Alternatibak Greziako herriaren garaipena ospatu du beldurraren propaganda eta Troikaren austerizidioaren aurrean

Syrizak Grezian izandako garaipena ospatzen dugu Alternatibatik, hauteskundeetako garaipen arrunt batetik haratago doalako. Greziako herriaren garaipena da hau, Europako Banku Zentralaren, Europako Batzordearen eta Nazioarteko Diru Funtsaren aurrean, herritarrei bizkarra emanda botere finantzariek  sortutako erakunde ilunen aurrean. Troikaren boterearen kontra altxatzen den ezkerraren lorpena da, eliteen menpe dauden alderdiak gainditu dituena.

Atzoko emaitzek ezkerreko fronte zabal bat jarriko dute gobernuan, demokraziaren eta herriaren burujabetzaren alde, Greziaren alde, egiten duen blokearena. Herritarren duintasuna eta bestelako eredu sozioekonomiko baterako bidea egin nahi duen apustua da, benetan bidezkoa eta jasangarria izango dena.

Syrizak Troikaren presioen gainetik irabazi du, Berlin eta Bruselatik jaurti duten propaganda beldurgarriaren gainetik. Oker uste zuten austerizidioaren bidez dagoeneko pobreziara kondenatu duten herria are gehiago pobretzera kondenatzearekin mehatxatu zezaketenik. Merkatuek ez dute kontuan izan ezer galtzerik ez duenak inolako beldurrik ez duela.

Garaipena lortu duten arren, Greziako herriaren bidea leuna izango ez dela badakigu; kontraesanez eta oztopoz josita egongo da. Baina hala eta guztiz ere, barneko amorruari beldurrari eta etsipenari aurre egingo dion ilusioaren eta itxaropenaren bidea ere izanen da. Euskal Herriko emakume zein gizon ezkertiarrok barneratu beharreko ikasbidea da hau, ezkerretik burujabetza osoaren eta aldaketa politiko eta sozialaren alde apustu egin nahi dugunontzat ikasbidea.

Alternatibaren Koordinakunde Nazionala 

Diana Urrea “Hassannak errefuxiatu politiko gisa hartzeko baldintza guztiak betetzen ditu eta Marokora itzultzekotan bere bizitza arriskuan egongo da”

Alternatibako kide eta EHBilduren parlamentari Diana Urreak, Espainiako Barne Ministroari Hassanna Aalia Saharako aktibistari babes eskubidea emateko proposatu du Estatutik alde egiteko Madrilek 15 egun eman dizkionean. Legebiltzarrak haintzat hartu du proposamena.

Mendebaldeko Saharan jaio eta 2011n Euskal Herrira iritsi zen Hassana Aalia gaztea, Marokotik ihes eginez. Orain espainiar Gobernuak 15 egun eman dizkio Estatutik alde egiteko, babes eskubidea ukatu baitio, nahiz eta baldintza legal guztiak betetzen dituen eta bere sorterrira itzultzekotan bere bizitza arriskuan egongo den. Bere egoera larriaz asaldaturik, Bakea eta Askatasuna Mendebaldeko Saharan Taldeartekoa presaz bildu da gaur Legebiltzarrean, EH Bilduk hala eskatu ostean, eta koalizioaren proposamena aintzat hartuz, Espainiako Barne Ministerioari eskatu dio Hassanna Aaliari dagokion babes politiko eskubidea onartu dezala, “Marokora itzuliko balitz, bizi osoko espetxe zigorra bete beharko lukeelako, saharar herriaren eskubideen alde modu baketsuan aritzeagatik”, Diana Urreak ohartarazi duenez. Gasteizko Taldeartekoak bilera ere eskatuko dio Fernandez Diaz Barne ministroari, Aaliaren eskubideen alde egiteko.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, Hasssanna Aaliak Marokoko Armadak bortizki desegin zuen Gdeim Izik erresistentzia kanpaldi baketsuan parte hartu zuen 2010ean, eta 2013an bizi osoko zigorra ezarri zion horregatik epaitegi militar batek. Nazioarteko erakundeek bidegabekeria hori salatu dute, epaiketak bidezkotzat hartu ahal izateko bete beharreko gutxieneko baldintzak bete ez zituelako, akusazio faltsuak eta torturak tartean. Espainiar Gobernuak berak onartu du Aaliak modu baketsuan egin duela saharar herriaren eskubide demokratikoen alde eta, beraz, babes eskubidea emateko baldintzak betetzen dituela. Hala eta guztiz ere, babes eskubidea ukatu zion hilaren 19an eta 15 egun eman zizkion Estatutik alde egiteko, erabaki horrek bere bizitza arrisku larrian jartzen duela jakin arren. Diana Urrearen iritziz, “horrelakoetan ohikoa denez, Hasssanna Aaliaren kasuan ere espainiar Gobernuaren jokaera nazkagarria da, babes eskubidea ukatzen diolako Marokok haren giza eskubideak urratuko dituela dakien arren”.

