Alba Fatuarte: “Alkateak berak adierazi du Bilboko Euskararen aholku batzordea ez dela erabaki-gunea izango”

EH Bilduk Bilboko Euskara Aholku batzordearen lehen bileran parte hartu du. Alba Fatuarte Alternatibako kide eta koalizioko zinegotziaren ustez, bilera osteko balorazioa “gazi-gozoa” izan daiteke. Izan ere, Euskara Aholku Batzordea eratzea EH Bilduren aspaldiko eskakizuna da eta positiboa da azkenik batzordea sortu izana, Bilbon hizkuntza politikak behar duen eraldaketan eragiteko aukera paregabea eskaintzen duelako. Izan ere, “Bilbon indarrean egon de hizkuntza politika berbera izan da azken hamarkadan eta orain ausardiaz jokatu eta aldaketa sakonak egiteko garaia da”. Aitzitik, batzordearen eraketa prozesua zein izan den aztertuta, “aukera hori ez ote den galduko” beldur da Fatuarte.

Izan ere, aurreko legegintzaldian euskara saileko arduradunak oposizioko udal-taldeekin elkarlanean egon ziren, batetik Euskararen Bilbo, Itun berri baterako proposamena eta Bilbon Euskararen normalizaziorako lehentasunezko erronkak izeneko dokumentuak lantzen, eta bestetik Euskara Aholku Batzordearen osaketaren inguruan. Fatuarteren hitzetan, “Kideak proposatzea eskatu ziguten; batzordearen funtzionamendua, eskuhartzea, gaitasuna, izaera eta abar guztion artean eztabaidatu genuen. Horregatik, legegintzaldi berria hasi bezain laster Koldo Narbaiza, Euskara eta Hezkuntza zinegotziari jakinarazi genion elkarlan horrekin jarraitzeko prest geundela, baina dirudienez Udal Gobernu berriak beste era batera lan egitea erabaki du, alde bakarreko erabakiak hartuz eta Euskara Aholku Batzorderako deialdia bidaliz, besteoi inongo informaziorik helarazi gabe”.

Halaber, Euskara Aholku Batzordearen osaketaren inguruan irakurketa kritikoa egiten du EH Bilduk. Izan ere, batzordea osatzen duten 21 kideetatik, 16 instituzioetako ordezkariak dira, eta 5 baino ez dira euskalgintzako eragileak. Gainera, Aburto alkateak zehaztu zuenez, ez datoz erakundearen izenean, euren izenean baizik. Fatuartek batzordean hitza hartu zuen “euskalgintzako eragileen ausentzia nabarmena” zela adierazteko eta proposamen berriak helaraziko dizkio euskara saileko arduradunei kontuan har ditzaten.

Azkenik, batzordearen funtzionamenduari dagokionez, hainbat zalantza adierazi zituen Fatuartek batzordean bertan, baina bere esanetan “dagoeneko jakin badakigu, alkateak hala adierazi zuelako, batzordea ez dela erabaki-gunea izango, aholkularitza espazio soila baizik”. EH Bilduko zinegotziaren ustez “erabaki hau ez dator bat Bilbok behar duen hizkuntza politika berrituarekin ezta gaur egun herritar antolatuek dauzkaten parte-hartze eskakizunekin ere. Edonola ere EH Bilduko kideok ez dugu amore emango eta lanean jarraituko dugu espazio hau, ahalik eta emankorrena izan dadin, Bilbok euskara behar duelako eta batez ere, euskarak Bilbo behar duelako”.

EHBildu Bilbo

Fatuarte: “Bilbao 700 fundazioaren bidez baliabideen kudeaketa eremu publikotik aldendu egiten da eta egituraketa opakoak sortzen ditu”

Alternatibako kide eta Euskal Herria Bildu koalizioko zinegotzi Alba Fatuarteren hitzartzea Bilboko azken udalbatzan zeinetan Bilbao 700 fundazioa bertan behera uzteko eskatzen zuen, dirua xahutzea baino ez dakar, bere esku dauden zereginak lasai egin daitezkeelako Kultura edota Alkatetza sailetik.

