Matute: “Gisasolaren dimisioak ez dio eragin behar MCCk Edesa salbatzeko planari eman beharreko babesari”

Oskar Matute Alternatibako bozeramaile eta EHBilduko legebiltzarkideak Basauri eta Bergarako lantegien jarduera mantentzeko langileen proposamenaren balioa berretsi du. Gisasolak presidente kargua uzteak ez du plan hori arriskuan jarri behar, ohartarazi du.

EHBilduk Edesako langileek aurkeztutako bideragarritasun planaren balioa berretsi du, plan horrek Fagor Etxetresnak Basaurin eta Bergaran dituen lantegien jarduera mantentzea ahalbidetuko lukeelako, eta azpimarratu du Txema Gisasola MCC-Mondragon Korporazioko presidentearen dimisioak, gaur iragarritakoak, ez diola inolaz ere eragin behar MCCk langileen proposamenari eman beharreko babesari. Oskar Matuteren esanetan, “Gisasolak kargua utzi izanak ez du Edesa salbatzeko planaren garapena eta bideragarritasuna arriskuan jarri behar”.

Edesako langileek MCCri eta Jaurlaritzari helarazi dieten proposamenak 345 lanpostu mantentzea ekarriko lukeela nabarmendu du EHBilduko legebiltzarkideak, eta ohartarazi du MCCko kupulan izandako aldaketek arriskuan jar dezaketela bideragarritasun plan horren onarpena eta garapena. Horren harira, Matutek langileen proposamena babesteko eskatu dio berriro MCCri. Bere iritziz, “MCCk plana babestu behar du Gisasolaren dimisioa alde batera utzita; ezin du horren menpe kokatu langileei eman behar dien erantzuna, halabeharrez positiboa izan behar duena”.

EHBildu

EH Bildu Gasteizek lan istripuan hildako langilearen heriotza deitoratu eta gertatutakoa lehenbailehen argitzeko eskatzen du

EH Bildu Gasteizek sakonki deitoratzen du atzo gertatutako langile gasteiztarraren heriotza eta prentsa ohar honen bidez doluminak helarazi nahi dizkie haren senide, lankide eta hurkoei. “Berri ezin txarragoa da lan urtea langile baten heriotzarekin hastea. Ez dakigu zehatz-mehatz nola gertatu zen langile horren heriotza, baina eskatzen dugu gertatutakoa ahalik eta azkarren argitu dadila eta, beharrezkoa balitz, egon litezkeen ardurak azken muturreraino garbitu daitezela”, David Pina zinegotziaren ustez. “Guztiz prekarizatutako lan merkatu honek lan baldintza guztiz prekarioak dakartza, gizarte moderno batek jasan ezin dituen lan istripu tasa beldurgarria eragiten dutenak” gehitu du ezker soberanistako zinegotziak.

EH Bildu Gasteizek dei egiten die herritarrei sindikatuek lan istripuen ondorio negargarriak salatzeko zein hildako langilearen memoria ohoratzeko mobilizazio ekitaldietan parte hartu dezaten.

EHBildu Gasteiz

Ander Rodriguezen kontrako Adegiren jazarpen estrategiak porrot egin izana ospatu du Alternatibak salaketa artxibatu izanaren harira

Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek poza azaldu du Adegi patronalak Ander Rodriguez Gipuzkoako Politika Sozialeko diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodriguezen kontra jarritako salaketa artxibatu izanaren albistea zabaldu ostean. Matuterentzat “patronal gipuzkoarraren jazarpen estrategiaren erabateko porrota berrestera dator, zahar egoitzetakoa bezalako sektore feminizatu eta prekario batean lehenengo aldiz langileen eskubideak enpresen irabazi ekonomikoen gainetik lehenetsi dituen diputatu baten aurkako estrategia”.

Alderdi ezkertiarrak, Ander Rodriguezi “bere babes eta elkartasun osoa” eman ziona pasa den udan Adegiren salaketa ezagutu bezain pronto, Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuak momentu horretan erakutsitako ausardia azpimarratu du berriro ere, langileen eskubideen defentsari ekin ziolako. Izan ere, salatzaileek aurkeztutako frogak ikertu ondoren, “diputatuari leporatu ahal izan dioten gauza bakarra etorkizuneko prozesuetan langileen baldintzak kontutan hartuko direla enpresetako ordezkariei abisatu izana izan da; guztiz zentzuduna dena, zaintza bera, isilarazitako sektorea delako, eta honen prekariotasunak zerbitzuaren kalitatea eta duintasuna baldintzatu ditzakeelako”.

Bukatzeko, Matutek errua leporatu die “enpresaburu handiekiko erakutsitako menpekotasunaren ondorioz, Aldundi eta Gobernuak haien irabaziak bermatzeko daudela pentsatzera eraman izan dituzten instituzioei, kalitatezko baldintzetan oinarritutako zerbitzu publikoak eman eta langileen zein erabiltzaileen eskubideekiko errespetua bermatu beharrean”. 

