Azaroaren 14ko greba orokorrera deitzeko adierazpen bateratua

14aren mobilizazioa berezia da, europa mailako ekimen amankomun batean kokatzen delako. Herri guztietan, klase herrikoien manifestaldiak eta ekintzak izango dira. Eta bereziki Portugalen, Italian, Espainian, Belgican, Maltan, Chipren eta Grezian, krisialdi ekonomikoa eta Troikaren (EB, NDF, EBZ) austeritate politikak gehien pairatu dituzten herrietan, greba orokorren bitartez erantzungo da. Hori dela eta, 14a, kapitalak jadanik egin duen bezala, mugak gainditu egin behar dituen borrokaren hasiera izan behar du. Gaurko Europar Batasunaren muinaren kontra jo eginez.

Orain dela gutxi Espainian 2013ko aurrekontuen proiektua aurkeztu da, murrizketa berriekin. Aurrekontu hauetan larriena ez da azaltzen dena, baizik eta izkutuan dagoena. Krisian sakontzea ekarriko dutelako eta, ondorioz, diru-sarreren jeitsiera, hau da, aurrekontuen desoreka berria, eta berriro ere murrizketa gehiago “defizit publiko sakaratua” ez areagotzeko.

Espainiako eta EAEko gobernuen politikak multinazionalen eta korporazioen interesei bakarrik erantzuten diete, oligarkia politiko eta kapital handiei. Haien murrizketek krisian are gehiago murgiltzeko baino ez dute balio izan.

– Krisia dela medio bere buruaz beste egin dutenen kopuruak gora egin du, baina etsipenak jota bizi diren milioika pertsonen muturreko eredua besterik ez dira.

– Kredituei aurre egin ezinik pertsonak beren etxeetatik kaleratzen dituzten bankuek 60.000 milioi euro jaso dituzte aurten dagoeneko, zor publiko gisa ageri zaiguna.

– Menpekotasun legeari lotutako laguntzetan eginiko murrizketek emakumeek pairatzen duten patriarkatuaren ondorioetan sakondu egiten dute, zaintza  lanen aitortza sozialean eta ardura partekatuan atzerapauso larriak egiten direla.

– Pobrezia alderdi guztietan egin du gora, inolako diru sarrerarik ez dutenen familien kopuruak hazten den bitartean, hainbat eta hainbat pertsona kale gorrian daudela.

– Aberastasun handiak gero eta handiagoak dira eta arazorik izan duten guztietan gobernuak gure diruarekin erreskatatu ditu. Dirua badago, baina betikoen esku dago.

 – Ingurumenaren kontrako erasoak gero eta bortitzagoak dira (Kosten legea, Poloniari isurtze eskubideak erostea, aldaketa klimatikoaren ukapena, agroindustriaren sustapena, etab.)

Botere politikoa eta mediatikoaren zerbitzura dagoen botere ekonomikoak, grebek ezertarako balio ez dutela esaten digu, politika ekonomikoak ez direlako aldatuko. Baina, jakin badakigu, borrokaren eta elkartasunaren bitartez soilik, mantenduko ditugula, horrenbeste urtetan zehar kapitalismoaren sustraietatik ateratzea kostatu zaizkigun garaipen sozialak.

Adibidez, Portugaleko Gobernuak atzera bota behar izan du langileen kotizazio soziala igo eta modu horretara, enpresariei jaisteko proiektua, Krabelinen Iraultzatik izan diren manifestaldi handienen eraginez.

Egoera honen irteera ez da etorriko industri ekoizpena eta kontsumoaren igoeragatik. Enplegua eta aberastasuna banatzeko neurrien alde borrokatu beharra daukagu, fiskalitate justu eta mailakatu baten bitartez; enplegu publikoa sortuz, pertsonen zaintza eta jasangarriak diren sektoreetan.  Planetaren muga ekologikoen barruan, lan, ekoizpen eta kontsumorako modu berriak defendatu behar ditugu.

PSOE-eko  eta jarraitu dion PPko gobernuen  murrizketak zein lan-erreformak, ez ziren azaldu beraien hauteskunde programetan. Horregatik, gure herriaren gehiengoen ahotsa kalera eraman beharra daukagu, gizartea ordezkatzen dutela esaten duten erakunde horiek entzun dezaten eta demokrazia parte-hartzailea eta zuzena bermatuko duten formulak aplikatuz.

