Urkulluk ezin du onartu patronalaren interes ekonomikoak gizarte osoaren interesen gainetik egotea

Euskal patronalak mingaina atera zion atzo Gasteizko Gobernuari sindikatuei negoziatzeko borondaterik esan zienean, hitzarmenak desagertzear dauden honetan akordioak lotzeko asmorik ez duela agertu zutenean. EHBilduk uste du ez gaudela patronalaren eta sindikatuen arteko gatazka batean; ondorio politiko eta sozial handiak izango dituen zerbaiten aurrean gaude. Gizartearen eskubide eta interes kolektiboak eta patronalaren interesak dira talka egiten daudenak, eta horrek guztiak ondorio sozial eta ekonomiko sakonak izango ditu.

Patronalak jada esanda dauka Madrilek eman dion tresna, lan erreforma, bere interesetarako erabiliko duela, lan harremanen eta negoziazio kolektiboak alboratuko dituela, lan harremanen arloan erabateko desregulazioa bilatzeko. Nolata sinetsiko diegu akordioak lotzeko borondatea dutela lan erreforma negozioa egiteko eta pertsonen kontura etekinak eskuratzeko helburu bezala jarria badute?

Gasteizko gobernuak patronala babestu du orain arte, eta jarrera horiek amaitu egin behar dira! Iñigo Urkulluk bezperan egindako deialdia eta gero, patronalak argi eta garbi utzi zuen atzo nor den hemen aginte makila duena. Urkulluk ezin dio agertu duen ekidistantzia jarrerari eutsi, patronalaren interes ekonomikoak gizarte osoaren interesen gainetik egotea ezin du onartu. Urkulluk eta EAJk hartzen duten ekidistantzia jarrera erabat kezkagarria da, milaka eta milaka euskal familien eta euskal ekonomiaren etorkizuna jokoan dagoenean. Ekidistantzia jarrera horrekin patronala babesten du, negoziazio kolektiboaren alorreko botere osoa haien esku utzi duelako PPk. Jarrera epelak alboratzeko, bere irudia zuritzeko helburua baino ez duten eraginkortasunik gabeko bilerak baztertzeko eta euskal ekonomiaren zein euskal langileen interesak babesteko neurriak hartzeko exijitzen dio EH Bilduk Urkulluri.

https://fbcdn-sphotos-a-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn2/1049220_679411935409459_2012367186_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/1008931_679412565409396_1336578952_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/1064214_679412882076031_1209829176_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn2/981709_679413138742672_1409685018_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/1044030_679413665409286_1196565464_n.jpg

Alternatibak herritarren alde egiteko eskatu dio Urkulluri langileen lepotik mozkinak lortu besterik nahi ez duen patronalaren aurrean

Alternatibako bozeramaile nazionalak, Oskar Matutek, lehendakariak gaur goizean sindikatu eta patronalaren ordezkariekin eginiko bileraren emaitzaz hitz egin du: “Bi aldeen arteko ezinezko akordioak agerian utzi du patronalaren benetako interesa zein den, lan erreforma baliatzea langileen eskubideak murriztu eta, horrela, etekinak biderkatzeko”. Era berean, enpresaburuei leporatu die “beren interes ekonomikoei bakarrik” erreparatzea, euskal herritarren duintasuna berma dezakeen inolako proposamenik egin gabe.

Matutek esan duenez, patronala gerra frontean kokatuta dago “bestelako eredu ekonomiko eta soziala babesten dugunon aurka, haien pribilegioekin amaitzea bilatzen dugunon kontra”. Hala, PNVren Eusko Jaurlaritzaren gaitasun falta deitoratu du egoera honi aurre egiteko, “arbitro lanetara mugatu da, herritarren ondoan kokatu ordez, haiek baitira ultraeraginkortasunaren amaieraren ondorioak pairatuko dituztenak, lan eskubideetan zein soldatetan”.

Guzti horrengatik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak Iñigo Urkulluren gobernuari exijitu dio “bere burua koka dezala, Gipuzkoako Aldundiak zahar egoitzen gatazkan egin duen bezalaxe”, honetan Politika Sozialeko departamentuak langileen aldarrikapenak babestu baititu lan erreformaren aurrean. Legebiltzarkideak Lakuari dei egin dio, langile klaseen duintasuna defenda dezala, “gizarteak ez duelako bitartekaririk behar, herritarren eskubideak babestuko dituen gobernua baizik, gabezia gehien dituztenena bereziki”.

