Alternatibak ezker subiranistak hauteskunde autonomikoetan inoiz izandako emaitzarik onenak lortu izana ospatu du

Alternatibako Koordinakunde Nazionala, igandeko bozetako emaitzak aztertzeko eginiko bileran, pozik agertu da Euskal Herria Bildu koalizioak lortutako emaitzengatik. Izan ere, Alternatibak berak beste hiru indar politikoekin osatutako koalizioak Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ezker subiranistak inoiz izan dituen emaitzarik onenak lortu ditu.

Alternatibatik, EHBilduk kanpainan izan dituen oztopoak aztertu ditu, non alderdi handiek eta haien menpeko komunikabideekin koalizioaren proposamenak estaltzen saiatu diren, hauteskundeetan bi poloen arteko konfrontazioa bilatuta; euskal abertzaleen eta abertzale espainiarren artekoa, hain zuzen ere. Hala, subiranotasunaren aldarria eredu alternatiboa eraikitzeko asmoz eta PNVk, PSOEk eta PPk babesten duten murrizketen zein merkatuekiko menpekotasunaren kontra doala isilarazi nahi izan dute.

Oztopo horien gainetik, Alternatibaren Koordinakunde Nazionalak ziurtatu du herritarrek eskumaren aurkako harresia eraikitzeko aukera ikusi dutela Euskal Herria Bilduren eskutik, porlanaren eta erabilerarik gabeko azpiegitura erraldoien lagunengandik babesteko harresia, administrazioak hipotekatzen dituzten azpiegiturak sustatzen dituztenen aurrean; pribatizazioen bidez kalitatezko eta doako zerbitzu publiko oro desagerrarazi nahi dutenengandik babesteko.

Ezkerreko alderdiak, halaber, EHBilduk legegintzaldi honetan izango duen erantzukizunaz ohartarazi du, ezkerreko erreferente bakarra izango delako Legebiltzarrean. Horregatik, hurrengo Eusko Jaurlaritzaren politikak aztertu ez ezik, eragile eta mugimendu sozial, feminista, ekologista, antikapitalista eta gainerakoen aldarrikapenen parte izan eta Legebiltzarrera eraman beharko ditu, Euskal Herria alternatiboa behetik eta ezkerretik eraiki nahi dutenen bidaidea izanik.

Alternatibak, azkenik, eredu politiko, sozial eta ekonomikoaren errotiko eraldaketaren aldeko apustuan sakontzeko erronka izan du hizpide, ahalik eta herritar gehiagori ikustarazteko bestelako politikak ezinbestekoak direla: aberastasunaren banaketa ahalbidetuko duen bestelako zerga politika, gizonen eta emakumeen arteko benetako parekidetasuna ezartzea ikuspegi feministatik, euskararen erabateko normalizazio eraginkorra, elikadura subiranotasunaren aldeko apustua edota demokrazia parte-hartzailearen aldeko politika ezartzea, herritarrak ordezkatu beharrean ahotsa emango diena. Horregatik, Alternatibaren Koordinakunde nazionalak norabide horretan aurrerapausoak ematen jarraitzeko prestutasuna eta gogoa adierazi du, Euskal Herriko historian inoiz izandako ezker subiranista indartsuena gero eta sendoagoa izan dadin

Alternatibak deitoratu du ETAk jarduera utzi eta urtebetera urratsik egin gabe jarraitzen duten sektoreak egotea

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek deitoratu du gaur, ETAk bere jarduera eten zuela iragarri zuen egunaren bezperan, “urratsik egin gabe jarraitzen duten sektoreak” daudela, “agerikoa dena ukatzen saiatzen dira: herritarrek bakea nahi eta aldarrikatzen dutela, eta garai politiko berri batean gaudela”. Hala, “iraganeko jarreretan ainguratuta” daudenak salatu ditu, “Espainiako eta Frantziako estatuetako erakundeetan duten boterearen bitartez”.

Matutek, alabaina, bihar beteko den urtemugaren alderdi ona ere nabarmendu nahi izan du, “ETAk jarduera armatua utzi zuenetik urtebete izango da, euskal gizarteari itxaropenaz beteriko garai politiko berria martxan zela jakinarazi ziona, ilusioz eta demokrazian zein normalizazioan eraikitako gizartearen beharrari ateak ireki zitzaizkiola”. Bere etorkizuna “askatasunez eta demokratikoki izan nahi duena erabaki” ahal izango duen gizarteari, gaineratu du.

