Alternatibak dio euskal herritarrek beren kabuz legeztatu dutela Espainiako Gobernuek bahitu nahi izan duten botoa

Sortu alderdia aurkeztu eta urtebetera Espainiako justiziaren arabera legez kanpo jarraitzen duela deitoratu du gaur Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak. Indarkeria mota guztien, ETArena barne, desagerpena eskatzen zuen alderdi berria aurkeztearekin ezker abertzaleak urrats erabakigarria egin zuela gogorarazi du Matutek. Are gehiago, alderdia jaio eta denbora gutxira “gertaera jakinak eta balizko atentatuak ere errefusatu zituen, Alderdien Lege bidegabeak ezartzen zituen eskakizun guztiak beteta”.

Talde ezkertiarreko bozeramaileak nabarmendu du, halaber, denbora honetan ETAren jarduera armatua desagertu dela baina, hala eta guztiz ere, “Espainiako Gobernuek, oraindik ere, milaka eta milaka herritarren parte-hartze politikorako eta askatasunez bozkatzeko eskubidea urratzen dute Euskal Herrian”. Herritarrek, alabaina, Madrilen azaldutako jarreraren aurka, “herri honen normalizazio politikoaren aldeko borondatea erakutsi dute eta beren kabuz legeztatu dute Zapaterok lehen eta orain Raxoik bahitu nahi izan dutena”.

Azkenik, Matutek berriz ere galdegin du “euskal gizartearen gehiengo zabal batek eskatzen duenari kasu egiteko, indarkeria ororen amaiera aldarrikatu duten indarrarekin euskal herritar guztien eskubideen berrezarkuntza eskatzen jarraituko dutelako”. Hala, Raxoiren gobernuak azaldutako “itxikeria eta geldotasuna gaindituko dezakegu, Gallardonek gaur eginiko adierazpen atzerakoiekin azaltzen dutenez, sakabanaketarekin amaitzeko inolako asmorik ez dutela esatean”.

Alternatibak NHTren egitasmoa babestu du, konpondu gabeko eztabaida politikoak irekitzeko unea heldu delako

http://procesodepaz.org/wp-content/uploads/2010/05/Brian-Currin-Barcelona-grande.jpgNazioarteko Harreman Taldearekin (NHT) gaur goizean eginiko bileraren ostean, Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek “erabateko babesa agertu dio NHTk egiten ari den lanari eta, bereziki, egunotan Euskal Herriko eragile politiko eta sindikal ezberdinen artean aurkezten ari den proposamenari”. Agirresarobek nabarmendu duenez, “behin betirako konponbidea lortzeko ezinbestekoa da alderdi politiko guztien arteko elkarrizketa abiatzea, orain dela gutxira arte ETAren indarkeriak eztabaida politikoa baldintzatu duelako”.

Ildo beretik, ETAren indarkeria betirako desagertu dela, “hainbat eragilek berretsi eta gutxik zalantzan jartzen dutenez”, heldu da garaia “oraindik egin izan ez diren eztabaida politiko guztiak egiteko”. Agirresarobek, azkenik, Alternatiba “bazterketarik eta baldintzarik gabeko elkarrizketa politikoaren” guztiz aldekoa dela adierazi dio NHTko ordezkariei.

Alternatibak dio Egiaztatze Batzordea euskal gizartearen iritzia berretsi eta Barne Ministroarena ezeztatzera datorrela

http://old.kaosenlared.net/media/28/28641_1_Oskar_Matute.JPGAlternatibako bozeramaile Oskar Matutek “oso baikor” hartu du Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak gaur arratsaldean zabaldutako agiria Euskal Herriko hainbat eragile politiko eta sozialekin egunotan bilerak egin ondoren. Matuteren ustez, agiriak “euskal gizartearen gehiengoaren iritzia berretsi eta Jorge Fernandez Diaz Barne Ministroarena ezeztatzera dator, ETAren erabakia borroka armatua lagatzeko behin betikoa dela, alegia”.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak adostasuna azaldu du batzordeko kideen ustez egiteke dauden auzien inguruan, “indarkeriaren amaiera oraindik ere egonkortu egin behar dela era egiaztatze prozesuak aurrera egin behar duela”, besteak beste. Ildo horretatik, Egiaztatze Batzordearen lana goraipatu egin du Matutek.

