Gabriel Aresti berpiztu, eta euskalduntasun urbanoa garatzeko garaia dela aldarrikatu dugu Bilbon

Hitzetatik ekintzetara igarotzeko ordua da, euskarari dagokion espazioa eta estatusa emango dioten politika ausartak behar ditu Bilbok. Eta bide horretan urrats sendo eta atzeraezinak egiteko, EH Bilduk proposaturiko bide orriak jasotzen dituen proposamenak aurkeztu dituzte gaur Alba Fatuarte, EHBilduko zerrendakide eta Alternatiko kideak, eta Xabier Landabide hautagaiak, 40 urteren ondoren berpizturiko Gabriel Arestiren laguntzaz.

Euskalduntasun urbanoa garatzeko bidean, ezinbestekoa izango da politika ausarta egitea, integrala, lehen mailakoa, tamaina horretako inbertsioak eginez. Horregatik, Euskara Saila Alkatetzatik bertatik kudeatzea planteatzen dugu. Eta Euskara sailaren jardunbide osoa gainerako sailetan txertatzea.

Euskararen Plan bat diseinatu eta garatuko dugu horretarako. Plan horren urratsak ondoko hauek izango dira: Bilbon bizi garen 90.000 euskaldunon eta ikasten ari diren guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dituen Euskararen Ordenantza sortzea, euskalgintzako komunitateko eragileek eta udaleko ordezkariek osaturiko batzordea eratzea eta euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko programak abian jartzea.

Euskararen Mapa egitea planteatzen dugu, halaber. Arnasguneak identifikatzeko eta horiek babesteko eta indartzeko batetik; eta Bilbon euskararentzako espazio berriak sortzeko prozesuak diseinatzeko, bestetik. Azken horren barruan sartuko genuke euskararen ezagutzarako behar adina inbertsio egitea. Hau da, dauden baliabideak indartzea eta falta direnak ezartzea, kontzientziazio kanpainen bitartez gero eta bilbotar gehiagok egin dezaten beren burua euskalduntzeko hautua, eta horretarako aukera eta laguntza zabala eta erreala izan dezaten.

Euskaraz ikasteko aukera, auzo guztietan. Gezurra dirudien arren, euskarazko hezkuntzarako eskubidea ez dago bermatua Bilboko auzo guztietan. Otxarkoagan, esaterako, ez dago euskaraz ikasteko aukera eskaintzen duen hezkuntza zentro bakar bat ere. Horrenbestez, egungo auzoen beharrei erantzunez, Eskola Mapa berritzea planteatzen dugu, euskaraz ikasteko eskubidea ziurtatuz halaber.

Aresti1

Aresti2

Aresti3

EHBildu Bilbo

Egunkaria auzia behin betiko ixteagatik poza azaldu du EH Bilduk

EH Bilduk bere poza agertu nahi du Egunkaria auzia bezala ezagututakoa behin betiko itxi delako, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak kontu ekonomikoen epaiketa artxibatzeko erabakia hartu ostean. Era horretara, Egunkariaren kontrako prozesuan zehar auzipetuta izen diren kide guztiak zein euskarazko egunkariaren proiektua bultzatu zuten herritar eta eragileak zoriondu ditu.

Egunkariaren aurkako auzia ondo amaitu bada ere, EH Bilduk gogora ekarri du euskarazko egunkariaren proiektuaren kontra Espainiako estatuko sektore atzerakoienek egindako bidegabekeria eta krudelkeria. Beste zenbait kasutan gertatu bezala, interes politiko hutsean eta mendeku gosean oinarritutakoa izan zen Euskaldunon Egunkariaren aurkako prozesua.

2003ko otsailean Egunkariaren aurkako prozesua abian jarri zenetik, baina, biktima batzuk ere bidean gelditu direla gogoratu beharra dago: inolako arrazoirik gabe espetxean hilabeteak eta urteak egin dituztenak; torturak pairatu, salatu eta ikertu ez dituztenak; banketxeetako diru kontuak blokeatuta izan zituztenak; oinarri juridikorik gabe auzipetuak izandakoak… Euskaldunon Egunkaria proiektua bera ere amaitutzat eta itxitzat eman behar izan zuten, eta soilik euskal gizartearen babes eta ekimenarengatik jarri ahal izan zen abian euskarazko egunkariaren lekua beteko zuen proiektu berri bat: Berria.

