Aternatibak Chavezen heriotza deitoratu eta bere borrokarekin jarraitzera deitu du

Alternatiban atsekabez hartu dugu Hugo Chavez Frias herrien eta jazarritako pertsonen eskubideen defentsan borrokalari nekaezinaren heriotza. Hamalau urtean Venezuelako Errepublika Bolivartarraren Gobernuan eginiko lana aitortzekoa da, ez bakarrik bere herriak izandako aurrerapen handiarengatik, baizik eta Ertamerika eta Hegoamerikako herrien emantzipazioa, elkarlana eta integrazioa lortze aldera eginiko ahalegin handiengatik.

Sozialismoak ezinbesteko erreferentea galdu du, baina ideiak, proposamenak, Hugo Chavezek milaka eta milaka lagunengan piztu duen ilusioa mundu osoan zehar, pertsona bat baino askoz indartsuagoak dira, pertsona hura hain handia izanda ere. Horregatik, dolumina nagusi den honetan, sozialismoaren aldeko apustua eta bizi dugun sistema kriminalaren aurkako borroka indartu egiten da.

Bere alderdiak iazko urriko hauteskundeetan lortutako gehiengoak errespetatzea espero dugu, eskuma kolpistak Iraultzari zilegi ez diren bideetatik eta Venezuelako herriaren beraren kontra boterea ken diezaiola saihestuz.

Horri lotua, salatu egiten dugu nazioarteko prentsak dagoeneko abiatu duen kanpaina mediatikoa, hauteskunde berriak deitzearen alde, herritarren mugimendu geldiezina garaitu nahian. Herriaren kontzientzia boteretsuen interesa baino indartsuagoa izango da beti. Hugo, adiskide, borrokak aurrera darrai.

Israel: lehengo lepotik burua

Diana Urrea – Alternatibako Mahai Internazionalista

Israelgo gobernuak Gazako populazioaren aurka duela hiru hilabete burutu zuen eraso militar bortitzak milaka heriotz izan zituen ondorio bezala; eta, gainera, jada negargarria zen populazioaren egoera okertu zuen. Gure inguruko hedabideetako analista gehienek ia aho batez adierazi zuten hauteskunde israeldarrak zirela zergatia. Arrazoiak, ordea, bestelakoak dira; nahiz eta, ziur asko, Netanyahuren gobernuak argi izan eraso militar azkar batek bere alde egin zezakeela.

Hain zuzen ere, Israelek bultzatutako bortizkeriaren arrazoia bere gobernu neokontserbadoreak Islamaren aurka daraman aurretiazko gerra estrategian datza. Estrategia horren muina bi oinarri ditu: alde batetik, erantzukizun berdina duten eta sufrimendu berdina pairatzen duten bi alderdien arteko gerraren ideia faltsua zabaltzea; eta, bestalde, gatazka konpontzeko negoziazioak ahalik eta gehien atzeratzea, Israelen posizioa etengabe indartzen den heinean.

Netanyahuren gobernuak, Estatu Batuetako hauteskundeetan, Romneyren alde egin zuen, bere garaipena ziurtzat joz; eta berraukeratutako Obamak negoziatzeko egin zezakeen presioak ekiditeko probokazio odoltsua bultzatu zuen, kanpotik inposaturiko bake negoziazioen berpiztea baztertzeko asmoz. Horrela bada, Estatu Batuetako administrazio berriak Ekialde Hurbila baretzeko ahaleginak egiten dituen bitartean, Netanyahu bere gudarako estrategia globalari bizi berria emango dion norgehiagoka bilatu zuen, Gazako populazioaren bizkarretik.

Aldi berean, Hamasi itzelezko legitimitatea eta ospea eman dio, palestinarren artean, Israeli militarki aurre egiteko eta israeldar hiriak erasotzeko duen gaitasunak. Hamas indartzea da, israeldar neokontserbadoreen beste helburuetako bat, era berean Abbas palestinar presidentea ahultzeko eta bere negoziazio ahalmenak gutxitzeko.

Estrategia horren beste adibide bat da Nazio Batuen Asanblada Orokorrak Palestinari aitortutako nazio begirale estatusari emandako erantzuna: Netanyahuk berehala iragarri du Jerusalem aldean kokaleku berri bat egiteko plana. Kokaleku berri horrek hiria Zisjoradanitik isolatzen du, Estatu Palestinarraren bideragarritasuna deusezten du eta behin betiko akordio bat lortzea ezinezko bilakatzen du.

