Alternatibak dio absoluzioa baino ezin zitekeela espero politika egiteagatik auzipetuak izan diren pertsonentzat

Alternatibako bozeramaileak, Oskar Matutek, libre utzi dituzten hamahiru lagunak zoriondu nahi izan ditu, Auzitegi Nazionalak D3M-Askatasuna prozesuan auzipetutako guztiak absolbitu egin dituela gaur jakinarazi ondoren. Matuterentzat erabat “logikoa” izan da erabakia: “Absoluzioa baino ezin zitekeen espero politika egiteagatik bidegabeki epaituak izan diren pertsonentzat, Euskal Herriari eskaintza elektorala egiteagatik auzipetu baitituzte”. Ildo beretik, ordezkaritza politikorako eskubidea ukatzeak, “Espainiako Erresuman urteotan egin izan den bezala, demokraziaren izaera bera zalantzan jartzen du” gaineratu du.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak deitoratu duenez, “merkatuen eta boteretsuen beharren arabera moldatzen den demokrazia bizi dugu”, baina Espainiako Gobernu desberdinetatik marraztu duten joko zelai injustu horretan ere, “guztiz muturrekoa, totalitarioa eta antidemokratikoa” iritzi dio hauteskundeetarako zerrenda bat osatzen ari zirenen lagunentzat kartzela zigorrak eskatzeari. Horrexegatik, Alternatibatik epaia ospatu dute, “ahaztu gabe hamahiru auzipetuek beren absoluzioa lortu arte bizi behar izan duten bide ankerra”.

Matutek esan du, azkenik, Euskal Herritarren gehiengo zabal batek kalean aldarrikatu duela behin eta berriro epaiketa politikoen amaiera, eta, “tamalez, oraindik ere egiten jarraitu beharko duela, Bateragune bezalako auziengatik kartzelaratutako preso politikoak badirelako”.

Alternatibak dio EPPKren adierazpena herritarrek ospatu baina gobernuek ukatzen duten garai politiko berria berrestera datorrela

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek EPPKren larunbateko adierazpena izan du gaur hizpide, “Euskal Herriak garai politiko berria bizi duela berrestera datorrela” ziurtatuta. Euskal presoen kolektiboak esandakoak “borroka armatuaren amaiera baieztatzen” duela uste du alderdi ezkertiarrak, “euskal gizarteak aspaldi ezagutzen eta ospatzen duena baina Madrilgo, Gasteizko zein Iruñeko gobernuek behin eta berriz ukatzen dutena”. Matutek “bideragarria” deritzo bake justua eta iraunkorra lortzeari, “herri gisa aurretik ditugun eztabaida eta erronkei aurre egiteko ezinbesteko pausuak ematea guztion lana den arren”.

Alternatibatik azpimarratu dutenez, borroka armatuaren amaieraren egiaztapenak “apurtu egiten du ETAren asmoen gaineko informazio faltsu eta interesatu oro, hainbat erakunde eta elkartetatik behin eta berriz tematu arren; egunotan kasu, presoei indarkeriatik aldendu eta biktimen mina aitortzeko exijitu dietenean, haien adierazpenak horixe bera egiten duela apropos ahaztuta”. Matutek berretsi duenez, “bakearen eta konponbide demokratikoen garaia da orain zabaltzen ari dena, Euskal Herriak duela urte asko espero zuena, eta alderdikeriengatik zein hauteskundeetan pentsatzen ari direnen kapritxoengatik atzeratu ezin daitekeena”.

Konponbideak lortzeko, Alternatibako bozeramailearen esanetan, “pertsona guztien eskubideak eta askatasunak berrezarri beharko dira, hauek kartzelan zein libre egonda ere. Horrexegatik, EPPK-k eginiko urrats berria txalotu egiten dugu, eta Espainiako zein Frantziako gobernuei sakabanaketarekin eta Parot doktrinaren amaitzeko eta eritasun larriak edo sendaezinak dituzten presoen askatasuna exijitzen diegu”. Eskaerok, gaineratu du, “Euskal Herriak espero eta behar dituen pausoak dira, Euskal Herriaren normalizazio politikorako eta askatasunerako bidean, non batzuek iraunarazi nahi duten gatazkaren ondorioz presorik izango ez den”.

D3M eta Askatasunako auzipetuak aske geratzea exigitu dute Alternatibak eta koalizio kideek

Eusko Alkartasuna, Alternatiba, Aralar eta Ezker Abertzaleak gure iritzia plazaratu nahi dugu, gaur Entzutegi Nazional espainiarrean bukatuko den D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketaren harira.

– Epaiketa hasi baino lehen esaten genuena berretsi egin da: euskal jendarteari hauteskundeetarako eskaintza bat egitea delitutzat hartuta epaiketa goitik behera politikoa izan da 13 herritar horien kontra egin dena.  Berriro ere Espainiako Auzitegi Nazionalak frogarik gabeko eta, are larriagoa dena, benetako deliturik gabeko epaiketa bat burutu du, lan politikoa egitea eta sufragio askerako eskubidea bera zigorbidean jarrita. Eskubide demokratikoen ikuspuntutik urraketa oso larriaren aurrean gaude beste behin ere.

