Alternatibako kide eta EHBilduren diputatu Oskar Matutek, Isabel Garcia Tejerina ministroaren urgentziazko agerraldia eskatu du hegaluzearen kanpaina bukatutzat emateko Arrantzu Ministerioak hartu duen erabakia dela eta.
Diputatu subiranistaren arabera, Espainiako gobernuak “alde bakarrez” eta “azkarregi” hartu du erabakia. Bere esanetan, “Tejerina andreak ez du aldez aurretik sektorearekin hitz egin”. Matutek gogoratu duenez, arrantzaleek ez dute kanpaina honetan zegokien arrain kopurua harrapatu eta beraz, “1.200 tona hegaluze ehizatu gabe geratu dira Espainiako gobernuaren erabakiz”.
Bere esanetan, “erabaki honek zailtasun handiak eragiten dizkio euskal arrantzu sektoreari”. Are gehiago, Matutek esan duenez, “sektore honek dagozkion kupoak bete ditu, kupo horiekin ados izan ala ez”.
“Ministerioak ez du kontuan hartu euskal arrantzaleen iritzia eta esperientzia, eta are gutxiago itsasoarentzat horren kaltegarri ez diren arrantzu teknikak”, esan du.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministroaren urgentziazko agerraldia eskatu du gaur Diputatuen Kongresuan.
EAJk eta PSOEk ontzat eman dute gaurko Osoko Bilkuran Guggenheim-ek hezitzaileak kaleratzeko hartutako erabakia. Hau da, ontzat eman dute 18 langile kaleratzea eta 6 lanpostu deuseztatzea. Aipatutako hiru alderdiek argi utzi dute Udalbatzarrean langileen kontrako euren jarrera EH Bilduk, Udalberrik eta Goazenek batera gai honen inguruan aurkeztutako mozioaren aurrean. Hona hemen Alba Fatuarte Alternatibako kide eta koalizioaren Bilboko zinegotziaren hitzartzearen zati bat:
Hau izan da EAJk, PSOEk eta PPk atzera bota duten mozioa:
Bilboko Udaleko Udalbatzarrak Guggenheim Bilbao Museoko hezkuntza departamentuko zerbitzuak eskaintzeko beharrezkoak diren lanpostuak mantentzearen alde egiten du. Halaber, museoak langileak zuzenean kontratatuz gero, lanpoltsa publikoen bidez izatea eskatzen du, Museoko zuzendaritza organoetan parte hartzen duten Administrazioetan langileak kontratatzeko kontuan izaten diren irizpide eta berme berdinekin.
Bilboko Udalbatzarrak uko egiten dio Guggenhiem Bilbao Museoak hartutako erabakiari. Alegia, euren eskubideak defendatzen dituzten langileak langabe uztea, 18 lanpostu suntsitu nahi izatea eta kontrataziorako kontrol publikorik gabeko lanpoltsa bat erabiltzea, orai arte zerbitzua eman duten pertsonei itxia dagoena eta lan-kategoria ezberdin baten hautaketa prozesu batetik sortua.
Helburu horrekin, Udalbatzarrak Alkateari eskatzen dio Guggenheim Museoko dagozkion organoetan ondorengoa defendatzea:
Orain arte Manpower enpresak eskaini dituen hezkuntza zerbitzu guztiak bere horretan mantentzea.
Museoak langileak zuzenean kontratatzea erabakiz gero, egun Museoko Hezkuntza Departamentuan zerbitzuak eskaintzen dituzten langile guztien subrogazioa ziurtatzea, gutxienez egun betetzen duten lanaldiak mantenduz eta langileek egindako eskakizunak kontuan izanez, bisitak prestatzeko behar dituzten orduak lan deboratzat aitortuz.
Zerbitzu hauek eskaintzeko, kontratazio berri bat lizitatzea aukeratuz gero, egungo lanpostu guztiak mantentzea eta plantillak eskatutako hobekuntzak bermatuko dituen baldintzen plegu baten bitartez izatea.
Lan-poltsak lan kategorien arabera osatzea, publizitate, berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioen araberakoak, Bilboko Udalean, bizkaiko Foru Aldunndian edota Eusko Jaurlaritzako lan poltsak osatzen diren bezalako gardentasun publikoan oinarritutako berme eta prozedura beretsuekin, eta hiru instituzietako teknikariek parte hartuko duten hautaketa epaimahai baten bidez.
Kontratatzerakoan, kategoria horretarako zehazki osatuak ez diren lan poltsak ez erabiltzea.
Euskadi Irratian Alternatibako kide Joxe Iriarte Bikilari eginiko elkarrizketa bere azken eleberriaren inguruan: “Fikzioa idatzi du Bikilak, benetako kamaraden garaiak gogoan hartuta. Sei kamarada protagonista. Kamarada izanak…”.
Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotzia Bilbon, David Lopategi Bizkaiko batzarkidearekin batera, koalizioak Correscales ekimenean parte hartuko duela adierazi dute gaur goizean Bilbon. Telefonicako langileek egindako greba izan zuen sorburu ekimen horrek eta, multinazional horretan argi geratu zen bezala, beste enpresa askotako prekarietatea salatzea du helburu ekimenak.