Syrizak Greziaren burujabetza eta demokrazia ordezkartzen du

 
Datorren urtarrilaren 25ean, hauteskundeak egingo dira behingoz Grezian. Europako ezkerraren interesa piztu duten hauteskundeak, Syrizak garaipena lortzeko aukera errealak dituelako. Elite ekonomiko eta politikoek ere egiazkotzat jotzen dituzten aukerak, eta horregatik FMIrekin eta Alemaniako Gobernuarekin batera, euren mehatxu eta estortsioa gora doaz, Greziako herriaren balizko erabakien aurrean.
 
 
Syrizak hori ordezkatzen duelako, Greziako herriaren subirautzaren defentsa,  hemendik aurrera egingo dena erabakitzeko, langile klasearen interesen defentsa ordezkatzen du eta demokraziaren defentsa ordezkatzen du, mehatxu edo injerentziarik onartu gabe.

https://pbs.twimg.com/media/B7vSoJ2IIAEXT2c.jpg

Palestinaren aldeko elkartasuna sakontzeko EHBilduren proposamena

Euskal Herria eta Palestina arteko elkartasun haria aspaldikoa da. Gure herriak oso une eta egoera ezberdinetan bat egin du Palestinako herriak eraman duen borrokarekin.

Palestinarren oinarrizko eskubideak, zibil eta politikoak, norbanakoenak zein kolektiboak, zapaltzen ditu Israelek Palestina okupatuan garatu duen politikak. Gazaren aurkako blokeoa, alde batetik, eta kolonizazioa, bestetik, guztiz jasangaitza den egoeraren adierazle dira.

Israelgo estatuaren sorreratik pizturik izan den auziari irtenbidea emateko bi estatuen soluzioa aitzat hartzen du EH Bilduk, Nazio Batuek onartu ebazpenek babestu eta palestinarrek beraiek aldarrikatzen duten soluzio markoa delako.

1967. aurretiko mugen gainean eratua eta Jerusalem hiriburua izango duen Palestinako estatuaren zilegitasuna aldarrikatzen dugu eta gure ustez errefuxiatu palestinarren itzulera ezinbestekoa izango da bake iraunkor eta justua bermatzeko.

Ordezkari palestinarrek zehaztutako lehentasunak jarraituz, datozen bi urteotan Estatu palestinarraren onarpenaren eta okupazioaren bukaeraren alde jardungo dugu eta Palestinako preso politikoen egoera eta oro har oinarrizko eskubideen aldeko dinamika landuko ditugu.

Guzti honetarako, palestinarren batasun nazionala hizpide hartuta, haien aginte nazionalarekin harremanak  sendotuko ditugu eta gizarte zibileko ordezkariekin elkarlanean aritzea hobetsiko dugu.

Helburu horiekin bat eginez sostengu dinamika iraunkor bat sustatzeko ekimenak bultzatuko ditu EH Bilduk. 3 lan ardatz nagusitan:

•    Palestinako herriaren aldeko ekimenak babestuko ditugu  nazioarteko eremuan.

•  Palestinarrek pairatzen duten giza-eskubideen bortxaketen salatzeko, Palestinako okupazioa iraun bitartean Israelekin lehentasunezko akordioak eta oro har harreman diplomatiko normalizatuak garatzea ez dugu zilegitzat joko.

•    Azkenik, Palestinarren egoerari elkartasunetik erantzuteko aukerak zabalduko ditugu, lankidetza era iraunkorrean garatuz, baina une-uneko elkartasun ekimenak alboratu gabe.

Lan ardatz hauek, gizarte sentsibilizazioa eta herritarren inplikazioa bultzatuko duten ekimenak lehenetsiz garatuko ditugu, mezu eta jarduera iraunkorrak hartuz. Dinamika inklusiboak aldarrikatzen ditugu, euskal jendartearen baitan palestinar herriaren eta oro har bere askapen nazional eta soziala bilatzen duten herrien aldeko jarrera aktiboak sustatzeko helburua dugulako.

Palestinako eragileek luzaturiko lankidetza proposamenak bultzatu eta babesteaz gain, ekimen propioak  garatzeko asmoa du EH Bilduk.

