Gure bizia edo haien kapitala, aukeratu behar

Amaia Agirresarobe eta Ana Etxarte – Alternatibako bozeramaileak

Euskal Herriko gizon eta emakume ugari martxoaren 29an kalera aterako gara ozen eta garbi adierazi nahi dugulako: aski dela! Espainiako Erresumako muturreko eskuinak ezarritako lan erreformak dakarren eskubide murrizketa larriarekin.

Erreforma honek helburu bakarra dauka: irabaziak areagotu eta kapitalaren etengabeko jarioa mantentzea. Ez du inondik inora langabezia murriztuko eta, gainera, langile guztien eskubideen aurkako eraso zuzena dakar: gazteen -eta hain gazteak ez direnen- lan esklabotza larriagotzen du; enpresaburuei kaleratzeko erabateko ahalmena ematen die, kontrol politiko zein sozialik gabe eta oso merke; gure sindikatuak indargabetzen ditu negoziazio kolektiboaren ahalmena murriztuz; beste behin ere, euskal herritarrok lan harremanetarako esparru propioa izatea galarazten du, aurrera egitea ahalbidetuko ligukeena, gizarte sozialista, justuagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko bidean.

Baina, gainera, Aski da! diogunean inoizko erreformarik bortitzenaren aurka egitetik haratago joateko esaten dugu. Azken urteotan langile klaseak pairatu dituen murrizketa eta erasoen gorakada salatu eta gelditu nahi dugu ere, gure bizitzak garatu eta ugaltzeko dugun gaitasuna murrizten diguna: lan eta pentsioen erreformak, murrizketak gizarte zerbitzuetan, abortua bezalako legeetan aldaketak egiteko mehatxuak, zentral nuklearren bizitza luzatzea, etab. Aski da zuen pribilegioak lehenestearekin eta gure eskubideekin jolastearekin!

Edonola ere, kalera aterako gara, ez bakarrik erasoak geldiarazteko. Hau ez da erresistentziarako momentua bakarrik, geure buruak defendatzeko garaia ere bada. Bizi dugun zibilizazio krisiak -finantza egoerak eztanda egin baino askoz lehenago- burujabe izateko aukera berriak sortzen saiatzera eta hauek praktikan jartzera behartzen gaitu. Horrela, gure Aski da! ozenena Aski da Kapitalismoarekin! oihukatzeko izango da. Sistemak planetaren muga fisikoak gainditzera eramaten gaituela onartu behar dugu behingoz, epe motzean ondorio larriak izango dituen klima aldaketak eragindakoa -Nork ulertu dezake berebiziko arazo hau bigarren mailakoa edo aldirikoa dela?-; aski da pobrezia eta bazterketa sustatzen dituen eta gehienen bizitzaren ugalketa galarazten duen sistema bat defendatzearekin -Kapitala defendatzeko bizi al gara, edo ekonomiaren zeregina gure ongizatea bermatzea da?-; aski da krisia enpleguan bakarrik dagoela esatearekin, lana denean hamarkadak krisian daramatzana.

Bizitzarako beharrezkoak diren lan gehienak ordaindu gabekoak dira, zaintza lanak, ugalketa sozialarekin zerikusia duten lanak dira, eta gehienak egoera prekarioan eta esklabotzan dauden emakumeek egiten dituzte: Nor ausartuko da emakumeoi esaten krisia 2007an hasi zela, betidanik krisian egon bagara, eta zaintzaren krisi larri honek ez duela berehalako alternatibarik behar?; aski da ahoa demokrazia hitzarekin betetzearekin merkatuek eta politikariek ia erabaki estrategiko gehienak lapurtzen dizkigutenean, agentzia pribatuen, transnazionalen eta teknokraten eskuetan utziz –Nola babestuko ditugu gure bizitzak, ez badugu erabakitzeko, aukeratzeko, desiratzeko autonomiarik?-.

Horregatik, Euskal Herriko gizon eta emakumeok kalera aterako gara. Gure buruak erreformatik babesteko, bai. Azken urteotako erasoak geldiarazteko, bai. Baina, batez ere, kokoteraino gaudela esateko, ez dugula kapitalismorik nahi esateko, geure bizitzak, bizitza bera, kapitalarekin eta bere logika ankerrekin bateraezina dela eta lurperatu nahi dugula esateko.

