San Fermin urakana

Josu Estarrona eta Cristina Bereciartua – Alternatiba Araba

Artikulu hau argitaratzen denerako, SEA Arabako Enpresariek hitzarmen kolektiboen ultraeraginkortasunaren amaierari buruz antolatutako mintegia amaituta izango da, hau da, data horren aurretik berritu izan ez diren hitzarmen kolektiboek ez dute aurrerantzean izaera arauemailerik izango.

Elkarte horri atxikimendua ematen dioten enpresariek uztailaren 7aren osteko egoerari buruz eztabaidatu omen dute. Une horretan, Arabako 49.851 lagunei eragiten dieten sektore-itun garrantzitsuen ultraeraginkortasunak azken arnasa emango du. “Iraungipena” delakoaren ondorioz, langile horiek gainetik dagoen hitzarmen baten baitan (Estatu mailako Hitzarmena) egongo dira edo zuzenean Langileen Estatutuaren berme legalaren babespean, hau da, 645,30 euroko hileko soldata eta urteroko 1.800 orduko lanaldiaren mehatxupean.

Arabako enpresariak oso kezkatuta omen daude langile hauek babesik gabe geldituko direlako, eta egungo lan baldintzak mantentzeko prest daudela ziurtatzen dute. Baieztapen honekin, ondorioztatu daiteke datorren uztailaren 8an itun kolektiboak ez betetzea “patuak agindutakoa” dela, enpresariek gertatzea nahi ez duten hondamendi natural bat izango balitz bezala, aurreikusterik eta gelditzerik ez dagoena. Baieztapen hau, gainera, errealitatetik urrun dago. Izan ere, Lan Erreformaren Legeak gutxieneko ildoa markatzen du, eta enpresei ez die inolaz ere eskatzen, ultraeraginkortasuna igaro ondoren indarrean dagoen maila altuagoko hitzarmena sistematikoki aplikatzeko.

Modu xeheago batean esanda, emakume batek, enpresa bateko langile moduan, uztailaren 7an 1.650 ordu lan egin behar bazuen, uztailaren 8an egutegi bera mantenduko du, bere nagusiak aldatzen ez duen bitartean; legeak eskubide hori ematen baitio, eta kasu horretan, lanaldiaren aldaketaren erantzukizuna soilik enpresariarena izango da. Gauza bera gertatzen da garraiorako, laneko arropak garbitzeko edota lan toxikoak egiteagatik litro bat esne jasotzeko eskubidearekin, eta baita hitzarmenek barne har ditzaketen bestelako adostasunekin ere. Ez dira iraungiko ezta jainkoak hala nahi duelako desagertuko ere, baizik eta enpresariek aldebakarrez hala erabaki dutelako, beti ere, Lege anker eta bihozgabe batek babestuta.

Arabako Alternatiban jakin badakigu azken urte honetan negoziazio kolektiboari dagokionez pairatu behar izan dugun enpresarien egoskorkeriaren helburu bakarra momentu eta egoera honetara heltzea zela. Orain langile arabarrek gaizki egon edo are okerrago egotearen artean aukeratu behar dute. Gaizki, enpresariek azkenaldian egindako lanaldi igoera, soldata jaitsiera eta lan baldintza kaxkarragoen eskaintza onartzen badute, eta txarrago, ultraeraginkortasunaren amaierarengatik eta itun kolektiboak bete ez izateagatik.

Ondo dago, eta demokratikoa da Arabako Enpresariek euren interesak defendatzea, gauza bera gertatzen da langileriak bereak defendatzeko eskubidearekin, baina gizarte arabarra ergeltzat hartzeko asmoa onartezina da. Ez Lan Erreforma, ezta ultraeraginkortasuna, ezta dirudienez gertatuko den itun kolektiboak ez betetzea, ez dira zerutik erori, erantzule argiak dauzkate, eta SEA Arabako Enpresarien elkarteak bere errua onartu beharko luke.