Gure asmoa ez da Palestinaren aldeko konpromiso teorikoak adieraztea, baizik eta palestinar herriaren alde jarrera eraginkorra hartzea. Beti ere euskal  jendartean sustraituta diren dinamikak ahantzi gabe, eta ahal den neurrian horiek elikatuz eta lagunduz.

Gazaren aurkako azkeneko erasoaldiak euskal herritarrengan sortu zuen zirrara baliatuta, ildo beretik urrats gehiago eman genuen: herritarrei gonbita bikoitza luzatu genien: alde batetik, palestinarren aldeko sostengu kanpainekin bat egitea eskatu genien; eta bestetik, Israelen ekoizturiko produkturik edo israeldar koloniak inbertsio bitartez babesten dituzten enpresen produkturik ez erosteko gomendioa egin genien.

BDS-en aldeko kanpaina malgutasuna ahalbidetzen duen heinean, bidea eginez segitzea hobesten dugu. Han non aukerak aurreikusten diren urratsak ausartagoak emateko -demagun senidetuta dauden herrietan- kanpaina horretan sakontzeko aukera aztertuko dugu. Kasuz-kasu, herriko eragileekin adostuta. Behetik gorako dinamikaren baitan.

Azkenik, EH Bilduk helburu propioak dituen heinean – euskal jendartearen baitan atxikimendu zabala jasotzen dituzten asmoak: bakea, autodeterminazioa, justizia soziala- nazioarte mailan asmo horiek aurrera eramateko jarduerek lehentasuna hartu behar dutelakoan gaude.

EHBilduk bere babesa eta atxikimendua adierazi dio Kolonbiako bake prozesuaren aldeko konferentziari

Kolonbiarrak eta euskal herritarrok asko dugu komunean. Arrazoi ekonomikoa zein politikoak direla medio, ugariak izan dira Kolonbiara alde eginiko euskaldunak. Era berean, hemen gurean ere, arrazoi ekonomikoak zein politikoak direla etorritako kolonbiarrak ere ,ez dira gutxi.

Horretaz gain euskaldun eta kolonbiarrak azken hamarkada luzeetan gatazka amaigabean bizi izanak batu gaitu. Bi herriotan erro historiko eta politikoak dituen biolentzia bizi izan dugu, eta orain oso gutxi arte, bi herrioi gatazkan bizitzera kondenatuak izango bagina bezala tratatu izan gaituzte.

Baina ez da horrela izan. Zeren bi herriok batzen gaituen beste elementua “bakea eta askatasunean” bizitzeko griña da. Asko sufritu duten herriek ondo dakite noraino den ona eta beharrezkoa bakea.

Horregatik, Aieteko jauregian orain hiru urte bake bidea gure herrian ireki zuen konferentziaren leku berean Kolonbiaren bake prozesuaren aldeko konferentzia bat egiteak pozten gaitu.

Gatazkak, noski, desberdinak dira, hemendik pasatu diren hainbat eta hainbatek azaldu diguten bezala, ez dago gatazka berdinik, eta bide eta irtenbideak ere desberdinak dira. Baina helburua, aldiz, berdina da: Bake justu eta iraunkorra lortzea.

Gatazka luze hauei irtenbidea ematea beti da zaila, beti daude ezbehar eta ezustekoak (nahita edo nahigabekoak). Kolonbiako kasuan Cano komandantearen hilketa edota Euskal Herrian Arnaldo Otegiren espetxeratzea bezalako kasuak…, horrelako prozesu zailak froga gogorren aurrean daude beti eta zailtasunen gainetik beti aurrera egiteko borondatea agertzeak prozesuaren atzeraezintasunaren adierazle dira. Azken asteotan Kolonbian ere une zailak bizi izan dira baina aldeorok erantzunkizun osoz jokatu du.

Maila horretan prozesuaren deseskalamendurako neurriak ematea eta Gobernu zein FARCek sueten akordioa lortzeak berebiziko garrantzia dutela deritzogu. Aldeei dei egiten diegu akordiorako esfortzuak areagotu ditzaten.

ELNrekin ematen ari den elkarrizketa esploratxaileek ere lehenbailehen emaitza positiboak izatea espero degu. Eta horretara animatzen ditugu aldeak.

Argi dago, beraz, aukera paregabea dagoela gatazka honi,euskal gatazkari bezala, behin betiko irtenbidea ematekoa. Kontua borondate politikoan eta herritarron babesean dago, herritarron griñan.

EH Bilduk, babes osoa agertu nahi dio Kolonbian burutzen ari den pake prozesuari eta gure eskuetan dauden aukerak baliotuko ditugu prozesu hau ahal dugun einean babestu eta laguntzeko.

http://alternatiba.net/old-files/Urrea Arraiz Kolonbia.jpg

X