Habanan Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosek eta FARC-EPk lortutako bake akordioaren aurrean, Alternatibak Kolonbiako herritarrak zoriondu nahi ditu, lau urteko negoziazio gogorrek etekina izan baitute. Bi aldeen arteko konpromisoari esker, azkenean garatu egin dituzte negoziazioaren hasieran ezarritako bost puntuak: Nekazal erreforma, parte-hartze politikoa, bi aldeen su eten zein armagabetzea, drogen kontrola eta biktimak.
Azken ituna, “osoa eta behin betikoa”, Kolonbiara eraman beharko dute orain, Kongresuan eta Senatuan berretsi eta, azkenean, urrian egingo den herri galdeketa baten bidez herritarrek azken hitza izateko.
Hala, atzean geldituko da ia sei hamarkadetako gerra, eta helduko da eguna kolonbiar guztiek aukera izango dutela memoria partekatua eraikitzeko, aniztasun politiko, sozial eta kulturaletik. Guzti horregatik, Euskal Herritik eta Alternatibatik, #SiAlaPaz (bakeari bai) lemarekin bat egiten dugu, bakea eta justizia soziala helburu duen bidetik ibiltzen hasteko. Espero dugu, halaber, ahal bezain pronto ELNrekiko akordio bat ere lortu ahal izatea.
Estatuek harresiak altxatzen dituzte, baina elkartasunak ez du mugarik. Azken asteetan, euskal karabana solidarioa ibili da Greziarik, Europako ateak jotzen dituzten errefuxiatuen eskubideen alde. Bertan, Euskal Herriko eragile sozial ugarietako ordezkariekin batera, Alternatiba eta Ehbilduko kide Diana Urrea eta Aitor Miguel ibili dira. #InorEzDaIlegala
2014ko abuztuaren 3an Estatu Islamikoaren tropek Sinjar hiria eraso eta hartu zuten. Komunitate jazidiko 5.000mila lagun hil zituzten eta milakak eskapoan irten behar izan zuten. Aldi berean, E.I.-k bost bat mila emakume eta ume bahitu zituen. Emakumeak eta neska esklabo sexual moduan salduak izan ziren.
Gertaera lazgarri hori gogoratzeko Emakume Jazidien Feminizidioaren kontrako nazioarteko eguna antolatu da abuztuaren 3rako. Gertatutako sarraskia gogoratzeaz landa, egunaren helburua da Nazio Batuen Erakundeari eskatzea onar dezala ofizialki Sinjarren gertatutako feminizidioa. EHBilduk bat egiten du deialdiarekin eta animatu egiten ditu herritarrak antolatuko diren elkarretaratzetara joatea.
Europan ez dago errefuxiatuen krisirik: izatekotan borondate krisi bat dago. Mugak ireki beharrean, mugak itxi dituzte; errefuxiatuak Turkia eta Marokoren esku uzten dira, migrariak Mediterraneoan hiltzera kondenatzen dituzte. Dokumental honetan bidaia bat proposatzen dizuegu: Melilla, Lampedusa edo Lesbosera; Calais, Balkanak edo Turkiara. Bidaia Josu Juaristi, Diana Urrea, Miren Larrion eta Jon Iñarriturekin egingo dugu. Mugetan hasi, Europaren bihotzeraino joan eta Baigorrin bukatu dugu, Antton Curutcharryk bertako harrera esperientziaren berri ematen digularik. Beste Europa bat posible da, “imaginatu ni naizela” pentsatzen eraikitzen den Europa. Mugak ireki.
Ganberak pertsona errefuxiatuen eskubideen harira aurkeztutako 11 puntuko ekimena onartu du aho batez, besteak beste, Madrili exijituz berehala bete dezala 15.000 pertsona jasotzeko hartu zuen konpromisoa.
Gasteizko Legebiltzarrak irmoki gaitzetsi du gaur Europar Batasuneko eta Turkiaren arteko errefuxiatuen inguruko akordioa, “nazioarteko arau anitz urratzen dituelako Giza Eskubideen eta pertsona migratzaile edota errefuxiatuen eskubideen arloan”, eta, zentzu horretan, EBri eskatu dio “akordio hori indargabetu” dezala. “EUk merkadeorako kontratua sinatu du, herri kurdua suntsitzen ari den Turkiarekin, zeinari 6.000 milioi euro oparitu dizkion bere politika hiltzaileak inpunitate osoz egiten jarraitzeko”, salatu du Alternatibako kide eta EH Bilduren legebiltzarkide Diana Urreak.
