Palestina 194

Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen apustuak Nazio Batuen Erakundeak Palestinako Estatua onar dezaten eztabaida sakona eragin du, Palestinako gizartean bertan zein herri honekiko nazioarteko elkartasun mugimenduaren baitan.

Egitasmoak aurrera egiteko aukera gutxi dituen arren, bere sustatzaileek Asanblada Nagusian lortutako babesak garaipen sinboliko gisa hartu dituzte eta, hobarien artean aipatzen dituztenak, AEBen zaintzarik gabeko aurrerapasoak emateko beharra, palestinarren aldeko nazioarteko babesa handitzea, gatazkaren geldotasuna hausteko aukera, Palestinako mugimendu soziala birantolatzea eta NBEaren ebazpenak eta nazioarteko zuzenbidea gatazka gainditzeko oinarrizko irizpide berriz ere bilakatzea daude.

Jarrera honen aurrean, aitortza honen eskaerak izango dituen alderdi txarrak aipatu dituzten ahots ugari izan dira: izaera isolatua duela, estrategia nagusirik gabekoa; zatikatutako lurraldeetako, legez kanpoko kokalekuetako eta sakabanatutako herri taldeetako status quoa zilegi egingo dituen beldurra; nazioarteko ebazpenetan oinarritutako negoziazio egoera batera bueltatzeko baliagarria izango den zalantza; “estatu bakarraren irtenbidea” lagatzea “bi estatuen konponbidea” sustatuz; Palestinako Estatuaren bideraezintasuna egungo baldintzetan; Palestinako Aginte Nazionalak sakabanatutako pertsonen itzultzeko eskubideari uko egingo dion beldurra…

Neurri handi batean, egitasmoak Osloko Akordioetatik aurrera bakea lortzeko negoziazioek jarraitu duten eskema aldatzeko gai izango ote den asmatzea da gakoa, NBEren ebazpenak “lurraldeak bakearen truke” printzipioarekin ordezkatu zirenean, etengabeko kolonizazio prozesuari erreparatu gabe.

Nazioarteko zuzenbide publikoak argi hitz egin du Palestina eta Israel arteko gatazkan: NBEko  Segurtasun Kontseiluaren ebazpenek israeldarrak 1949ko menian adostutako mugetara atzera egitera eta Palestinako lurraldeetan milioi erdi kolono hartzen dituzten 140 gora kokalekuak desegitera behartzen dute. Gainera, Genevako IV. Konbentzioa, Gerra garaian Zibilak Babesteari dagokiona, de iure aitortzen zaio lurralde hauei ituna sinatu duten alderdi guztien artean, baita Asanblada Nagusiak eta Segurtasun Kontseiluak, baina Israelek ezetz dio betetzeari.

“Bake egitasmo” ugarien porrotak Palestinako herriaren batasuna eta eskubide nazionalak ahaztu izanaren ondorio izan dira, bakea okupazio israeldarraren irizpideen arabera eraiki nahi izanagatik. Hala, gaur arte, lurralde eta demografia aldatzeko politikak inposatuz Israelek Palestinako Estatuaren sorrera ekidin izan du, eremu militarrean duen nagusitasuna eta AEBen baldintzarik gabeko babesa baliatuta. Helburu nagusia nazioarteko legezkotasuna baztertzea da; Palestinako agintariak kokalekuak, lurren desjabetzea, harresia eta palestinarren herbesteratzea onartzera behartu nahi dituzte.

Subiranotasunaren aitortza, beraz, ezin da onartu nazioarteko ebazpenak aldarrikatzen jarraitu gabe. Edonola ere, Nazio Batuengana jotzea ez da aski izango ez bada erresistentzia baketsuan oinarritutako estrategiaren eskutik, okupatutako lurraldeetan zein nazioartean, horixe baita, dirudienez, Palestinako Aginte Nazionalari falta zaiona.

Argi dago nazioartean lortutako garaipen sinboliko batek ez duela Israelek darabilen apartheid eta bazterkeria politikarekin amaituko. Bestalde, Palestinako Estatua aitortzeak ezin da bihurtu gobernuek nazioarteko legeak bete daitezen duten ardura ahazteko atzaikia. Ildo honetatik, gogoratu beharra dugu Espainiak 2,8 milioi euroko arma salmentak onartuko zituela Israelentzat.

