Alternatibak dio “lotsagarria eta nazioarte mailako erridikulua” dela Luhusoko operazioa

Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek salatu egin ditu bart gauean Luhuson eginiko atxiloketak, “lotsagarria ez ezik, nazioarte mailako erridikulua da operazioa”, esan du. Tamalez, “egiaztatu egiten dute Frantziako estatua bakea oztopatzeko edozer egiteko prest daudenekin bat egiten duela, euskal gizarteak normalizazio politikoaren bidean espero duen armagabetzea zapuzteko helburua dutelako”. Gogoratu egin du, halaber, “Espainia dela munduko estatu bakarra non, gatazka armatu baten ostean, unilateralki jarduera militarra utzi eta bere burua armagabetu nahi duen erakundeak gobernuaren kontrako jarrerarekin topo egiten duela, inolako borondaterik ez baitu”.

Matutek atxilotutako lagunen perfila nabarmendu du, “erabat bakearen eta giza eskubideen aldekoa”, eta horregatik guztiak berehala askatzeko eskatu du, “amaitu daitezela behingoz demokraziaren eta bakearen alde egitea delitu bakarra duten pertsonak jazartzea”. Ildo horretatik, iragarri egin du Alternatibak bat egiten duela gaur arratsaldeko 16:00etan Baionako Euskaldunen Plazatik abiatuko den manifestazioarekin, Bakearen alde, liberté pour les artisants de la paix lemapean.

Ezkerreko erakundetik, azkenik, gogorarazi egin dute euskal gizarteak gatazkaren ondorioak gainditzeko borondatea duela eta, bide horretan, “Madrilgo politikak, zapalkuntza eta mendekua oinarri, lortu duen gauza bakarra bere proiektu nazionalaren gainbeheran aurrera egitea izango da, inposizioaren eta eskubide urreketen bitartez bakarrik garatzen delako”.

Iruneko Akordio Estrategikoaren sinatzaileek Hendaiako ikastolaren aurkako erasoa salatu dute

Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasuna, 2012ko apirilaren 28an, Irunen, Ficoban sinatutako akordio estrategikoak biltzen dituen indar politikook, Baionako suprefetak Hendaian ikastola berri baten eraikitzearen aurkako erasoari elkarrekin ihardestea erabaki dugu. Oraingoan, Hendaiako ikastolaren aurkako eraso bati buruz ari gara, baina suprefetaren asmoak egi bilakatzen badira, Ipar Euskal Herriko ikastola guztiak kaltetuak izango dira eta desagertzeko zorian egon daitezke.

Baionako suprefetak Ipar Euskal Herrian Seaska eta herriko etxean artean zegoen funtzionamendurako 20 urteetako akordio tazitoa apurtzen du. Suprefetak Seaska eta eskuin zein ezkerreko udalen arteko kontsentuari ezin dio muzin egin. Erabaki hau euskarazko murgiltze hezkuntza sistemaren aurkako eraso zuzena da.

Denek onartutako ohiko jarduera eta suprefetak hartutako posizioaren arteko kontraesanak inoiz baino gehiago agerian uzten du marko juridiko bermatzaile baten beharra, hots, euskararen ofizialtasun estatusa edo perspektiba zabalago batean Frantziako estatuan diren hizkuntz gutxitu guztiena.

Horrez gain, salatu nahi dugu Frantziako Alderdi Sozialista jarrera. François Hollandek Europako Hizkuntz Gutxituen Gutunaren sinadura bere programaren puntu bat egin zuen, eta egun bere gobernuak izendatu duen suprefeta batek argi eta garbi erasotzen du euskarazko murgiltze hezkuntza.

