EHBilduk abortatzeko eskubidearen alde Iruñean etzi egingo den manifestazioarekin bat egitera deitu du

Iaz iragarri zenetik eta gaur egunera arte, EHBildutik behin eta berriro adierazi dugu Mariano Rajoyren gobernuak sustatutako abortuaren legearen erreformaren aurkako gaitzespenik irmoena. Hala berretsi dugu ordezkaritza dugun erakunde guztietan, emakumeek beren bizitzaren, gorputzaren eta osasunaren gainean erabakitzeko duten eskubidearen kontra egiten duen erreforma salatuz eta, aldi berean, gure erakundeei  eskatu diegu beren eskumen guztiak erabil ditzatela eta berme guztiak jar ditzatela emakumeek libreki erabaki ahal izateko. Osasun, lege zein gizarte arloko bermeez ari gara.

Erreforma hau ez da herritarren aurka ematen ari diren eraso sortaren enegarrena. Herritarren erdiaren aurkako indarkeria ekintza zuzena da, emakumeen autonomiaren aurkako kolpe larria, beren gorputz zein bizitzen gainean erabakitzeko eskubidearen kontrakoa. Eta erantzun sendoa behar du lege honek, urratzen dituen eskubideen tamainakoa.

Horregatik, EHBildu koaliziotik Euskal Herriko mugimendu feministak larunbat honetarako Iruñean antolatutako manifestazio nazionalarekin bat egiteko deia egiten dugu, “Gure gorputza, gure erabakia” lemapean nafar hiriburua zeharkatuko dituena 17:30etatik aurrera. Izan ere, ardura ekidinezina da indar politiko, sindikal zein sozialentzat erreforma hau geldiaraztea, eta, horrez gain, jabetu behar gara indarrean dagoen araudia aldatu behar bada emakumeon eskubideak zabaltzeko izan behar dela.

Alternatibak Iruñerriko sei ikasleen atxiloketa salatu eta kalitatezko hezkuntza publikoaren aldeko borroka txalotu du

Violeta Parraren abesti bat gogora ekarrita: Gora ikasleak, hegazti baten modukoak izanik, animaliari eta poliziari beldurrik ez diotelako! Ausardia hori aitortuz, gaur goizean Iruñerrian Espainiako poliziak gauzatutako sei ikasleen atxiloketa salatzen dugu, eta bide batez, ikasle mugimenduari gure elkartasuna helarazi nahi diogu, beste behin ere, kalitatezko hezkuntza publiko eta barneratzaile baten aldeko borrokaren irudi delako, milaka ikasle bildu zituen pasa den martxoaren 27ko grebarekin erakutsi zuten bezala.  

Aldi berean, Alderdi Popularrak bultzatutako hezkuntza erreformaren kontra altxatzeko antolatuta dagoen gazteria kriminalizatzeko nahia salatzen dugu ere. Nafarroako gazteek urteetan jazarpena sufritu dute, eta Estatuaren Segurtasun Indarren eskutik modu bortitzean zapaldua eta espetxeratua izan da.

Hala eta guztiz ere, Alternatiban gazteenen borroka antolatu hau Euskal Herriaren aldaketa soziala jomuga dugunontzat, koherentziazko adibide bat dela uste dugu.

Euskal gazteria aurrera!

Alternatibak dio Nievesen adierazpenak Nafarroako Gobernuan ezarritako “ustelkeria” berrestera datozela

Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matute argigarritzat jo ditu Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohi Idoia Nievesek atzo jakinaraziotako informazioa, “guztiz agerian utzi baitu Nafarroako Gobernuan ezarritako ustelkeria. Frogatu egiten dute foru gobernua eta bere kontseilari Lourdes Goikoetxea beren zerbitzurako lanabesa bilakatu dutela foru ogasuna, Nafarroako boteretsuen interesak babesteko, elizarenak barne Opus Deiren enpresa desberdinak direla medio”.

Horrela, Barcinaren Gobernuak, Nafarroako herritarren interesak inondik inora ez defendatzea deitoratu du, eta horregatik, ziurtatu du “UPNren exekutiba desegin eta hauteskunde berriak deitzeko garaia dela”. Izan ere, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, “atzo ezagututako datuek erregimenarekin bukatu behar dela uste dugunon jarrera finkatzen” dutela uste du, “erakunde publikoak eta fiskalitatea gutxi batzuen interes pribatuak defendatzeko erabiltzen dutelako; hain zuzen, egun oraindik lurraldearen aberastasuna kontrolatzen duten gutxi horien interesak”.

Bukatzeko, Alternatibatik “dagokion ikerketa batzordea berehala sortzeko” exijitu dute, eta edozein kasutan, Nafarroan hauteskundeak aurreratu daitezela, “oposizioko alderdien exijentzia ez ezik, Euskal Herriko eremu baten garbiketa demokratikoa beharrezkoa delako; Nafarroarena alegia, ustelkeriaz eta jokabide ankerraz josia, non instituzio publikoen erabilpena espekulaziorako eta helburu pribatuak asetzeko tresna bihurtu den”.

EH Bilduk abenduaren 14an Tafallan eginen den manifestazioan parte hartzeko deialdia egiten du

“Euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen alde” leloa hautatu dute Manifestazioa antolatu duten hamarnaka herri eragilek. EH Bilduk bat egiten du lelo horretan jasotzen diren aldarrikapenekin eta bere atxikimendu osoa adierazi nahi dio ekimen herritar honi.

