.

Intentsitate baxuko demokrazia eredu honekin amaitu zezakeen olatuak eragileen artean ezberdintasunik ez egiteko arriskua dakar, eta zintzoenak ere suntsi ditzake, baldin eta ez bada gai momentua ulertzeko eta ez badu ikuspuntua zabaltzen. Horregatik demokrazia zabaldu behar dugu, baita ordezkaritza dugun instituzioetan ere: lehenik, ahalik eta leku gehienetan demokrazia zuzena eta parte-hartzailea ardatz duten esperientziak martxan jartzea lehentasunezkoa izan behar da, modu estruktural eta iraunkorrean, berebizikoa izanik zer eta nola egiten den, eta emaitzari beldurrik izan gabe: azken finean, demokrazia zuzena berez ariketa ezkertiar bat da; bigarrenez, desobedientzia zibil aktiboaren tresnak sustatu behar dira (Aske Gunean euskal gazteriak emandako jarraibidea guztiz txalogarria da); hirugarrenez, eta modu estrategikoan, mugimendu sozialekin artikulazioaren garapenari, ahaleginak, baliabideak eta denbora eskaini behar zaizkio, konfiantza eta elkar-ulertzea oinarri duten espazioak eta agendak sortuz –baina benetakoak-. Azken finean, gainbeheran dagoen demokrazia honen marko estuak gainditu behar dira eta gainezka egin –berak gure kontra gainezka egin aurretik-, herritarrei demokrazia eredu burujabeagoak eskainiz. Demokrazia ezkertiarra da, aldarri egin dezagun.

Capriles eta kolpisten eskuliburua

Jonathan Martínez – Alternatiba

Venezuelako eskuinak hainbeste porrot izan ditu hauteskundeetan, dagoeneko sua, pogrom-a eta balengan besterik ez du konfiantza. Izan ere, Henrique Caprilesen tropelek 2002an Chavezen kontra estatu kolpea egin zutenen gidoia jarraitzea erabaki du, kaleak odolez tindatuz.

11 urte igaro dira oposizioak, patronalak eta komunikabide pribatuek Caracasen herritarren arteko borroka sustatu zutela eta Baralt etorbidea frankotiratzailez bete zituztela. Hemeretzi hildako eta ehunka zauritu izan ziren aitzakia Miraflores Jauregian indarrez sartzeko. Espainiako prentsa ofizialak estatu buru zilegiaren bahiketa txalotu zuen, eta Aznarren gobernuak “laguntza eta babesa” eskaintzera atera zen azkar, Pedro Carmona presidente kolpistaren zerbitzura.

Caprilesek, kolpismoaren eskuliburua ederki ezagutzen duela, nazioarteko begiraleek berretsitako gardentasuna duten hauteskundeak inpugnatzera deitu du. Horregatik, burgesiaren seme-alabek kalera atera dira zentro medikoak eta PSUVen egoitzak erretzera, telebista publikoak zein gizarte etxeak inguratzera atera dira, mediku kubatarrei erasotzera eta jarraitzaile bolivartarrei tiro egitera. Zazpi lagun hil dituzte, azaletan ageriko ez direnak herritar xehe jaio eta Bostonen bizi ez direlako.

Iraultzak aurrera darrai. Baita faxismoa eta bere konplizeen isiltasunak, ere.

Alternatibak Venezuelako ezkerrak zoriondu ditu sozialismoaren eraikuntzan lortutako garaipen berriarengatik

Alternatibako bozeramaile Diana Urreak  Venezuelako herria zoriondu du ezkerraren garaipen berriarengatik eta ondorengoa azpimarratu du: “garaipen hau eraikuntza sozialistaren prozesua bultzatzeko balio behar du, hamabost urtetik hona Venezuelako herritarrek buruan sartuta izan duten ideia”.

Alternatibako kide eta legebiltzarkideak kanpainan zehar bizi izan den egoera konplexua nabarmendu du – Hugo Chavez gabe egindako lehena- eta horregatik gogorarazi ditu “prozesu bolivartarra ezegonkortzeko egin diren saiakera anitzak”. Egoera hau dela eta, Urreak hautestontzietan lortutako emaitzak aintzat hartu ditu: “sozialismo erreala lortzeko bidean garaipen bat da hau, herritik eta herriarentzat eraikitakoa”.

Bestaldetik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak oposizioko alderdi eskuindarrei dei egin die hauteskunde emaitza berehala onar dezaten, munduan dagoen hauteskunde zenbaketa sistema gardenetarikoa eta lagundutarikoa izanik.

Azkenik, Alternatibatik eta Euskal Herritik, elkartasunezko agurra bidali diete Venezuelako emakume-gizon guztiei, eta konfiantza dute “egoera konplexu horren gainetik, eta  desinformazioa eta ezegonkortasuna gaindituz, bere etorkizunean sinetsi eta horren jabe sentitzen den herriaren duintasuna lehenbiziko ardura izaten jarraituko duela”.

Guatemala odolustuz

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate – Alternatibako Mahai Internazionalista

Duela zenbait hamarkada jada, Eduardo Galeanok Las venas abiertas de América Latina (Latinoamerikako zain irekiak) idazkian aipatzen zituen lurralde honek bere historian pairatutako espoliazioa, inposaketa, kolonialismoa eta indarkeria; planetan izandako bortitzena konkistaren garaietatik. Horrela, Galeanok azaltzen zuen Latinoamerika, azken bost mende luzeetan, beti izan dela botere globalentzat ahalik eta etekinik handiena lortzeko erabilitako lurraldea, erabakitzeko ahalmenik eta burujabetzarik gabekoa, non pobrezia eta desberdintasun sozial handiak, nazioarteko egituran duen menpeko funtzioak eragindako alboko efektuak besterik ez direlarik. Zainak irekita dauzkan lurraldea beraz, gutxi batzuen mesederako odolusten ari dena.