Realpolitik deritzonaren hipokresiaren eta Israelgo Estatuak nazioarteko legeei azaltzen dion mespretxuaren aurrean, Palestinako herriaren eskubideen aldeko borrokaren baliabiderik eraginkorrenetarikoa boikot, desinbertsio eta zigor kanpainan datza. Kanpaina honek, Hegoafrikako apartheid politikaren aurkakoaren ereduari jarraiki, Israelekin kooperazio ekonomikoa, kulturala eta kirol eremukoa etetean datza, estatuetatik zein sektore pribatuetatik, eta arrakasta handiak izan ditu, hala nola, gizateriaren aurkako edota gerra krimenak egin dituzten arduradun israeldarrak auziperatzea; Israelgo erakundeekin harremana duten unibertsitate zein enpresei eginiko boikotak ere emaitzak izan ditu, bezeroek eginiko presioei men eginez ekoizpen israeldarra kontratatzeari uko egin baitiote.

Gaur egungo boikot kanpainiarik garrantzitsuenetarikoa Frantziako Veolia transnazionalaren aurkakoa da, Mendebalde Jerusalem ekialdeko eta Zisjordaniako legez kanpoko kokalekuekin lotuko dituen tren arina eraikitzeko partzuergoko kide izateagatik, azpiegitura horrek okupazioa hedatuko baitu. Gainera, Veoliak 30 urterako kontratua eskuratu du Zisjordaniako kolonoen kokalekuetarako zabor bilketa eta autobus ibilbide bat kudeatzeko. Jarduera guzti hauek, Genevako IV. Konbentzioaren eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Erromako Estatutuaren arabera, gerra krimenak laguntzearen pareko dira. Kanpaina honen harira eginiko protesten ondorioz, transnazionala Londresko Udalak deitutako lehiaketa publikobatetik at utzi izan dute.

Veolia da, hain zuzen ere, Bilboko autobus garraio zerbitzua kudatzen duen enpresa eta, Udalak, gertaera hauen berri izan arren, kontratua bertan behera utz dezala orain arte egin zaizkion eskaerei entzungor egin die, kontratu publikoetan esleipendun konpainiei ezarritako baldintzen artean giza eskubideak eta nazioarteko legeak bete dezatela eskatzearekin egin duen bezala.

Beraz, palestinarren borroka baketsuari egin diezaiokegun ekarpena ez da ezinezko ameskeria, ezta herritarren eraginetik kanpo dagoen zerbait; aldiz, udal politikatik egingarria da, ezin dugu onartu gure Udalak Veolia bezalako ibilbidea duten enpresak diru publikoarekin saritzea.

Ana Etxarte – Alternatibako bozeramailea

http://alternatiba.net/old-files/palestinaveoli def.jpg

Alternatibak Uriberen bisita salatuko du kalean eta EAJri genozidak gonbidatzea leporatu dio

Bizkaiko batzarkide ohi eta Alternatibako kide Jonathan Martinezek hiritarrak deitu ditu bihar goizean, 9:00etan Bilboko Euskalduna Jauregiaren aurrean, euskal gizarteak Kolonbiako presidente ogi Alvaro Uribe Velez bezalako “genozida baten bisitaren aurrean sentitzen duen mespretxua” adierazteko.

Alternatibatik gogorarazi dutenez, Uribek eta inguruan izan zituen ministroek historial beltza dute atzean, herritarren aurkako para-militarismoa laguntzea, nekazariei lurrak kendu enpresa multinazionalen esku jartzeko eta ustelkeria politikoa zein judizialen atzetik egon dira, giza eskubideen beste hainbat urraketen artean Kolonbiako gobernuburu izan den bitartean.

Aurreko legegintzaldian egin zuenez, “BiscayTIK Microsoft bezalako multinazional baten mesederako eta halako hizlariak ekartzeko sortu” izana leporatu dio Martinezek Jose Luis Bilbaori. Ildo beretik, “Uribe bezalakoei ongietorria ematen badie, Ahaldun Nagusiak bere kargua utzi eta bizkaitarren gobernua giza eskubideak zer diren berak baino argiago duen baten esku utz dezala” eskatu dio.

Alternatibak, beraz, Komite Internazionalistak, Askapenak, Asociación Cultural Latinoamericana eta No más Bases plataformak deitutako protestarekin bat egin du, No queremos asesinos en Bilbao (Bilbon ez dugu hiltzailerik nahi) lemapean.