Bizitzea merezi duten biziak nahi ditugu; taldean bizi nahi dugu, batak bestearen beharra izanez, harmonia ekologikoan; gure ongizatea kontsumora eta lana eskuratzera soilik murrizten dela pentsatzera behartuta egon gabe bizi nahi dugu; lana besteekin banatu nahi dugu eta zertan den egokia lan egitea erabaki; zerk eragiten gaituenaz erabaki nahi dugu, zer nahi dugun. Laburbilduz, bizitzak bete-betean bizi nahi ditugu, ez kapitalak murriztu eta baldintzatutako bizitzak.

Horrexegatik aukeratzea egokitzen zaigu, hau da garaia. Eta ez dago erdibideko jarreretarako lekurik. Dagoeneko eztabaida ez dago ongizatearen edo liberalismoaren artean, Danimarka edo Greziaren artean. Eztabaida gure bizitzen eta kapitalaren artekoa da, bizitzaren eta irabazien maximizazioaren artean. Alde guztietatik erasotzen gaituzte, beraz fronte guztietatik erantzun behar dugu: kapitalismoa lurpera dezagun. Hartu zure pala, eta has gaitezen martxoaren 29an zulatzen.

Europako proletarioak, bat egizue

Asier Vega eta Exabier Arrieta – Alternatiba

Aldarrikapen hau, zaharkitua dirudien arren, gaurkotasun handikoa da. Hala dela ikusiko dugu herri honetako langileok, eta oro har Europakoek ere, jasaten ditugun murrizketei buruz eta gure eskubideen deuseztapena nondik eta nork erabakitzen duen pentsatzen baldin badugu.

Oraindik gogoan daukagu Espainiako Erresumako presidente ohi Rodriguez Zapaterok egindako adierazpen hura: “Langileek ez dute krisia ordainduko” zioen. Hitz horiek esan bezain laster inoiz emandako erreforma eta murrizketa erasoaldirik larrienak agintzen hasi ziren Bruselatik, edo Berlinetik esan beharko genuke?; hitz horiek esan bezain pronto, orain arte ukiezina izan den Espainiako Konstituzioaren erreforma espres bat abiarazi zuten zorpetzea mugatzeko asmoz, eta sektore publikoaren aurkako eraso berria gauzatuz. Berriz ere, aginduak Bruselatik zetozen, erreskate baten mehatxupean, ala ez ote ziren Berlinetik etorri?; hitzok esan bezain laster aldaketak gertatu ziren Grezia eta Italiako gobernuetan, Monti eta Papademos bezalako ustezko teknokratak boterean jarriz (Alemaniako eta Frantziako Banku handien eta Nazioarteko Diru Funtsaren asmatzaileak, hain zuzen). Eserlekura apetaz heldu ostean, euren zeregin bakarra herri hauek ekonomikoki eta politikoki kolonizatzea izan da; berriz ere Bruselaren agintaritzapean, ala Berlinez ari gara beste behin ere? Horrela behin eta berriz.

Azken urteetan Europako Batasuna, diktadura neoliberal baten erara, herritarren erabaki ahalmena lapurtzeaz arduratu da, Alemaniako bankuei eta finantza talde handien esku uzteko. Europarron eskubideei eta bizitzari baino, kapitalari lehentasuna emateko logika honetatik soilik uler daiteke Merkelek beste estatu kideen aurrean duen jarrera; soilik horrela uler daiteke Hitzarmenaren prozesuaren atzean dagoen egitura erabat antidemokratikoa; soilik horrela uler daiteke Europako ekonomiak duen arazo erreala Euroaren Itunaren bidez ixtea, behar bezalako oinarririk gabe; soilik horrela uler daiteke EBZri ematen zaion garrantzia, egitura antidemokratikoa izanik, estatuen ordez bankuak indartzen dituenak; soilik horrela uler daiteke zerbitzuen derrigorrezko pribatizazioa, edo NPB Nekazaritza Politika Bateratua bezalako politika bateratuen ikuspegi klasista eta ultrakapitalista.

