Sindikatuei eskutitza > P. Etxaniz (Sustatu)

Sustatu – “Sindikatuei eskutitza”

“Sindikatuek gidaritza hartu behar dute, euskal gizartea mugiarazi behar dute, behar den irudimena erabili behar dute denok bat gatozen estrategia garatzeko -langileei egiten zaizkien erasoei erantzuteko estrategia- taktika bizi, burutsu eta azkarra behar ditu, etsaien ahuleziak agerian utziz -zenbat eta gorago uzkia ageriago-, eta erresistentzia zibil indartsua prestatu behar dute botereei kalte egingo diena eta langileei mesede.”

24an, greba Iparraldean

Berria – Greba izango da 24an Iparraldean, erretretaren erreformaren aurka

“Defizit hori gutxitzeko hainbat aukera ditu Parisek mahai gainean. Esanguratsuena eta sinbolikoena erretrataren adin ofiziala atzeratzea da. 1981etik hona, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako biztanleek badute aukera 60 urterekin erretiroa hartzeko, baldin eta urte kopuru batez Gizarte Segurantzara kotizatu badute. Kotizazio epe hori luzatu dute azken erreformek eta, ondorioz, erretiroaren adin erreala atzeratzen ari da.”

Maiatzak 25, greba!

Nafarroako eta EAEko gobernuek bere gain hartu dituzten Espainiako Gobernuaren murrizketa neurriek oso modu larrian eragiten diote euskal jendarteari eta modu berezian zerbitzu publikoei eta bertan lan egiten duten langileei. Krisi larria pairatzen ari den herri honek inoiz baino gehiago behar dituen zerbitzu eta lana, hain zuzen ere. Horri erantzuteko, gehiengo sindikalak greba deialdia luzatzen die sektore honetako langile guztiei eta dei egiten dio jendarte osoari mobilizazioetan parte har dezan.

Arlo publikoko langileei eragiten dieten murrizketetatik haratago, plazaraturiko neurriek eta hauen norantzak gogor erasotzen digute herritarroi. Izan ere, arlo publikoa, eskaintzen diren zerbitzuak, hauen kalitatea eta langileen lan-baldintzak desegitea dituzte helburu. Besteak beste, neurriek lehen aldiz beraiekin dakarte soldaten murrizketa ekainetik aurrera, hauen izoztea 2011. urterako eta zerbitzu eta enplegu publikoen gaineko mehatxu larrria. Botere ekonomikoak esparru guztietan, baita Euskal Herrian ere, arlo publikoa eraitsi eta pribatizatzeko aurrera eraman nahi duen estrategiaren parte da hau.

Berriz ere, botere politikoa kapitalaren eta honen erakundeen menpean jartzen da, eta krisitik atera ordez egoera larriagotzen duen estrategia gauzatzeko prest dago. Hain zuzen, krisia gainditzeko biderik egokiena kontrakoa litzateke, hots, zerbitzu publikoak sendotu eta garatzea, ematen duten estaldura eta kalitatea hobetzea eta enplegu publikoa sortzea. Neurri hauek abian jartzeko aberastasun nahikoa eta gehiago sortzen dugu, banaketa bidezkoago bat eta aurrera eramateko borondate politikoa besterik ez da behar.

Gehiengo sindikalak krisia hasi zenetik eskatu izan ditu horrelako erabakiak, baina gobernuek ez dituzte aintzat hartzen; ondorioak ezin okerragoak dira, eta begibistan daude. Bankuei milaka milioi euro ematen zaizkiela, Euskal Herriko gehiengo sindikala osatzen dugunok ez gaude murrizketa larri hauei men egiteko prest, ezta gure eskubideak murriztu ditzaten eta neurri hauen kaltetu nagusienak zerbitzu publikoak beraiek eta bertako langileek izan daitezen ere eta ondorioz Euskal Herriko langileria osoa.

Ordua da Euskal Herriko gehiengo sindikalaren eta langileen aldarrikapenak entzunak izan daitezen eta eraiki nahi dugun eredu ekonomiko eta sozialaren inguruko erabakiak bertan har ditzagun.

Horregatik, esparru publikoko langile guztiak grebara deitzen ditugu eta jendarte osoari eskatzen diogu neurri latz hauei aurre egin diezaietela eta mobilizazioetan parte har dezatela.