Azkenean, hauteskundeen emaitzak ez dira onak izan Netanyahurentzat, baina palestinarren ikuspuntutik berdin dio, ustezko alderdi zentristek israeldar neokontserbadoreen politika berdina babesten dutelako.

Egoera honetan, Israelen estrategia maltzur horri aurre egiteko eta bere apartheid, okupazio eta arrazakeria politikari aurre egiteko, gizarte zibilak daukan bide bakarra da gero eta indartsuagoa den nazioarteko boikot, desinbertsio eta zigor kanpaina (BDS) babestea da, eta nazioarteari palestinarren eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen aldeko jarrera irmoa eskatzea.

Irudia:Latuff 2004

Alternatibak Gdem Izik-eko ekintzaile saharauien kontrako zigorrak salatzeko Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du

Alternatibako Mahai Internazionalistako bozeramaile Gonzalo Fernandezek bihar Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du Marokok Gdem Izik kanpamenduko ekintzaileei ezarritako epai gogorrak salatzeko. Bizkaiko saharar diasporak eta Euskadiko ordezkaritza sahararrak antolatu dute elkarretaratzea. “Gdem Izik-eko preso politikoei ezarritako zigorrak arbuiatzen ditugu oinarrizko berme legal eta judizialak betetzen ez dituztelako, EHUko irakasle Juan Soroeta bezalako nazioarteko behatzaileek aitortu duten bezalaxe; zilegitasun osoz bere herriaren autodeterminazio eskubidea eskatzen duen saharar herriaren kontrako epaiketa politikoa da beraz”. 

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak hauxe azpimarratu du: “zigor bidegabea izan da, frogatu eta argitu gabeko gertakizunen testuinguruan eman delako”. 2010eko azaroan makina bat saharar emakume zein gizon jarrera baketsu batean kontzentratu ziren Gdem Izik-en (Marokok okupatutako saharar lurraldea) kanpamentu bat osatuz “Mendebaldeko Saharan indarrean dagoen beldur-sistema salatzeko asmoz eta horren ondorioz, marokoar poliziak gogor zapaldu zituen, hainbat heriotza eragin zituena, ikertu ere egin ez den bi sahararren heriotza adibidez”. Egoera horretan, “bereizi gabe eta ausazko” atxilotu asko egon ziren ekintzan parte hartu zutenen artean, erailketa horiek atxilotuei leporatuz.

Alternatibatik Marokoko gobernuari gertakariak guztiz argitzeko exijitu diote, baita ere “Mendebaldeko Saharan praktikatzen den giza eskubideen urraketa sistematikoarekin bukatzea eta herri sahararren autodeterminazio eskubideen aitorpena egitea”. Halaber, Espainiako Erresumaren gobernuari exijitu diote “dagokion ardura historikoa onartzeko eta arlo internazional guztietan autodeterminazio eskubide horren babesa defendatzeko. Azkenik, Europako Batasunaren gainean eragiteko eskatzen diogu saharar baliabide naturalen lapurreta dakarren Morokorekiko hitzarmen komertzial zein ekonomiko ororekin apurtzeko”.

Alternatibako militanteek, Mahai Internazionalistako bozeramailearekin batera, bihar osteguna 18:30tan egingo den manifestazioan parte hartuko dute Arriagako plazatik Rekalde Zumarkaleko 27. zenbakira abiatuko dena, Marokoko kontsuletxearen aurrean.

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/860835_608563472494306_2108268137_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/823390_608563779160942_514128061_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc1/823595_608563739160946_174063720_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/859922_608564065827580_325180598_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/164479_608564095827577_2064970258_n.jpg

Ekuadorren, Bizitza Duina helburu

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate – Alternatibako Mahai Internazionalista

Argitaratutako inkesta gehienen arabera, datorren otsailaren 17an, Ekuadorko herritarrek Rafael Correa lehendakari aukeratuko dute berriz ere, bigarren itzuli baten beharrik gabe. Hala, galdeketaren emaitzak egiaztatuz gero -eta zalantzetan egon daitezkeenen botoak sorpresarik eman ezean-, Correak eta Movimiento País-ek (Herri Mugimenduak) beste 4 urte izango dituzte bizitza duinaren sozialismoa delakoaren aldeko apustuan aurrera egiteko. Lehen urratsa, egun berean aukeratuko den Asanblada Nazionalean presentzia handia lortzea izango da.