Krisialdia ez da egoera pasakorra. Gainerakoa bota beharra daukagu, gure eskubideen defentsarako eta alternatiba berriak proposatu beharko ditugu, guztion artean beste mundu posible batzuk eraikitzeko. Ez dugu gutxi bat jokuan jartzen; baizik eta guztia jartzen dugu jokuan. Datorren azaroak 14an guztiok, eredu sozial berri baten aldeko Greba Orokorrera.

Azaroak 14an Greba Orokorra.

Alternartiba, Antikapitalistak, EQUO, Ezker Anitza-IU, Gorripidea, PCE-EPK

http://alternatiba.net/old-files/NazioartekoGreba.jpg

Guatemala: Militarrak, transnazionalak eta neoliberalak

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate – Alternatibako Mahai Internazionalista

2012ko Urriak 4, Totonicapan, Guatemala. Armadak zortzi pertsona erail ditu, beste bat desagertu da, eta balaz eta arma zuriaz 48 kantoietako hainbat emakume eta gizon zauritu ditu. Arrazoia: besteak beste, elektrizitatearen gehiegizko prezioak salatzeko eta kalitatezko hezkuntza publikoaren defentsan eginiko mobilizazio baketsuak.

2012ko Maiatzak 1, Santa Cruz de Barillas, Guatemala. Pertsona bat hil eta matxinada eta terrorismoa leporatuta beste 10 lagun espetxean diraute, 50 urteko zigorraldiei aurre eginda. Arrazoia: udalerriko komunitateen gehiengoaren jarrera zentral hidroelektriko bat eraikitzeko erabakiaren aurka, nazioarteko legeak urratzen dituena (OITren 169. hitzarmena), ez baitu herriak burututako kontsulta errespetatzen, gehiengoak proiektuaren kontra bozkatu baitzuen.

Hauek, Guatemalako sektore herritarrek pairatzen dituzten eraso anitzen adibide bi baino ez dira. Zoritxarrez, zerrenda luzea da eta erasoen aldizkotasuna iraunkorra: Polochic, San Juan Sacatepecez, Uspantan eta abar, kasu larrien adibideak baino ez dira. Honen aurrean, pentsa genezake gertaera isolatuak direla. Edo, agian, Guatemalako historiak iragan mendeko 60ko hamarkadatik hona bizi izan duen bortizkeriaren segida bailitzan ere har genezakeen.

Tamalez, ez dugu uste hala denik, kontrakoa baizik. Indarkeria politikoaren gorakada eredu sozial baztertzaile eta antidemokratiko baten entsegua dela uste dugu, non gobernu zibil-militar berriak ezartzeko aukerak egon daitezkeen. Hala, hauek izango lirateke zibilizazio krisi honetan proiektu neoliberala areagotzeko bide politiko bakarra. Zentzu honetan, gaur egungo gobernua, Perez Molinak zuzendutakoa (1960-1996 bitarteko gatazka armatuan gertatutako genozidioan parte hartu zuen militarra), militarismo neoliberalarentzako estrategian pauso bat gehiago litzateke.

Hona ailegatuta, garrantzitsua da azpimarratzea eredu berri honek ez dagokiola bakarrik Guatemalari, mundu osoan eragina baitu. Gauzak horrela, eta ez Guatemalan bakarrik, kapitalismoa eta demokrazia kontraesan sakonago batean ari dira murgiltzen, gaur egun intentsitate gutxiko demokrazia hegemonikoa dela dakigun arren. Bizi dugun krisialdiaren aurrean, eredu kapitalista irabaziak handitzeko edozer egiteko prest dago. Eta bere zilegitasun gabeziaren jakitun izan arren, sistema honen babesleek -enpresa transnazional eta bertako oligarkiak- progresiboki maskara demokratikoa kendu eta indarkeriara eta zapalkuntzara jotzen dute haien proiektu bidegabea garatzeko. Beti egin izan dute, hori jakin badakigu. Baina orain inoiz baino agerikoagoa da, eta ezkutatu gabe egiten dute gainera. Eta esperientzia frogagarriak behar dituzte horretarako: Guatemala horren adierazgarri da.

Hau litzateke beraz, Guatemalan egiten den proposamen politikoa: enpresa transnazionalak; merkatu globalekin bat egin duten oligarkiak; polizia eta armada errepresio orokorrarentzako elementu bezala; helburu eta demokrazia gutxiko gobernuak, boterea bidegabeki dutenen beharren zerbitzura.