Egunkariaren kontrako auzia albiste onarekin amaitu bada ere, EH Bilduk gogora ekarri nahi du interes soilik politikoetan oinarritutako beste operazio anker baten ondorioz Euskal Herriko beste komunikabide batek, Eginek, itxita jarraitzen duela eta bere arduradunak espetxean jarraitzen dutela oraindik. Beste behin, gure elkartasunik beroena agertu nahi diegu Egin auziagatik espetxean dauden kideei eta haien hurbilekoei.

Ugariak izan dira, halaber, azken urteetan beste hainbat euskal komunikabideek pairatutako erasoak, helburu politiko zital berdinekin. Hor dira, besteak beste, Gaztesarea, Ateak Ireki eta, berriki, Topatu atariaren berriemaileen kontrako mehatxu judizialak.

Euskaldunon Egunkariarekin –eta baita Eginekin- egindako bidegabekeriaren tamaina neurtzea zaila dela egiaztatu ahal izan da azkenean epaitegietan, baina horrelako egoerak eta prozesuak Euskal Herrian berriro ez errepikatzeko neurriak hartu beharra dagoela uste du EH Bilduk. Euskal instituzioei, eragileei eta herritar guztiei dagokigu herri-babes egokia eraikitzea.

EHBildu

Alternatibak Antoni Benaiges errepublikar errepresaliatuaren historia dakar Gipuzkoara, itsasoa promestu zuen maisuarena

Alternatibak hiru ekitaldi antolatu ditu ostegunetik larunbatera memoria historikoa berreskuratzeko  helburuarekin, etorkizuna bakean eta justizian eraikitzeko ezinbesteko urratsa delako. Bihar, ekainak 12, Donostiako (Gros) Korta kaleko Tedone jatetxean aurkeztuko da “Desenterrando el silencio. Antoni Benaiges, el maestro que prometió el mar” proiektua. Bertan izango dira Sergi Bernal argazkilaria eta Paco Etxeberria auzi mediku antropologo ezaguna.

Horrez gain, ostiralean arratsaldeko 19:00etan Irungo Kabigorri ateneoan (Peña kalea 1) eta larunbatean Eibarko Kultu-n 12:30ean, “El retratista” dokumentala emango da. Antoni Benaigesen lana, izena eta izana liburu, dokumental eta argazki erakusketa banarekin berreskuratzeko saiakeran oinarrituta daude ekitaldiok.

Antoni Benaigesen omenez egindako proiektua Sergi Bernal argazkilariaren eskutik sortu zen. Pirinioetan hobietatik ateratzen ari ziren gorpuen inguruko argazki-proiektua egiten ari zen eta, ondoren, Burgosera jo zuen. Han gorpuak hilobietatik ateratzen ari zirela, pertsona batek esan zuen: “hor nonbait egon behar du gure maisuak”. Haritik tiraka hasi eta maisu hori Tarragonako Mont-Roig del Campekoa zela jakin nuen. Teknika pedagogiko iraultzailea abian jarri zuen, Freinet metodologia, lehenengoz haurra ikasketa prozesuaren erdigunetzat jotzen zuena.

Antonik berak aldizkari baterako Freinet metodologiari buruz idatzi zituen gutunek eta Bañuelos de Burebako maisu izan zen urte bietan argitaratu zituzten koadernoak (asko Kataluniara iritsi zirelako iraun dute) izan dira maisuaren bizitzaren gertakizunak jakinarazteko iturburu. Koadernoetako batean azaldu zen Lucia Carranzaren, bere ikasle baten, ondoko testua: “Itsasoak oso handia behar du izan, oso zabal eta oso sakona. Jendea bainua hartzera joaten da bertara. Nik ez dut inoiz itsasoa ikusi. Maisuak esaten digu bainatzera joango garela”. 

Antoni Benaigesek promes egin zien ikasleei 1936ko udan itsasoa ikustera eramango zituela. Ezin izan zuen hitz emandakoa bete. Gerra Zibilaren lehenengo egunetan fusilatu egin zuten eta hobi komun batean lurperatu.