Gaur, XXI. mendeko lehen hamarkadan, beharbada azpi-kontinentearen gainean bestelako irakurketa egin genezake. Irakurketa baikorragoa, azpimarratuz 1992an genozidioaren urteurrenean harira -batzuek Amerikako aurkikuntza deitutakoa- burrunba egindako aski da! oihu hura, karakterizazio historiko horri aurre egiten dieten prozesu politiko eta sozialetan bihurtu dela. Hala, zalantzarik gabe lurraldea burujabetzan eta integrazioan hobetu da, eragile eta politika neoliberalei aurre eginez, eta baita indarrean dagoen sistema gaindituko duten alternatiba burujabeak proposatuz ere. Gaur egun beraz, sarraskiarekin amaitzen eta kontinente ernegatu eta duin baten zain irekiak sendatzen tematuta dauden indar, botere eta agendak badaude (bereziki gogoratu nahi dugu Hugo Chavez, Amerikak azken hamarkadetan izandako kirurgilaririk hoberena). 

Halaber, prozesu alternatibo hauek, oraindik sendoak eta itxaropentsuak, gupidarik gabeko erraldoi bati eta historian irmoki eraikitako egitura batzuei aurre egiten diete. Hala, Latinoamerika odolusten darrai, nahiz eta gaur egun, egoerari buelta emateko gai izateko esperantza dugun. Itxaropen hori bera, lurraldea zeharkatzen duen esperantza, bereziki zigortuak izan diren estatuetara heldu da; Guatemalara esaterako, bere zainak oraindik zabal-zabalik dituenak. Izan ere, Guatemalan odola bor-bor jaulki da gatazka armatuak iraun duen bitartean (1960-1996). Eta Guatemalan, gaur egun, odola borborka jaulkitzen jarraitzen duelako.

Eta hau hala da, ikuspuntu kolonialista, arrazista, antidemokratikoa eta boterearen aliantza berrien interesaren aldekoa (gobernu militarrak, enpresa transnazionalak, interes-talde nazionalak, narkotrafikoa), ez delako batere aldatu, eta ez dutelako nahi emantzipazio haizeak eta sendatzeko nahiek Guatemalan lekua izan dezaten. Aurrez aurre, herri eta gizarte mugimenduek sustatutako erantzunaren aurka, gero eta handiagoa dena, eta gizartearen gehiengoari zuzenduta, haien agendan kokatu dituzten proposamen alternatiboen aurka agertzen dira. Hortxe kokatzen da beldurra sustatzeko, ekintzaile sozial eta politikoak kikiltzeko, protesta kriminalizatzeko estrategia eta baita berau mantentzeko indarkeriaren erabilera ere.

Testuinguru honetan kokatzen da pasa den martxoaren 18an gertatutako, Marcos Ucelo Xinca Herriaren buruzagi komunitarioaren erailketa. Aurretik beste hiru kideekin batera bahitu zuten, galdeketa komunitario batetik itzultzen ari zirela. Ekintzaile ezagunak dira, Martxa Indigena eta Nekazaria bezalako mobilizazio handietan parte hartu dutenak, eta haien lurren jabetza komunaren alde borrokatzen dutenak, enpresarien interesei aurre eginez. Estrategia honen beste adibide bat, beste hamaikaren artean, Ruben Herreraren espetxeratze bidegabea da; lagun-mina eta Huehuetenengoko Departamenduko Asanbladako buruzagia, besteak beste terrorismoagatik salatua, soilik Galiziako zentral hidroelektriko bat herri galdeketarik egin gabe eraikitzearen aurka agertzeagatik. Gertakari honetan interes politiko eta enpresarialak nahasten dira -beste askotan bezala-, eta hildako komunitario bat, onartutako setio-egoera eta hamahiru atxilotu baino gehiago eragin dituena; noski, guztiak komunitateetakoak direlarik. Ruben azkena izan da, beste guztiak dagoeneko aske dauden bitartean, haien aurkako frogarik ez dagoelako. 

Negozioa, espoliazioa, beldurra, kikiltzea, indarkeria basatia, gobernuarena edo enpresena. Hau da proposamen ofiziala. Lehendakariak, Otto Perez Molinak, hala adierazi zuen Madrilera eginiko bisitan. Bere diskurtso ulergaitza itzulita, honakoa esan zuen: “Zatozte enpresa espainiarrak, herri hau salgai dago eta. Segurtasun juridiko, legal eta soziala eskaintzen dizkiegu inbertsioei, kosta ahala kosta”. Eta kosta ahala kosta honek hildakoak ere badirela esan nahi du, Marcosena bezalakoa; eta atxiloketak badirela, Rubenena bezalakoa.

Baina Rubenek badaki, Marcosek zekien bezala, eta Guatemalako herri eta sektore herrikoiek dakiten bezala, eragin nahi duten beldurra, botereak duen beldurrarekiko proportzionala dela. Aldaketa haizeak dagoeneko heldu direlako, Baqtun berri bat martxan da, eta atsekabetutako herri honen zainak sendatuak izango dira. Beharrezkoa delako eta egingarria delako. Inork ezin dio haizeari mugarik jarri, ezta Guatemalan ere. Eutsi goiari Ruben!

X