Alternatibak Gipuzkoako zahar egoitzetako langileen kanpalekua bisitatu du haien borrokarekin bat egiteko

Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matute eta Amaia Agirresarobek, alderdiaren Gipuzkoako hainbat kargurekin batera (lurraldeko koordinatzaile Xabier Soto, Begoña Vesga eta Enrique Martinez batzarkideak eta Jon Albizu Donostiako zinegotzia), Gipuzkoako hirugarren adinekoen egoitza eta eguneko zentroetako langileen Donostiako Boulevardeko kanpaldian izan dira, atzotik greba mugagabean dauden beharginen borrokaren berri izan eta beren elkartasuna adierazteko.

Sektoreko enpresetako askok ez dute onartu Gipuzkoako Foru Aldundiko Politika Sozialeko departamentuak eginiko proposamena, beharginen lan baldintzak babesten dituena azken lan erreformak hitzarmen kolektiboetan uztailetik aurrera izango dituen ondorioetatik, horretarako beharrezkoa den dirua mahai gainean jarrita. Matutek langileen adorea nabarmendu du, “haien eskubideen aldeko borrokan ari direlako dena kontra izan arren; patronalak beren lan baldintzak are gehiago okertzeko helburua duela eta sistema neoliberalak emakumeak etxeetara buelta daitezela nahi duela, ordainik eta aitormenik gabeko lanak egitera, beharrezkoak izan arren”.

Gainera, azpimarratu du bereziki garrantzitsua dela borroka hau, izan ere, “lehenengo aldiz gobernu batek erakutsi egin du enpresaburuen eta finantza botereen aginduetara aritzea ez den beste zer edo zer egin daitekeela, langileen eskubideen alde egiteko, hain zuzen ere”; hala esan du Aldundiaren eta, bereziki, Politika Sozialeko Diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodriguezen harira. Zerbitzu publikoa eta ezinbestekoa eskaintzen duten 4.800 langileko sektoreko beharginen duintasuna bermatu nahi izateagatik eraman du Adegi patronalak Diputazioa auzitara, kalte-ordainak eskatuta gainera bere irudiari eginiko kalteengatik.

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/966741_649483908402262_393471957_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/922076_649483925068927_981403533_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/462644_649484108402242_1364301951_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/966918_649484448402208_391080218_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/919578_649484455068874_1516166899_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/920449_649486905068629_647087544_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/919345_649486915068628_331304927_o.jpg

Gipuzkoak milioi bat euroko proposamena aurkeztu du adinekoen egoitzen gatazka desblokeatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lurraldeko egoitza eta eguneko zentroetan eragina izaten ari den gatazkarekin amaitze aldera, adinekoen arretarako sektorearen patronalei eskaintza berria aurkeztu diela jakinarazi du. Horren arabera, Gizarte Politikako Departamentuak beste milioi euro bideratuko du errekurtso hauek kudeatzeaz arduratzen diren entitateei ordaintzen zaien tarifa handitzeko, betiere Espainiako lan erreformari uko egin eta sektoreko 4.800 langileen eskubideak ez zapaltzearen baldintzarekin

Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek azaldutakoaren arabera, pasa den asteartean Diputazioak bilera izan zuen Lares patronalarekin eta Adegiren kide diren hainbat enpresetako ordezkariekin. Bilera horretan Administrazioak eskaintza berria aurkeztu zuen, kudeaketaz arduratzen diren entitateei egoitzetan hitzartutako plaza bakoitzeko Diputazioak ordaintzen dien tarifa ekonomikoaren igoera suposatuko lukeena: “Kudeaketa entitateen eskaera ekonomikoen parte bat onartzeko prest gaude, baldin eta langileen duintasuna errespetatu eta zerbitzuaren kalitatea bermatzen badute. Lan eskubideak errespetatzearen konpromisoa hartzen duten egoitzek bakarrik aterako diote etekina Diputazioaren proposamenari. Espainiako lan erreforma aplikatzen dutenei, berriz, ez diegu tarifarik igoko”.