–  Epaiketa hau ilegalizazio politiken luzapena da, argi eta garbi. Euskal herritarren gehiengo zabal batek behin betiko gainditu nahi duen legez kanporatzeen politikaren eszenifikazio berri bat. Aro politiko berrian guztiz ulertezina gertatzen da euskal jendartearentzako eta nazioarteko komunitatearentzako Espainiako estatuak era honetako salbuespenezko epaiketekin jarraitzea.

– Zentzu horretan, justizia egingo bada, absoluzioa izango da epai posible bakarra: 13 auzipetuak aske geratzea eta ilegalizazio politikoen makinaria judiziala behin betiko gelditzea eskatzen dugu.

– Azken epaiketa politikoa izatea eskatu izan dute 13 auzipetuek beraiek. Horrela eskatzen dugu guk ere, lehenengo eta bat eskubide zibil eta politiko guztien errespetuaren izenean. Eta horrekin batera, konponbide demokratikorako ezinbesteko urratsa delako salbuespenezko politika guztiak bukatzea, tartean epaiketa politikoak. Jarduera politikoa ez dadila beste inoiz ere zigorraren bankilloan eseri.

– Euskal Herrian gehiengo sozial eta politikoak argi eskatzen dio estatuari gatazka politikoaren konponbiderako aukera historikoaren aurrean jarrera eraikitzailea har dezan. Horrela eskatzen ari da nazioarteko komunitatea ere behin eta berriro. Epaiketa eta zigor politikoak eta salbuespenezko politikak indargabetzeko ordua da. Elkarrizketa eta konponbide garaia da.

Alternatibak dio Gorenaren epaiak Espainiak duen “izaera demokratiko eskasa agerian” utzi duela

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, era berean, salatu egin du “indarkeria guztien amaiera lortu asmo zuen estrategia martxan jarri izan duten bost lagun kartzelan mantentzearen bidegabekeria”. Azaldu duenez, auzipetuek egiten zutena “haien kabuz egiten zuten eta ez, inondik inora, ETAren aginduetara”.

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, “oso ezkor” hartu du Espainiako Auzitegi Gorenak gaur jakinarazi duen erabakia Bateragune deritzon epaiketaren harira, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletari jarritako zigorrak mantentzen dituelako, pixka bat jaitsi arren. Matuterentzat, epaiak Espainiak duen “izaera demokratiko eskasa agerian utzi eta Euskal Herriarekin lotutako edozein erabaki judizialak inolako funtsik ez duela egiaztatu du”.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, era berean, salatu egin du “indarkeria guztien amaiera lortu asmo zuen estrategia martxan jarri izan duten bost lagun kartzelan mantentzearen bidegabekeria”. Azaldu duenez, auzipetuek egiten zutena “haien kabuz egiten zuten eta ez, inondik inora, ETAren aginduetara”.

Euskal herritarren gehiengoak epaia “errefusatu eta salatu egiten duela” ziurtatu du Matutek eta, horrexegatik, “Euskal Herriko kaleetan erantzuna izango duela” aurreratu du. Azkenik, erabaki honek “inoiz baino indar handiagoarekin, aspalditik darabilgun lan ildoarekin aurrera jarraitzera eraman behar gaitu, indarkeriarik gabeko eta garaile zein garaiturik izango ez duen bakea eta konponbide demokratikoa eraikitzeko”.

Oskar Matuteren adierazpenak entzun (gazteleraz)

Alternatibak oso positibotzat jo du Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bildutako informazioa

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, “oso positibotzat” jo ditu Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bildutako informazioak egunotan Euskal Herriko eragile sozial eta politiko desberdinekin, Alternatibarekin besteak beste, NEBek asteon eginiko bileretan parte hartu ostean. Alderdi ezkertiarrarentzat “agerian gelditu da ETAk urrian iragarritako erabakiarekiko konpromisoa eta errespetua, euskal gizartearen gehiengoak eskatzen zuenari kasu egin eta jarduera armatua behin betiko lagatzeko emandako hitzari eutsi diolako”.

Matutek, bestalde, eragile guztiek egin beharreko “ezinbesteko urratsak” nabarmendu ditu, “ETAren eteteak erakundearen betirako amaiera ekar dezala eta Euskal Herrian bake bideak eta konponbide demokratikorako prozesuak ireki daitezen”. Ildo beretik, Espainiako Erresumako gobernuak “konponbiderik ez emateaz gain, eskubide zibil, sozial eta politikoak ukatzeko jarrera darabil, zabalik dauden epaiketek egiaztatzen dutenez”, Bateragune, D3M eta Askatasuna auziak gogoratuta.

Alternatibako bozeramaileak aitortu du “pazientzia handia beharrezkoa” izan daitekeela aldaketak egin edota orain arte mugiezinak ziren jarrerak mugitzeko, ziurtatuz “norabide horretan ari badira alde izango gaituztela”. Aldiz, “haien geldotasunaren atzean kalkulu politikoak besterik ez badaude eta garaileak eta garaituak izango dituen amaiera lortzeko helburua badute, kontra egingo diegu eta publikoki salatuko ditugu”.

X