> Ekainak 12 Afari-solasaldia. Donostiako Tedone Jatetxean 20:30etan
> Ekainak 13 Dokumentalaren proiekzioa. Irungo Kabigorri Ateneoan 19:00etan
> Ekainak 14 Dokumentalaren proiekzioa. Eibarko Kultun, 12:30etan

EH Bilduk abenduaren 14an Tafallan eginen den manifestazioan parte hartzeko deialdia egiten du

“Euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen alde” leloa hautatu dute Manifestazioa antolatu duten hamarnaka herri eragilek. EH Bilduk bat egiten du lelo horretan jasotzen diren aldarrikapenekin eta bere atxikimendu osoa adierazi nahi dio ekimen herritar honi.

Lotsagarria da UPNk Barcinak zuzentzen duen Gobernutik garatzen ari den hizkuntza politika. Ez du aski Vascuencearen Legean euskararen normalkuntza prozesuari inposatzen zaizkion muga ez demokratikoak mantentzearekin. Ez du aski milaka eta milaka nafar herritarren eskubideak urratzearekin. Ez du aski euskaraz ikasi eta bizitzearen alde egunetik egunera zabaltzen ari den eskaera sozialari bizkarra ematearekin. UPNk eta Barcinak urrats bat egin dute aurrera eta euskararen normalkuntzari oztopoak jartzetik euskara eta euskaldungoa erasotzera pasa dira. Euskaraz irakasten duten maisu maistren aurka ireki duten kriminalizazio ildoa euskaraz ikasi eta euskaraz bizi nahi duen komunitate osoari egiten zaion eraso zuzena da. Nafarroako jendarte osoari egiten zaion eraso guztiz ez demokratikoa. Faxismoaren garai ilunetara eramaten gaituen eraso onartezina.

Baina ez hori bakarrik. Euskara eta euskaraz bizi nahi duen komunitatearen aurkako mozkorraldi zigortzailea beste eremu batzuetara ere zabaltzen ari da. Ez da berria UPNk euskaraz komunikatzen duten hedabideen aurka duen obsesioa. Ezagunak dira tamalez Euskalerria Irratiari zor zaion legezko aitortza ukatzeko UPNk duen herra; baita ere bestelako hedabide euskaldunak ekonomikoki itotzeko erabiltzen duen estrategia. Eremu honetan ere beste jauzi bat egin nahi du Nafarroako Legebiltzarraren gehiengoak erabakitakoaren aurka eginez. EITB bera jarri du bere erasoen jomugan, Nafarroako herritarrak telebista euskaraz ikusteko duten eskubidea zangopean hartuz. Eta azkena, Aek eta IKA-ri dirulaguntzak ukatzea izan da.

Ezin dugu ontzat eman behin eta berriz UPN Nafarroako jendartearen eskubide eta borondate demokratikoaren aurka Gobernatzen aritzea. Nafarroak ez du merezi Nafarroaren hizkuntzaren aurka gobernatzen ari den Gobernua. Aldatu egin behar da hizkuntza politika. Eskubide guztiei bide emateko. Nafarroaren hizkuntzaren normalizazioari ateak parez pare irekitzeko. Herritarren atxikimenduak eta konpromisoak ekarri du bizirik euskara XXI menderaino. Horregatik da ezinbestekoa euskararen alde kaleak betetzea. Abenduaren 14an Tafallan dugu hitzordua!!

EHBildu

EHBilduk atxikimendua eta babesa agertu dio Korrika 18.ari

KORRIKAren beste ekitaldi baten bezperan gaude honetan, EH Bilduk babes osoa agertu nahi dio agerraldi honen bidez euskararen normalizaziorako hainbesteko garrantzia daukan ekimen horri.

KORRIKA ekimenak duen arrakasta goraipatu nahi dugu, lehenik eta behin. Guztiz errotuta dagoen euskararen aldeko ekintza da. Zenbat lan, zenbat ahalegin euskararen aldeko mezua euskal herritar guztiengana helarazteko. Lan honi esker, eta, oro har, euskalgintzak, egindako lanari esker dago gaur egun euskara dagoen tokian. Era berean, euskaltegietan izena emanez  euskara ikasten ahalegin handia egin behar izan duten milaka eta milaka pertsona ere zoriondu behar ditugu, euskara elkarri emanez Euskal Herri euskaldunaren bidean urratsak egiteko konpromisoa erakutsi dutelako.