Diputazioak egonaldi, mantenu edota garbiketa gastuak (tarifaren %30a) bere gain hartzen duen tarifa abonatzen du hilero, baita langileriaren gastuak (tarifaren %70a) ere. Gizarte Politikako departamentuak lan-zatiari KPI aplikatzea erabaki zuen 2012. urtean, gainontzeko gastuak bere horretan utziz. Pasa den asteartean aurkeztutako eskaintza berriarekin, berriz, bere horretan utzitako zati hori berreskuratzearen konpromisoa hartzen du Gizarte Politikako departamentuak, tarifa %0,7a igoz.

Igoera hau Diputazioak aurkeztutako hitzarmen proposamenari baiezkoa ematen dioten enpresei aplikatuko zaie edo, egotekotan, sektorearen Lurralde mailakoari.

Kantitate hau sektoreko 4.800 langileen soldatei datozen bi urteetan KPIaren igoera aplikatzeko Foru Administrazioak mahai gainean jarritako 8,2 milioi euroei gehituko zitzaion, betiere patronalek lan baldintzak errespetatzen dituen hitzarmena sinatzen badute.

Gizarte Politikako diputatuaren hitzetan, “mahai gainean jartzen ditugun 9,2 milioi euro horiek agerian uzten dute gatazka hau gainditzeko dugun konpromisoa, arreta eskaintzen diegun adinekoen galerak saihestu eta sektoreko langileen duintasuna errespetatzeko. Ulertezina litzateke patronalek proposamen honi uko egitea, langileria prekarietate eta ezegonkortasunera kondenatuz”. Era berean, “Diputazioarekin izandako bileretan Laresek prozesu honetan errespetuz eta jarrera eraikitzailearekin jokatu izana” azpimarratu du Rodriguezek, horregatik konfiantza osoa dauka “proposamen berri honetan gatazkaren amaierarako giltza aurkituko duela”.

Adegiri dagokionez, “sektoreko langileentzako Diputazioak mahai gainean jarritako 8,2 milioiak nahikoak ez direla esaterakoan gezurretan ari” dela esan du diputatuak. “Euren asmoa diru horrekin Administrazioak kontratatzen dituen enpresek jasotzen duten etekin industrialari Diputazioak aplikatutako %2ko murrizketa estaltzea da, eta hori ez dugu onartu behar”.

audio/mpeg voz 022.mp3 [AUDIO – 686KB]

Makiaveloren handikiak

Diana Urrea eta Xabier Soto – Alternatiba

“Errepublika orotan daude kontrajarritako bi joera: handikienaeta herriarena”. Makiavelo izan zen esaldi honekin, duela bost mende, gizarte orok izango zuen interes gatazka aurreikusi zuena. Politika-ekonomia eliteak ezarritako jabetza pribatuak eta lege hauek amildegia ireki dute hierarkikoki oso bananduak dauden bi klaseen artean: Jabeek osatutako klasea, boteretsuen eta buruzagien klasea, jabetzarik ez duen klasearekin, pobreen eta langileen klasearekin kontrajarrita. Gutxi batzuen pribilegioak, ororen ongiaren kontra; herrian sortutako presioa alde batetik, eta handikiena bestetik.

Aurtengo, maiatzaren lehenarekin batera, eta maiatzaren 30erako deitutako greba orokorraren atarian egonda, Gipuzkoa, duela hainbat mende iragarritakoklase borroka horren adibide bikainaren ikusle bihurtu da. Baina oraingo honetan, ñabardura desberdin bat dago. Zerbait aldatu da. Boteretsuek antzeman dute jada, eta urduri daude.

