Alternatibak salatu du gora egin dutela murrizketen aurkako protesta sozialetan parte hartzen dutenen kontrako mehatxu administratiboek

Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek gogor salatu ditu Eusko Jaurlaritzak Sestaoko hiru bizilagunen kontra bultzatutako bost administrazio zigor eta bi epaiketa prozesuak, pasa den ostiralean, urtarrilak 25, herriko kolektibo batek langabezia hazkundearen ondorioz eskualdean dagoen egoera larria eta pobrezia salatzeko egindako  protestaren ostean. Protesta hau Lanbideko bulegoan hainbat manifestarien eserialdi baketsu batekin bukatu zen.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gaitzetsi du Eusko Jaurlaritzak, enplegu zerbitzua eta polizia autonomikoa kudeatzearen arduraduna, “krisiaren zartadak gehien sufritzen dituztenei eraso egitea” eta “herritar eskaerei pertsonen neurrira egindako irtenbide politikoekin eta ez errepresio poliziala eta zigorrekin erantzutera” premiatu du. Horrela, Bizkaiko Alternatibatik Ezkerraldeko pertsonek eta taldeek egindako protestaren zilegitasuna defendatu dute, langabezia tasa ikaragarriak sufritzen dituztelako: gizarte eragileen arabera, 22.000 pertsona langabezian daude eta 41.000 geroz eta baldintza prekarioagoetan lan egiten dute, Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta eskualdeko udalen pasibotasunaren aurrean.

Egoera guzti hau dela eta, Agirresarobek justizia sozialaren borrokarekiko duen elkartasuna berretsi nahi izan du, pasa den astean Sestaon egin zen bezala “Lanbideri zerbitzu sozial publiko eta kalitatezkoa izatea eta kudeaketa eraginkorra eskaintzea modu baketsuan exijitu” ziotenean.  Zentzu horretan, Agirresarobek biharko, otsailak 1, manifestazioarekin bat egitera deitu du 19:30tan Kasko Plazatik abiatuko dena eta Sestaoko kaleak zeharkatuko dituena udalerriko Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoaren atean bukatzeko.

Azkenik, Alternatibako bozeramaileak “ezinbestekotzat” jo du “ezkerreko eragile sozial, sindikal eta politikoen arteko erresistentziarako harresia sortzea eskubide sozialei eraso egiten dien eta aldi berean eskubide horien defentsan protesta egiten dutenak gero eta gehiago zapaltzen dituen sistemaren kontra, botere ekonomikoei aberasten jarraitzeko aukera eman nahi dietelako”. Hala, Xuban Nafarrate Gasteizko gazteari gertatutakoa jarri du adibide gisa, pikete informatibo batean parte hartzen ari zela poliziaren indarkeria basatia pairatu zuena eta, Ertzaintzaren aurka jarritako salaketa artxibatu ez ezik, epaitegiek desordena publikoa leporatzen diote orain; Euskal Herritik haratago, Alfonso Fernandez beste greba egun batean atxilotu egin zuten, poliziak berak bere motxilan jarritako lehergailuengatik. Azken finean, amaitu du, “hamarkadetan hainbat ekintzaile eta kolektibok pairatutako errepresio forma bera da, AHTren kontrako protestetan erabilitakoa kasu, orain kalea atera ateratzen den ororekin egiten dena”.

EH BILDUk lan istripuen aurka konpromiso eraginkorra exijitu die beste alderdiei

ARABAko EH BILDUk lan-ezbeharren aurka konpromiso eraginkorra exijitu die beste alderdi politikoei zein instituzioei. Halaber Amurrioko Tubacex lantokian izandako lan istripua deitoratu du eta Juan Carlos Francoren senide, lankide eta lagunei elkartasuna adierazi nahi izan die. Zoritxarreko gertaera arratsaldeko lehen orduan izan zen baina, zailtasunez zailtasun bizirik Cruceseko Ospitalera heldu bazen ere, ordu gutxi pasa ondoren zendu zen.

