Zergatik hiltzen gaituzte eta ez da ezer gertatzen

Irantzu Varela

Hiltzen gaituzte gizarte batek hor dauzkalako berak ametitzen dituen indarkeriak. Eta gure gizarte honek ametitzen du gizonek emakumeak hiltzea eta bortxatzea. Badakit nik hori, aste bakarrean bost emakume hil zituztenean ere ez baitzen ezer gertatzen. Herrialdea ez zen gelditu, ez ginen irten kalera, Ministro Kontseiluak ez zuen urgentziazko bilerarik egin, prentsaurrekorik ere ez zuen antolatu bere burua feministatzat duen gobernu horrek jakinarazteko nolako larrialdi neurriak hartu behar zituen. Komunikabideetan ere ez zuen tarte handirik hartu, ez eta pare bat zutabe baino gehiago ere azaletan.

Badirudi lortu genuela jende gehiena pixka bat haserretzea —haserre arinegia— “beste bat hil dute” esaten zigutenean. Baita instituzioetako liderrek pinak eta lazoak jartzea ere, eta oso serio jartzea gertatua arbuiatzeko elkarretaratzeetan. Euren kontua ez balitz bezala. Baina jarraitzen du indarkeria matxista “izurria” dela dioen diskurtso anestesiko horrek. Ez-dakigu-nondik-datorren izurrite bat balitz bezala; azaltzerik ez duguna eta borrokatzerik ez duguna. Baina ez da hala.

Indarkeria matxista denok jasaten dugun emakumeen kontrako indarkeria basatia da, egunerokoa, eta gutako batzuk ohartu ere egiten ez garelako hasten dena.

Indarkeria matxista denok jasaten dugun emakumeen kontrako indarkeria basatia da, egunerokoa, eta gutako batzuk ohartu ere egiten ez garelako hasten dena. Gutxiago kobratzen dugu, pobreagoak gara, etxean hiru aldiz gehiago lan egiten dugu—doako lana baita—, gauez ibiltzeko beldurrak egoten gara, askoz gutxiago hil eta lapurtzen dugu baina askoz gehiago hil eta bortxatzen gaituzte… eta jarrai dezakegu bide horretatik sistema heteropatriarkal honetan gure berdintasun-eza deskribatzen duen indarkeria deskribatzen. Baina batzuek ez dute ikusten, eta askori beldurra ematen dio —gero eta gehiago— guk hura ikustea. Izan ere, sistema honi eusten dion indarkeria da.

Emakumeen kontrako indarkeria, gaur egun, gure gizartean, argigarria da. Hiltzen dituzten emakumeen erdiak baino gehiago, bere lagunak edo lagun ohiak hiltzen ditu, betiere gizonak. Horietatik, ia denak ere bereizteko prozesuan hiltzen dituzte. Alde egitera doazenean, amen esateari uzten diotenean, etxabereak izateari uzten diotenean. Horretarako balio du gure aurkako indarkeriak. Guri gogorarazteko ez zaiola ezer gertatzen etxetik alde egiten ez duenari, esklabo lana uzten ez duenari, besterekin ez doanari, gona motzetan ez dabilenari, kolkoa erakusten ez duenari, edo urdangaren moduan ez dabilenari; mozkortzen ez denari, etxera desorduan itzultzen ez denari, protestarik egiten ez duenari, aurre egiten ez duenari, kexatzen ez denari… Men egiten duenari, eta isilik dagoenari —eta haiei gustatzen zaie, ez balego bezala baita— ez zaio ezer gertatzen. Zeren eta gauza gaiztoak emakume gaiztoei gertatzen zaizkie. Beti egoten baitziren behar ez zuten lekuan, edo edan egiten zuten, edo okerreko autora igotzen ziren edo behar baino haragi gehiago erakusten zuten, edo salatu egiten zuten, edo ez zuten egiten, edo geldirik egoten ziren bosten artean bortxatzen zutelarik edo bortxatzaileari aurpegi ematen zioten eta hiltzaile bihurrarazten zuten.

