Alternatibak, Ezker Abertzaleak, EAk eta Aralarrek Maiatzaren 1eko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute

Hainbat sindikatuk Maiatzaren 1aren karietara antolatzen dituzten mobiliazioetan parte hartzeko deia egin dute Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta Alternatibak. Gure herriak bizi duen krisi egoera larria bizi duela eta Espainiako Gobernuak egoera hori murrizketa, sozial, zibil eta demokratikoak egiteko erabiltzen duela jakitun izanda egiten dute deialdi hori ezkerreko indar subiranistek.

Aldaketa soziala nahi duten pertsonak kalera atera eta gizarte bidezkoa eta solidariagoa eraikitzea ahalbidetuko duen bestelako eredu sozio-ekonomikoa eta politikoa aldarrikatu behar dutela azpimarratu dute lau alderdiek. Ez eskuak gurutzatuta geratzeko unea. Euskal herritarrei dagokie gure herriaren eraldaketa sozialaren motore izatea; herritarrei lan egitea dagokie, egiturazko krisi honetara eraman gaituen eredua aldatzeko.

Bizi dugun egoera politikoak eta sozioekonomikoak erantzun globala behar du esparru guztietan, arlo politiko eta insituzionalean zein kalean. Masrilgo Gobernuak inposatzen dituen murrizketei eta erreformei aurre egingo dien aldaketa politiko eta soziala aldarrikatzeko zaku bete arrazoi daude Euskal Herrian.

Martxoaren 29an gertatu zen bezala, justizia sozialean oinarritutako gizarte eredua aldarrikatzeko bozgorailu erraldoia izan behar da Maiatzaren 1a. Zerbitzu publikoak bermatu eta indartuko dituen eredua, pertsonak sistemaren erdigunean kokatuko dituena, beren eskubide guztiak eta sozialak zein lan arlokoak lehenetsiko dituena.

Gizarteari proposamena

Krisi egoera honi aurre egingo dion proposamenaren eraikuntzarako hausnarketan murgilduta daude Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzalea. Euskal herritarrei eskaintzen zaien proposamen hori maiatzaren 1ean aurkeztuko da, irtenbidea.net eta haysalida.net webguneen bidez eta hainbat sare sozialen bitartez.

Proposamena herritarrei eta eragile politiko, sozial eta ekonomikoei irekia dago, eta krisiari eta bere ondorioei aurre egin ahal izateko erabateko burujabetza politikoa eta ekonomikoa aldarrikatzen du. Era berean, agerian uzten du badagoela gizartearen egiazko beharrizanei erantzungo dien bestelako kudeaketa politikoa eta instituzionala garatzea.

 

Sindikatuek deialdiak:

http://alternatiba.net/idazlanak/1653/maiatzaren-leheneko-manifestazioak-manifestaciones-del-primero-de-mayo

Maiatzaren leheneko borroka guztiak

Amaia Agirresarobe eta Oskar Matute – Alternatibako bozeramaileak

1886ko Maiatzaren lehenean, 200.000 langilek greba hasi zuten 8 orduko lanaldia eskatzeko. Handik urtebetera, zortzi anarkista zigortu zituzten frogarik gabeko epaiketa batean. Haietako batek, Spies-ek, urkatua izan baino lehen, honakoa oihukatu zuen: “itzaliko duzuen ahotsa, nik orain adierazi ahal ditudan hitzak baino boteretsuagoa izango da etorkizunean”.