ARABAKO EH BILDUk urteak lehenengo hamar egunak bete ez dituenean, lan istripuen zerrenda beltza estreinatu dela gogoratu du. Zentzu horretan, ARABAKO EH BILDUk, krisi ekonomikoaren ondorioz, segurtasun neurriak aplikatzeko orduan lasaitasuna antzeman du. Era berean, askotan dauden lan erritmo intentsiboen ondorioz eta azpikontratazioaren ondorioz, suertatzen direla lan istripuak esan du.

ARABAKO EH BILDUk beste alderdi politikoei lan istripuen aurkako aritzeko konpromisoa eskatu die. Izan ere, atzo bertan bi istripu larri izan ziren Euskal Herrian. Azkenik, langile honen heriotza salatzeko egongo diren deialdietan parte hartzeko deia egin du ARABAKO EH BILDUK.

Irudia: LAB

Alternatibak MESAko langileak zoriondu ditu 30 eguneko mobilizazio eta lanuzteen ostean hitzarmen “duina” lortu dutelako

Los operarios de Mesa se manifestaron en Mungia.Alternatiba Uribe-Butroeko Asanbladako bozeramaile Iñaki Bilbaok Mungiako MESA lantegiko behargin guztiak zoriondu nahi izan ditu, urtebeteko negoziaketen, isilaldien eta presioen ostean, atzo lan hitzarmena eraberritzeko akordio batera heldu zirelako. Bilbaok horrela baloratu du hitzarmena “azkenaldian ikusten ari garenerako, akordio duina dela esan daiteke” esanez. Erabakia langileen gehiengoak onetsi du eta, horren ostean, gaur lanera bueltatu dira.

Bilbaok langileek negoziaketetan eta geldialdietan eman dituzten 12 hilabeteak nabarmendu ditu, “aurreko ituna bezain ona ez bada ere, ganorazko bat lortu dutelako denbora luze horretan”. Aitzitik, “garaile atera direla baieztatu arren, aurretik lortutako eskubide asko bidean geratu direla” esan du ere.

Aldi berean, Alternatiba Uribe-Butroe Asanbladako koordinatzaileak antzeko egoeretan dauden enpresetako zuzendaritzei “lan hitzarmenek jasotakoa betetzea haien ardura eta konpromisoa dela” gogoratu nahi izan die. Gauzak horrela, Madrilgo Gobernuek ezarritako lan erreforma desberdinak haien onurarako erabiltzea eta “oportunista hutsak” izatea egotzi die, “langileen eskubideak eta eskulan kostuak murrizteko egoeraz baliatu direlako eta, kasu askotan, mozkinak lortzen jarraitzen duten enpresak izan direlako”.

Alternatibatik, haien elkartasun mezua bidali nahi izan diote enpresako batzordeari “Beasaingo CAF eta Laudioko Guardian kasuetan bezala, batasunaz eta  pertseberantziaz betetako langile erresistentziaren eredu izan direlako”. Bestaldetik, Bilbaok ez ditu egoera berdinetan dauden enpresak ahaztu nahi izan eta, horregatik, gizarte osoari jakinarazi dio “enplegua eta duintasuna lortzeko borroka, guztion borroka dela eta aberastasunaren eta lanaren banaketa langile guztion elkartasunaz bakarrik lortuko dugula”.

Azkenik, asanbladako koordinatzaileak alderdi politiko, sozial eta sindikal guztiak “enpresa txiki zein ertainetako borrokak bultzatzera” premiatu ditu, “horiek izaten direlako hain zuzen, ordezkaritza sindikal falta eta tamainagatik eta langile kopuru murritzarengatik mobilizazio ahalmen txikiagoa dutenak. Hortaz, lan erreformen aurrean ahulenak izateaz gain, eskrupulu gabeko enpresarien egarria asetzen duten lehenak ere izaten dira”.