Lurraldeko hirugarren adinekoen egoitza guztietan lan egiten duten 4.800 pertsonak, lan hitzarmenaren negoziaketan haien eskubideak ez galtzeko borrokan ari dira. Borroka, langileek eskura dituzten arma bakarrekin egiten dute: kartelak, txilibituak, lemak, pankartak… Baina armak eskuan prest dituen erraldoi baten kontra ari dira. Makiaveloren handikiak, Adegi patronala kasu honetan, haien botere politiko, ekonomiko eta mediatiko osoarekin eraso egiten diote langileriari (sektoreko gehienak emakumeak izatea ez da kasualitatea).

Komunikazio talde boteretsuaz eta EAJ eta PP bezalako alderdiaz babestuta, Adegik probetxua hartu ez ezik, Madrileko konplizeek haien zerbitzura jarritako arma baliagarriena eta gaiztoena ere dute eskuragarri: Espainiako lan kontra-erreforma. Erreforma betez, eta Euskal Herriko dozenaka lan itunekin gertatu behar den bezala, bi aldeen arteko hitzarmena lortzen ez bada, uztailaren 7an sektoreari dagokion estatu hitzarmena indarrean sartuko da eta milaka dozena langilek dituzten lan baldintzak larri kaltetuak izango dira. Gipuzkoako zahar-etxeetako langileek patronalaren baldintzak onartzen ez badituzte, bi hilabeteren buruan hau izango da haien egoera: 400 eurotako soldata jaitsiera eta 200 lanordutako igoera urteko.

Borroka ezin da desorekatuagoa izan. Txilibituak arrazoi osoarekin hots eginda ere, ezin dute botere politiko eta ekonomikoen artilleria astunaz jositako aliantzen kontra ezer egin. Lehenengo aldiz, ostera, zerbait ari da aldatzen. Gipuzkoako herritarrek erabaki dute, klaseen borroka horretan, botere instituzionala herriaren alde daudenek izan behar dutela. Eta EAJko gobernuarekin hamarkada luzez hitzarmenak egin ostean, orainhandikiek haien Gipuzkoako konplizea galdu dute. Bilduren Foru Gobernuak zerbitzu publikoen aldeko bandera goratzea eta lurraldeko zahar-etxeetan zein eguneko zentroetan lan egiten duten emakumeak babestea erabaki du. Argi eta ozen esan du: “Emakumeak babestuko ditugu”.

Espainiako lan erreformaren aurka eta herri honetako edozein langilek lortutako eskubideak kentzearen kontra dagoela aditzera eman dio mundu guztiari. Konpromiso hori ixteko eta langileen soldata igoerari eusteko, mahai gainean 8,2 milioi euro jarri ditu, langile hauen lan duina bermatzea, herritarrei kalitatezko zerbitzu duinak eskaintzearekin lotuta dagoelako.

Adegiren suminduraz beteriko erantzuna Aldundiaren kontrako auzia jartzea izan da: “negoziaketa kolektiboan aurrekaririk gabeko esku sartzea” salatzeko. Hor dago koska: “aurrekaririk gabekoa”. Harrituta, patronalaren handikiek Aldundiari auzia jartzera behartuta sentitu diren historian lehenengo aldia dela ziurtatu dute. Txundituta esaten dute, norabidea galduta botere politikoaren eta enpresarien arteko ohiko adostasun hori galdu dutenean. Urteak eman dituzte Aldundian paseatzen, bostekoak elkarri ematen, diru publikoarekin tripa-festa ederrak egiten eta gorbatadun gizon boteretsuekin bilkurak ospatzen. Baina orain, epaimahaien babesa eskatu dute Foru Gobernuak haien poltsikoak betetzen jarraitzeari uko egin diolako.