Alternatibak lotsagarria deritzo gobernua krisia eragin zutenen esku uzteari

El nuevo equipo de Gobierno de Mariano Rajoy

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Raxoiren kargu-hartzean zein bere gobernu “lotsagarriaren” aurkezpenean emandako irudia deitoratu du, Euskal Herriko ezkerrean zegoen mesfiantzaren arrazoiak berrestera etorri baitira: “Egungo krisia sortu duen doktrina liberalarekiko menpekotasuna eta euskal gizarteak galdegiten duen normalizazio politikoan urratsak egiteko borondate eza”.

Amaiur koalizioaren baitan dagoen talde ezkertiarretik ziurtatu dutenez, ez dute “politika atzerakoien aurrean oposizio mantsoa ezta isila izateko inolako asmorik” gobernu berriak aurkeztutako asmoen harira. Matutek gaineratu duenez, “guztiz kontrakoa” egiteko prest daude: “Murrizketen aurrean, hamaikagarren lan erreformaren, eskubide indibidual zein kolektiboen ukazioaren, eta botere publikoek nazioarteko finantza erakundeekiko duten menpekotasunaren aurrean kontra azaltzeko konpromisoa dugu”.

Alternatibak talde ezkertiarren erantzukizuna eskatu du Raxoik eta bere taldeak dakartzaten murrizketa olatu eta “kontserbadurismo garratzenaren” aurrean argi eta irmo erantzuteko. Salatu dutenez, “Ekonomia Lehman Brothers-eko kargu ohi baten esku utzi dute, krisia eragin zutenen asku alegia; Osasungintza emakumeei abortatzeko eskubidea publikoki ukatzen dien pertsona batek kudeatuko du eta Defentsa armagintzako enpresaburu bati eman diote, ezertarako baliagarria ez den ministerioaren defizita areagotzen jarrai dezan”.

Guzti horregatik, Matutek Euskal Herriko herritarrei dei egin die, emakumeen, langileen eta etorkinen duintasunaren zein Amalurra edo Euskal Herriaren aurkako erasoei “batera erantzun eta erresistentzia antolatzeko”. Izan ere, “orain aurre egitea lortuko bagenu, behetik eta ezkerretik sortutako kontraboterea eraikitzeko lehen urratsak egiten egongo ginateke”.

Gernikako akordioaren adierazpena gatazkaren biktimen inguruan

Donostia, 2011ko abenduaren 17an

2010eko irailaren 25ean Gernikako Akordioa sinatu genuen eragile guztiok, oso garbiizan dugu beti, indarkeria mota guztietako biktima guztien sufrimendua aitortzea garrantzitsua dela, gatazkaren konponketarako ezinbestekotzat jotzen dugularik.

Duela urtebete baino gehiago izenpetu genuen testuak honelaxe jaso zuen: “indarkeria mota guztien errealitatea eta gatazka politikoak eragindako biktima guztien aitortza, adiskidetze eta konponketaren beharra”, hain zuzen ere.

Gure ustez, indarkeria guztien biktimak modu berean tratatuak behar dira izan, inolako mailaketarik gabe, baina genero bereizketak aintzat hartuz. Norbere min eta sufrimendua ezin da neurtu, ez da zilegi. Ez dira biktimagoak izango pairatutako indarkeriaren arabera, biktimak dira indarkeria jasan dutelako. Beren oinarrizko giza eskubideen urraketak biktima bihurtu ditu.

Euskal Herrian indarkeria guztiek sortu dituzten mina eta oinazea aitortzen ditugu, bai ETAren indarkeriak bai espainiar nahiz frantziar estatuen errepresio estrategiak eta gerra zikinak hildako biktima guztien senideei, baita kalte fisiko edo psikikoak jasan dituztenei ere, gure dolua adierazi nahi diegu.