Bizkaia prekarioa eraikiz

Ana Etxarte eta Asier Vega – Alternatiba

Aste osoan atsedenik gabe lan egitea, astelehenetik igandera; 12 lanorduko egunak; orduko 5 edo 6 euroko soldatak, noski, ordu estrarik gabe. Ez, ez da industria iraultzari buruzko Charles Dickens-en liburu bat; ezta 29ko krisiari buruzko analisia; ezta Estatu Batuetan kotoia biltzen zuten esklaboen lan baldintzen argazkia ere. Gurean gertatzen ari den zerbaiti buruz ari gara, munduko alkaterik onenaren hirian. Oraintxe gertatzen ari da, XXI. mendean, enpresen diru-gosearen ondorioz eta instituzio publikoen laguntzarekin.

Aipaturikoa San Mames Barriaren eraikuntza lanetan gertatzen ari denaren laburpen soil bat da. Bertan, hainbat enpresek horrelako lan baldintza lotsagarriak ezarri dituzte, sindikatuek azken hilabeteotan salatu dituztenak. Eta hauek ez dira gertakizun isolatuak. Izan ere, enpresek Eraikuntzaren Hitzarmenak behin eta berrito urratzen dituzte, bai obra pribatuetan zein publikoetan, eraikuntza enpresa handiek bere etekinak handitzeko beharrezkoa den guztia egiten dutela azaleratuz, baita lan eskubideak urratzea ere.

Egoera tamalgarria da. Baina oraindik lotsagarriagoa da diru publikoarekin finantzatutako lanetan onartzea, instituzio publikoek sustatutako obrak segurtasun eta lan baldintzei dagokionez eredugarriak izan ordez.

Baina errealitatea oso bestelakoa da; prekarietatea eta esklabotzatik gertuko lan-baldintzak. Langileriaren aurkako erasoa osatzen duten azken urteotako lan erreforma guztiak -PP, PNV eta PSEk babestutakoak- aski izango ez balira bezala. Orain instituzioen arduragabekeriaren bidez legea ekidin nahi dute, honek dakarren injustizia babestuz.

Horrela, eta San Mameseko lanak 2010eko ekainean hasi ziren arren, aurtengo irailera arte, 3 urte alegia, ez da ikuskapenik egin. Orain hilabeteetan salatu izan den errealitate bat azaleratu da; hau da, hainbat enpresa legez kanpo jokatzen ari direla, eta ez dutela Bizkaiko Eraikuntza eta Obra Publikoko Hitzarmena betetzen, lan baldintzak murrizten dituzten bestelako itunak baizik.

Gauza bera gertatuko al da Deustuko Kanala irekitzeko lanekin? Bilboko Udalak neurriak hartuko al ditu hau ekiditeko? Hori nekez gertatuko dela dirudi, oraingoz ez baita ezer egin. Are gehiago, San Mames Barrian gertatu dena jakinda ere, Udalak alde batera uzten du instituzioek langileen eskubideak babesteko duten betebeharra. Kanala zabaltzeko lizitazioaren baldintza pleguetan klausula sozialak sartzeko aukera galdu zuen, zeinen arabera, enpresa adjudikaziodunek, kontratek eta azpikontratatuek Bizkaiko Eraikuntzaren Hitzarmena derrigorrez bete beharko zuten. Baina Udalean klausula sozial hauek ezartzea guztiz ezeztatu du PNVk, eta azken osoko bilkuran Hirigintza Zinegotziak baieztatu bezala, marko legalaren arabera, ezin omen da inor derrigortu hitzarmen hau betetzera.

Berriro, eskubideak ukatu eta urratzeko ohiturari jarraiki, PNVk Bizkaiko Batzar Nagusietan ere, obra publikoen kontratazio baldintzen pleguetan enpresa adjudikaziodunek Bizkaiko Eraikuntza Hitzarmen Kolektiboa betetzeko derrigortasuna sartzea eskatzen zuen EHBilduren mozio bat baztertu du, betebehar hau bermatzen zuten neurriak zehazten zituenak, hain zuzen. Jeltzaleentzat, inoiz ez da une egokia behekoen alde jokatzeko.

Edonola ere, errealitateak erakutsi du posiblea dela langileen eskubideen alde egitea. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusiek uztailaren 17ko 4/2013 Foru Araua onartu dute, zeinaren arabera lan eta soldata baldintzei buruzko klausulak kontuan hartzea edota hitzarmen kolektiboak obra publikoetan aplikatzea posiblea izango den. Honek frogatzen du egingarria eta guztiz legala dela.

Eta ez badute egiten nahi ez dutelako da. Ez diote hainbat enpresen diru-goseari mugarik jarri nahi. Eta bien bitartean prekarietatearen hazkundearen ondorioz hiltzen den langile kopurua, azpikontratazioa, aldi baterakortasuna eta segurtasun neurrien eskasia handituz doaz. Azken buruan, hiltzen badira hala nahi dutelako da.

X