Alternatibak Lurra eta Pakearen aldeko nekazarien topaketan parte hartuko du gaurtik Kolonbian

Lurra eta Pakearen alde ‘Encuentro nacional de comunidades campesinas, indígenas y afrodescendientes por la tierra y la  paz; El Diálogo es la Ruta’ Barrancabermejan, Magdalena Medio eskualdean(Kolonbia), gaurtik eta astelehenera bitarte egingo duten topaketan parte hartuko du Alternatibak. Bihar, jardunaldien bigarren saioan, bakearen aldeko bertako zein nazioarteko esperientzien berri emateko orduan izango da eta bertan aurkeztuko du Alternatibak Euskal Herriko normalizazio prozesuaren inguruko esperientzia ezkerreko ikuspegitik.

Bizkaiko batzarkide ohi eta Alternatiba Gazteak-eko bozeramaile Jonathan Martinez izango da, besteak beste, Alternatibaren izenean hitz egiteko Topaketaren Aldeko Nazio Komiteak antolatutako jardunaldian. Nekazal munduko eta Giza Eskubideen aldeko hainbat erakundek sustatu dute topaketa, Asociación Campesina del Valle del Río Cimitarra elkartea barne, Kolonbiako Bakearen 2010eko Sari nazionala jaso zuen berberak. Sariketak bultzatu zuen, hain zuzen ere, topaketa hau egitera.

Jardunaldien helburu nagusia Kolonbian bakea lortzeko proposamen politiko negoziatuak elkar trukatzeko gunea sortzea da, nekazal eta indigenen komunitateen esperientzietatik abiatuta eta Gobernuarekiko zein Kolonbian bakea lortzearekin tematuta dauden eragile guztiekiko elkar trukaketa sustatuz. Lurra, Lurraldea, Natur baliabideak, Demokrazia, Eskubideen Bermea ea bakerako Politika nazionala izango dira eztabaidarako oinarriak.

Esku-hartze humanitario militarra Libian? > Alternatiba

Alternatibako internazionalismo mahaia
Ilustrazioa: Jared Rodriguez (truthout.org)

NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren 1973 ebazpenak Libiako aire espazioaren itxiera ezartzetik haratago doa, gizarte zibila babesteko beharrezkoak diren bitarteko guztiak erabiltzeko eskubidea ematen dio Nazioarteari. Bonbardaketak zein zibilen heriotza masiboak salatzeaz gain, Alternatibak ezezko biribila eman nahi dio errealitatearen irakurketa zital bezain bipolar honi. Eraso militarrak klase eta herrialde menderatzaileen logikari erantzuten dio, nazio subiranotasunaren kontzeptua berrikusiz eta esku hartze humanitarioa kapitalismoaren orden berri gisa ezarriz.

Libian inori kezkatzen ez zaiona bertako gizon-emakumeak dira. Hipokratesen printzipio zaharraren arabera, “minik ez egitea da lehena”, baina zibilen erailketak)milaka errefuxiatu eta kalte ekologikoak eragiten dituen eraso militarrak printzipio hori zapuzten du. Bonbardaketek ez dute ezer konpondu, krisia areagotzea baino ez dute ekarri. Zer dela eta ez dira aztertu Afganistan edo Irakeko eraso militarren emaitzak?

Erasoaren benetako arrazoiak zibilak babestetik oso urrun daude: petrolioa, transnazional handien interesak eta zonaldearen kontrol geoestrategikoak baitira benetako zergatiak. Gainera, mendebaldeko herrialdeen hipokresia salatu nahi dogu, azken hauek Libiako errepresioa eskandalutzat omen dute, baina, aldiz, euren aliatu Israel, Saudi Arabia, Maroko, Kolonbia eta enparauek egiten dutenarekin ez jakinarena egiten dute ahaztutako gatazketan hildako milaka lagunak aintzat hartu gabe.

Bestalde, erasotzeko erabakia hartu dutenen lagun-mina izan da Libiako diktadorea duela gutxira arte. Errepresioa, torturak eta sarraskiak onargarriak dira diktadurak eraginkorrak diren bitartean. Espainiako estatuan hiprokresiaren erakusgarri patetikoenak dira Erregea, Aznar, Zapatero, Gallardon (alkateak Madrilgo Urrezko Giltza eman zion Gadafiri) eta milioika euro irabazi dituzten enpresariak. Neurri bikoitzaren erabilpena argi islatzen da euren kanpo-politikan, giza-eskubideen babesaren nazioarteko sistemaren aldeko apustuaren ahulezian zein nazioarteko azterketa egiteari behin eta berriz eman dioten ezezkoan.