Arrakasta honen arrazoiak askotarikoak dira, baina hiru nabarmenduko ditugu: Lehena eskumak hautagai-zerrenda bateratua aurkezteko ezintasuna izan da. Horrela, bai hautagai kontserbadore bakoitzaren atzean dauden enpresari eta oligarkia taldeen interesak desberdinak direlako -Asanblada berrian oposizio modura agertu nahi dutenak-, edo bai eskumak bere presidentzia hautua agortu duelako, bere etorkizuneko proiekzioa sortzeko hautagai desberdinak planteatzen dituelarik, atzeraka doan eskumako botoa sei aukera desberdinetan banatu da. Bigarren arrazoia da, ezkerraren barruan inork ez duela Movimiento País-i itzal egiteko gaitasunik. Hala, Alberto Acosta, ezkerreko beste hautagaia, Coordinadora de Unidad Plurinacional (Nazio Anitzeko Batasunaren Koordinakundea) delakoaren burua, boto-asmoaren %2-4ra heltzen da soilik, Correaren %55-60aren aurrean. Hirugarrenez eta azkenik, herritarrek -eta batez ere Ekuadorko sektore gutxietsienak- hobekuntza nabarmenak ikusi dituzte euren bizimoduan Correak planteatutako herri iraultza martxan jarri zenetik, eta babes honek eragina dauka hauteskundeetan. 

Behar bada azken arrazoi honek azaltzen du besteek baino hobeto galdeketaren emaitza.  Hemen ere, zergati asko aipatu daitezke. Lehenik eta behin, gobernuak herri osoan eragina izango duten politika publikoak sustatzeko ahalegina agerikoa dela esan behar da. Zentzu honetan, pobrezia eta desberdintasunen indizeetan jaitsiera nabarmena gertatu da. Hala, estatua eraldaketarako agente izatera itzuli da, borondate indartsuago bati eta gidaritzarako zein banatzeko gaitasun handiago bati esker. Bigarrenez, etengabeko gobernu aldaketa bortitzetara ohituta dagoen estatu bati egonkortasun instituzional azpimarragarri bat eskaini zaio; zuzeneko demokrazian oinarritutako formulak eskainiz, justiziaren erreforma edota zezenketak bezalako gai garrantzitsuetan -egun eskualde batzuetan zezenketak debekatu dira-.

Hirugarrenez, herritarrek estatuaren duintasun nazionala berreskuratu izana positiboki baloratzen dute, baita Latinoamerikako integrazio prozesuan parte hartzeko nahia ere. Horrela, Ekuadorrek Nazioarteko Diru Funtsa bezalako nazioarteko erakundeei aurre egin die, eta burujabetza kontinentala sustatzen duten prozesu guztietan parte hartu du (ALBA, UNASUR, CELAC, etab.). Azkenik eta laugarrenez, herriak konfiantza dauka Movimiento País-ek ekonomia kapitalistatik eta estatu burges batetik Bizimodu Duinaren sozialismo baterantz -non kapitalaren ordez, bizitza erdigunean jartzen den, naturaren eskubideak barne- eta nazio anitzeko estatu baterantz igarotzearen alde egin duen apustuan. Hauxe da apusturik handiena, Correaren eta bere mugimenduaren konpromiso handia -indarrean dagoen Konstituzio aurrerakoia eraikitzen lagundu zuten beste pertsona eta erakunde askorekin batera-. Konpromiso sistemiko bat da, hauteskundeen epe laburreko erritmoak gainditzen dituena, eta adierazle historikoetan islatzen dena. 

Horrexegatik, eta ezinezkoa zen beste modu batean izatea, luzerako egindako apustu honek bere zailtasunak ere dauzka. Hain da horrela, gatazka puntu garrantzitsuena bihurtu dela, ez bakarrik Ekuadorko ezkerren artean, baizik eta aldaketa-gobernuak dauzkaten estatu guztien artean ere bai. Sistemaren trantsizio honetan aurrerapausoak ematen ari al dira? Aurrerakuntza gehiago eskatu al daitezke, irteera puntua zein den kontuan hartuta, pasa den denbora zein eskasa izan den jakinda, eta botere ekonomiko eta mediatikoaren hegemonia daukan eskumaren paper oztopatzailea ikusita? Posiblea izango da erauzketa birbanatzailea lehenesten duen eredu batetik (petrolioa, gasa, etab.) produkzio eredu berri batera igarotzea?

