Alternatibak lauko koalizioan parte hartzea berretsi du

Alternatibako Kontseilu Nazionalak azaroaren 20ko hauteskundeetara ezker abertzalearekin, Eusko Alkartasunarekin eta Aralarrekin batera aurkeztea berretsi zuen atzo Donostian eginiko bileran. Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek esan duenez, apustu honek “beste urrats bat da ezkerreko indar anitza eta subiranista eraikitzeko bidean, euskal gizarteak abiatutako aldaketa sozial eta politikoa Madrilen ahots ozenez eramango duena”.

Alternatibak “bakeari jarritako hamaikagarren oztopoa” deitoratu du

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Auzitegi Nazionalak “bakeari jarritako hamaikagarren oztopoa” deitoratu du gaur, Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta Bateragune auziko gainerako kideak zigortzen dituen epaiaren harira. Era berean, “zentzugabea” iritzi dio gatazka gainditzeko bide politikoak eraikitzeko lanean aritu diren pertsonei erakunde armatu bateko kide izatea leporatzeari.

Alternatibak  epai “bidegabea eta krudela” salatu du, “zuzenbide estatutzat saldu nahi digutenaren justizia gabezia agerian” uzten duelako. Zigorrak, halaber, “parte-hartze politikorako eskubidea desegin, ideien adierazpen askatasuna zentsuratu eta biltzeko eskubidea urratzen du”. Matutek gogorarazi duenez, epaiketan bertan Otegik berak berretsi eta argitu du ezker abertzaleak “bide politikoen aldeko hautu bakarra” egiten duela. Honen aurrean, izaera politikoa izan duen prozesuan, Auzitegi Nazionalak “milaka eta milaka gizon-emakumeek Madrildik iraunarazi nahi duten gatazka gainditzeko itxaropenak jipoitu dituzte”.

Alternatibako bozeramaileak azpimarratu duenez, Espainiako sistema judizialaren beste erakunde batek, fiskalburuak, “Moncloara laster bizilagun are totalitarioagoa heldu daitekeela aurreikusita akaso”, Auzitegi konstituzionalari Sortu ez legeztatzeko eskatu berri dio, “horrek argi eta argi uzten du noraino dagoen Madril euskal gizartearen gehiengoak abiatutako garai politiko eta sozial berriari bizkarra ematen, pertsona guztientzako eskubide guztien berresarkuntza eta herriari hitza ematearen aldeko aldarriak direlako nagusi Euskal Herrian”.

Matutek aurten abiatutako bidea berretsi du, “eskubideak urratzeko dinamika oso bat hausteko gai izan dena” eta, Alternatibaren izenean, epai honek zigortutako lagunen elkartasunean datozen egunotan antolatu daitezkeen ekitaldi eta agerraldi guztietan parte hartzeko deia egin du.

Matute: “M22k argi utzi du euskal gizarteak ez duela inoren gidaritzarik behar bere etorkizuna eraikitzeko”

Oskar Matute baikor azaldu da ETAk, GARA eta BERRIA egunkarietara bidalitako adierazpenaren bitartez, “bake eta askatasun agertoki bat eraikitzeko bidean sakontzeko prestutasuna” agertu duelako. Agiria bere osotasunean aztertu ahal izateko bihar arte itxaron behar den arren, Matutek eragile guztiei eginiko deialdia azpimarratu du “konponbidearen alde eta guztien artean elkarrizketarako eta negoziaziorako guneak irekitzen”, eta “taldeak berak deialdia bere egin dezala” espero du.

Alderdi ezkertiarraren bozeramaileak bat dator maiatzeko hauteskundeek eszenario berria, “erabat desberdina” irudikatu dutela baieztatzeko orduan eta, horrexegatik, Espainiako Gobernuari zein ETAri “prozesuaren protagonismoa herritarrengan” utz dezatela eskatu die, “M22ko emaitzek argi eta garbi utzi dute euskal gizarteak ez duela inoren gidaritzarik behar bere etorkizuna eraikitzeko, bakean eta ezkerra zein subiranotasunaren bidetik”.

Alternatibatik duela urte erdi baino gehiago, ETAk su eten iraunkorra, orokorra era egiaztagarria aldarrikatu zuenetik, adierazitakoa berretsi du, “orduan amaieraren hasiera izan zedin espero genuen eta hau norabide zuzenean eginiko urrats berria da”. Edonola ere, Matutek eskaera bat plazaratu die gainerako eragile politiko eta judizialei: “Ez dezatela besteen pausorik espero herri honi zor dioten normalizazioa eta eskubide politiko zein zibilen berrezarkuntza gauzatzen hasteko”.