Konfrontazio armatuak iraun duen bitartean ez aldeek ez bestelako eragileek ez dute besteen samin eta oinazearekiko sentiberatasunik adierazten jakin izan. Eraiki nahi dugun bakea justua eta iraunkorra izan dadin jasandako min guztia aitortzea ezinbestekoa da, baita gure Herrian irekita dirauten zauriak sendatzeko konpromiso eta borondate argia ere. Gure konpromisoa sendoa da eta hala erakutsi nahi dugu.

Indarkeria desberdin hauek eragindako min eta sufrimendua aitortzen ditugu. Honen haritik, garrantzitsutzat jotzen dugu egia ezagutzea, Egia osatzen dituen egia guztiak ezagutu behar ditugu. Biktima ororen atzean egia bat dago. Biktima orori dagokion biktima izaera nahiz egiaren ezagutza zor zaie. Gizarte justu eta baketsua lortzea indarkeria guztien biktima guztien memoriarako benetako testigantza izango da.

Biktimei, gogoratuak izateko, gertatutakoa ez ahazteko, memoria berreskuratzeko eta oroipen ekitaldiak egiteko eskubidea aitortzen diegu. Gertatu zaiena islatuta ikus dezaten eta gertatutako guztiaren benetako historia idatz dezagun, elkar ulertze eta aitortza ezinbestekoak dira.

Gai hauek guztiak begirunez eta zuhurtziaz jorratu behar ditugulakoan gaude, eztabaida politikoan jaurtitzeko arma gisa erabili gabe. Giza harremanen berreskuratze eta elkarrenganako errespetua ahalbidetzen duten adostasunetara iritsi beharrean gaude.

Era berean, eragindako mina erreparatu behar dugu. Horretarako, gure ustez, biktimei urratutako eskubideak berreskuratze aldera, taldeko zein norbanako neurriak hartzea ezinbestekoa da, egoerak hobera egin dezan. Mota guztietako neurriak ezarri behar ditugu, tartean politikoak, zeintzuk indarkeriaren erabilerak eragindako egoeren errepikatzea eta eskubideren urraketa egoerak gertatzea eragotziko duten. Horregatik, biktima guztiekiko erreparazioa eta elkarbizitza suspertzeko bide horretan parte hartzeko eta laguntzeko borondatea agertzen dugu. Gure ahaleginik handiena adiskidetzea lortzean eta elkarrenganako errespetuan jarri nahi dugu. Gizarte bat lortu nahi dugu, non pertsona guztiek beren eskubideak gauzatuko dituzten, eta beren eskubideak errespetatuak izango diren.

Iraganeko sufrimenduek legatu handia utzi dute. Ez ditugu ahaztu behar beren oinarrizko eskubideen urraketa pairatu dutenak, beren bizia galdu dutenak, beren integritate fisiko zein psikikoa erasotuta ikusi dutenak, ezta bere senitartekoak ere.

Gernikako Akordioa sinatu genuen eragileok uste dugu gatazka politikoaren behin-betiko gainditzea izango dela giza eskubideen urraketa egoerarik berriro ez gertatzeko bermerik onena. Norabide horretan, gatazka politikoaren korapiloak behin betiko askatuko dituen Akordio zabal baten bila, Euskal Herriko indar politiko guztiek bazterketarik gabe lehenbailehen elkarrizketa prozesua hasi beharko lukete.

Auzi politikoetan ditugun desadostasunak konpontzeko bide baketsu eta demokratikoak erabiltzeko konpromisoa berresten dugu. Gure ideologia politikoen artean dauden funtsezko aldeak aitortzen ditugu, guztiak zilegiak. Alde hauek Euskal Herriaren gizartearen aniztasunaren seinale dira. Horregatik, adostutako marko demokratiko baten alde irmoki lan egingo dugu, elkarrenganako errespetuaren kultura sustatuz.

X