Lotsagarria da UPNk Barcinak zuzentzen duen Gobernutik garatzen ari den hizkuntza politika. Ez du aski Vascuencearen Legean euskararen normalkuntza prozesuari inposatzen zaizkion muga ez demokratikoak mantentzearekin. Ez du aski milaka eta milaka nafar herritarren eskubideak urratzearekin. Ez du aski euskaraz ikasi eta bizitzearen alde egunetik egunera zabaltzen ari den eskaera sozialari bizkarra ematearekin. UPNk eta Barcinak urrats bat egin dute aurrera eta euskararen normalkuntzari oztopoak jartzetik euskara eta euskaldungoa erasotzera pasa dira. Euskaraz irakasten duten maisu maistren aurka ireki duten kriminalizazio ildoa euskaraz ikasi eta euskaraz bizi nahi duen komunitate osoari egiten zaion eraso zuzena da. Nafarroako jendarte osoari egiten zaion eraso guztiz ez demokratikoa. Faxismoaren garai ilunetara eramaten gaituen eraso onartezina.

Baina ez hori bakarrik. Euskara eta euskaraz bizi nahi duen komunitatearen aurkako mozkorraldi zigortzailea beste eremu batzuetara ere zabaltzen ari da. Ez da berria UPNk euskaraz komunikatzen duten hedabideen aurka duen obsesioa. Ezagunak dira tamalez Euskalerria Irratiari zor zaion legezko aitortza ukatzeko UPNk duen herra; baita ere bestelako hedabide euskaldunak ekonomikoki itotzeko erabiltzen duen estrategia. Eremu honetan ere beste jauzi bat egin nahi du Nafarroako Legebiltzarraren gehiengoak erabakitakoaren aurka eginez. EITB bera jarri du bere erasoen jomugan, Nafarroako herritarrak telebista euskaraz ikusteko duten eskubidea zangopean hartuz. Eta azkena, Aek eta IKA-ri dirulaguntzak ukatzea izan da.

Ezin dugu ontzat eman behin eta berriz UPN Nafarroako jendartearen eskubide eta borondate demokratikoaren aurka Gobernatzen aritzea. Nafarroak ez du merezi Nafarroaren hizkuntzaren aurka gobernatzen ari den Gobernua. Aldatu egin behar da hizkuntza politika. Eskubide guztiei bide emateko. Nafarroaren hizkuntzaren normalizazioari ateak parez pare irekitzeko. Herritarren atxikimenduak eta konpromisoak ekarri du bizirik euskara XXI menderaino. Horregatik da ezinbestekoa euskararen alde kaleak betetzea. Abenduaren 14an Tafallan dugu hitzordua!!

EHBildu

Auzitegi Nazionalaren epaiak protesta soziala zigortzeko asmoa besterik ez du

Euskal Herria Bildurentzat, AHTren aurkako ekintzaileei Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorrak, bat eta bi urte bitarteko kartzelaldira zigortzen dituenak, gehiegikeria juridiko larria da, eta agerian uztera dator organo judizial honek Frankismo garaiko Ordena Publikoaren Tribunalaren ondorengoa dela. EHBilduren ustez, gure ingurumena zein baliabide naturalak botere enpresarialen etekinerako desegiteko eragozpenik ez duen sistema neoliberalaren aurrean protesta egiten duten mugimendu sozialak eta pertsonak kriminalizatzea du helburu epai honek.

EHBildutik Abiadura Handiko Trenaren aurka gaudela berresten dugu, Euskal Herriaren etorkizuna hipotekatzen duen heinean, bai ekonomikoki, belaunaldi desberdinek ordaindu beharko duten zorrarekin zamatzen gaituelako, baina baita gure ama lurrean duen eragin atzeraezinarengatik, beste edozein azpiegiturak baino gehiago artifizialduko duelako gure lurra. Gainera, inondik inora beharrezkoa ez den proiektua da, Euskal Herria bide egokian egituratzen ez duena eta inolako eztabaida sozialik izan ez duena.

Eta makro-azpiegitura honen inposaketa salatzen dugun moduan, gure elkartasuna adierazi nahi diegu inora ez doan proiektua geldiarazteko borroka txalogarria egiten ari diren norbanako zein kolektiboei. Berriz ere, kriminalizazioa eta zigorra pairatzen duten pertsona eta taldeak dira, boteretsuen aurrean otzan eta herritar arruntekin zurrun azaltzen den sistemaren eskutik.

Azkenik, azpimarratu nahi dugu epaiaren indarrak kontrastatu egiten duela, lehenengo eta behin, nazioartean eman izan diren antzeko gertaerekin, absoluzioan edo isun txikien epaiak izan dituztenak; eta bigarrenik, iruzurrari lotutako pertsonak edo CAN bezalako kutxa publikoak desagerrarazi dituzten arduradun politikoak aske uzten dituzten epaiekin, edota zauri larriak, eta heriotzak erea, eragin izan dituzten segurtasun indarren operazioetan inolako deliturik ikusten ez dituztenak.

http://alternatiba.net/old-files/EstadoDeDerechas.jpg

X