126 urte geroago, langileen ahots boteretsu hura entzuten jarraituko da maiatzaren lehenean, inoiz baino ozenago, sistemaren erruz pairatzen dugun krisiaren larritasuna dela eta. Hala, helburua ez da soilik 8 orduko lan eguna lortzea – arlo askotan oraindik ere utopikoa dena eta sektore publikoan erabateko atzerakadan dagoena-, baizik eta pairatzen ditugun eraso anitzei aurre egitea: Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata bere horretan mantentzea, emakume langileei eta bereziki etxeko langileei zuzenean eragiten diena; pentsio errealen murrizketa, baxuenei bereziki kalte egiten diena – berriz ere, emakumeei bereziki kalte egiten die-; gastu publikoari emandako zartada, baita orain arte ukiezinak ziruditen osasun eta hezkuntza arloetan ere, bitartean etorkizunerako pribatizazioari hainbat arloetan ateak irekitzen zaizkielarik: unibertsitatean, gizarte segurantzan, kostaldeko eraikuntzetan edota ur-horniketan, besteak beste; etorkizunean Menpekotasunaren Legean egingo diren murrizketa larriak; emakumeei euren gorputzen gainean erabakitzeko eskubideen urraketa berri bat; soilik hura ordaintzeko ahalmena duena defendatzen duen justizia praktikatzea; eta lan erreforma berri baten aplikazioa, kaleratze librea ezartzen duena eta langileen baldintzak negoziatu ahal ez izateko, euren ordezkarien eskuak lotzen dituena, eta enpresariei lan baldintzak nahi bezala moldatzeko ahalmena ematen diena.

Neurri guzti hauek dira maiatzaren lehenean salatu nahi ditugunak. Eta bereziki adierazi nahi dugu nortzuk izan diren bidegabekeria honen sortzaileak. 1886an bezala, boterean daudenen jokabidea zuzentzen duen logika berdintsua da: kosta ahala kosta kapitalaren biderkatzea gehiengo sozialen ongizatearen gainetik lehenestea. Berdintsua da, bai, baina ondorioak are larriagoak dira oraingoan, hain handia delako pilatzen duten boterea, ezen demokrazia eta herriaren burujabetza anekdota hutsean gelditzen direla.

Horrela, finantza sistemaren eztanda eragin zuten bankuek, guztion diruarekin erreskatatuak izan ostean, irabazi espazioak lapurtuz, publikoa den guztiaren aurkako eraso berri bat egiten dute, ondoratzen ari den sistema bat sostengatzeko asmoz; ekonomia produktiboaren kapitalistak inbertsioa, enplegua eta kontsumoa berreskuratzen saiatzen dira, ongizatearen estatuaren urrezko urteak inoiz itzuliko ez direla pentsatu gabe, eta ekologiaren, ingurumenaren, herritarren eta giza biderkatzearen krisiarentzat ez dagoela erabateko konponbiderik ulertu gabe; sistemaren aldeko klase politikoak, lobby, transnazional, banku zentral, NDF, MMA, Europako Batzorde, eta abarreko erakunde diktatorial eta teknokratikoek hamarkadetan egindako lapurreta demokratikoa ahalbidetu eta sustatu duenak, orain ezin du demokrazia erreal, zuzen eta parte hartzaile batera eramango gaitzakeen neurri ausartik hartu. Guztiak, egun indarrean dagoen sistema defendatzeagatik, egoeraren errudunak dira, eta irabazien eta desberdintasunaren sistema baztertzaile hau babestuz, gure bizitzen biderkatze ahalmenaren deuseztapenera eraman nahi gaituzte.

Ezin dugu onartu; edo haien kapitalaren biderkatzea edo gure bizitzarena. Kapitalaren jarioaren menpe bizi, edo ekonomia errotik eraldatu hobeto bizi ahal izateko. Horregatik, beharrezkoa da maiatzaren lehena langile guztien aldarrikapen jaia bihurtzea, eredu sozial berri baten alde, zibilizazio berri baten defentsan. Langileria, enplegu bat dutenekin batera, lan asko egin, baina ezer irabazten ez duten pertsonek osatzen dutelako; langileek osatzen dute, baina baita baserritarrek ere, baldintza beretan; feministek eta ekologistek osatzen dute, soilik ikuspuntu hauek bermatzen dutelako bizitzaren jasangarritasunaren nahia ase egingo duen erantzun erreal eta eraginkor bat. Soilik borroka guzti hauek agenda komun batean jasota, aurre egin ahal izango diogu egoera larri honi.  