Hala, herriak pairatzen duen bortizkeri politikoa, proiektu militarista neoliberal hau martxan jartzearen helburu bezala uler dezakegu. Horrela, eta gizartearen erantzuna eten nahian, indarkeriaz jositako bide batetik joko duen gobernua eraikitzen ari dira. Aurretik aipatutako kasuetara bueltatuz, Perez Molina militarraren gobernuak eta Espainiako Enbaxadak Barillas-eko zentral hidroelektrikoaren eraikuntza modu agerian babesten dute. Ez da arraroa, beraz, eraikuntza enpresa Galiziako Hidralia Energia izatea, Bankiaren kredituen laguntza jaso duena ere. Antza, eta komunitateko iturrien arabera, ustezko hiltzailea enpresa horren filialaren parte da, Hidro Santa Cruz, hain zuzen.

Horretaz aparte, Totonicapaneko armadak 8 pertsona akabatzearen arrazoiak ere hobeto ulertzen ditugu orain: argi elektrikoaren igoera itzelak sektorearen pribatizazioan -Fenosaren eskuetatik enpresa kolonbiar batera pasa dena- du jatorria. Ez da harritzekoa, beraz, bi enpresek argiaren prezioa igo zutela asmatzea, baina beti ere, komunitateekin negoziaziorik egin gabe.

Baina badago gehiago. Pobrezia gorrian bizi den herrialde honetan, eta guzti hau gertatzen zen bitartean, Guatemalako gobernuak radar bereziak dituzten sei hegazkin militar erosi ditu, antza, altxamenduak eragozteko asmoz. Erosketa honen ordainketa Brasilgo BNDES eta BBVAk eskainitako kreditu itzelekin egin da.

Hartara, alde batetik, Galiziako enpresak, espainiarrak, kolonbiarrak, armada, segurtasun pribatua, oligarkiak, Guatemalako gobernua eta enbaxadak ditugu. Bestetik, herritarrak eta gizarte sektoreak. Soka tenkatzen hasi da.

Hitz batez, asko dira Guatemalako egoeraren inguruan egin beharreko gogoetak: lehenik eta behin, kapitalismo basati hau geldiarazteko erantzun soziala gogorra, sendoa eta erabatekoa izan behar duela. Guatemalako mugimendu sozialak eta komunitarioak horretan ari dira. Hemendik gure esker ona. Bigarrenik, momentu honetan elkartasun internazionalistak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, egoera salatzeaz aparte Guatemalako proiektu kapitalistetan sartuta daudenei aurre egitea erabaki duelako. Halere, ardura globala eta partekatua izan behar duela aditzera eman du. Hirugarrenik, beste herrialdeetara, Europa barne, zabaldu daitekeen joera bat dela gogoratu nahi dugu. Orain arte neurri estrukturalak herrialde pobreetara bakarrik mugatzen zirela uste izan dugu, baina hara non, orain gainean ditugun, gu birrintzen.

Guatemala gure etorkizunaren isla izaterik nahi dugu? Geldiarazi dezagun orain, haiengatik, baina guregatik ere bai.

Ekin, salatu eta sor ditzagun aliantzak eta konfiantzak. Gure elkartasun osoa beraz, Guatemalako herriarekin dago. Eta horregatik, gogor salatzen ditugu Europako enpresa transnazionalak. Guztion etorkizuna delako, guztion borroka delako.

EH Bilduk argi dauka duela urtebete Aieten emandako ebazpenaren bidetik jarraitu behar dugula

Aieteko Konferentziaren ondorioen agiriak, gaur urtebete, aro berri bati eman zion hasiera; eszenatoki berri bati ireki zizkion ateak, eta balio izan du Europako azken gatazkak nazioarteko agendan lekua egin dezan, letra larriz.

Urtebeteko balantzean, bi gai daude nabarmentzeko, EH Bilduren iritziz: batetik, ETAk bere jarduera armatua bukatzeko hartutako erabaki historikoa, horixe baizen derrigorrezko baldintza Espainiako eta Frantziako gobernuekin gatazkaren ondorioei buruzko elkarrizketa prozesuari ekiteko; eta bestetik, urtebete honetan Madrilgo exekutiboak hartu izan duen jarrera. Aieteko Konferentziak erraztutako egoera gelditu, blokeatu eta saboteatzen saiatu da etengabe Espainiako gobernua.

Hamabi hilabete hauek aurrerapausoak egiteko egokiak ziren; bakegintzan, normalizazioan, errekonziliazioan eta biktima guztien aitortzan aurrera egiteko aproposak, baina Espainiako gobernuaren jarrerak eragotzi egin du ezarri ziren helburuak betetzea, Aieten marraztutako pausoei uko eginez. Elkarrizketa politikoaren atalean ere ez da egon aurrerapausorik.