“Otsailaren 18tik 22ra, Bilbotik Bartzelonaraino doazen 800 kilometroak egingo dituen Korrika Prekarioak, Correscalesak, egoera prekarioenean dauden langileen arteko zubiak eraikitzera dator. Egoera aldatu daitekeela esatera dator; kalera ateraz, elkartasuna abian jarriz eta sektore desberdinek elkarren artean babestuz, gauza asko aldatu daitezkela esatera dator. Baina bestetik, egun pairatzen dugun egoera tamalgarria salatzea ere du helburu: Sistema kapitalista eta patriarkal honetan, langileak, mozkin handiagoak lortzeko tresna besterik ez gara eta emakumeok bereziki sufritzen ditugu horren ondorioak”, adierazi du Fatuartek.
Erakunde publikoen ardura
Hala ere, prekarietatea ez da arlo pribatuan sortu eta garatzen den zerbait. EH Bilduko kideek erakunde publikoek daukaten ardura salatu dute. “Zoritxarrez gure erakundeek garatutako politikek, prekarietatearen kontra egin beharrean, aurkako norabidea izan dute. Ezagunak dira gure lurralde historikoan egindako obra publiko askotan izandako lan baldintzak. Eta hori, urterik urte, lan sektore guztietan izandako lan istripuak ahaztu gabe”, gogoratu du Lopategik. Prekarietatearen adibide dira San Mames edo Supersur bezalako obrak edota Bilboko Udalak azpikontrataturiko eta langileei nomina ordaindu ez dien Grupo Empresarial Santutxu.
Aldi berean, erakunde publikoek prekarietate horrekin bukatzeko eman ditzaketen urratsak azaldu ditu. “Guzti horretan administrazio publikoak badu zeresana. Kontratazio baldintzetan eta kontratuak ematerako orduan klausula bereziak jarriko balituzte, enpresen gehiegikeriak eta neurrigabekeriak ekidingo lirateke. Eta horretarako gauza bat baino ez da beharrezkoa: Borondate politikoa“.
Dozenaka eragile sozial, sindikal eta politikoek (tartean Alternatiba eta EH Bildu) babesa eman diote gaur aurkeztutako Correscales 2016 ekimenari, otsailaren 18tik 22ra bitarte, korrika 800 kilometro egingo dituena Bilbotik Bartzelonaraino prekarietatea salatu eta elkartasuna zalabaltzeko asmoz.
Greba mugagabean dauden kolektiboentzako funts kooperatiboa, dokumentala eta 800 kilometroko lasterketa Bilbotik Bartzelonara. Correscalesek 150.000 euro bildu nahi ditu sare bitartez lortutako dohaintza txikien bidez, Espainiako estatuan inoiz egin izan den kanpainarik handiena, hain zuzen ere. (http://goteo.cc/correscales).
Beren ekarpena egin duten 360 gizarte mugimendu, sindikatu, talde eta ehunka lagun baino gehiago dira protagonistak. Elkartasunak gainezka egin digu: gaurdaino, Katalunian 40tik gora hitzaldi, aurkezpen eta bestelako babes jarduera egin izan dira; Euskal Herrian ere, dozena inguru antolatu dira. Orain, jasotako konfiantza funts komun bat martxan jartzea ahalbidetuko du prekarietatearen aurka borrokatzeko.
Duela hilabete batzuk Movistarreko milaka langilek abiatutako bidea da hau, muturreko zapalkuntzaren kontra altxatu ziren bi hilabete pasa luzatu zen greba indartsua eginez, gizartean isla nabarmena izan zuena. Gaurkoan, taldean berreskuratuko dugu borroka horren lekukoa; lehenik eta behin, greba horri aurre egiteko erabili ziren dozenaka milaka euroak itzulita eta, ondoren, hurrengorako oinarri ekonomikoa sortzen.
Guk ekin genion bide honi, baina inoiz ez genuen lortuko gure kabuz arituz gero. Orain, borrokarako, berotasunerako eta konplizitate sare bat ehuntzen jarraituko dugu ibilbidean zehar. Otsailaren 18an Bilbotik abiatuko gara, Iruñerako bidean, gau eta egunez jarraituko dugu korrika Aragoiko Goi Pirinioetatik, aurretik Donostia bezalako hiriak zeharkatuta. Tokian tokiko borrokak babesteko, Esako 8ekin elkartasuna agertuko dugu, dirua bilduko dugu Correscalesek igaroko dituen dozenaka herri eta hirietan, eta azaldu egingo dugu nola Movistarrek eta beste enpresa askok dozenaka milaka familien bizitzak izorratzen dituzten.
Gure bizitzarengatik korrika egingo dugu, Huesca, Lleida, Vilafranca, Reus, Tarragona, Sant Boi, Cornellà; Bartzelonaraino heldu arte otsailaren 22an, Mobile World Congress irekitzeko ekitaldian egoteko, teknologiarik aurreratuenak prekarietatearen eskailerak oinarri dituela gogorazteko.
Ondorengo estekan ibilbide zehatza eta 18tik 22ra arte egingo dugun Bilbo eta Bartzelonaren arteko ibilbidearen irteera eta helmuga ordutegiak topatuko dituzue.