Maila guztietan gauzatutako eraso guzti hauek, erantzuna behar dute, proportzionala eta artikulatua. Pertsonak, borrokak eta ametsak artikulatuko dituena, guztiak barneratuko dituen agenda antikapitalista, feminista, ekologista, subiranista, eta antiarrazista batekin. Alternatibatik berriz ere, inoiz baino arrazoi gehiagorekin, Euskal Herriko ezkerren bateratze baten alde egiten dugu -alderdiena, sindikatuena, gizarte mugimenduena- borroka eta konfrontazio logika baten barnean. Inor ezin da alde batera gelditu sistema honi buelta emateko, hauxe da Alternatibak maiatzaren lehenean azpimarratu nahi duen mezua. Ezin ditugu borroka batzuk besteen aurretik jarri, guztiak bizitza defendatzeko beharrezkoak baitira. Mundu guztiak barneratu ditzakeen mundu bat nahi dugu.

Horregatik, kapitalari aurre egiteko, berebizikoa da eragileen arteko batasuna sendotzea, gaurtik bertatik bizitzaren jasangarritasuna bermatuko duen alternatiba sozialista bateranzko trantsizioaren alde lan eginez. Batasuna bai, aniztasunean. Beharrezkoa da, premiazkoa da.

Maiatzen lehen barneratzaile, borrokalari eta antisistema baten alde. Gora Maiatzaren Lehena! Gora Euskal langileria!

http://alternatiba.net/old-files/MaiatzarenLehena_1.jpg

Alternatibak flashmob bat egin du M29ko grebara deitzeko

Alternatibako hogei militante inguruk agerraldi oso berezia egin zuten igandean Bilboko kaleetan, herritarren artean hilaren 29ko Greba Orokorrerako deialdia zabaltzeko flashmob ekintza batekin. Igandero Areatzan antolatzen den lore azokan erosketetan edo paseatzen ari zirenen artean nahastuta, erabat geldirik gelditu ziren guztiak minutu batez inguruan zeudenen jakin-mina piztuz. Halako baten, ekintzaile batek mugiarazi zituen eta, banan-banan, Alternatibak grebari begira prestatutako kanpainako leloak ageri zituzten kartelak ateratzen hasi ziren; besteak beste: “Ez zaitez geldirik egon, gure biziak edo haien kapitalaren artean hautatu behar, bizitzaren alde, kapitalismoa lurpera dezagun”. Zabaltzen hasi den bideoa Alternatibaren Youtube zerbitzuko katean, AlternaTB, ikus daiteke dagoeneko, honako esteken bidez:

 

http://www.youtube.com/watch?v=iBkGW-THsjA

http://www.youtube.com/watch?v=iBkGW-THsjA&hd=1 (bereizmen handian)

M29: Erantzuteko ordua

Oskar Matute (Alternatiba), Rebeka Ubera (Aralar), Pello Urizar (EA) eta Joseba Permach (Ezker Abertzalea)

Dagoeneko aski ezaguna da Mariano Raxoiren Gobernuak ezarritako Lan Erreformak dakarren eraso bortitza, izan ere, gero eta gehiago dira bere ondorioak pairatzen dituzten langileak. Espainiako Gobernuak ondo baino hobeto ordezkatzen ditu Alderdi Popularra bezalako alderdi ultraeskuindar baten atzetik dauden interesak. Finantza sistema pribatuen eta enpresaburu handien esanetara daudela leporatu diete behin baino gehiagotan, baina ez da guztiz zuzena, finantzariak eta enpresariak dira, zuzenean, Moncloara heldu direnak, bitartekaririk ez dute behar espekulazioa eta iruzurra darabiltenak, langileen lanaren lepotik aberasten direnak. Lehman Brothers enpresako buruzagi ohiak, armen industriako saltzaileak eta emakumeen eskubideak ukatzeko zaletasuna duten ministro taldeari erreparatzea aski da espero dezakegunaz jabetzeko. Horien aurrean, alabaina, nortzuk diren eta zertara datozen ondo dakigula esan behar diegu, erantzun behar diegu, kalean, martxoaren 29an.