Nazio Batuen Gutunean eta Nazioarteko Justizia Auzitegiko ebazpenetan oinarritutako egungo nazioarteko ordenamenduak debekatzen du estatu baten subiranotasun nazionala indarrez urratzea, Segurtasun Kontseiluak onartu ezean. Libiako erasoak mahai gainean jarri du berriro ere Nazio Batuetan erreforma demokratiko sakona egiteko beharra.  NBEko partaide izateak honako konpromiso hauek suposatu beharko lituzke: Nazioarteko Zuzenbidearen onarpena eta gerrari uko egitea; gatazken konponbide baketsuaren aldeko sistema bati men egitea; Estatuen pixkanakako desarme prozesua  finkatzea; Estatuetako ordezkaritza proportzionala bermatzeko sistema bat ezartzea Biltzar Nagusian; beto eskubidearen amaiera Segurtasun Kontseiluan eta nazioarteko ekintzen kontrol judizialaren indartzea eta Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiaren epaiek bete beharreko izaera lortzea.

Libiako gizarte zibilak kezkatzen gaitu eta Gadafi diktadorearen praktikak errefusatzen ditugu, baina eraso militarrak erregaiarekin amatatu nahi du piztu den sua. Hona hemen gure apustuak: diplomaziaren eta negoziazioaren alde, krisi uneetan bitartekari eta nazioarteko begiraleen alde, erasoan gastatutako baliabide ekonomiko guztiak bake prozesu batean inbertitzearen alde, armen salmentaren erabateko debekuaren alde, diktadurekin amaitzeko eta boterea eskuratzeko bide demokratikoak ahalbidetuko dituzten prozesu demokratizatzaileen sustapenaren alde, eta talde minoritarioen segurtasuna bermatzearen alde. Hau da, Alternatibak gatazkarik ez gertatzeko aurretiko lana lehenesten du ekintza humanitario militarren aurrean.

Nork erabakitzen du gobernu bat ez dela zilegi edota giza-eskubideak sistematikoki urratzen dituela? Hori baita gakoa. Egungo nazioarteko egoera ikusita, ez zaie galdera hauei behar bezala erantzuten. Bistan da ez direla sakratutzat jo behar estatu subiranotasuna edota esku-hartze eza bezalako kontzeptuak, baina ezin dira berrirakurri homogeneizazio neoliberalaren mesedetara. Argi izan behar dugu potentzia handiek jomuga dituztela kapitalismoa eta mugak ezabatzen dituen merkatu bakarra. Interbentzionismo humanitarioa orden neoliberal berriaren tresna bikaina da, izaera militarra eta humanitarioa batzen dituena, hain zuzen.

Petrolio gosea demokraziaz mozorrotzen denean > Xabier Letona

Xabier Letona
Argia
(ARGIAren 2270. zenbakian argitaratua)
Argazkia: Nasser Nouri

Petrolioa Libiari egindako erasoaren muinean dagoela pentsatzeko arrazoiak ugariak dira, erasoaren arrazoi nagusia zibilen defentsa dela pentsatzeko baino askoz gehiago. NBEko 1973 ebazpena, zibilen babesean oinarritzen da, baina orain arte Frantziak, Erresuma Batuak eta AEBek gidatutako koalizioaren armek ez dela hala erakusten dute, Gaddafiren kontrolpeko era guztietako azpiegiturak suntsitzen ari dira eta. Horren ondorioz, Gaddafiren aurkako operazioari babesa eman zion Liga Arabiarrak adibidez, erasoen izaerarekiko desadostasuna erakutsi du.

Libiako erregimenaren erorketa helburu, eta Irak eta Afganistango inbasio zuzenen akats eta arriskuetatik ikasita, Mendebaldeko indarrek Libiako azpiegiturak gogor kolpatu eta oposizio armatua indartzea izango dute helburu. Hasiera ezagutzen dugu jada, baina eraso militar hauen esperientziak dioskunez, amaiera aurreikustea oso bestelako kontua da. Beste hainbatetan ere Mendebaldeak bere interesak babestu ditu, baina bertako herritarren egoera okertuz (Irak, Afganistan, Somalia…).