EH Bilduk argi dauka duela urtebete Aieten emandako ebazpen eta gomendioei kasu egin beharra dagoela. Agiriak, gogora dezagun, ETAri eta Frantziako zein Espainiako gobernuari gonbite egiten die gatazkaren ondorioen inguruan elkarrizketa burutu dezaten; biktimen eta eragindako minaren aitortzarantz pausoak ematea gomendatzen du eta azkenik Euskal Herriko eragile politikooi ere dei egiten digu gai politikoei buruzko elkarrizketari ekiteko. Hori guztia, gure herrian konponbideen eszenatokia finkatu ahal izateko bide bezala gomendatu zuen Aieteko Batzordeak, eta hori guztia egiteke dago.

Elkarrizketa eta akordioa dira Aieteko Agiriaren oinarriak. Bi alorretan aktibatu eta portu onera eraman behar den elkarrizketaz ari da agiria: batetik, gatazkaren ondorioak konponbidean jartzeko elkarrizketa, ETA eta bi estatuetako gobernuen artean. Eta bestetik, gatazkaren erroak konponbidean jartzeko elkarrizketa, eragile politiko guztien artean; hots, Euskal Herriak nazio bezala bere etorkizuna erabakitzeko daukan eskubideari buruzko elkarrizketa politikoa.

Ondorioz, uste dugu Espainiako eta Frantziako gobernuek egun daukaten jarrera albo batera utzi eta gatazkaren ondorioei buruzko elkarrizketari ekin behar diotela. Nazioartean asko, gero eta gehiago dira adibideak, Kolonbiako kasua da azkena, baieztatzen dutenak elkarrizketa dela gatazkak behin betiko konpontzeko metodo bermatua.

Era berean uste dugu Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialentzako lehen mailako eginbeharra dela akordio demokratikora bideratutako elkarrizketari ekitea. Akordio horren oinarrian Euskal Herriaren eta bere erabakitze-eskubidearen aitortza leudeke, eta akordio horrek euskal herritarren onespena jaso beharko luke. Horrela, bada, Euskal Herriko kultura politiko guzti-guztiei eta eragile politiko, sozial eta sindikal guztiei egiten diegu dei elkarrizketari ekin diezaioten, ekin diezaiogun. Gu prest gaude. Akordio demokratikoa da konponbiderako bermea, eta hori Europan bertan ere ikusten ari gara, egunotan Eskozian izan den azken adibidea ere hor dago: elkarrizketa, eta eskubide demokratikoa den erabakitze-eskubidearen inguruko akordioa.

Amaitzeko, jendartearen gehiengo zabalak herri honetan bakea eta normalizazio politikoa nahi du eta exijitzen du; eta helburu hori lortzeko ezinbestekoa da elkarrizketa. Izan ere, soilik elkarrizketa barneratzailetik, bazterketarik gabe eta inolako irabazle eta galtzailerik gabe, ahal izango gara benetako konponbidera iritsi. Eta Aieteko Agiria, konponbiderako tresna da. Baliatu dezagun.

Alternatibak Hugo Chavez zoriondu du bozak irabazteagatik eta Venezuelako herriak desinformazioa gainditu duela goretsi du

Alternatibako Mahai Internazionalistako bozeramaile Gonzalo Fernandezek bere alderdiaren izenean Hugo Chavez eta ordezkatzen duen Gran Polo Patriotico zoriondu nahi izan ditu, “atzoko hauteskunde presidentzialetan lortutako garaipen eztabaidaezinagatik, gardentasuna eta lasaitasuna nagusi izan diren bozetan”.

Fernandezek esan duenez, Venezuelaren historian inoizko parte-hartzerik handiena -%80aren gainetik- izan duten hauteskundeetan Chavezek lortu dituen 8 milioitik gorako botoak “herritarren sostenguaren isla besterik ez dira, herritarren gehiengoarekiko konpromisoan oinarritzen den proiektu politikoarena, Latinoamerika uztartua eta burujabea eraikitzeko borondatea duena”. Horregatik, Alternatibaren itxaropena da “legegintzaldi hau iraultza bolibartarrak proposatzen duen sozialismo demokratikoan aurrera egiteko baliagarria izatea, haren parte sentitzen garelako”.

Mahai Internazionalistatik, halaber, garaipena “ohartarazpena” izan dadila espero dute, Amerikan zein Europan: “Masa komunikabideak munduan zehar prozesu burujabeen inguruan desinformatzeko joera badute ere, krisi garai honetan, herritarrek ondo dakite bereizten zeintzuk diren gure bizitzak hobetzeko asmoz sortutako aldizkatzek eta zeintzuk doazen merkatuen eta transnazionalen eskutik, bidegabekeriara eta eredu jasangaitzak proposatzera”.