Kapitalismoaren azken krisialdi honen ondorioak pairatzen ditugunetik ugariak izan dira Espainiako gobernuetatik jaurti izan dituzten erasoak: langileen aurka, pentsiodunen aurka, gazteen aurka, krisi sistemikoa eta patriarkatua aspaldi pairatzen duten emakumeen aurka, etorkinen aurka… Erreforma berri bakoitzaren aurrean esan dugu inoizko kolperik bortitzena zela iragarritakoa. Ondorioz, hitzok larritasuna eta zentzua ere galdu dutela eman dezake. Inor ez dezala bere burua engainatu, Euskal Herriko gehiengo sindikalak zuzen ohartarazi izan digu behin eta berriro erreformen ondorioez. Larriak ziren guztiak, eta are larriagoa da azken hau, aurrekoen kalteak, murrizketak eta kolpeak metatu eta biderkatuta ekartzen dizkigulako. Horrexegatik biderkatu behar dugu guk ere eman beharreko erantzuna. Erasoaren tamainako erantzuna eman behar dugu, Alderdi Popularrak Madrilgo legebiltzarrean bipartidismoaren sistema ustelduan lortutako gehiengo absolutuari Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoen gehiengoak erantzun behar dio, elkarlanetik, gure ahotsa inoiz baino sendoago entzun dezaten, Euskal Herriko kaleetan datorren ostegunean nagusi izango diren aldarriak Madrilera, Bruselara eta Berlinera hel daitezela.

Lan baldintzak guztiz kaskartu eta soldatak zein kaleratzeak merkatzea da neurri multzo honen helburu nagusia. Esaldi bateko laburpenaz azal daitekeen arren, eskubide eta berme ugari birrindu egiten du erreforma da honek. Urtebeteko epea dute orain enpresaburuek langileak inolako kalte ordainik gabe kaleratzeko, gainerakoen prezioa erdira baino gutxiagora merkatzen dela, sektore pribatuetako zein publikoetako langileen gehiengoarentzat. Baina haratago doa lege dekretua, negoziazio kolektiboaren amaiera baitakar. Sektore hitzarmenen kalte enpresa itunak lehenesten dira eta, batez ere, ultraeraginkortasuna, langileen esku gelditzen zen berme gutxienetako bat, mugatu eta mehatxatu egiten du. Modu batean zein bestean, patronala beti aterako da garaile, hitzartutako soldatak, lanaldiak eta lan eremuak nahi erara moldatu ahal izango dizkiotelako langileari. Euskal Herriko lan esparru propioaren aldarrikapenaren kontra doaz azken neurri hauek, eta horregatik atzera eragin behar ditugu, erreformaren gainerako urraketekin bezala. Aberastasuna banatzeko baliabide guztiak behar ditugu euskal herritarrok, sistema kapitalistak inposatutako eredu baztertzailea eta bidegabea gainditzeko, bestelako gizartea sortu ahal izateko. Hilaren 29an esparru propioa aldarrikatzeko aterako gara kalera, ez dugulako merkatuen eta finantza interesen morroi izaten jarraitzeko asmorik.

Kolpe ugari eta askotarikoak: 480 euroko soldatak 33 urte bitarteko gazteentzat, kenkari eta hobari berriak enpresaburuentzat, enplegu zerbitzuen pribatizazioa, gaixo dauden langileak kaleratzeko eskubidea, aparteko lan orduak baimentzea, malgutasuna muturreraino areagotzea, lana eta familia uztartzeko neurrietan atzera egitea … Eta guzti hori gutxi bailitzan, merkatuetako jauntxoek, alderdi eskuindarren eskutik, grebarako eskubidea desagerrarazteko eskatzen dute orain. Kalera ateratzeko unea dugu, oihukatzeko eta aldarrikatzeko eskubideak ukatu nahi dizkigutenei ozen erantzungo diegu Greba Orokorrean ez gaituztela kikilduko, ez gaituztela isilaraziko.

