Gaur Kolonbiako herriak aukera izango du mugarri izango den akordioa berresteko; herri honen zein kontinente osoaren etorkizuna baldintzatuko duen itun historikoaz ari gara. Lau urteko negoziazio zailak egin behar izan dira, Kuba, Norvegia, Venezuela eta Txileko gobernuen babesarekin. Azkenean, sinatu egin dute Kolonbiako Gobernuak eta FARC-EPk irailaren 26an Gatazkarekin bukatzeko eta bake egonkorra eta iraunkorra eraikitzeko behin betiko akordioa.
Zortzi milioi biktima, 250.000 hildako eta desagertutako 70.000 lagun utzi ditu. Bakea eta Justizia Soziala oinarri izango duen historia idatzi ahal izango du. Izan ere, itunak eduki benetan azpimarragarriak ditu:
Nekazaritza erreforma osoa: Kolonbian biztanleriaren %0,04 lurralde osoaren %60aren jabe da. Nekazariei zortzi milioi hektarea inguru kendu dizkiete.
Bakea eraikitzeko irekitasun demokratikoa: eremu politikoan arazo nagusien inguruan hausnarketa aberastuko duten indar berriei ateak irekiko dizkiete.
Legez kanpoko drogen arazoari aurre egitea: horren desagerpena erabakigarria izango da. Labore hauek, hilero, bilioika dolar mugitzen dituzte.
Biktimak: Egia, Justizia, Erreparazioa eta Berriz ez Gertatzeko Sistema Integrala ezartzen da, bitarteko judizial zein bide judizialetatik kanpokoak, biktimak ahal den neurrian gogobetetzeko.
Behin betiko su-etena eta bi aldeen arteko erasoei amaiera behin betikoa ematea, armak laga eta gatazka bukatzea. 180 eguneko epean armak uzteko kronograma zehaztuta, ondoren, bizitza zibilerako urratsa egin ahal izan du FARCek.
Inplementazioa, egiaztatzea eta berrestea: Akordioak jaso du sinaduraren ostean, herritarrek berrestu beharko dutela. Horixe da gaurko ariketa. Habanan Genero Azpibatzorde bat ezarri da, halaber, emakumeei ahalbidetu diena bizi izan duten indarkeriaren berri ematea. Akordioaren atal guztiak ikuspegi horretatik garatu dira.
Prozesua atzeraezina da, baina ezin ahaztu bakearen etsaiek, Uribe buru, ahal duten guztia egingo dutela akordioan jasotakoa gauza ez dadin. Esaterako, nekazariei kendutako lurrak berrezartzeak, paramilitarren ekintzekin egingo du topo. Kezkak ditugu, halaber, FARC-EP alderdi politiko bilatzeko bidearen inguruan. Izan ere, 1980ko hamarkadan Union Patrioticako 4.000 lagun erail zituzten, bizirik atera ziren apurrek erbesterako bidea hartuta. 30 urteko zigorgabetasunaren ostean, Kolonbiako presidenteak krimen horien erantzukizuna aitortu eta barkamena eskatu zuen lehen aldiz. Hala ere, azken urtean Marcha Patrioticako 100 lagun baino gehiago hil dituzte.
Sinetsita nago galdeketan baiezkoak irabaziko duela, baina egia da kanpaina gogorra ari dela egiten bakearen aurka, prozesuaren kontra hitz egiten eta gizateriaren aurkako krimenak egin dituztenak babesten. Hiriguneetan sarbidea duen diskurtsoa da, landa eremuan pairatu baitira gatazkaren ondorio nagusiak, eta bertakoak, konbentzituta daude bakea ezartzeko bidearen hasiera dela akordioa.
Nabarmendu behar da Kolonbiako Gobernuak eta FARC-EPk erakutsi duten ausardia. Borondate politikoa dagoenean, bakea eraiki daitekeela frogatu dute, mailaketarik gabeko biktimak aitortu daitezkeela eta garaile zein galtzailerik gabeko prozesua egin daitekeela. Eta Kolonbian egin izan bada, Euskal Herrian ere egin ahalko da.
Galdeketa honetan bakeari baiezkoa ematea, etorkizun hobea marrazteari baiezkoa ematearen parekoa da. Horregatik espero dugu bakea eta justizia soziala garaile ateratzea gorrotoaren eta gerraren aurrean.