2000 urtean, Bilbao 700 Fundazioa helburu zehatz batekin sortu zen: Bilbo Hiribilduaren sorreraren 700. urtemuga ospatzeko hainbat kultur ekitaldi antolatzea, alegia. Harez geroztik 15 urte igarota, momentu egokia da Bilbao 700 Fundazioaren helburuak, funtzioak, eraginkortasuna eta egitura berrikusteko eta fundazio honen egokitasunaren inguruan hausnarketa bat zabaltzeko, erakunde honek dagoeneko gainditu egin dituelako sorreran markaturiko helburuak, eta beste batzuk ez dituelako bete ere egin. Hori dela eta, gaurko Osoko Bilkuran oso iluna den Bilbao 700 Fundazioak desegitea eta bere ardurak Kultura eta Alkatetza sailek bere gain hartu ditzaten proposatu dugu. EAJ, PSOE eta PP kontra agertu dira.

2000 urtean, Bilbao 700 Fundazioa helburu zehatz batekin sortu zen: Bilboko Hiribilduaren sorreraren 700. Urtemuga ospatzeko hainbat kultur ekitaldi antolatzea. Eta zergatikerabaki zen Fundazioaren formula? Momentu horretan elkarlan eta finantzazio publiko-pribatua ahalbidetzea izan zen mahaigainean jarri zen argudio nagusia. Baina garai hartan jada salatu izan zen bezala, Fundazioaren bidez baliabideen kudeaketa eremu publikotik aldendu egiten da eta egituraketa opakoak sortzen ditu, diru publikoz finantzatutako proiektuetan enpresa pribatuen esku-hartzea ahalbidetuz.

Harez geroztik 15 urte igaro dira, eta dagoeneko argi dago sorreran markatutako helburu haiek ez direla bete. 2016ko aurrekontuetan egiten den aurreikuspenaren arabera, aurten proiektuaren finantzazio pribatua %5ekoa izango da; 3.200.000€ko aurrekontu batetik, positiboak izanda, 170.000 euro baino ez dira lortuko entitate pribatuen aldetik. Beraz esan dezakegu, Fundazioa bera ia osorik diru publikoz ordaintzen dugula bilbotar guztion artean.

Begoña Salinas, Bilbao 700 fundazioaren zuzendari ohiak bere lana utzi zuenean, Gobernu honek aukera paregabea izan zuen proiektu honi zintzotasunez begiratu eta hausnarketa serio bat mahai gainean jartzeko; Bilbao 700 Fundazioaren helburuak, funtzioak, eraginkortasuna eta egitura berrikusteko eta fundazio honen iraunkortasunerako arrazoien inguruan hausnarketa bat zabaltzeko. Baina antza garrantzitsuagoa zen Bizkaiko Foru Aldundian lanik gabe gelditu zirenei lanpostu bat lehenbaitlehen topatzea. Eta horrela heldu zen Josune Ariztondo anderea, inongo aukeraketa prozesurik pasa gabe, Fundazioaren ardura bere gain hartzera.

2015eko Uztailean izandako patronatu hartan, Ariztondo anderearen aurkezpenarekin batera, nobedade berriak aurkeztu zituen alkateak; fundazioak Memoria historikoaren gaiari helduko ziola, hain zuzen ere. Une hartan lehen erretizentziak agertu ziren eta hala errepikatu ziren ere azken patronatuan. Gure ustez, fundazioari funtzio berriak emateko saiakera argia izan zen hau, eta bere garaian hala adierazi genuenez, eragile pribatuak publikoekin nahastuta dauden espacio bat ez da egokia hain konplexua izan daitekeen gaihonen inguruan inongo lanketarik egiteko. Memoria historikoarekin zerikusia duen guztia diskrezioz eta alkatetzetik zuzenean kudeatu behar da, ez beste modu batera.

Bilboko Udalak baliabide nahikoak dauzka Bilbao 700 Fundazioak antolatzen dituen zazpi egitasmoen kudeaketa bere gain hartzeko: Musika-Música, Bilbao ArsSacrum, Loraldia, GauZuria, Balearen Kalejira, 365 JazzBilbao, MundukoKulturak eta Bilbogileak Kultura Sailetik kudeatu daitezke, Fundazioaren kudeaketapean vaina askoz ere gardentasun handiagoarekin, eta bide batez,70.630€ko Goi Zuzendari soldata aurreztuta.

EH Bildu Bilbo

Euskararen Eguna: ospatzeko, salatzeko eta aldarrikatzeko eguna.