Akordioaren aurkako ebazpen irmoa lortzeaz gain, koalizioak lortu du EAJrekin eta PSErekin sinatu duen 11 puntuko erdibideko testu bat aho batez onartua izatea. PPk ere alde bozkatu du, eztabaida ganberara ekarri duen Urrearen kritika nabarmenak jaso dituen arren. “PPk akordio kriminal horri bide eman dio, eta Europa hegoaldeko mugetan gertatzen diren giza eskubideen urraketa nabarmenak bultzatzen jarraitzen du”.
Urreak garrantzia berezia eman dio ebazpenean jasotzen den beste puntu bati, zeinean jasotzen den Gasteizko Legebiltzarrak talde guztiekin batzorde berezi bat sortuko duela errefuxiatuen eta pertsona migratzaileen inguruan. “Batzorde berri honen bitartez Jaurlaritzari etxeko lanak jarriko dizkiogu, lurralde honetara heltzen diren errefuxiatu eta pertsona migratzaileen bizitza duina bermatze aldera”.
EH Bilduren legebiltzarkideak bere hitzartzea Europako jendarteari dei eginez bukatu du: “lan egin dezagun guztiok batera, bestelako Europa bat defendatzen dugun pertsonok, herritartasun global eta herrien arteko elkartasunean oinarritutako Europa eraikitzeko”.
Jarraian, Legebiltzarrak onartu duen ekimenaren puntu guztiak:
1. Gogoratzen du pertsona errefuxiatuek miseriatik, askatasun-faltatik, indarkeriatik, gerretatik eta Giza Eskubideen urraketetatik egiten dutela ihes. Horregatik, Europar Batasunari eta Estatu kideei premiazko erantzun humanitarioa exijitzen die. Erantzun horren oinarri izango dira asilorako Nazioarteko Zuzenbidea, nazioarteko Hitzarmenak eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideak.
2. Erabat gaitzesten eta salatzen du EB-Turkia akordio lotsagarria, nazioarteko arau anitz urratzen dituena Giza Eskubideen eta pertsona migratzaile edota errefuxiatuen eskubideen arloan, eta, zentzu horretan, EBri eskatzen dio akordio hori indargabetu dezala.
3. Nazioarteko etorkinei buruzko politika komuna defendatzen du, asiloaren eta Giza Eskubideen gaietan arduratsua izango dena.
4. Zeharo arbuiatzen ditu Batasuneko hainbat Estatuk mugak itxi izana eta errefuxiatu-esparruetan egindako atxiloketak.
5. Bat egiten du ‘Pasabide Segurua’ manifestuarekin, eta eskatzen die bai Europar Batasunari bai haren Estatu kideei korridore humanitarioak sor ditzatela, ahalbidetuko dutenak migratzaile eta errefuxiatuak Europara sartzea.
6. Europar Batasunari eskatzen dio ahaleginak indartu ditzala desagertutako milaka ume errefuxiatuak aurkitze aldera.
7. Espainiar Gobernuari exijitzen dio, ahalik eta azkarren, 15.000 pertsona jasotzeko bere konpromisoa, eta gogoratzen dio asilo-eskubidea unibertsala dela, jatorri-herrialdea edo penintsulara sartzeko bidea edozein direlarik ere.
8. Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio inplikatutako Erakunde guztiekin elkarlanean jardun dadila, pertsona errefuxiatuek Euskadira iristeko aukera izan dezaten eta zerbitzu zein baliabide publiko guztietarako sarbidea izan dezaten, osoko harrera bermatuz.
9. Aitortu eta eskertu egiten du GKEk eta gizarte zibilak egindako aparteko lana pertsona errefuxiatuen eskubideen defentsan, bai maila lokalean bai hainbat errefuxiatu-eremutan.
10. Legebiltzarrak legebiltzar-taldearteko bat berehala sortzea onartzen du, pertsona migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen defentsarako, datozen legealdietan ere jarraipena izango duena, sortutako beste taldearteko batzuekin gertatzen den bezalaxe.
11. Ebazpen hau igorriko die Europako Batzordeari eta Parlamentuari, Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.