CAF enpresaren etorkizunari buruzko erabakietan langileek ere parte hartzeko eskatu du EHBilduk

EH Bildu legebiltzar-taldeak CAFeko langileen garaipentzat jo du Lana Erregulatzeko Espedientea bertan behera uzteko enpresako zuzendaritzaren erabakia. Beasaingo konpainiak datorren urtean 870 langile ingururi eragingo zien espedientea ezartzeko asmoa zeukan, baina azkenean atzera egin du langileek bultzatuta. EH Bilduren esanetan, “enpresaren erabakia ezin da ulertu langileen aldarrikapena kontuan hartu gabe, argi utzi baitute denbora luzez eutsi dioten borroka sindikalak fruituak ematen dituela, haien lanpostuen defentsan erakutsi duten konpromisoa erabakigarria izan delako zuzendaritza espedientea bertan behera uztera behartzeko”.

EH Bilduk ohartarazi duenez, CAFen ez ezik, Euskal Herriko beste enpresa batzuetan ere bizi den egoerak deslokalizazioen arriskua agerian uzten du, EAJk euskal ekonomia nazioartekotu beharra aldarrikatzen duen bitartean. Koalizioaren ustez, ordea, “EAJk defendatutako eredu ekonomiko horren atzean deslokalizazioen arriskua ezkutatzen da, eredu horri jarraituz euskal enpresa batzuek euren jarduera beste herri batzuetara eramaten dutelako, nazioartekotzen dutelako, baina bidean, atzean, sekulako langabezi tasak uzten dituzte Euskal Herrian. Hori saihestu behar da, eta horretarako lan egin behar du Eusko Jaurlaritzak”.

CAF enpresaren etorkizunari begira, bertan hartu beharreko erabakietan langileek ere parte-hartze zuzena eta aktiboa izan dezatela eskatu du EH Bilduk, “euren ahotsak funtsezkoa izan behar duelako konpainiaren lan-karga bermatzeko eta lanpostu guztiak mantentzeko, lan baldintzak murriztu gabe”.

Alternatibak Guardian Laudioko langileak zoriondu ditu, bi hilabeteko grebarekin kaleratzeak geldiarazi dituztelako

Alternatiba Arabako bozeramaile Josu Estarronak Laudioko Guardian enpresako langileak zoriondu nahi izan ditu gaur, borroka luzearen ostean – ia bi hilabeteko greba bukatu berri baitute- enpresak 140 langile kaleratzeko zuen asmoa bertan behera uztea eta, era berean, hasierako asmoa zuten lan ituneko baldintzei eustea lortu dutelako. “Langile erresistentziaren eredugarri izan dira eta, horri esker, kapitalaren zerbitzura dauden politikariek enpresen esku jarritako lan erreformadun lanabesak geldiaraztea lortu dute”.

Guardianeko langileek, alderdi ezkertiarreko ordezkariak azaldu duenez, “bertatik bertara ezagutu behar izan dituzte hainbat enpresaburuk darabilten jarrera sasi mafiosoa langileek auren eskubideen alde egiten dutenean, izan ere, lan baldintzak babestera joan eta enpresaren aldetik langileen laurden bat kaleratzeko mehatxuarekin topo egin zuten”. Beharginek, baina, “ederki antolatu dira, sigla eta batzordetik haratago ere bai, kaleratzeei erantzuteko. Modurik mingarri eta ausartenean egin dute, grebara jotzen, eta mehatxu gehiago ez ezik, askotariko presioei aurre egin behar izan diete”.

Borroka honi esker, kaleratzeak egiteko enplegu erregulazioa behin behineko dosierrean eraldatzeko proposamena lortu dute, datorren urtean langile guztiei 45 egunez eragingo diena baina soldatak bermatuta. Hori baino lorpen garrantzitsuagoa ere lortu dute, lan itunean ultraeraginkortasunari eustea eta kaleratzearen baldintzak erreformaren eraginetik babestea.

Estarronak, azkenik, “halako egoera lazgarriei egunero aurre egiten dieten langileak milaka eta milaka” direla gogorarazi du, eta, horregatik, eragile sozialei eta, oro har, herritarrei dei egin die, “egoera mingarri hauetan daude lagunekin elkartasuna adieraz dezaten eta enpresaburuek langileen aurka eginiko edozein eraso salatzeko helburuz deitutako protestetan parte har dezatela”.

X