Horregatik, martxoaren 29an kalera ateratzen garenean, gure gobernu-txotxongiloak estutu behar ditugu eta nahikoa dela esan, lapurretak amaitu direla. Eta ez dugu ahaztu behar eredu europar hau langileriaren, gizartearen eta planetaren interesen guztiz aurkakoa dela. Beste Europa bat posible izateaz gain, beharrezkoa ere bada kapitalaren zoramenezko logika hau geldiarazteko, handik sortzen baitira pairatzen ditugun zoritxarreko neurrietako asko. Europa demokratikoa nahi dugu eta hala eskatzen dugu; espekulaziotik aske biziko den Europa bat; eskubideen Europa; defizitak galarazten ez dituen Europa, langileen baldintzak hobetzen ez dituen superabitak baizik – dauzkagun arazo espekulatiboen oinarrian Alemaniako superabita dago hein handi batean- ; zerga-sistema bakarreko Europa bat, beti ere, herriak hala nahi badu, baina kapitalak ordaindu dezan eta politika publikoak hobetu daitezen. Azken finean, Europa alternatibo bat, gehiengoen ongizateaz arduratzen dena, eta ez gutxi batzuen negozioaz.

Kapitalaren Europari aurre egin nahi badiogu, langileok ere elkarrekin antolatu behar gara maila globalean, erasoa ere globala delako. Ezin dezakegu onartu herriak aukeratu ez duen inork gu zuzentzea, krisi hau sortu duten interesak babesten dituztenek, hain zuzen. Horregatik guztiagatik, 29an guztiok Greba Orokorrera.

Internationalist declaration of Bilbao: Creating Alliances between the peoples of Europe and the Americas

Internationalist declaration of Bilbao: Creating Alliances between the peoples of Europe and the Americas

Considering that capitalism, as well as the rest of dimensions that articulate the Multiple System of Domination (patriarchy, productivism, colonialism, racism, cultural hegemony), are responsible for the current situation of systemic vulnerability.

Considering also that, not only have they proven to be incapable of confronting the actual problems that beset humanity and the planet, but they have also started a suicide run, a headlong rush of terrible consequences.

European and American political and social organizations that have signed this declaration undertake:

1. To put in practice the idea that the revolution will be international or it will be nothing. Even though our struggles are, and will continue being, local, national, regional and without borders, we should not forget that the Multiple System of Domination is developed and organized globally and it will only be beaten this way.
2. To finish with the current framework of relationship between the Americas and Europe, that since the 16th century has been following the interests of the market and the reproduction of the capital, violence, racism, coloniality and pillaging. From our internationalist commitment, we will insist on the construction of new ways of relationship between individuals and peoples.
3. To coordinate ourselves in a non-colonialist, horizontal, democratic and effective way to radically end with the multiple system of domination that has dragged the world into an unprecedented crisis. At this critical moment there is no place for changes and improvements, the only possible option is the construction of alternative proposals.
4. To draw up common political agendas out from transforming values and principles, where the crux is the reproduction of life and not the capital. Out from recognition and commitment to diversity and radical democracy as a premise. Out from political strategies that aim for new production, consumption and welfare patterns based on the sustainability of our planet and on collective interests.
5. To give priority, in the political agendas, to common aspects we all share. Have respect for other struggles, make them ours, but it is necessary to put special emphasis on common struggles.

a. To support initiatives for alternative integration and integration of the peoples, like the ones that are currently being carried out in Latin America. Face up to the current patterns of regionalization represented by the European Union (EU) and the Organization of American States (OAE) because they meet the interests of the capital and not the interests of the peoples.
b. To face up to Partnership Agreements between the EU and the Americas as they plead for an unbridled capitalism where the markets and transnational companies rule. To condemn the governments and multilateral bodies that strengthen the anti-popular nature of these agreements.
c. To face up to, condemn, and prevent European transnational companies from depredating in the Americas for the terrible ecological, social, political and economical impact they carry out.
d. To stand up for the right to self-determination of any country without exception and condemn all the anti-democratic cases where the exercise of this internationally recognized right is violated.
e. To strengthen the resistance to austerity policies and plead for the radical modification of the creation and the distribution of wealth, for the defense of public services and the radical break with the capitalist world order.
f. To pledge our commitment to the de-patriarchalization of our states and societies. To acknowledge feminist proposals and struggles, specially against the oldest domination system –men against women-. Only then will we be able to talk about real democracy, justice, equality and emancipation.
g. To pledge our commitment to food sovereignty and agroecology versus industrial agriculture –represented by the CAP- and the intensive single-crop, the use of genetically modified products, plundering of natural resources, etc. as we believe that feeding is a right and not a commodity.

The revolution will be international or it will be nothing!

