EAJk eta PSOEk ontzat eman dute Guggenheimeko hezitzaileen kaleratzea lan baldintza duinak eskatzeagatik

EAJk eta PSOEk ontzat eman dute gaurko Osoko Bilkuran Guggenheim-ek hezitzaileak kaleratzeko hartutako erabakia. Hau da, ontzat eman dute 18 langile kaleratzea eta 6 lanpostu deuseztatzea. Aipatutako hiru alderdiek argi utzi dute Udalbatzarrean langileen kontrako euren jarrera EH Bilduk, Udalberrik eta Goazenek batera gai honen inguruan aurkeztutako mozioaren aurrean. Hona hemen Alba Fatuarte Alternatibako kide eta koalizioaren Bilboko zinegotziaren hitzartzearen zati bat:

 

 

Hau izan da EAJk, PSOEk eta PPk atzera bota duten mozioa:

Bilboko Udaleko Udalbatzarrak Guggenheim Bilbao Museoko hezkuntza departamentuko zerbitzuak eskaintzeko beharrezkoak diren lanpostuak mantentzearen alde egiten du. Halaber, museoak langileak zuzenean kontratatuz gero, lanpoltsa publikoen bidez izatea eskatzen du, Museoko zuzendaritza organoetan parte hartzen duten Administrazioetan langileak kontratatzeko kontuan izaten diren irizpide eta berme berdinekin.

Bilboko Udalbatzarrak uko egiten dio Guggenhiem Bilbao Museoak hartutako erabakiari. Alegia, euren eskubideak defendatzen dituzten langileak langabe uztea, 18 lanpostu suntsitu nahi izatea eta kontrataziorako kontrol publikorik gabeko lanpoltsa bat erabiltzea, orai arte zerbitzua eman duten pertsonei itxia dagoena eta lan-kategoria ezberdin baten hautaketa prozesu batetik sortua.

Helburu horrekin, Udalbatzarrak Alkateari eskatzen dio Guggenheim Museoko dagozkion organoetan ondorengoa defendatzea:

  • Orain arte Manpower enpresak eskaini dituen hezkuntza zerbitzu guztiak bere horretan mantentzea.
  • Museoak langileak zuzenean kontratatzea erabakiz gero, egun Museoko Hezkuntza Departamentuan zerbitzuak eskaintzen dituzten langile guztien subrogazioa ziurtatzea, gutxienez egun betetzen duten lanaldiak mantenduz eta langileek egindako eskakizunak kontuan izanez, bisitak prestatzeko behar dituzten orduak lan deboratzat aitortuz.
  • Zerbitzu hauek eskaintzeko, kontratazio berri bat lizitatzea aukeratuz gero, egungo lanpostu guztiak mantentzea eta plantillak eskatutako hobekuntzak bermatuko dituen baldintzen plegu baten bitartez izatea.
  • Lan-poltsak lan kategorien arabera osatzea, publizitate, berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioen araberakoak, Bilboko Udalean, bizkaiko Foru Aldunndian edota Eusko Jaurlaritzako lan poltsak osatzen diren bezalako gardentasun publikoan oinarritutako berme eta prozedura beretsuekin, eta hiru instituzietako teknikariek parte hartuko duten hautaketa epaimahai baten bidez.

Kontratatzerakoan, kategoria horretarako zehazki osatuak ez diren lan poltsak ez erabiltzea.