Trantsizio honen inguruan gertatzen ari diren erritmoak eta nahi politikoak, ezker ezberdinen arteko gatazkaren adierazpen nagusia dira. Batzuentzat eskasak; besteentzat, egingarria denaren mugetan. Hor korapilo garrantzitsuak kokatzen dira; uraren legea, edo elikagai transgenikoen inguruko eztabaida berriz zabaltzeko aukera, esaterako. Halaber, eta gai garrantzitsu honez gain, badaude bestelako gatazka gune zehatzagoak Ekuadorren. Izan ere, alde batetik, Nazio Anitzeko Batasunaren Koordinakundeak Correari modu autoritarioan gidatzea, protesta soziala kriminalizatzea eta bere programarekin bat egiten ez duten erakundeekin jarrera gatazkatsua izatea leporatzen dio.

Era berean, eta beste alde batetik, alderdi ofizialistetatik, Correa eskumarekin berdintzen duen kontzesiorik gabeko oposizioan jardutea leporatzen diote Koordinakundeari; baita alternatibarik erradikalena bere gain hartzea, aldi berean hilzorian dagoen demokrazia liberal-ordezkatzailearen printzipio eta egituraketen defentsa naif bat egiten den bitartean (adibidez prentsa askatasuna aldarrikatuz gobernuak eskumako komunikabide handiekin dituen gatazketan, edo botere banaketa aldarrikatuz justiziaren erreforma partzial eta kontserbadorea dela eta); azkenik, erasoak egin dira Koordinakunde honetako pertsona eta erakunde batzuen aurka, 2010eko irailaren 30ean gertatutako estatu kolpearen aurrean izandako jokaera isilagatik; adeitsua ere izan zela esanez.   

Hau da Correaren agintaldi berri honen irteera puntua. Nahiko genuke batetik, Bizimodu Duinaren sozialismoan esponentzialki eta nabarmenki aurrera egitea; bestetik, Ekuadorko ezker ezberdinak agenda komunen inguruan artikulatzea, borondate eraikitzaile eta elkarrenganako errespetuarekin. Gobernuaren lana da, baina baita oposizioarena ere. Biek euren erantzukizuna bere gain hartu behar dute, herriaren iraultzarekin Ekuadorren zabaldu den aukera ezin delako alferrik galdu. Herria esnatu da, eta ez du berriz ere lokartu nahi. Horregatik gure babes internazionalista guztia eskaintzen diogu Ekuadorko prozesuari, hainbeste gauza irakatsi diguna eta mundu osoko ezkerrari itxaropen handia ekarri diona.     

Bortxatuak izateko jaioak

Laura Gómez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendaria

Sei gizonek 23 urteko emakume bat bortxatu dute New Delhiko autobus batean». «Bederatzi urteko neskatoa bahitu eta bortxatu dute bi gizonek Pakistanen». «Donostiako Egia auzoan 17 urteko neska bat bortxatu dute hiru gaztek». «Bi mutil 19 urteko bi neskari sexu erasoa egiten saiatu dira Elgoibarren, Gipuzkoa».

Egunero, neurriz kanpoko emakumeen kontrako indarkeria matxistak eragiten digun amorruari eta haserreari aurre egin behar izaten diogu. Horretarako, ezinbestekoa da guk, indarkeria horren guztiaren jomuga garenok, diskurtso erreboltariak sortzea, erasorik erantzunik gabe ez uzteko. Izan ere, emakume bati egindako erasoa, guztioi egindako erasoa ere bada.

Azken aste hauetan Gipuzkoan gertatu diren hainbat erasoren berri izan dugu komunikabideetan, eta horiek guztiek hamaika artikulu eragin dituzte. Indarkeria matxista kasu puntualekin lotzera mugatzen diren analisi sinplistetatik urrun, azken egunetan sortu den eztabaidari ekarpena egin nahi genioke, hausnarketa bat proposatuz; errealitate horren benetako kausa edo zergatien inguruan eta emakumeok, egunen batean bakean bizi ahal izateko, hartu behar dugun bideari buruz.