Bilbao, December 15, 2011

Goian bego sozialdemokrazia

Oskar Matute eta Ana Etxarte – Alternatibako bozeramaileak

Amaitu berri den urtean nazioarteko egoerari dagokionez, politikoki eragin izan duten gertaeretako bat azpimarratu behar bagenu, mundu mailako krisiarekin, Europako konstituzioaren porrotarekin edota Durbanen klima aldaketari aurre egiteko ezintasunarekin batera, askoz ere oihartzun txikiagoa izan duen gertakaria eman da, ondorio politiko garrantzitsuak dituen arren: Europako sozialdemokraziaren heriotza, hain zuzen ere.

Hala, Eslovenia, Grezia eta Espainiako Erresumako gobernuetako aldaketek,  mapa erabat kontserbadorea marraztu dute: Ia EB osoa eskuinaren eskuetan dago, Danimarka, Errumania, Belgika eta Austria izan ezik (azken hauek gobernu ahulak dira edo kontserbadoreekin koalizioan daude); bitxia da Europako parlamentuko gehiengo kontserbadore zabala krisi garaian izugarri hazi izana; Europako Batzordea ere kontserbadore baten zuzendaritzapean dago -gogora dezagun Barroso jauna Azoreetako argazki lotsagarri hartako laugarren lekuan agertzen zela-. Europako eskuinaren metastasia paradoxa handi bat iruditu ahal zaigu: Nahiago al ditugu eskubide urratzaileak, zapaltzaileak, demokraziaren garapena galarazi eta zerbitzu publikoak suntsitzen dituztenak, eskubideak eta askatasuna defendatzen dituztenak baino? Jakina, herritarrek ez diotela bere buruari halakorik galdetzen, kontserbadoreek, liberalek eta sozialdemokratek neurri berberak ezartzen dituztenean eta euren arteko ezberdintasunak ezerezean gelditzen direnean, krisi honi aurre egiteko gai ez diren bitartean. Hala, sozialdemokrazia ez da statu quoa-rekiko aukera bat, haren aldaera soil bat baizik, aldaketa irudikatzen duen txandakatze hutsa, aldaketa bera eragotzi besterik egiten ez duena.

Krisiak aukera erreformista hau agerian utzi besterik ez du egin, eta 2011 urteak azken hamarkadetan egituraketa krisia pairatu duen espazio politikoaren behin betiko desagerpena ekarri du. Ez da bidean aurkitutako oztopo bat, sozialdemokraziaren koma egoera larria baizik. Etorkizunean, txandakatze dinamika baten barruan noizean behin berriro agertzeko aukera egon arren, -Frantzian hala gerta liteke-, bere zilegitasun politikoa guztiz galdu du, ez bakarrik pairatzen ditugun arazo larriak konpontzeko gai ez izateagatik, arazo hauek sortzeko politiketan parte hartu duelako baizik.

Oparoaldi garaiak dagoeneko igaro dira; 50eko eta 60ko hamarkadak urrun daude; estatu esku-hartzailearen, merkatuen erregulazioaren, ongizatearen eta politika publikoen garaiak, alegia. Gero krisia heldu zen -70eko  hamarkadakoa- eta alderdi sozialdemokrata dirudunak alderdi sozial-liberaletan eraldatu ziren (neoliberalak bezalakoak, baina ez hain atzerakoiak gizarte gaiei dagokionez), pribatizazio, desarautze, ekonomiaren finantzazio eta sektore publikoaren suntsiketa prozesu guztietan parte hartuz. Bai, haiek izan ziren gaur egun egoera jasanezinean bizitzera eraman gaituen  munstroaren sorrera baimendu eta sortzen lagundu zutenak; Bai, haiek izan ziren botere guztia merkatuen eskuetan utzi zutenak eta gaur egun euren asaldura goraipatzen dutenean, merkatu horiei berberei sekulako boterea izatea leporatzen dietenak, bi aurpegiko jokaera azalduz; Bai, Botin, Fernandez Ordoñez edo Mario Fernandez esan ordez, merkatu generiko delakoa aipatzen duten horiek; 70eko hamarkadan krisia kudeatu zuten horiek XXI. mendeko krisi handia eskura jartzen digute orain; krisiz krisi, antzara-jokoan bezala, baina oraingoan ez dira jolasten, bere txanda ez delako.