Halaber, bertoko herri-administrazioei eskatzen diegu Espainiako gobernuak ezarri nahi dituen erabakiei uko egin diezaietela, ez ditzatela aplikatu, eta gure eskubide sozialak babestu, arlo eta zerbitzu publikoak garatu eta sortzen dugun aberastasuna behar sozialetara bidera dezatela.

ELA-LAB-STEE/EILAS

http://alternatiba.net/old-files/M25eusk.pdf

http://alternatiba.net/old-files/KARTELA.pdf

Krisitik ateratzeko 10 proposamen egingarri

KRISITIK ATERATZEKO 10 PROPOSAMEN EGINGARRI:

ESKUBIDE GEHIAGO, GIZARTEAREN ESKU HARTZE HANDIAGOA

ALDE SOZIAL MURRITZAGOAK, PRIBILEGIO GUTXIAGO

  1. Ekonomia sozial eta solidarioa lehenestea. Parte hartze aktiboa, elkartasuna, berdintasuna, bazterketaren amaiera eta feminismoa helburu izango dituen ekonomia eredurantz jo behar dugu, hau da, pertsona guztien beharrak asebetetzea helburu izango duen eredurantz.  
  1. Demokrazia ekonomian. Benetako demokrazia egongo bada arlo ekonomikoa gizartearen kontrolpean izango da, bere azken helburua bete dadin: guztiontzako bizi baldintza duinak garatzea. Planifikazioa eta aurrekontu parte hartzaileak administrazio publikoetan derrigorrezko izatea proposatzen dugu, eta hauek zein enpresa handiak hobeto kontrolatzeko sistemak ezartzea.
  1. Ekonomia ekologiaratu. Energia aurreztea eta iturri ekologiko berriztagarriak lehenestea, energia kudeatzeko sistema publiko bati esker. Zentral termikoak eraistea, Garoña ixtea eta ziklo konbinatuko zentralen eraikuntzari amaiera ematea. Ingurugiroa kaltetzen duten zentralak ixteko ez da nahikoa energia berriztagarrien ekoizpena handitzea soilik, baizik eta honekin batera funtsezkoa da energia kontsumoa murriztea eta energia esparrua nazionalizatzea. Garraio birrintzailearen amaiera: errepideen eta AHTren eraikuntza etetea eta garraio publikoari zein tren sozialari bultzada handia ematea. Zaborren kudeaketa jasangarria: zaborrak errausketarik gabe kudeatzea posible da, hondakinak murrizten baditugu eta arazoaz jabetzen bagara. Atez ateko hondakin jasotze sistema babestea. 
  1. Elikadura subiranotasuna babestea. Elikadura subiranotasun babeserako politika aktiboak, indarrean den eredu agroindustrialaren ordez: ekoizpen bide agroekologikoen defentsa, nekazal ekonomiena, ekoizle-kontsumitzaile zirkuitu laburrena eta tokian tokiko merkatuena. Natur baliabideen (ura, lurra, haziak,…) kudeaketa egituratzea, modu kolektibo eta sozialean. Transgenikoen erabilpena debekatzea eta arloko transnazionalen aurka borrokatzea.
  1. Enpleguaren kantitatea eta kalitatea zabaltzea lehentasun: lanaren banaketa eta erretiroa 6o urtera aurreratzea. Sistemari lotua zaion langabeziarengatik, eta azken hamarkadetan soldata masa kapital errentekiko modu nabarian murriztu egin dela ikusirik, egoera iraultzeko neurri ausartak mahaigaineratu behar dira. Soldata jaitsi gabe, lanari eskainitako denbora murriztea proposatzen dugu, hobeto banatuko bada. Halaber, gizarte osoaren ongizatea handituko litzateke, eta politika zein gizarte ekintzara edo aisialdira berara ere denbora gehiago eskaintzeko aukera izango genuke. Ildo honetatik, erretiro diru-saria  60 urtera jaistea ere proposatzen dugu, zerga sistemak finantziaturik beharrezkoa balitz. Espainiar estatuarena bezalako egoeran, non Europako gazte langabetu tasa handiena ematen den, egokiena erretirorako adina aurreratzea –inola ere ez atzeratzea- izango litzateke, gazteen lan merkaturatze duina bermatu ahal izateko. Erretiro-sariak, gainera, langileen eskubidea izanik, egokien deritzon bidetik ordain litezke, baita zergetatik euretatik ere. Azkenik, hauek kalkulatzeko sistema aldatu beharra dago –kotizaziorako gutxieneko urte kopurua, azken urteei emandako lehentasuna,… – pertsona bakoitzaren errealitateari hobetu egokitu dakion.