Azkenik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak euskal gizarteak behin eta berriz kalera atera duen beste aldarrietako bat ere gogoratu nahi izan du, “inolako indarkeriarik ez egotearena, tamalez, oraindik lortu ez duguna”.

http://alternatiba.net/old-files/121019AlternatibaETA.mp3

EH Bilduk argi dauka duela urtebete Aieten emandako ebazpenaren bidetik jarraitu behar dugula

Aieteko Konferentziaren ondorioen agiriak, gaur urtebete, aro berri bati eman zion hasiera; eszenatoki berri bati ireki zizkion ateak, eta balio izan du Europako azken gatazkak nazioarteko agendan lekua egin dezan, letra larriz.

Urtebeteko balantzean, bi gai daude nabarmentzeko, EH Bilduren iritziz: batetik, ETAk bere jarduera armatua bukatzeko hartutako erabaki historikoa, horixe baizen derrigorrezko baldintza Espainiako eta Frantziako gobernuekin gatazkaren ondorioei buruzko elkarrizketa prozesuari ekiteko; eta bestetik, urtebete honetan Madrilgo exekutiboak hartu izan duen jarrera. Aieteko Konferentziak erraztutako egoera gelditu, blokeatu eta saboteatzen saiatu da etengabe Espainiako gobernua.

Hamabi hilabete hauek aurrerapausoak egiteko egokiak ziren; bakegintzan, normalizazioan, errekonziliazioan eta biktima guztien aitortzan aurrera egiteko aproposak, baina Espainiako gobernuaren jarrerak eragotzi egin du ezarri ziren helburuak betetzea, Aieten marraztutako pausoei uko eginez. Elkarrizketa politikoaren atalean ere ez da egon aurrerapausorik.

EH Bilduk argi dauka duela urtebete Aieten emandako ebazpen eta gomendioei kasu egin beharra dagoela. Agiriak, gogora dezagun, ETAri eta Frantziako zein Espainiako gobernuari gonbite egiten die gatazkaren ondorioen inguruan elkarrizketa burutu dezaten; biktimen eta eragindako minaren aitortzarantz pausoak ematea gomendatzen du eta azkenik Euskal Herriko eragile politikooi ere dei egiten digu gai politikoei buruzko elkarrizketari ekiteko. Hori guztia, gure herrian konponbideen eszenatokia finkatu ahal izateko bide bezala gomendatu zuen Aieteko Batzordeak, eta hori guztia egiteke dago.

Elkarrizketa eta akordioa dira Aieteko Agiriaren oinarriak. Bi alorretan aktibatu eta portu onera eraman behar den elkarrizketaz ari da agiria: batetik, gatazkaren ondorioak konponbidean jartzeko elkarrizketa, ETA eta bi estatuetako gobernuen artean. Eta bestetik, gatazkaren erroak konponbidean jartzeko elkarrizketa, eragile politiko guztien artean; hots, Euskal Herriak nazio bezala bere etorkizuna erabakitzeko daukan eskubideari buruzko elkarrizketa politikoa.

Ondorioz, uste dugu Espainiako eta Frantziako gobernuek egun daukaten jarrera albo batera utzi eta gatazkaren ondorioei buruzko elkarrizketari ekin behar diotela. Nazioartean asko, gero eta gehiago dira adibideak, Kolonbiako kasua da azkena, baieztatzen dutenak elkarrizketa dela gatazkak behin betiko konpontzeko metodo bermatua.

Era berean uste dugu Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialentzako lehen mailako eginbeharra dela akordio demokratikora bideratutako elkarrizketari ekitea. Akordio horren oinarrian Euskal Herriaren eta bere erabakitze-eskubidearen aitortza leudeke, eta akordio horrek euskal herritarren onespena jaso beharko luke. Horrela, bada, Euskal Herriko kultura politiko guzti-guztiei eta eragile politiko, sozial eta sindikal guztiei egiten diegu dei elkarrizketari ekin diezaioten, ekin diezaiogun. Gu prest gaude. Akordio demokratikoa da konponbiderako bermea, eta hori Europan bertan ere ikusten ari gara, egunotan Eskozian izan den azken adibidea ere hor dago: elkarrizketa, eta eskubide demokratikoa den erabakitze-eskubidearen inguruko akordioa.