Berriro diogu lan erreforma honek aurretik izandako ondorioak eta kalteak metatu dituela. PPren neurriak orain salatzen dituen PSOEk eraso bortitzak egin izan ditu langileen aurka. Eta ezin dugu ahaztu EAJk horiek babestu zituela, bere Madrilgo legebiltzarkideen aldeko botoen zein abstentzioen bidez. Jeltzaleek euskal herritarren gehiengo zabal batek eginiko aldarrikapenei entzungor egin zieten, alderdikeriak lehenetsita. Zapaterok haien beharra zuelako negoziatu zuen jeltzaleekin, Raxoik, aldiz, ez du EAJrekin negoziatzeko inolako beharrik. Izatekotan, berriz ere ikusiko genuke Espainiako eta Euskal Herriko indar eskuindarren arteko akordioa, UPN barne, zalantzarik ez izan. Gure eskubideak, ezin dira botere zaleen xake tauletako piezak bilakatu. Lan eskubideekin ez dela jolasten eta duintasuna ez dela negoziatzen argi eta ozen utzi behar dugu Euskal Herriko kale, plaza eta lantoki guztietan martxoaren 29an.

Ez diezagutela esan grebak ez duela ezer konponduko, eskubide guztiak desagerrarazi nahi dizkiguten honetan dena dugu irabazteke. Lan Erreforma geldiarazi eta atzera eragiteko aterako gara kalera, PPk grebaren osteko egunean iragarri asmo dituen murrizketak ez ditugula onartuko oihukatzeko. Euskal Lan Harremanen Esparru propioa eraikitzeko urrats garrantzitsua ere egingo dugu osteguneko lanuztean. Ostegunean, justizia sozialean, eredu iraunkor berri batean eta burujabetzan oinarritutako Euskal Herria eraikitze aldera urrats izugarria emango dugu. Langileen gehiengoak babestuz gero lanuzte orokorra eraginkorra izan daitekeela agerian uzten du patronalak eta alderdi eskuindarrek greba eskubidea murriztea eskatu izanak. Erantzuteko ordua da. Etorkizuna eraikitzeko garaia da.

Gure bizia edo haien kapitala, aukeratu behar

Amaia Agirresarobe eta Ana Etxarte – Alternatibako bozeramaileak

Euskal Herriko gizon eta emakume ugari martxoaren 29an kalera aterako gara ozen eta garbi adierazi nahi dugulako: aski dela! Espainiako Erresumako muturreko eskuinak ezarritako lan erreformak dakarren eskubide murrizketa larriarekin.

Erreforma honek helburu bakarra dauka: irabaziak areagotu eta kapitalaren etengabeko jarioa mantentzea. Ez du inondik inora langabezia murriztuko eta, gainera, langile guztien eskubideen aurkako eraso zuzena dakar: gazteen -eta hain gazteak ez direnen- lan esklabotza larriagotzen du; enpresaburuei kaleratzeko erabateko ahalmena ematen die, kontrol politiko zein sozialik gabe eta oso merke; gure sindikatuak indargabetzen ditu negoziazio kolektiboaren ahalmena murriztuz; beste behin ere, euskal herritarrok lan harremanetarako esparru propioa izatea galarazten du, aurrera egitea ahalbidetuko ligukeena, gizarte sozialista, justuagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko bidean.

Baina, gainera, Aski da! diogunean inoizko erreformarik bortitzenaren aurka egitetik haratago joateko esaten dugu. Azken urteotan langile klaseak pairatu dituen murrizketa eta erasoen gorakada salatu eta gelditu nahi dugu ere, gure bizitzak garatu eta ugaltzeko dugun gaitasuna murrizten diguna: lan eta pentsioen erreformak, murrizketak gizarte zerbitzuetan, abortua bezalako legeetan aldaketak egiteko mehatxuak, zentral nuklearren bizitza luzatzea, etab. Aski da zuen pribilegioak lehenestearekin eta gure eskubideekin jolastearekin!