Hilketa bakoitzaren, bortxaketa bakoitzaren, eraso bakoitzaren atzean, ohartarazpen bat dago: kontuz ibili, ez egin gauza gaiztorik, izan ona. Argi utzi ez duzula merezia, ez zarela txerri bat, ez zarela eroa eta ez zarela horietakoa. Eta, orduan, ez zaizu ezer gertatuko. Emakumeen aurkako indarkeria komunikabideetan nola agertzen den ikusi besterik ez dago gure gizartean nola jasaten —eta zilegitzen— dugun ikusteko. Hor dira “hilik agertu diren” emakumeak —Bihurguneko Neskatoaren gisa—, nahiz eta alaben aurrean lepoa moztua izan, nahiz eta labankadaka, aizkorakadaka edo plantxakadaka xehatua izan; hor da odoleztaturik bere burua entregatu eta errua aitortzen duen gizona, edo bere buruaz beste egiten duena bere tortura objektua hondatu baitu eta ez baitu bizitza honetan beste inor izorratzekorik. Hor dira “aita onak” diren gizon horiek, nahiz eta seme-alabak bainuontzian ito, etxeari su eman aurretik, edo alabari “printzesa” deitu eta eskolako atera askaria eramaten zuena hura estrangulatu aurretik. Hor dira bortxatzaile epaituen defendatzaileak, telebistetan paseoan dabiltzanak esanez onarpenaren ideia oker bat dugula, damuagatik salaketa faltsuak ipintzen ditugula. Hor dira kazetariak, hildakoen iraganaz hitz egiten dutenak, beren bikotekide sexualez, beren ohituraz, argazkiez, sare sozialez, zerk eraman dituen patu horretara arrazoitzen dutenak. Hor dira epaileak, talde bortxaketen ordez olgeta ikusten dutenak, umeak salbatzen dituzten amengan bahiketa ikusten dutenak, beldurrak eragindako disoziazioaren lekuan onespena ikusten dutenak, laguntza oihuen lekuan gezurrak ikusten dituztenak, mehatxuen lekuan adierazpen askatasuna, ezertarako balio ez duten protokoloak diren lekuan salaketa faltsuak… Indarkeria den lekuan normaltasuna.

Baina, hilketa bakoitzaren, bortxaketa bakoitzaren, eraso bakoitzaren atzean, emakumeok behintzat beste arrazoi batzuk bilatu behar genituzke urduri egoteko: zergatik ematen digu beldurra ezezagunekin gurutzatzea, hiltzen gaituztenen erdiak baino gehiago maite gintuztela esaten bazuten? Zergatik beldurtzen gaitu bakarrik bidaiatzeak, hamar kasutatik zazpitan gure inguru hurbileko gizonek bortxatzen bagaituzte? Zergatik uste dugu seguruago gaudela gizon bat hurbil izanda, baldin, kasurik onenean, trukean gure askatasuna eskatuko badigu?

Indarkeria era askotarikoak egunerokoan jasaten ditugun biktimak ere ez gara konturatzen. Uste dugu nahi dugulako egiten garela etxeko lan guztien kargu. Uste dugu mundu guztia zaintzen dugula maite gaituztelako. Uste dugu ez dela ezer gertatzen kalean iraintzen bagaituzte, ez dela hainbesterako gu ukitzea, eskukatzea, nahi ez dugunean larrutan egitea. Uste dugu bakarrak garela jada gehiago jasaten ez dugunak. Denbora gutxiago izatearena, gure hitzak gutxiago balio izatearena, espazio gutxiago izatearena, ordezkaritza gutxiago izatearena, eskubide gutxiago izatearena, lan okerragoak izatearena. Gu hil eta bortxatzearena uste dugu ez dagoela lotua jolastokietan neskatoek espazioaren laurden bat bakarrik hartzearekin. Uste dugu indarkeria sexuala ez dagoela lotua zineman, telebistan, iragarkietan, pornografian, modan, politika, zientzian, kulturan, lan merkatuan, umorean, eguneroko elkarrizketetan, whatsapp taldeetan eta Vatikanoan betetzen ditugun rolekin. Baina desberdintasun horiek guztiak indarkeria beraren parte dira, berdintasun falta naturala delako plantak egiten dituen indarkeriarena, eta diferentziekin justifikatua dagoena. Neutroak direla, kaltegabeak, eztabaidaezinak, mugiezinak, sakratuak, naturalak, antzinakoak, edo burura datorkigun edozein kaka zahar, justifikatzeko egun batean —nola ere ez dakigula— gutako bat —bizitza normala, senar normala, zorigaizto normala zuena — hila agertzea.