Euskal gizarteari deia luzatzen diogu larunbateko manifestazioan parte hartzeko. Mobiliazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da, Hendaiako tren geltokitik.

http://alternatiba.net/old-files/p002_f01.jpg

Aurore Martinen kontrako Euroagindua gauzatu ez dadila eskatzen duten erakundeekin bat egin du Alternatibak

 

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek “zentzuz jokatzeko” eskatu die Aurore Martin Batasuneko militantea bere jarduera politikoagatik atxilotu nahi duten Paris eta Madrilgo gobernuei. Ideiak “espetxeratzen jarraitu” nahi duten buruzagi politikoen “egoskorkeria” deitoratu du Matutek, “normalizazio politikoa nahi duen euskal gizartearen gehiengoaren kontra” doazelako.

Aurore Martini leporatzen dioten delitua militantzia politikoarena dela gogorarazi nahi izan du Martinek eta, horregatik, atxilotu eta espainiaratzeko agindua gauzatu ez dadila eskatu duten erakunde, eragile eta ordezkari anitzekin bat egin du Alternatibak.

Ezkerreko erakundeko bozeramaileak berriz azpimarratu du bakea eta normalizazioa beharrezkoa dela, era guztietako eskubideen urraketak gaindituz, “euskal gizarteak eskubide guztiak aldarrikatzen dituelako”, partaidetza politikoarena barne.

Azkenik, Alternatibak datozen asteetan pertsona guztien eskubde guztiak aldarrikatzeko euskal hirietako kaleak zeharkatuko dituzten elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

24an, greba Iparraldean

Berria – Greba izango da 24an Iparraldean, erretretaren erreformaren aurka

“Defizit hori gutxitzeko hainbat aukera ditu Parisek mahai gainean. Esanguratsuena eta sinbolikoena erretrataren adin ofiziala atzeratzea da. 1981etik hona, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako biztanleek badute aukera 60 urterekin erretiroa hartzeko, baldin eta urte kopuru batez Gizarte Segurantzara kotizatu badute. Kotizazio epe hori luzatu dute azken erreformek eta, ondorioz, erretiroaren adin erreala atzeratzen ari da.”

Euskal Herriko Laborantza Ganbararen auzian Estadoak ez du kazazionean dei egin

Igurikatua zen berria konfirmatua da: Euskal Herriko Laborantza Ganbararen auzian Estadoak ez du kazazionean dei egin. Ondorioz, Euskal Herriko Laborantza Ganbara osoki eta betirako xuriturik ateratzen da : bere helburua, aktibitateak, antolakuntza eta izaera legalki onartuak dira. 2005eko prefetaren plenta, Ainizako lokalaren perkisizionea, hiru urte iraun duen inkesta judiziala eta korrekzionalean jasan behar izan diren bi auziek ez zuten izaite beharrik. Eta bizkitartean, errealitatea hori izan da : bost urtez Euskal Herriko Laborantza Ganbarak jasan ditu mota guzietako atakeak, prezione haundia sufrituz. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak kario pagatu du atake horiek eskatu dakoten energia, denbora eta dirua. Bainan gaur, elkartea azkarturik atertazen da bere eskubide eta legitimitate osoarekin.

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak eskertu nahi ditu mementu zail horietan sustengua ekarri duten pertsona guziak, laborari edo ez laborari, hautetsiak eta hautetsi ez direnak, elkarte eta mugimendu guziak, izan diten Euskal Herrikoak edo kanpokoak.

Garaipen hunekin, auzitan diren beste dozierrak ez dira ezeztatzen, izan diten lotuak Kontseilu orokorraren diru laguntzeri, Senpereko Herriko Etxearen diru laguntzeri, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen laguntzaileek zergetarik zati bat kentzearen eskubideari eta beste bi lan sail hunkitzen dituzten gaieri. Bainan auzi horiek ez dute gehiago zentzurik, penalean irabazi dozierrean oinarritzen baiziren.

Euskal Herriko Laborantza Ganbara azkarturik ateratzen da Paueko auzitegiaren erabakiari esker. Segituko du sekula baino motibazio gehiagorekin laborari guzier perspektibak emanen dituen laborantza iraunkorraren alde.

Euskal Herriko Laborantza Ganbara

X