Eta ez da bere txanda, sozial-liberalismoa aukera bat eskaintzeko gai ez delako. Honek euren kideen artean izugarrizko kezka sortzen badu ere, are kezkagarriagoa den arrazoi bat ere badaukate: euren logikaren barnetik ez dutela aterabiderik, ezta urrezko urteetako oinarri sozialdemokratetara itzultzekotan ere. Izan ere, sortzen lagundu duten mundua eta duela hiru hamarkadetakoa zeharo ezberdinak dira. Orduan, gaur egungo zibilizazio krisiaren aurrean, nork itzuliko du finantza sistema haiek irekitako Pandoraren kutxara? Nork egingo die aurre arazo globalei, neurri sakonik eta nazioarteko ordenean errotiko aldaketarik egin gabe? Nork itzuliko die herritarrei transnazionalen eskuetan dagoen sasi-demokrazia ez parte-hartzailearen bidez lapurtutako burujabetza eta autonomia? Laburbilduz, nork lortuko ditu eskubide eta askatasun handiagoak, pobrezia, desberdintasunak, diktadurak eta kalte larriak eragin dituen kapitalismoa gainditu gabe? Ez da erreformak edo apurkako aldaketak egiteko garaia; berebiziko momentuan gaude, eta eztabaida eremua sistema erabat aldatu nahi dutenen eta hura defendatzen dutenen artekoa da. Dagoeneko ez dago sozialdemokraziarentzako tarterik; aukera eta premia bakarra ezkerrerarentzat da.

Beraz, ezker sozialista eta alternatiboak ardura handia dauka eta baita ibilbide luzea egiteke ere. Bizi dugun abagunearen mailan egon behar da, sozialdemokraziaren akatsez ikasiz: oportunismoaren, sozialdemokraziaren proposamenen bereizmen ezaren eta ikuspegi bakarraren aurrean, borrokak bateratuko dituen mezu erradikal eta alternatiboa proposatuz; abaguneaz baliatu ordez eta hauteskunde estrategien aurrean, epe luzerako ikuspegia ezarriz; bertikaltasunari eta sozialdemokraziako kideen robotizazioari aurre egiteko, politika ulertzeko modu horizontal, demokratiko eta zuzen banatutakoak proposatuz -kontuan hartuta ez direla soilik alderdien esparrukoak-; ezkerretik jaiotako hegemonia bat sortzeko beharrizana argi adieraziz, eskuindar eta sasi-eskuindarren arteko itunei aurre egiteko.

Euskal Herrian oso argi izan behar dugu mezu hau: sozialdemokrazia lurperatuta dago, eta hura berpizten saiatzen denak amaiera berbera izango du. Hemen ez digu balio gaiztoak baino zintzoagoak izatea. Haiek -eskuma- ez dira geure erreferentzia, momentuak eskatzen diguna baizik: aukera erradikal batetik hegemonia bat eraikitzea, alegia. Ilusioz beteriko garaian gaude eta ezker anitzen artikulaziorako espazioak -non Alternatibak parte hartzen duen- eta tresnak garatzen ari dira. Gaur egungo historia eta testuingurua kontuan izan behar ditugu, egoerak eskatzen duen mailan jardun behar dugu, pausoz pauso prozesu hau bideratzeko kapitalismoaren  osteko trantsizio baterantz abiatuz, sistema gaindituko duen trantsizio erradikal baterantz hain zuzen.

Horregatik, hasi berri dugun 2012 honetan, Alternatiba sozialdemokraziaren hilobira hurbildu da honako mezua botatzeko: “goian bego, betirako deskantsatu”. Noizean behin hilobia bisitatzera etorriko gara, ez hura goraipatzeko, ondo lurperatuta jarraitzen duela ziurtatzeko baizik.

Alternatibak Bilboko Adierazpen Internazionalista aurkeztu du jardunaldien itxieran

Bilboko Adierazpen Internazionalista: Europako eta Ameriketako herrien arteko Aliantzak Sustatzen

Kapitalismoak eta Dominazio Sistema Anitza osatzen duen gainerako dimentsioek (patriarkatuak, produktibismoak, kolonialismoak, arrazakeriak, hegemonismo kulturalak) sistemaren ahultasun egoeraren eragile zuzenak direla aintzat hartuta;

Aintzat hartuz, halaber, gizateriak eta planetak dituzten benetako arazoei aurre egiteko inolako gaitasunik ez dutela izan, eta inora ez doan galbidean murgildu direla.