Baina, hilketa bakoitzaren, bortxaketa bakoitzaren, eraso bakoitzaren atzean, emakumeok behintzat beste arrazoi batzuk bilatu behar genituzke urduri egoteko

Gero eta gehiago gara holakorik irensten ez dugunak. Gero eta beldurtuago eta amorratuago daude pribilegio horretan guztian bermatzen ziren horiek. Amaiera ikusten ari dira eta. Eta, hiltzen gaituzten “aita onak” eta “gizon onak” direnez, ez dute nahi ezer aldatzea. Gu hil nahiago dute, ezin badute berdin segitu. Nahiago dute gu hiltzea eta bortxatzea ametitu, eta ez onartu beren erantzukizun instituzionala, ez hartu prestakuntzarik beren lanbidean erdia diskriminatzen eta menean hartzen duen sistema honi jarraipenik ez emateko, ez borrokatu lan munduko desberdintasunak, ez ulertu bortxatzen ari direla negoziatu ezean larrutan egiten duten bakoitzean, ez ulertu zergatik ematen diguten ematen diguten beldurra, ez onartu bortxatzen eta hiltzen gaituztenak ez liratekeela hainbeste izango zilegiturik ez baleude. Beste gizonen eta sistemak eratu dituen egituren eskutik.

Horregatik, indarkeria matxista da heriotza kausa nagusia hamabost eta berrogeita lau urte artekoen artean. Mundu osoan. Minbizia baino gehiago. Gerrak baino gehiago.

Hildako emakumeek salaketak jarriak zituzten sarritan, eta ez zuten ezertarako balio izan. Hiltzailetik babesteko neurriak eskatuak zituzten askotan, eta ukatu egin zizkieten. Hori ez da sistemaren hutsegitea. Besterik gabe, erakusgarri bat da, erakusten duena sistema hau prestatua dagoela gizonek beste gizon batzuei egiten dieten indarkeriatik babesteko, baina ez gizonek geuri egiten diguten indarkeriatik babesteko. Izan ere, bake esaten diogu gizonek masiboki elkar hiltzen ez duten aldiari. Baina gu sistematikoki bortxatzea eta hiltzea bakearen eta demokraziaren normaltasunaren parte da. Eta errealitate hori bere lehentasunak erabakitzen dituen sistema batean bakarrik da posible, emakumeen kontrako indarkeria ez dela indarkeria erabaki duen sistema batean.

Ez dago izurriterik, sistemak zilegitzen dituen indarkeriak baizik. Ez dago ero bakarturik, patriarkatuaren seme sanoak baizik. Ez dugu arbuio abstrakturik erakutsi behar, kausa zein den eta neurriak zein diren ez bageneki bezala. Urteak eta urteak daramatza mugimendu feministak honako honelakoak eskatzen: berdintasun politiken aldeko apustu instituzional sendoa, lanerako baliabideak, curriculum programa guztietan genero perspektibarekin formatzea, hasi haur hezkuntzatik eta graduondokoetaraino; Genero Indarkeriaren Lege Integralaren berrikuspena, elkarrizketa tokian tokiko, eskualdeko eta estatuko talde feministekin, kode deontologikoen sorrera genero ikuspegiz arlo profesional guztietarako, komunikabideen eta publizitatearen behatokiak, diskurtso matxistak eta gorroto delituak borrokatzeko neurriak… eta horrela jarrai genezake egunak eta egunak neurri zehatzak idazten errealitatearen, eguneroko borrokaren eta eskarmentu indibidual eta kolektiboaren analisitik eratortzen diren maila guztietan. Eseri eta entzun egin beharko gintuzkezue.

Indarkeria matxista ez da garaiezina, ez da normala, ez da hor egongo betirako. Sinetsidazue. Nire Angela Davis miresgarriak behin batean desmuntatu zuen nire ezkortasuna betirako, hauxe esan zuenean: “Esklabotzari amaiera eman bagenion, nola ez diogu amaiera emango patriarkatuari?”. Ez dago bakerik justiziarik gabe. Ez dago justiziarik berdintasunik gabe. Ez dago berdintasunik feminismorik gabe.

Artikulu hau Vice agerkari digitalean argitaratu zen gazteleraz.

X