Baina bide horretan, urrats berriak eginez jarraitu beharra dago. Izan ere, orain arteko hizkuntza politikek ez dute balio izan euskaldun eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduna lortzeko. Kasurik onenean ere intentsitate gutxiko politikak dira. Euskararen garapenak behar dituen minimoen azpitikoa. Eta, oro har, euskararen egoera minorizatuak ito egiten ditu ahalegin normalizagarri horiek, oztopoak bultzadak baino handiagoak direlako. Izan ere euskararen normalizazioaz ari garenean honako hau ulertzen  dugu: Euskal Herriko herritar guztiontzat, eguneroko arlo denetan euskara ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izatea.

Helduen euskalduntze alfabetatze mugimendua lan handia egiten ari da eta ezinbestekoa izan da euskara unibertsalizatzeko. Ildo horretan, euskara ikastea doakoa izatea ezinbesteko iruditzen zaigu, eta administrazio publikoak, Eusko Jaurlaritzak doakotasun hori egiazko bihurtzeko neurriak hartzea eskatzen dugu. Halaber, sektorearen finantziazio iraunkorra bermatu behar da eta sektoreko agente guztien arteko osagarritasuna sendotu.

Itxura batean, hizkuntza politika eta euskararen normalizazioa, egungo Jaurlaritzaren lehentasunen artean ez daude, krisia aitzakia hartuta, jadanik murrizketa handiak iragarri baitituzte.

Horren adibide garbienetako bat haur eskolen inguruan gobernu honek, PPren eta UPyDren alderdien eskutik, euskararen presentzia gutxiagotzearen alde sinatutako ituna da. Kontutan izanda gainera, euskararen sustapenerako bideratu den diru kopurua oso murritza izan dela berez ere, azken urteetan. Politika horrek, ondorio larriak ekarriko dizkio euskararen normalizazio prozesuari, eta euskalgintza beraren jasangarritasuna kolokan jartzen du. Euskararen aurkako beste eraso larri eta onartezina da, zalantzarik gabe.

Euskarak bizi duen egoerak, irabazpidean jarriko duen neurri eraginkorrak behar ditu: ez du murrizketarik behar. Jaurlaritzaren politika axolagabeak, euskararen egoera eta geroa arriskuan jartzen du, eta hori onartezina da.  Beste behin, Euskararen aurkako eraso honen aurrean, eragile politiko eta sozial guztion egitekoa  eraso honi erantzutea da

EH Bilduk kezka handiz entzun ditu Ogasun sailburuaren hitzak, eta gure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartua dugu. Parte hartzen ditugun instituzioetan ez dugu onartuko euskararen sustapenera bideratzen den aurrekontuan murrizketarik egotea eta horrela izan ez dadin lana egingo dugu, bai erakundeetan eta baita kalean ere, euskararen garapen osoa azkartu eta lortzeko hizkuntza politika berria, eraginkorra eta  burujabea aldarrikatuz eta gauzatuz.

Orain inoiz baino gehiago Euskaraz oso-osorik bizitzea ahalbidetuko duten baldintza politikoak, juridikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak lortu behar ditugu, bai hizkuntza politika berria eginez, baita kalean euskara elkarri emanez. Horregatik azpimarratu nahi dugu inoiz baino ozenkiago zein garrantzitsua den kalera irten eta Korrika egitea euskararen lekukoaren atzetik. Euskarari bere lekua eman, eta ofizialtasun nahikoa eta egokia izan dezan Euskal Herri osoan.

Lan asko daukagu egiteko Euskal Herria euskalduntze bidean. Euskarak bultzada eta adostasun zabala eta berria behar ditu. Hizkuntza politika Berria behar du.  Atzera bueltarik izango ez duen bidea marraztu behar dugu auzolanean.  KORRIKAk,  bide horretan, aukera aparta ematen digu herrietan euskararen aldeko oinarriak adostu eta gehiengo zabalak biltzeko. Herritar guztiok dugu geure tokia eta egitekoa, guztion zeregina baita euskararen berreskurapena eta normalizazioa.

X