“Gaurkoa, Euskararen Nazioarteko Eguna, ospatzeko, salatzeko eta aldarrikatzeko eguna da”. Hala hasi du bere hitzartzea Alternatibako kide eta EH Bildu Bilboko zinegotzi Alba Fatuartek abenduaren 3ko ospakizun honen harira.

Ospatzeko, euskararen gizarte eragileek, euskaltzaleek eta erakunde publikoek lan eskerga egin dutelako euskararen normalizazioan azken hamarkadetan eta hizkuntza asko ez bezala bizirik iritsi delako gaur egunera. Ospatzeko, euskaltzaleek eta euskalgintzak egunero  euskararen aldeko konpromisoari eusten diotelako; eta bihar ere, konpromisoarekin jarraitzeko prest daudelako. Baina ospakizunak neurriz egin behar dira, jakitun garelako, euskara bizirik egon arren, osasunetik urrun dagoela.

Gaurkoa salatzeko eguna ere bada, hizkuntza eskubideen urraketak betikotzen ari diren bitartean, hainbat instituzioetako arduradun politikoek konpromiso eta seriotasun falta erakusten dutelako, arauak ez betetzeak zigorrik ez ekartzea onartzen dutenean.

Bilbon bereziki, ospatzeko ezer gutxi dugu gaurkoan. Egia da, inoizko udal gobernu euskaldunena dugula, alkatea barne. Hau positiboa dela deritzogu, Udal gobernuaren barne zein kanpo jardueran euskararekiko begirunea gero eta sendoagoa dela ikusten dugulako. Tamalez, jarrera hori ez doa bat euskarak Bilbon behar duen bultzadarekin. Horixe da EH Bilduko kideok ondorioztatzen duguna, joan den astean onartutako Udal aurrekontuak aztertuta. Izan ere, Bilboko Udalaren diru sarrerak %4 igoko badira ere, Euskara sailak ia 250.000 euroko murrizketa izango du 2016an, eta kopuru hori are handiagoa izango zen, ez balitz onartu EH Bilduk aurkeztutako emendakin bat, zeinari esker 50.000€ gehiago bideratuko diren euskararen erabilera sustatzeko.  Gobernuak ez zituen onartu, ordea, Udal talde honek egindako beste hainbat proposamen, saltokiak euskalduntzeko, euskararen arnasguneak sustatzeko,  euskarazko komunikabideak bultzatzeko, udalaren webgunea .eus domeinura igarotzeko, ezta euskara ikasteko diru-laguntzekin lotutako 5 proposamen ere.

Edonola ere, baliabide ekonomikoez gain, Udalak badauka beste hainbat tresna, Hizkuntza Politika eraginkor eta ausartaren bidez Bilbo euskaldunaren bidea bultzatzeko. Adibide bat euskararen udal ordenantza da. EH Bildutik urteak daramatzagu ordenantza horren beharra aldarrikatzen, berebizikoa delako arlo juridiko, politiko eta administratiboan euskarari dagokion estatusa lehenbailehen bermatzea. Ikasturte honetan hain zuzen ere, hainbat salaketa egin behar izan ditugu espazio publikoan antolatutako ekitaldietan euskaldunon hizkuntza eskubideak etengabe urratzen direlako. Ordenantzarik gabe euskaldunok babesgabe gelditzen gara gure hirian; Udalak hala erabaki duelako. Horrelako momentutan, gure eskubideak zapaltzen dituztenean, alegia, oso zaila izaten da batzuek aldarrikatzen duten #poziktibity jarrera delakoa mantentzea. Argi dago euskaldunok euskara beldurrik gabe erabili behar dugula, baina, hori ezinezkoa da trabaz beteriko hiri batean: beldurra baino etsipena da.

Udal Gobernu honen etorkizuneko hirian euskara ez dago kontenplaturik: ez dago hizkuntzaren erabilera edota transmisiorako plangintza argirik, ezta ezagutza eta irakaskuntza sustatzeko ere: euskalduntze eta alfabetatzearen doakotasun unibertsalerako urratsak eman beharrean, euskara ikasteko diru-laguntza partida bere horretan mantentzea erabaki da eta gainera Bilbotar gehienek ez dute dirulaguntza hauek eskatzeko aukera ere. Oztopo horiek guztiek euskaldunon bizi kalitatea mugatu baino ez digute egiten.