Makiaveloren handikiak urduri daude. Bilduren Gobernuaren jarrera hain da ezohikoa, legez kanpokoa ere iruditzen zaiela. Orain arte, publikoaren eta langileriaren duintasunaren alde egiten duen Gobernu baten berririk ez zuten. Zaintza lanen, dagoeneko kolokan dagoen sektore feminizatuaren lan baldintzak okertzeko prest ez dagoen botere politikoa zegoenik ez zekiten. Lan ezegonkortasunaren biktima diren emakumeen eskubideak defendatzen dituen instituziorik dagoenik ez zekiten. Ez eta, enplegu prekarioa dutenen, zaintzaren ezkutuko ekonomian bizi direnen eta familia aurrera ateratzeko aldi baterako kontratuak dituzten ezkutuko langileen defentsan inor zegoenik.  

Horregatik, Alternatibatik Aldundiaren Politika Soziala Sailaren eta bere ordezkari – militantzian kide dugun- Ander Rodriguezen jarrera txalotzen ditugu, baita bere lan-talde osoarena ere. Aldi berean, Gipuzkoako Aldundiak langileekiko berretsitako konpromisoa txalotzen dugu, diru publikoarekin ordaindutako obretan lan baldintzak eta hitzarmenak betetzen ez dituzten enpresei zigorra ezarriko diela jakinarazi berri baitu.

Gaur lehenengo aldiz, emakumeek, langile klaseek eta sektore zapalduek aliatu bat dute Gobernuan. Klase borroka su gabe diraki, Gipuzkoan zein Euskal Herrian.

Bizkaiko langabeziaren datuek EAJ politiken porrota egiaztatzen dute

Ezagutarazi diren langabeziaren azken datuek Bizkaia jartzen dute Hego Euskal Herriko zerrenda tamalgarri horren buruan. Guztira, 100.399 langabe daude Bizkaian, aurreko hilean baino %1,19 gehiago (martxoan baino 1.183 gehiago). Horrenbestez, egoera honetara ekarri gaituzten politika neoliberalak indarrean jarriz ekonomia suspertzeko eta enplegua eta aberastasuna sortzeko EAJk duen asmoa kimera hutsa dela esan dezakegu.

Diktadorea hil zenetik bokazio soberanista gabe eta eskuineko ideologiarekin Bizkaian agintean den alderdia ez da gai, emergentziazko egoera honetan, politika eraginkorrak indarrean jartzeko: desberdintasunei aurre egiteko politika sozioekonomikoak ezarriz, azpiegitura handiak albo batera utziz, fiskalitate egiaz progresiboa ezarriz aberastasuna sortzen hasteko eta enplegua sortzen hasteko. Eta hori guztia egin daiteke udalerrietatik eta eskualdeetatik abiatuta.

Politika sozialen alde egin beharrean eta enplegua sortzeko lanari ekin beharrean, hemen ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen ari da EAJ, eta bere ekimen faltan kateatuta dago. Boterean denbora gehiago ematea eta egoerarik kaskarrena gainditzea beste helbururik ez duen estrategia batekin, denbora irabazteko aurrekontuak ateratzeko ahaleginean ari da orain. Eta horretarako, ez du zalantzarik egin UPyD alderdira hurbiltzeko. Bizkaian ere PPrekin lotutako hitzarmenaren ondoren lortu zuen aurrekontuak aurrera ateratzea.

Langabeziaren datuen berri emateak eta Petronorrek Muskizen egin duen koke plantaren inaugurazioak bat egin dute denboran. 1.000 milioi euroko inbertsioa ekarri du planta berri horrek, eta Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, “aire poltsa”izango dira konfidantza berreskuratzeko eta “susperraldiaren oinarria”. EAJk herri honentzat duen alternatiba, beraz, birfindegian tratatutako erregai fosil baten zepa da. Gainera, horren jabea Repsol da.

EH Bildutik uste dugu operazio hori inposizioa izan dela hasiera hasieratik. Epaitegi batek esan du plantaren eraikuntza eta jarduera ez direla legezkoak. Baina agintari jeltzaleek, beste behin, ez dute zalantzarik egin, eta ustez ustela den Espainiako monarkiaren aurrean makurtu ziren berriro, plantaren inaugurazioan.

X