Amaitzeko, jendartearen gehiengo zabalak herri honetan bakea eta normalizazio politikoa nahi du eta exijitzen du; eta helburu hori lortzeko ezinbestekoa da elkarrizketa. Izan ere, soilik elkarrizketa barneratzailetik, bazterketarik gabe eta inolako irabazle eta galtzailerik gabe, ahal izango gara benetako konponbidera iritsi. Eta Aieteko Agiria, konponbiderako tresna da. Baliatu dezagun.

Oskar Matute: “PP, PSOE eta PNV alderdiek ordezkatzen duten eredu bakarrari aurre egiteko aukera nagusia gara”

Azken txanpan sartuak gara jada, eta bide horretan, gaur goizean, Bilboko plaza Biribilera gerturatu gara Oskar Matuterekin batera. Bertan, Bizkaiko zerrenda hautagaiak adierazpenak egin ditu beste hautagai batzuekin batera eta Bilduko udal taldearekin. 

 

Matutek aldarrikatu du, Euskal Herria Bildu dela PP, PSOE eta PNV alderdiek ordezkatzen duten eredu bakarrari aurre egiteko aukera nagusia. Gainera, eredu ekonomikoaren aldaketa azpimarratu du, zerga politika justua ezarri, lanaren banaketa bilatu eta horrela, zerbitzu publikoak indartuz.

Hauteskunde egunetik aurrera, sufritzen diren krisi ezberdinak gaindetzeko aukera izango dugula adierazi du baita ere Matutek, argi utziz beste behin ere, EH Bildu dela hauteskunde hauetako aukera. 

Alternatibak Madrili exijitu dio Estrasburgori kasu egin eta Euskal Herriarekiko duen politika zigortzaileari 180 graduko bira eman diezaion

 

Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek, baikor hartu du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak gaur emandako epaia, Espainiako Erresumari zigorra ezarri diona, 2003an Euskaldunon Egunkariaren Zuzendari zen Martxelo Otamendiri eginiko torturak ikertu ez izanagatik egunkariaren itxiera ekarri zuen “operazio diktatorialaren” harira. Egunkaria ixteko agindua, halaber, “Espainiako Barne Sailak eman zuela” gaineratu du.

Agirresarobek Madrilek pilatzen dituen milaka salaketak gogorarazi nahi izan ditu eta horrez gain, “giza-eskubideen urraketen eta demokraziaren kalitate falta agerian uzten duten” dozenaka sententziak ere aipatu ditu. Honen adierazgarri “Euskal Herriak garai hartan jasan zuen oinarri legalik gabeko prozesu hau dugu, milaka euskaldunei bere hizkuntzan informazioa jasotzeko eskubidea kendu ziona”. Gainera, bere garaian Aznarren gobernuak “euskaldunen hizkuntza eta kulturaren babeserako neurri” gisa saldu nahi izan zuen. 

Ezkerreko alderdiaren bozeramaileak “muntai politiko, judizial eta mediatiko gaitzesgarri” honek Egunkariaren – garaian euskara hutsean zegoen egunkari bakarra-  itxiera ekarri zuela adierazi du. Aldi berean, hainbat arduradunen atxiloketa, tortura eta inkomunikazioa ekarri zuela azpimarratu du. Horien artean Otamendi bera zegoen, 2008an bide guztiak agortuta, azkenik Estrasburgora jo zuena.

Agirresaroberentzat, “agerikoa” da Espainiako gobernu desberdinetatik mantentzen duten politika zigortzailea, mendekua oinarri duena, horretarako “justizia nahi bezala erabili eta politizatu egiten” dutela. Horregatik, Madrili exijitu dio Estrasburgoko epaiak eta Nazioarteko Amnistiak eta NBEk berak eginiko salaketak kontua har ditzala, “Euskal Herriarekiko duen politika zigortzailean 180 graduko bira egin dezala beraz”.

X