EH Bildun konpromiso zehatzak nahi ditugu mahai gainean. Non dago duela urtebete Udal Gobernuak bultzatutako “Euskararen Bilbo” akordioa?… ahaztuta dagoeneko! Jakin badakigu, Euskara Saileko arduradunek publikoki hala adierazi dutelako, Euskararen Aholku Batzordea laster sortuko dela, baina egun ez dakigu nola gorpuztuko den: ez dago argi nortzuek osatuko duten ezta zeintzuk izango diren bere funtzioak. Gure iritziz, instituzioak euskalgintzarekin esku-hartze zuzena izateko espazioa izan beharko litzateke batzorde hori; barne zein kanpo planei jarraipena egiteaz gain, edukiz hornituko dituen erabakigunea; eta ez beste sail batzuetan gertatzen den bezala, sei hilean behin argazki bat egiteko bilduko den gune informatzaile soila. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko, gobernu honek parte hartze aktiboaren bidean bidelagun aurkituko gaitu beti; baina argi utzi nahi dugu ez diogula zilegitasunik emango Udalaren irudia zuritzeko baino sortutako espazio bati.

Behin eta berriro diogu hitzetatik konpromisoetara igarotzeko momentua dela. Eh Bildu Bilbo-n ondorengo dekalogoa gure egin dugu:

Euskara Dekalogoa

EHBildu Bilbo

Fatuarte: “PNVk Ariztondo jartzeko asmoa zuen, bizitza osoa alderdiari eman izandakoari erretiro lasai eta erosoa emateko”

Bilbao 700 fundazioaren patronatuaren ohiz kanpoko bileran parte hartu du  Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotzi Alba Fatuartek. Eta aurreko astean aurreratu bezala, fundazioaren eginkizunak Udaleko Kultura Sailak berak hartzeko exijitu du bilkuran bertan.

Fatuartek gogorarazi duenez, “Bilboko hiribilduaren sorrera ospatzeko ekitaldiak antolatzeko sortu zen fundazioa 2000. urtean, eta fundazio egitura hartu zuen inbertsio pribatua erakartzeko estrategiaren pean”.

Ordea, datu ekonomikoek adierazten dute inbertsio pribaturik ez dagoela apenas. “Fundazio honek jasotzen duen laguntza ekonomikoaren %97,6 Bilboko Udalaren dirua izanik, zentzuzkoena da Udalak berak zuzenean kudeatzea fundazio honek urtean antolatzen dituen 7 ekitaldiak”, adierazi du Fatuartek. Musika-Música, Bilbao Ars Sacrum, Gau Zuria, Balearen Kalejira, Flamenco Jaialdia, Gabonetako Kontzertua eta 365Jazzbilbao antolatzen ditu Bilbao 700 fundazioak. Fatuartek nabarmendu duenez, “fundazioaren egiturak berak zaildu egiten du gardentasuna, hala kudeaketan nola arduradun politikoen izendapenean, azken hau ez baita egiten merituen araberako hautaketa prozesu publiko baten ondorioz”. Zentzu horretan, Josune Ariztondo fundazioaren zuzendari jarri izana salatu du Fatuartek: “PNVren kolokazio politikaren enegarren kasua dugu”.

Fatuartek gogor kritikatu du Ariztondoren izendapenaren berri prentsaren bidez jakin izana. “Patronatuaren ez ohiko bilerara deitzen gintuen gai ordenarekin batera, ez dugu inolako proposamenik ez informaziorik jaso. Prentsaren bidez jakin behar izan genuen, pasa den astean, PNVk Ariztondo jartzeko asmoa zuela, bizitza osoa alderdiari emana bizi izandakoari erretiro lasai eta erosoa emateko edo”.

Patronatuan bertan, Fatuartek galdetu du “ea zein irizpideren arabera aukeratu diren arduradun politiko berriak, zein soldata izango duten, eta soldata horien baldintzak zein izango diren”. Izan ere, inolako informaziorik ez dute erraztu fundazioaren arduradunek, nahiz gardentasunaren izenean guztiz publikoa izan behar lukeen. Hala, Aburtoren gardentasun promesak ezin faltsuagoak direla argi geratu da. “Gaizki hasten da garden eta zuzen jokatu nahi duen gobernu bat, guztion diruz finantzatzen den egitura bat alderdikeriaz erabilita”.