Duintasuna edo esklabotza

Cristina Bereciartua eta David Pina – Alternatiba

Datorren uztailaren 7an hitzarmen kolektiboen ultraeraginkortasuna agortu egingo da azken lan erreformaren ondorioz. Komunikabideek gu engainatzen saiatzeko erabiltzen duten iruzurra ezagutzen dugu, saihestezina izango dela sinestaraziz, enpresariek lege-aginduz hitzarmena aplikatzen amaitu behar izango balute bezala. Badakigu zein ondorio izango dituen; uztailaren 8tik aurrera datorrena, ordea, ez daukagu hain argi; lan baldintzen murrizketari nola helduko zaion, alegia. Edonola ere, artikulu honen helburua ez da gako hauek aztertzea, ez da lege edo prozedurei buruzkoa ere… erraiei buruzkoa da, sentimendu eta beharrizanei buruzkoa.

Duela gutxi, gizarte esperimentu bat ikusteko aukera izan dugu, ultimatumaren jokoa izenekoa. Diru kopuru bat banatzean datza, 100 euro, non bi lagun parte hartzen duten. Lehenak zenbateko kopurua emateko prest dagoen erabaki behar du, bigarrenari eskaintza bakarra zabalduz, eta bigarren horrek tratua onartzen duen ala ez erabaki behar du. Tratua onartzekotan, kopurua banatzen dute eta jokoa amaitzen da; ez badu onartzen, biek guztia galtzen dute eta esperimentua amaitutzat jotzen da. 

Banaketa parekidea denean, bi aldeentzat onuragarriak diren akordioak modu azkar batean lortzen dira. Aitzitik, eskaintzailearen diru-goseak bere buruari esleitutako kopurua handiegia izatea eragiten duenean, bigarrenari hutsaren hurrengoko zenbatekoa utziz, ohikoena da bigarren horrek tratuari uko egitea eta biak ezer gabe gelditzea. Zergatik nahiago du ezer gabe gelditzea, kopuru txiki bat onartzea baino? Azken finean, bigarren hori ezer gabe abiatu da eta hala eta guztiz ere tratuari uko egiten dio arerioa zigortuz: horri duintasuna deitzen zaio. 

Hemendik aurrera, zalantzak besterik ez zaizkigu sortzen; noiz hasiko gara langileon duintasuna aldarrikatzen? Duintasuna lapurtzea onartuko al dugu? Tratu bat bidegabea denean, planto egiteko erantzukizuna dugu, ez onartzekoa. Askok pentsatuko dute, “bai, baina ez badugu onartzen ezer gabe geldituko gara”, eta ekuazioaren ezinbesteko alde bat garela ahazten dugu. Enpresarien eskuak al dira eraikinak egiten dituztenak, lantegietako makinak martxan jartzen dituztenak, ogia egiten dutenak edo lurra lantzen dutenak? Tratuari uko egiten badiogu, beraiek izango dira galtzaileak, euren enpresek ez dutelako berez produzitzen eta dirua ezin delako jan.

Zenbat balio du gure duintasunak? Zenbateraino onartuko dugu zapalduak izatea, aurkezten diguten eskaintza soziala bidegabea dela konturatu arte? Esklabotzaren pareko lan baldintzak, askok ordaindu ezin izango dugun osasungintza pribatua, aberatsen seme-alabentzat pentsatutako hezkuntza prekarioa, babes sozialaren desagerpena… aldi berean, aberastasun handiak etengabe hazten eta enpresen etekinak biderkatzen ikusten ditugu. Guztia gure lepotik, beti gure lepotik.