Venezuela Hugo Chavezekin nahi dugu

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate – Mahai Internazionalista
 
Ondo da. Hugo Chavezen nortasunaz eztabaida dezakegu, lidergoan jarduteko modu bereziaz, batzuek gorroto dutena beste askok goraipatzen duten bitartean.

Ados, nazioartean egin dituen aliantza batzuei buruz ere hitz egin genezake, Estatuaren interesak ideologiaren gainetik jarri izan dituen horietan. Hau ez da mundu erraza, ezta gure zibilizazioak pairatzen duen krisiak eragindako une aztoratu bezain ezjakin hau ere.

Berriz ere ados nago, aurrerapausoak mantsoak direla esango duzue seguruenik, eta ez dagoela oso argi zer den XXI. Mendeko Sozialismo delakoa, ea non dauden egungo ezker alternatiboaren ezaugarrietako batzuk. Edonola ere, gogorrak eta nahasiak izaten dira burujabetzaren bideak, bertatik igarotzea erabakitzen dutenentzat.

Eta ondo da, beharbada Venezuelako eredua bere horretan beste lurralde batzuetara eramatea, eremu eta kultura bakoitzaren ezaugarri zehatzak aztertu gabe, ez da ezkerreko politika egiteko modurik egokiena, gaur egun.

Garrantzitsua da esatea, eztabaidatu ahal izateaz gain, beharrezkoa dela, baita kritikak egitea ere. Izan ere, Venezuela borborrean dagoen kontinente baten parte garrantzitsua da. Bertan hainbat saiakera egiten dira paradigma eta proposamen politiko berriekin; kontraesanez, mugaz, aurrera zein atzerapausoz beterikoak, baina batez ere, aberastasunez, aniztasunez eta politikaz beteak.

Prozesu europarrak, Euskal Herrikoa kasu, bestelako logiken arabera gertatzen dira, eta hori ondo dago, hala izan behar da. Baina ez dugu inoiz ahaztu behar ezkerra proiektu komun baten parte dela, eta beti begiratu behar diegula, zeharka bada ere, burujabetzari buruz teorizatu eta praktikatu egiten dutenei.

Horregatik nahi dugu Chavezek datozen hauteskundeak irabaztea, Venezuelarentzat ona delako, eta baita Euskal Herriarentzat ere, gure buruaren ispilu izan daitekeelako. Hala, eta aurretik esandako guztiaz eztabaidatu ahal badugu ere, gauza batzuk eztabaidaezinak dira guretzako, hemen asko baitugu haiengandik ikasteko. Lehenik, bere   izaera internazionalista argia, hasieratik ulertu baitu guztion etorkizunak elkarren artean menpeko direla, eta neoliberalismoa eta kapitalismoaren modernitatearenak ez diren bestelako oinarrien gainean eraikitako eskualde arteko eta nazioarteko integrazioaren alde ibili da buru-belarri. Hala, Venezuelak ezinbesteko lana bete du ALBA, UNASUR, CELAC, eta bestelako erakundeen eraketan, eta horrek inperioari aurre egiten dieten indarren metaketa sustatu du, bai eskualde zein nazioarte mailan, irabazi asmorik gabeko elkartasunetik, herriak elkarren artean ulertzeko gai direla eta beharra dutela erakutsiz.

Bestetik, prozesuak arinagoak edo mantsoagoak direla ere, sozialismoaren aldeko apustu garbia egiten du, etsaiak zuzenean nortzuk diren esaten du, aurre egiten die, izen eta abizenekin -ez soilik merkatuak aipatuz- eta demokratikoki kapitalismorik gabeko bizitza ahalbidetzen dituzten politikak bideratzen ditu, amildegira eraman gaituzten gauza guztietatik urrun.

Azkenik, helburu horiek ez dira diskurtso soilean gelditzen. Aitzitik, errealitateak dira: komunikabideen demokratizazioa; nekazaritza erreformaren eta elikadura subiranotasunaren aldeko politikak; lan araudi aurrerakoia; sektore eta enpresa estrategikoen nazionalizazioa; ekonomia solidarioaren eta EHak bere buruarentzat nahi izango lukeen herri partaidetza sistemaren sustapena.

Horregatik guztiagatik eta beste hamaika arrazoiengatik -aurrean duen eskuma kolpistaren aurpegiak ikusteak eragingo ligukeen pozaz gain- gure elkartasuna bidaltzen dizugu: Hugo, Venezuelagatik irabazi, Amerikagatik irabazi, Euskal Herriagatik irabazi.

Irudia: Matiz

X