EH Bildu Bilbo

Munduko Kontalaritzaren Eguna

Joxemari Carrere – Alternatiba

Suedian antolatu zuten, udaberriaren hasierarekin, 1991ko martxoaren 20an ipuinak kontatzeko egun nazionala. Jardunaldi hori hartu ohi da geroago Munduko Kontalaritzaren Eguna izango zenaren hasieratzat. Suediatik Australiara pasatu zen ideia eta ondoren Latinoamerikako herrialde ezberdinetara. Mendearen hasierarekin Eskandinavia aldean ideia berreskuratu eta zabaldu egin zuten beste kontinenteetara egun ezagutzen den ospakizuna egituratu arte. Egun munduko herrialde ugaritan martxoaren 20an kontalaritzaren aldarrikapenaren eguna ospatzen da. Kontalariak elkartu eta ipuin-kontaketa saio kolektiboak egin ohi dituzte, emanaldi txiki eta handietan, herri txikietan, hiri handietan, basoetan, basamortuan, itsasbazterrean, antzokietan, lokaletan, guztietan narrazioek betetzen dituzte bazterrak eta hitzak airean barreiatzen dira. Udaberriak loraldia dakarren bezala, hitzek kontalaritzaren loraldia ekarriko dute, hitzarekin batera jaiotako giza sorkuntza zaharra etengabe berritzen den seinale. Istorioek, ipuinek, leiendek, kondairek pertsona humanoekin batera mendeetan bidaiatu dute elkarren ondoan, euren kezkak eta gogoetak argitu nahian; mundu ikuskerak agertzen; giza harremanak azaleratzen; ideiak azaltzen; baina, batez ere, hitzak elkarri esanez bizitzari gorazarre eginez.

Lema bat hartu ohi da urtero egunaren ikur gisa, aurten “Emakume indartsuak” delarik. Emakumeek mundu osoan, kultura guztietan ipuinetan duten presentzia nabarmena da. Disneyren eredutik ihesi, ipuinetan emakume indartsuak eta ausartak agertzen dira mundu osoan: sexualitatea bere gustura bizi duen Amazoniako Miritinga; eguzkiaren bila abiatu zen Mara ausarta; askatasunaren bila jipoitzen zituen senarretik aldendu ziren bi emakume inuitak; sorginak, belagileak beti besteei laguntzeko prest. Halakoak ugari aurkituko ditugu ipuinetan. Baina baita ere ipuinak kontatzeari ekiten diotenak, hitzaren gordailu gisa: emakume palestinarrek gordetzen duten hiyake ohitura zaharra, emakume artean kontatzen direlarik istorioak; edo, aspaldian, Palermon bizi izan zen Agatuzza Messia, letretan ezjakin, baina hitzetan aberats, kontakizunaren artisaua, irudimenaren argia. Aurten, bereziki, horiek guztiak izango dira gogoan eta ahotsetan munduan barrena egingo diren kontaketa saioetan.

Kontalaritzaren Eguna kontatzearen artea eta bere garrantzia aldarrikatzeko eguna da. Maiz haurrei zuzendutako aisialdi jardun gisa hartzen dena edo bestelako helburuak lantzeko –irakurketa, balioak, jarrerak, terapiak…– erabiltzen den tresna, gutxietsita agertzen da, bere horretan baliorik ez balu bezala. Istorioen kontaketa jardun artistiko eta sortzaile moduan ez da ikusten normalean, ikustea besterik ez dago kultur egitarauetan zer leku hartzen duen edo hedabideetan zer leku eta tratamendu ematen dioten. Ohikoa da kontalarien izenak edo ikuskariaren izenburua ez agertzea egitarauetan. Kezkagarria da ere ikustea azken urteetan helduentzako kontaketa saioek nolako beherakada egin duten, haurrentzako programazioetara zokoratuz. Kontalaritzaren Eguna horiek guztiak ere agerian uzteko aukera aproposa da, kontagintzaren kultur garrantzia azpimarratzeko jardun artistiko gisa, kontalaritza berriaren bideak ezagutarazteko; hau da, ipuinak kontatzearen duintasun sortzailea aldarrikatzeko.

Jende humanoak bere izatearen kontzientzia hartze beretik ipuinak, istorioak eta bestelako narrazioak asmatu eta kontatzeari ekin zion, bere izate hori bera ulertu nahian segur aski. Eta horrela jarraituko du izaten, esateko grina dagoenean, ez baitago oztoporik, erraldoia bada ere, isilaraziko duenik. Hala bada, hala bedi.

NAIZen argitaratua

D-SS 2016: espektakulotik simulakrora

Joseba Barriola – Alternatiba

Azken bost mende hauetan merkantzien eremua zabalduz joan da. Lurraren pribatizazioak eta langileen esklabutzak bidea egin dute lurra merkantzia bihurtuz eta langilea merkantzia bihurtuz. Prozesu hau ez da amaitu. Globalizazio kapitalistarekin muturreraino ematen ari da. Ez da soilik babes soziala, hezkuntza eta osasungintza pribatizazioarena, ez da soilik ongizatekoa deituriko estatuen funtzio sozialen pribatizazioa eta/edo merkantilizazioa. DNA, jakintza, klima, haziak, sexualitatea, afektibitatea, zaintza, erreprodukzio biologikoa bera… dena, merkantzia bihurtzen da eta balioesten den bakarra “truke-balioa” da. “Erabiltze-balioa” kapitalaren akumulaziorako okasioa den neurrian eta horretarako bakarrik estimatzen da.