Petrolioa da lehena, ez herritarrak. Marokon (bertakoekin eta sahararrekin), Aljerian, Yemenen, Barhein-en eta Palestinan, besteak beste, zibilen aurkako errepresioa oso gogorra da, baina ez dira gisa horretako neurriak hartzen. Berdin munduko beste hainbat lekutan, hasi Txinatik eta Honduraseraino. Mendebaldeak bere interesen alde egiten du, ez diktadurek zapaldutako herritarren alde.

Libiako petrolioaren %75 Europako Batasunera doa: Italiara %32, Alemaniara %13,4, Frantziara %10, Espainiara %8,6… Eta munduko petrolio erreserben zerrendan, Libia 9.ena da. Une honetan petrolioaren prezioan oso garrantzitsua da eta petrolioa gero eta eskasago izango den munduan estrategikoa.

Aitortu behar da, alabaina, eraso militar honek Bengaziko matxinatuak eta zibilak babestu egin dituela. Zantzu guztien arabera, eta ikusirik Gaddafiren armada nola ari zen irabazten gerra, badira arrazoi asko pentsatzeko Bengazin mendeku odoltsua gauzatuko zuela. Benetako helburua balizko sarraskia eragoztea balitz, ordea, nahikoa izan zitekeen Bengaziko Gaddafiren indarrak geldiaraztea eta gainerakoan indar diplomatikoa erabiltzea. Errepresio basatietarako lekurik ez dagoela argi utzita, ondorengo guztia libiarrei dagokie konpontzea, eta NBEk horretarako laguntza guztia eskaini beharko luke. Berdin beste herrialde arabiarretan ere.

Ez dago argi orain zer gerta litekeen, baina epe laburrean bi eszenatoki bederen aurreikus litezke. Bata, nazioarteko erasoak aurrera jarraitzea eta Gaddafiren erregimena barrutik ere lehertzea (desertzioak…). Beste eszenatokia luzeagorako litzateke: Libia bitan zatitua geratzen da, erregimena mendebaldean eta matxinatuak ekialdean, eta gerra luzearen ondoren eta Mendebaldeko potentzien sostenguarekin, matxinatuek irabaztea. Era batera ala bestera, argi dago Gaddafirenak egin duela.

Hori bai, beste behin ere, argi geratu da Mendebaldeko herrialde askoren hipokrisia. Azken urteotan denok ikusi dugu telebista eta argazkietan nola ibili den Libiako koronela hiriburuz hiriburu Italian, Frantzian, Espainian… 2005etik 2009ra Alemaniak ia 86 milioi euro saldu zizkion Libiari material militarrean; oraingo erasoekin Frantziak berak Libiari saldutako Mirage hegazkinak lurreratuko ditu agian; eta Espainiak otsailaren bukaeran agindu zuen etetea Libiara saltzen ari zen material militarra…

Herrialde arabiarretako matxinaden funtsa, beren diktadurekiko duten jasanezintasunean dago; pobrezia eta beste hainbat eragile leherkari izan dira. Urtea joan urtea etorri –eta petrolioa eta Israelekiko babesa beti muinean–, diktadura horiek Mendebaldeko sostengua izan dute eta honek bere kasara maneiatu ditu, orain Sadam Hussein Iran-en aurka erabiliz, edo gero Ga­ddafi Al Kaedaren aurka. Lehen kolonialismotik, gero postkolonialismoz jantzita.

Benetako helburua herrien garapena, zibilen babesa eta demokrazia baldin bada, testuinguru horretan ez da lekurik Mendebaleko politika paratxutistentzat. Erantzun bakar eta sinplistarik ez duten egoera konplexuak daude matxinada arabiarren baitan. NBEk diktadura ororen aurka ari diren herritarrak sostengatu beharko lituzke, beti ere zenbait printzipio nagusi eginez: herritarren interesa, herrialdeen soberania eta indar militarra azken baliabidea dela. Baina hori ez da samurra izango, batetik Mendebaldeko herrialde nagusiek oraindik orain beren interesak lehenesten dituztelako; eta bestetik, eredu izateko etxetik hasi behar delako. Esaterako, noizko NBEko erreforma, herrialde nagusien beto eskubidearekin amaitzeko?

X