Sexu erasoak eta, horien artean, bortxaketak, eguneroko errealitatea dira emakumeentzat, bai gure Lurraldean eta baita munduko beste edozein lekutan ere. Dena den, nahiago izaten dugu horrelakoak atzerrian uztea. Ezinezkoa da gizonek emakumeen kontra egiten dituzten sexu erasoak kuantifikatzea, komunikabideen bidez publiko egiten diren edo salatuak izan direnen berri izaten baitugu bakarrik. Gainerakoak, gehienak, ez dira ezagutzen; beste hainbat arrazoiren artean, sexu erasoa salatzea zaila delako emakumeentzat.

Ez dago emakumeen kontrako indarkeria matxista akabatzeko «tekla magikorik», nahiz eta antzerako iradokizunik jaso boladako zenbait analisitan. Eta ez dago halako «teklarik», indarkeria horren kausa, jatorrian, sistema kapitalista, sexista eta patriarkala delako; emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak babesten eta legitimatzen dituen sistema, alegia.

Ikuspegi horretatik, eraso matxistek ez diote erantzuten indibiduo batzuen portaera isolatuari; aitzitik, neurri handiagoan ala txikiagoan emakumeen kontrako indarkeriarekiko permisibitatea posible egiten duen sistemaren parte dira erasoak. Giro horren oinarrian dago, hain zuzen ere, portaera bortitz eta matxista ugari eta anitzei eman zaien legitimitatea; legitimitatea jasota ere, azken finean, emakumeok gure bizitzan zehar bizi ditugun eraso diren portaerak. Sexu erasoak, askotan, ligatzeko modu legitimotzat hartzen dira, eta horien larritasuna erlatibizatu egiten da, heterosexualen gorteiatzeko kode naturalaren parte direla ulertzen delako.

Gizonek sexu erasoak egiten dizkiete emakumeei, mendean hartzen dituztela erakusteko, plano intimoenean, sexualitatean, eta hala egin dezaketela uste dutelako. Horrek gogorarazten digu zulo bat garela, objektu bat, bortxa daitekeen gorputz bat.

Emakume guztiok beldur diogu bortxatuak izateari eta, beldurraren gidoi horri jarraituz, uste dugu gure erantzukizuna dela bortxaketari aurrea hartzea. Horrela, gizarte osoak ebaluatuko du erasoa justifikatu zitekeen ala ez, galdetuko digu nola gindoazen jantzita, zergatik genbiltzan han, erasotzailearekin lakrikunkeriatan ibili ote ginen, zergatik joan ginen bere etxera… Erruak, bortxatua izan denaren estigmak eta gertatutakoaren egiazkotasunaren inguruko zalantzak azaltzen dute, azken finean, zergatik diren hain gutxi salaketa jartzera ausartzen diren emakumeak.

Eta zer gertatzen da erasotzaileekin? Noiz erakutsi behar diegu gizonei ez zaizkiola lizunkeriak oihukatu behar goizeko hiruretan kaletik bakarrik doan emakume bati, tabernetan ez dela ipurdirik ukitu behar, sexu-organoekin igurztea erasoa dela, hitz egitean gutxieneko distantziak errespetatu behar direla eta, batez bere, emakume batek ezetz esaten duenean ezetz esan nahi duela?

Premiazkoa da gizonezko guztiek hausnarketa egitea, indarkeria matxistari dagokionez betetzen duten paperaren inguruan: zer den eraso bat eta zer ez den identifikatzeko zailtasunak, erasoetan duten parte-hartze aktiboa, edota soilik ikusle pasibo gisa betetzen duten papera, eraso- aren aurka egonik ere.

Beraz, «tekla» hori da, besterik gabe, guztion bizitza antolatzerakoan lehentasuna ematea pertsonei, pertsonak jartzea erdigunean, berdintasun egoeran. Horrela sortzen dira guztiok indarkeria matxistarik gabeko bizitza libreak bizi ahal izateko ezinbesteko ditugun baldintzak. Kontzientziazio eta informazio kanpainak, autodefentsa feminista, hiri debekatuaren mapak, hezkidetza… Tresna horiek beharrezkoak dira, ezinbestekoak. Baina hori guztia ez da nahikoa, baldin eta berdintasun politikak marjinalak badira. Gogoan hartu dezagun; bestela, ez dugu inoiz amaituko emakumeen kontrako indarkeria matxista.

X