Artea, edo sormenaren kultura, eta  ondarearen kultura, kultura zentzu berezian deitzen dena,  prozesu honetan sartua dago aspalditik, dena, baita kultura ere, kapitalaren akumulaziorako baliagarria den merkantzia bihurtzen da, eta degradazio horren abiada azkartu da azken urtetan. Horrela, momentu honetan, sistema antikultural orokor baten menpe gaude, norbanakoaren eta herrien garapen aske, kritiko eta sortzailea “kontzentrazio eremu kultural” batean preso dago. Kulturaren mekanismo globala (Nobel Saritik hasi, publizitatearekin segi, Hollywood-ekin jarraitu, komunikabideen kontzentrazio enpresariala, informazioaren lobbyak eta manipulazioa, unibertsitateen menpekotasuna multinazionalekiko, museoren antolakuntzaren simulakroa, turismoaren organizazioa, gerra mediatikoak, interneten kontrolerako egitasmoak, zientziaren finantziazioa, psikologismo merkearen hedapen zabala…) doktrinamendu global bat egiten ari da. Zurrunbilo horretan atrapatua dago artea. Eta garai batean espiritu kritikoa lantzeko funtzioa zuena, orain sumisioaren espiritua hedatzeko eta indartzeko erabiltzen da, edo beraren eraginkortasuna antzutua gelditzen da sistema jartzen dituen mugatik irten ezinik. Mekanismo global kultural honek ezaugarri nagusiak ditu: Mendebaldezentrikoa da (gainontzeko tradizio kulturalak eta hizkuntzak mespretxatuz), Patriarkala da (aski da ohartaraztea publizitatean, zineman, telebistan, historian, filosofian, ekonomian ematen zaioen objektu papera, edo nola den “ikusezina” bihurtua, edo ignoratua, edo nola bizitzaren sortze, babeste eta zaintze lana den deskontsideratua), eta Kapitalista da (balioaniztasunaren simulakroaren azpian, orden bat badago, eta orden horren erdigunean dirua eta diruaren akumulazioa da gainontzeko ustezko balio kultural guztien motorra eta helburua).

Herri indioen bizimodu “antzinakoa” turismorako diru iturri bihurtzen da. Edozein herriko tradizio kulturalak dirua emango duen turismorako erabilgarriak dira. Musika klasikoa eta kontzertu erraldoiak pasibotasunaren elikatzaileak dira edota askatasunaren enterradoreen ikur irudia (Beethoven eta Europako Troika). Kultura, bere zentzuaren muina galdurik, espektakulo hutsa bihurtu da, gizarte harmoniatsu eta oparoaren irudia ematen du. Irudi hori ematea da bere funtzioa eta horrela banalizatzen da. Norbaitek (manipulatzeko bitartekoen jabetza duenak) erabakitzen du zer den kultura estimagarria eta zer den kontrakoa. Baina inon ez kulturaren funtsezko funtzioa: gizakien eta herrien garapen librerako begiradak lantzea. Barne usteldua duen sagar koloretsu distiratsua da kulturaren izaera nagusia gaur egun.

Hurbil gaitezen gertuagora. Donostia 2016. Zer dugu hemen? Kultura? Espektakulua? Simulakroa? Adibide xume bat. Urteko ebento espektakular honen hasiera espektakularra. Milaka donostiar danborra jotzen kaleetan barna.