Batzuk egunero borrokatzen dugu gizarte justuago eta parekideago baten alde, eta apurka apurka indarrak batzen gabiltza, baina egoera guztiz iraultzeko, guztiok norabide berdinean arraunean egin behar dugu. Hitzarmenen ultraeraginkortasunaren amaiera ez da diru kontu bat, ezta lan baldintza kontu bat ere. Izan ere, gure gainetik pasatzen ez uztean datza, interes ekonomikoen zerbitzura dagoen eta bizitzaren gauza garrantzitsuek lekurik ez duten gizarte eredu bati aski dela esatean. Zoriontasuna, pertsonen arteko jokaerak, gizarte harremanak, familia, lagunak, bizitza azken finean, bizitzeko debora izatea besterik ez da.    

Asko gara gelditzeko momentua heldu dela uste dugunok, tratuari uko egiteko unea, arerioari aurre egiteko eta galtzeko prest gaudela esateko. Zeren gu erortzen bagara, aurrean ditugunak ere jarraian eroriko dira eta gu baino askoz gehiago dute galtzeko, gure sufrimenduari esker aberastasun handia pilatu ahal izan dutelako. Durrutik esan zuen bezala, hondamendiak ez gaitu beldurtzen, gure bihotzetan mundu berri bat daramagulako. Behin eta berriro berreraikiko dugu; goazen berregitera baina, oraingoan, gure arauen arabera.

Milaka langileen lan eskubideak galtzeari aukera deritzo patronalak

Astebete baino ez da falta beharginen lan eskubideen kontra sekula egindako atentatu handienetarikoa gerta dadin; lan itunen ultraaktibitatearen amaiera. Bata bestearen atzetik, azken lan erreformek jaten joan dira langile klasea, hau da, lan harremanetan alde ahulena, babesteko zeuden oinarrizko berme guztiak. Eta orain errematea dator, lan itunak lurperatzea.

Hego Euskal Herrian dozenaka lan itun indargabetuko ditu ultraaktibitatearen amaierak, enpresarien botere handien txotxongiloa den Madrilgo gobernuak hala erabakita. Beraz, milaka beharginen eskubideak ipiniko dituzte galbidean.

Euskal Herriko patronalak denbora darama jada momento honen zain; eta oso kezkagarria da lan itunen amaiera “aukera” bezala aurkeztea, duela gutxi Adegi Gipuzkoako patronalak hitzaldi batean esan zuen bezala. Hitzaldi horren helburu bakarra zen enpresarien klaseari erakustea nola birrindu haien langile plantillak “lan erregulazio berria” erabilita. Lan erregulazio berria deitzen duten hori lan itunen desagerpena da benetan, hau da, lan harremanen des-arautze bat, goitik behera.  

Patronalak orain arte Enpleguaren Erregulazio Espedienteen erabilpena eta lan erreformak ekarritako beste hainbat tresnaren erabilpena arrazoitzeko erabiltzen izan duen argudioa “enpresen larrialdi egoera” zen. Baina amaitu da antzerkia; orain maskara kendu dute, eta beraien mezua argia da; patronala dirutza irabazten ari den kasuetan ere, egoera berriari ahalik eta etekin handiena atera behar diola, alegia, soldatak eta lan eskubideak toperaino murriztu, etekin enpresariala ahalik eta gehien handitzeko.

EH Bildutik ohar argi bat egin nahi dugu: lan itunen kontrako eraso honek oraindik ere gehiago pobretuko ditu lehendik ere murrizketak eta aurreko lan erreformen eragina pairatu dituztenak. Soldata jaitsierak, lan baldintzen prekarizazioa eta eskubide sozialen galera eragingo du neurriak; eta guztiok dakigunez, daukaten ondasun eta baliabide guztiak bizirauteko erabili behar izanez gero, kontsumoa ere amildu egingo da. Horrekin batera, lan jardunak luzatzeak oraindik ere gehiago handituko du langabetuen kopurua. PNVren Eusko Jaurlaritzak sektore publikoen luzapenarekin hasitako bidea laster kopiatuko dute enpresetako patronalek…

Gazteenek are gehiago pairatuko dituzte guzti honen kalteak; gaur egun dagoen gazte-langabezia tasarekin bi aukera baino ez baizaie geratzen ari: emigratzea, ala esklabutzatik gertu dauden lan balditzetan aritu. Emakumeok ere kaltetuenen artean geratuko gara berriro: eskumak eta enpresarien klaseak etxeko lanak egitera kondenatu nahi gaituzte, berez ere eskasak ziren lan eta familiaren arteko kontziliaziorako lan-neurriak desagertarazita.  