Fundazioaren egokitasuna auzitan jartzeko beste arrazoi batzuk ere jarri ditu mahai gainean Fatuartek. “Udal gobernuak duen tamaina erraldoia da: 17 zinegotzik osatutako Udal Gobernu bat gai izango beharko litzateke Bilbao 700 Fundazioak urtean antolatzen dituen 7 egitasmoak bere gain hartzeko. Eginkizun horiek Kultura Sailak zuzenean kudeatu ahal izango lituzke, administrazioaren baliabideak xahutu  gabe eta zentzugabeko bikoiztasunak ekidinez.”, narmendu du.

Hona hemen joan den astean aurreratutako salaketaren bideoa:

EH Bildu Bilbo

Fatuarte: “Josune Ariztondorena PNVren kolokazio politikaren enegarren kasua da”

“Begoña Salinasen irteerarekin aro bat amaituko da, eta erakundearen egokitasuna berraztertzeko une aproposa dela uste dugu”, adierazi du Alba Fatuarte zinegotzi eta Alternatibako kideak. Fundazioaren patronatuak hurrengo asteartean egingo duen ohiz kanpoko bileran EH Bilduk izango duen jarrera aurreratu du Fatuartek: “Ezezko botoa emango dugu arduradun berriak izendatzeko atalean. Josune Ariztondoren kasua PNVren kolokazio politikaren enegarren kasua da”. 

2000 urtean, Bilbao 700 Fundazioa helburu zehatz batekin sortu zen: Bilbo Hiribilduaren sorreraren 700. urtemuga ospatzeko hainbat kultur ekitaldi antolatzea, alegia. Harez geroztik 15 urte igarota, EH Bilduko Udal Taldeko kideok fundazio honen egokitasuna zalantzan jartzen dugu, eta hala adieraziko dugu datorren asteartean, uztailaren 14an izango den Bilbao 700 – III Millenium Fundazioaren Patronatuak egingo duen ez ohiko batzarrean.

Bertan, arduren izendapen berriak egingo dira eta joan den astean ‘El Correo’ egunkariak argitaratu zuenez, Josune Ariztondo kultura diputatu ohia, Bilbao 700 Fundazioaren zuzendari izendatua izango da. Begoña Salinasen zuzendaritzaren amaierak ziklo aldaketa argi bat suposatzen du eta horregatik uste dugu momentu egokia dela hausnarketa bat zabaltzeko. Bilbao 700 Fundazioaren helburuak, funtzioak, eraginkortasuna eta egitura berrikusteko unea orain da. EH Bilduk uste du erakunde honek dagoeneko bete egin dituela sorreran markaturiko helburuak, patronatuaren bileretan behin eta berriro esan dugunez.

Bilbao 700 Fundazioaren beharra zalantzan jartzeko beste arrazoietako bat, egun Udal gobernuak duen tamaina erraldoia da: 17 zinegotzik osatutako Udal Gobernu bat gai izango beharko litzateke Bilbao 700 Fundazioak urtean antolatzen dituen 7 egitasmoak bere gain hartzeko (Musika-Música, Bilbao Ars Sacrum, Gau Zuria, Balearen Klejira, Flamenco Jaialdia, Gabonetako Kontzertua eta 365Jazzbilbao). Gainera, kultura saileko langileek soilik euren gaitasun eta meritua kontuan hartu dituen hautaketa prozesu baten ondorioz lortu dute euren lanpostua; eta ez alderdi politiko baten karneta izateagatik, Josune Ariztondoren kasuan bezala. Izan ere, Ariztondo anderearena PNVren “kolokazio” politikaren enegarren kasua dugu.

Gogoratu behar dugu egun 3.500.000 eurotik gorakoa dela Bilbao 700 Fundazioaren aurrekontua; eta horietatik 3.100.000 euro baino gehiago zuzenean Udalaren poltsikotik ateratzen dira. EH Bilduren ustez, neurrigabeko aurrekontua duen fundazio bat da Bilbao 700 eta bere funtzioak Kultura Sailak zuzenean kudeatu ahal izango lituzke, administrazioaren baliabideak xahutu gabe eta zentzugabeko bikoiztasunak ekidinez.

Guzti honengatik, ezezko bozka emango dugu datorren astearteko fundazioaren Patronatuaren ez ohiko batzarrean, eta Bilbao 700 Fundazioaren ardurak Kultura Sailak bere gain hartzea eskatuko dugu.

EH Bildu Bilbo

X