Edonola ere, kalera aterako gara, ez bakarrik erasoak geldiarazteko. Hau ez da erresistentziarako momentua bakarrik, geure buruak defendatzeko garaia ere bada. Bizi dugun zibilizazio krisiak -finantza egoerak eztanda egin baino askoz lehenago- burujabe izateko aukera berriak sortzen saiatzera eta hauek praktikan jartzera behartzen gaitu. Horrela, gure Aski da! ozenena Aski da Kapitalismoarekin! oihukatzeko izango da. Sistemak planetaren muga fisikoak gainditzera eramaten gaituela onartu behar dugu behingoz, epe motzean ondorio larriak izango dituen klima aldaketak eragindakoa -Nork ulertu dezake berebiziko arazo hau bigarren mailakoa edo aldirikoa dela?-; aski da pobrezia eta bazterketa sustatzen dituen eta gehienen bizitzaren ugalketa galarazten duen sistema bat defendatzearekin -Kapitala defendatzeko bizi al gara, edo ekonomiaren zeregina gure ongizatea bermatzea da?-; aski da krisia enpleguan bakarrik dagoela esatearekin, lana denean hamarkadak krisian daramatzana.

Bizitzarako beharrezkoak diren lan gehienak ordaindu gabekoak dira, zaintza lanak, ugalketa sozialarekin zerikusia duten lanak dira, eta gehienak egoera prekarioan eta esklabotzan dauden emakumeek egiten dituzte: Nor ausartuko da emakumeoi esaten krisia 2007an hasi zela, betidanik krisian egon bagara, eta zaintzaren krisi larri honek ez duela berehalako alternatibarik behar?; aski da ahoa demokrazia hitzarekin betetzearekin merkatuek eta politikariek ia erabaki estrategiko gehienak lapurtzen dizkigutenean, agentzia pribatuen, transnazionalen eta teknokraten eskuetan utziz –Nola babestuko ditugu gure bizitzak, ez badugu erabakitzeko, aukeratzeko, desiratzeko autonomiarik?-.

Horregatik, Euskal Herriko gizon eta emakumeok kalera aterako gara. Gure buruak erreformatik babesteko, bai. Azken urteotako erasoak geldiarazteko, bai. Baina, batez ere, kokoteraino gaudela esateko, ez dugula kapitalismorik nahi esateko, geure bizitzak, bizitza bera, kapitalarekin eta bere logika ankerrekin bateraezina dela eta lurperatu nahi dugula esateko.

Bizitzea merezi duten biziak nahi ditugu; taldean bizi nahi dugu, batak bestearen beharra izanez, harmonia ekologikoan; gure ongizatea kontsumora eta lana eskuratzera soilik murrizten dela pentsatzera behartuta egon gabe bizi nahi dugu; lana besteekin banatu nahi dugu eta zertan den egokia lan egitea erabaki; zerk eragiten gaituenaz erabaki nahi dugu, zer nahi dugun. Laburbilduz, bizitzak bete-betean bizi nahi ditugu, ez kapitalak murriztu eta baldintzatutako bizitzak.

Horrexegatik aukeratzea egokitzen zaigu, hau da garaia. Eta ez dago erdibideko jarreretarako lekurik. Dagoeneko eztabaida ez dago ongizatearen edo liberalismoaren artean, Danimarka edo Greziaren artean. Eztabaida gure bizitzen eta kapitalaren artekoa da, bizitzaren eta irabazien maximizazioaren artean. Alde guztietatik erasotzen gaituzte, beraz fronte guztietatik erantzun behar dugu: kapitalismoa lurpera dezagun. Hartu zure pala, eta has gaitezen martxoaren 29an zulatzen.

X