Ondoko adierazpena sinatzen dugun Europako eta Ameriketako erakunde politiko eta sozialek, honako konpromisoak hartzen ditugu:

  1. Ondoko ideia betetzea: Iraultza internazionala izango da, edo ez da izango. Gure borrokak orain eta etorkizunean, herri, nazio, estatu edota eskualde mailakoak dira, mugarik gabekoak beraz, baina ez dugu ahaztu behar Dominazioaren Sistema Anitza mundu mailan garatzen eta antolatzen dela, eta soilik esparru horretatik gainditu ahal izango dugula behin-betiko.

  2. Europa eta Ameriken artean ezarritako harreman eremuarekin amaitzea, XVI. mendeaz geroztik merkatuen interesek, kapitalaren erreprodukzioak, indarkeriak, arrazismoak, kolonialismoak eta espoliazioak baldintzatutakoak, hain zuzen. Hala, geure hautu internazionalistatik, herrien eta pertsonen arteko harreman eredu berriak eraikitzearen alde egingo dugu.

  3. Geure burua modu ez kolonizatzaile, horizontal eta demokratikoan artikulatzea, Dominazio Sistema Anitza modu erradikal bezain eraginkorrean aurre egin ahal izateko, aurrekaririk ez duen krisialdi honetan jarri gaituelako. Berebiziko garai hauetan, ez dago erreformak edo hobekuntzak egiteko tarterik; bide bakarra proposamen alternatiboak eraikitzea da.

  4. Agenda politiko komunak eraikitzea balio eta oinarri eraldatzaileetatik, ardatz gisa bizitzaren erreprodukzio zabala ezarrita eta ez kapitalarena. Aniztasuna sustatuz eta aitortuta, eta errotiko demokrazia oinarri bezala jarrita; produkzio, kontsumo eta ongizate eredu berrietara eramango gaituzten estrategia politikoetatik, interes kolektiboak eta planetaren jasangarritasunean oinarrituta.

  5. Aipatutako agenda politikoetan, batzuei eta besteoi lotzen gaituzten gaiak lehenestea. Besteen borrokak errespetatzea, geure egitea, baina baita borroka komunei dagokionez, ahalegin berezia egitea ere:

    1. Herrien integraziorako Latinoamerikan martxan jarritako egitasmoak sustatu eta Europako Batasunak (EB) eta Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE) ordezkatzen dituzten eskualde ereduei aurre egitea, kapitalaren interesei erantzuten dietelako eta ez herrien ineteresei.

    2. EBren eta Ameriken arteko elkartze-hitzarmenei aurre egitea, kapitalismo basatia eta merkatu zein transnazionalen diktadura babesten dituen ereduaren alde egiten dutelako. Hitzarmen hauen oinarrian dagoen herritarren aurkako logika sustatzen duten gobernu eta erakunde aldeaniztunak salatuko ditugu.

    3. Europako transnazionalek Ameriketan egiten duten harraparitza lanari aurre egitea, salatzea eta eragoztea, hauek eragiten duten inpaktu ekologiko, sozial, politiko eta ekonomiko itzela dela eta.

    1. Herri guztien autodeterminazio eskubidea babestea, salbuespenik gabe. Demokraziaren aurka, nazioartean onartutako eskubide hau urratzen den bakoitzean salaketa eginez.

    1. Herstura ekonomikoaren aldeko politikei aurre egitea, ongizatearen sorrera eta banaketaren errotiko aldaketaren alde, zerbitzu publikoen babesaren eta mundu mailako eredu kapitalistarekiko haustura erradikalaren alde eginez.

    1. Geure estatu eta gizarteen despatriarkalizazioaren aldeko apustua egitea, borroka eta proposamen feministak aitortuz, bereziki jazarpen sistemarik zaharrenaren -gizonek emakumeen gainean ezarritakoa – aurka eginez. Soilik horrela, benetako demokraziaz, justiziaz, berdintasunaz eta emantzipazioaz hitz egiteko gai izango gara.

    2. Elikadura subiranotasunaren eta nekazaritza ekologiaren alde egitea, industria nekazaritzaren aurrean –Europan Nekazaritzako Politika Bateratuak (NPB) eta Ameriketan sojaren, Afrikako palmaren, egurraren eta abarren labore bakar intentsiboek irudikatuta-, eta azkenik, elikadura eskubide moduan ulertuz, eta ez salerosketa produktu moduan.

Iraultza internazionala izango da, edo ez da izango!

Bilbon, 2011ko abenduaren 15ean

http://alternatiba.net/old-files/111215BilbokoAdierazpena.jpg

X