  1. 1.200€ko lanbide arteko gutxieneko soldata. Kopurua igo egin behar da europarrekin parekatzeko; hala, soldata baxueneko langileak benetan babes ditzan.
  1. Kontrol sozialeko banku sistema nazionalizazioa. Estatu indartsua nahi dugu eskubideen eta berdintasunaren babeserako, ahula, ordea, errepresioari dagokionean. Ildo honetan, bere oinarrizko benetako funtzioa beteko duen finantza sistema nahi dugu: herri klaseen ekonomia ekimenak sustatzeko dirua mailegatzea. Egungo sistemak, aldiz, pribatu eta arautugabea bera, norbanakoaren aberastasun neurrigabea besterik ez du bilatzen, herritar guztien baliabideak jokoan jarrita. Inolako kontrol publikotik ezkutuan, bere burua arriskuan jartzen duen sistema ilun eta itxia sortu da, hipotekatuei bizitza osorako uztarria jartzen diena. Bada garaia erakunde publikoek enpresa eta familietara iristen ez den diruaren gaineko kexak egiteari utz diezaioten. Tresna hau berriro ere gizarte eraldaketaren zerbitzura jartzea da konponbidea.
  1. Zainketaren inguruko politika publiko aktiboak sustatzea. Alternatibakoek lana kontzeptu globaltzat dugu, soldatapeko enpleguaz gain gizartearen iraunkortasunari eusten dion edozein jarduera beharrezko barne hartuta. Beraz, zainketa lanak, batez ere emakumeen ardura izan direnak, lantzat hartzen dugunaren funtsezko atala dira. Ezkutaturiko eta ordaindu gabeko lan hau onartu egin behar da eta estatistika orokorretan sartu. Erakundeek herritarren zainketarako eskubidea bermatu behar dute, familien (emakumeen) ardura bakarrik delako ideia albo batera utzirik. Horrela, mendekotasunari arreta emateko politika publiko aktiboak abiarazi behar dira, benetan eraginkorrak izan daitezen baliabideak jarrita. Egungo Mendekotasun Legearen eragina aztertu beharko da, emakume zaintzaileen egoera batik bat, eta dagozkion aldaketak egin , haurren zainketa lanak ere kontuan har daitezen. Halaber, zainketa lanetan gizonezkoen ardura elkarbanatuak sustatuko dituen edozein neurri bultzatu behar da.
  1. Gizarte zerbitzuen gastu publikoa igotzea, zerbitzu publikoen hobetzean inbertituz, egungo pribatizazio olatua iraularazita: alokairuko etxebizitzaren aldeko apustua eginez –jabetza publikoa sustaturik-, etxebizitza hutsak merkatu publikoan sartzen hasita; zainketa sistema publiko eraginkorra bermatuz; gizon zein emakumeentzako hezkuntza publiko, laiko, askatzaile eta berdinzalea eskainiz; eta epe luzeko ezagutza helburu duen ikerketa publikoaren alde eginez.
  2. Zerga sistema ikuspegi progresibo batekin berraztertzea: gutxiago ordain dezala gutxiago duenak, gutxiago irabazten duenak, gutxiago kutsatzen duenak eta gutxiago alperrik galtzen duenak. Beharrezko politika publiko guztiei aurre egin ahal izateko, zerga sistema indartsua behar da, aberatsei zerga jaitsiera moduan egin zaizkien opariak debekatuko dituena eta politika publikoak aurrera eramateko lain emango duena. Honetarako, hona gure proposamenak: Ondare Zerga edo aberastasunaren gaineko beste edozein berriz indarrean jartzea; BEZaren gaineko zerga igoeraren arbuioa; zerga ekologikoak sortzea; PFEZ (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) gehienezko tipo marjinala %50era igotzea, eta kapital gaineko errenta motak gutxienez %27ra;  iruzur fiskalaren aurkako borroka eta arlo honetako zigorren gogortzea.  

 

X