Eraso hau ere Madrildik diseinatutako berzentralizazio prozesuaren parte da. Horregatik, EH Bildutik EAEko eta Nafarroako gobernuei eta bereziki EAJri (tarteka baino ez bada ere burujabetzak hitz egiten duen EAJri) honako eskaria egin nahi diegu: behar den ausardia politikoa eta borondatea erakutsi dezaten Troikak eta Rajoyren gobernuak inposatutako neurrien aurrean.

Negoziazio kolektiborako geure marko propioa behar dugu: Herri honetako langileek euren lan eskubideak modu kolektiboan babestu ahal izateko espazioa behar dugu. Eta horregatik esan nahi diogu, berriro ere, EAJri Madriletik datozen inposaketak beste barik onartzen jarraitzeak erabateko hondamendira garamatzala. Hondamendi ekonomikoa, soziala eta politikoa. Ezin dugu jarraitu euskal herritarren duintasunaren kontrako erreforma, murrizketa eta dekretuak jasaten.

Ez da burujabetza aldarrikatzeko momentua, herri bezala erabakiak hartu eta burujabetza praktikan ipintzeko garaia da. Bihur ditzagun burujabetza ariketak hartzen dugun erabaki bakoitza, bultzatzen dugun neurri bakoitza, soilik horrela erantzun ahal izango diogu-eta, bizi dugun egoera larri honi. Adibideak hor daude, Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialde horretako zaharren egoitzetako langileen eskubideak babestea posible egiten duen proposamena egin du, esate baterako, lan hitzarmenak baldintza duinen arabera berritzea ekarri duen proposamena, hain zuzen.

Horregatik guztiagatik, datorren eraso berri eta larria salatzea ere badagokigula uste dugunez, Euskal Herria Bilduk elkarretaratzea egingo du datorren larunbatean, 12:00etan, uztailaren 6an, Bilbon, Confebasken egoitzaren aurrean. “Lan erreformari ez. Euskal Herrian erabaki”, izango da leloa, lan erreformaren inposaketa eta lan itunen desagerpenaren kalteak salatzeko, eta Euskal Herriko langileei buruzko erabakiak bertatik, Euskal Herritik hartzea exijitzeko.

Troquenor bideragarria izateko lan egin behar da, langileak beren lanpostuetara buelta daitezela

EHBilduk exijitu die, Eusko Jaurlaritzari zein Bizkaiko Aldundiari, esku hartu dezatela Troquenorren bideragarritasuna gauzatzeko beharrezkoak neurri guztiak hartuta, Sondikako lantegiko beharginak beren lanpostuetara buelta daitezela. Atzoko kaleratzearen ostean, Troquenorreko ehun langile inguru lantegira joan dira gaur berriz, kanpoaldera bada ere, maiatzaren 6tik egin duten bezala, eta egunero joaten jarraitzeko asmoa berretsi dute.

Berriro diogu Gasteizko Gobernuari, inposatutako lan erreformari aurre egin eta gure ehun industriala indartu eta babesteko politikari ekin diezaiola. Ildo honetatik, langile batzordearen beldurrarekin bat egiten dugu, Troquenorrek -ondo kudeatuz gero- etorkizuna duen arren, jabeek ondare industriala salduko duten arriskua, alegia.

Lotsagarria da langileak lantokia uztera behartuak izatea enpresariak pabilioiko jabearekin egindako 250.000 eurotako zorra baten ondorioz. Gizarte Segurantzari eta Aldundiari kopuru diruduna, eta Eusko Jaurlaritzari zazpi milioi euro zor dizkion bitartean, enpresariak bere interesei erantzuna emateko aukera izaten jarraituko du. Gauzak horrela, Bizkaiko Aldundiko bozeramailearen jarrera hipokrita kritikatu nahi dugu, enplegua mantentzeko ahalegin batean “esfortzuak elkartzeko” beharra dagoela esan duenean. Baina aldi berean, lantegian atzo egin zen utzaraztetik deslotu zen “foru administrazioaren konpetentzia ez dela” argudiatuz. 

X