a)Historiaren kontrako espektakulu kulturala. Izan ere, Donostiako historian “danborradak” badu leku bat: protesta ironiko eta ludikoa militarismoaren kontra eta bizitzeko baliabide duinen alde. 1813 eta gerra karlisten ondoren eta giroan sorturiko ekimena, tradizio bihurtua. Ehunaka urte hauetan (frankismoa barne eta demokrazia frankista monarkiko honen garaia) danborrada izan da herriaren nahiak azalerazteko okasioa. 2016 dela medio danborrez jotzen da Beethoven bederatzigarren sinfoniaren zatia eta horrela egiten da, ez Beethoven erdi aroko mirabetzaren aurkako askatasunaren musikaren sortzaile izan zelako, Europako Batasunaren himnoa, eta himno domestikatua, delako baizik. Hau da, askatasunaren enterradorearen eta militarismoaren praktikante sutsuaren omenez. Zeren Europako Batasuna horixe baita, eta ondo gogoan izan dezagun, 2016ren eskutik gonbidatuak izan ziren Solana, NATOko buru gerraria izan zelako (Serbia eta Kosovoren gatazkan, bonbardaketak agindu zuena) eta Barroso, Hiriburutza Kulturala erabakitzen duen erakundeko burua zelakoa, eta aldi berean AUSTERIZIDIOAREN agintari agerikoa eta Irakeko gerra sinatu zenean Bush, Blair eta Aznarren anfitroika Madeira uhartetan. Donostiako Udalak saldu du (eta zeremoniako marionetak izatearekin pozik ibili dira donostiar asko) Donostiako danborradaren zentzu historikoa, eta nori saldu!, eta zeren truke?

b) Hiriaren aurkako espektakulo kulturala. Hiria dira eraikuntzak, baina batez ere jendea eta jendearen harreman askeak, eta horregatik hiria da askatasunaren altzoa. Baina hiria bera merkantzia bihurtu da. 2016ean Donostia bihurtzen da turista dirudunentzat merkantzia bat. Merkantziaren jabeak (Donostiako eta Gipuzkoako handikiak) eskaini nahi dute hiri bat (eraikuntzak eta jendea eta jendearen harremanak) txukun, dotore, elegante, etorriko diren turista dotore eta dirudunen apetentziak asetzeko prestatua. Horregatik oztopo bat dira Kortxoenea eta piratak, traba dira eskaleak eta prostitua pobreak, traba dira langabetuen manifestazioak, etxetik kanporatuen protestak eta presoen aldeko asteroko martxak, traba dira emigranteak eta oro har pobreak. Hiri “garbia”, etorriko direnen begiak ez daitezela miseriaren espektakuluaz edo askatasunaren eztandaz desoro ukituak. Orduan, zein papera duten Donostia 2016ean donostiarrak? Turismo exoterikoa egiteko prestatu den Amazoniako herri indigenaren papera bera. 2016 ez da kultura aske eta kritikoa, gure garapen pertsonala eta soziala, hiri bezala gure historia berraztertzeko eta zor dugun zorra historikoa kitatzeko, edo gure etorkizuna lantzeko. Operazio ikusgarria da, zeinean donostiarrei eskaintzen zaion okasioa funtsarik gabeko erakustokian besteen, dirudunen monigote sinpatikoa izateko.

c) Kultura bizigarriaren aurkako espektakulo kulturala. Kultura bizitzatik aparte, ez badu kulturak gure bizitzaren galdegaiekin loturarik, kultura degradatua da, ez du gure erronkei aurre egiteko balio, ez du nahi askatzailearen egoera eta premia berriei erantzuten. Orduan zer da 2016ko kultura? Fetitxe espektakular bat, ohoratzen dena ohoratu behar delako, baina azpian interes prosaikoenak dituena. Interes prosaiko eta bakarra: nola aprobetxatzen dugu hiriburutza kulturala negozioa egiteko. Interes prosaikoak eta zerbait gehiago: egoerarekin, statu quoa-rekin asebetetasuna, satisfazioa. Baina nola izan asebetea egoerarekin, egoera dagoenean mehatxuz betea: gerra –eta gerra atomikoaren mehatxua–, etorkinen egoera lizuna “kulturaren” Europa honek probokatua, Europak Troikaren bidea eragindako zatiketa soziala mingarria geroz eta larriagoa, Estatuen Europa honek inposatzen digun gure nazioaren eskubideak hankaperatuak

Orain arte ez dut hitz bat esan donostiarrei buruz. Esan dudan guztia da zein den espektakuluaren hariak mugitzen duten indar disimulatu horiek nahi duten donostiarrak joka dezaten: gure historia, gure hiria eta gure kulturarako eskubidea zapuzten duen espektakuluan txotxongiloak izatea. Baina izan al ez izan, hori da kontua. Gure esku dago zein papera jokatu.

X