Aurore Martinen kontrako Euroagindua gauzatu ez dadila eskatzen duten erakundeekin bat egin du Alternatibak

 

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek “zentzuz jokatzeko” eskatu die Aurore Martin Batasuneko militantea bere jarduera politikoagatik atxilotu nahi duten Paris eta Madrilgo gobernuei. Ideiak “espetxeratzen jarraitu” nahi duten buruzagi politikoen “egoskorkeria” deitoratu du Matutek, “normalizazio politikoa nahi duen euskal gizartearen gehiengoaren kontra” doazelako.

Aurore Martini leporatzen dioten delitua militantzia politikoarena dela gogorarazi nahi izan du Martinek eta, horregatik, atxilotu eta espainiaratzeko agindua gauzatu ez dadila eskatu duten erakunde, eragile eta ordezkari anitzekin bat egin du Alternatibak.

Ezkerreko erakundeko bozeramaileak berriz azpimarratu du bakea eta normalizazioa beharrezkoa dela, era guztietako eskubideen urraketak gaindituz, “euskal gizarteak eskubide guztiak aldarrikatzen dituelako”, partaidetza politikoarena barne.

Azkenik, Alternatibak datozen asteetan pertsona guztien eskubde guztiak aldarrikatzeko euskal hirietako kaleak zeharkatuko dituzten elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Bizkaiko Batzar Nagusiak: Gaizki hasitako bidea

Zuriñe Gaintza, Joseba Gezuraga eta Asier Vega Bilduko Bizkaiko batzarkideak

Bildu Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaitik kanpo utzi du EAJren Bizkai Buru Batzarraren erabakiak. EAJk Mahaiaren hiru eserleku bete ditu astelehen honetan, PPk eta PSEk gainontzeko biak lortzeko akordioa egin duten bitartean. Gipuzkoan, aldiz, Bilduk gehiengoa izan arren – EAJk Bizkaian beste batzarkide ditu- Batzar Nagusietan ordezkaritza lortu duten bost alderdiak Mahaian egotea sustatu dute. Araban ere, herritarren babesa jaso duten bost alderdiek izan dute ordezkaritza BBNNetako Mahaian. Nafarroari dagokionez, Bildu Parlamentuko Mahaitik kanpo uzteko ahalegina egin du UPNk baina ez du bere asmoa lortu. Argi dago, beraz, Jose Luis Bilbaoren EAJk UPNren hauteskundeetako emaitzekiko mespretxu bera erakutsi duela, Bildu zokoratzeko orduan UPN bera baino eraginkorragoa izan bada ere.

Mahaiak epaile eta antolatzaile lanak egiten ditu Batzar Nagusietan. Mahaiak erabakitzen du ze gai jorratuko diren Batzorde eta Osoko Batzarretan. Mahaiak erabakitzen du zein gaik duen Osoko Batzarrean eztabaidatzeko garrantzia edo zer nolako gaiak diren premiazkoak eta zeintzuk ez diren berehala eztabaidatu beharrekoak. EAJk Bizkaiko hauteskundeetan lortutako bozen %37a Mahaiaren %60az jabetzeko erabili du, bozen %21a mahaitik at utziz. Honetarako, Bizkaiko BBNNetako araudi zaharkitua erabili du, demokraziaren alde egin beharrean elite baten esku boterea kontzentratzea ahalbidetzen duena. Hala, EAJ izango da Batzar Nagusietako epaile bakarra, eta epaile bakar horrek oposizioak aurkeztutako edozein proposamen Bizkaiko Foru Aldundiak nahi bezala maneiatuko du. Urkulluk denbora politiko berri bat aldarrikatzen du, baina bere jokabideak kontrakoa adieraztean du.

Oposizioaren lana Aldundiaren jarduna kontrolatu eta zuzentzean datza. Batzar Nagusiak horretarako daude, baina EAJren azpijoko bidegabeak Bilduren betebeharra mugatzeko aukera ematen dio, kontrol zein zuzenketei uko egiteko aukera izango baitute jeltzaleek. Zortzi urtez harrokeriaz gobernatu du Bilbao jaunaren Aldundiak eta, seguruenik, harrokeria horren ondorioz Bizkaiko bigarren indarra baztertu nahi izan dute, Mahaian ez dagokion gehiengoa edukitzeko eta inork kontra egin ez diezaion. Bizkaiko Batzar Nagusietako aniztasuna Mahaian islatu beharrean, nahiago izan du honen kontrola PPrekin eta PSErekin partekatzea, Bildurekin baino askoz erosoago sentitzen baita adiskide horiekin.

Batzar Nagusietako Mahaiaren beste eginkizunetako bat da alderdi bakoitzaren liberazio-kopurua eta batzarkideen soldatak zehaztea. Bilduren programak murrizketak proposatzen ditu, bai liberazio zein soldata edo dietetan, baina erabaki horiek EAJk, PSEk eta PPk adostu eta hartuko dituzte Mahaian. Eta argi dago hiru alderdi horiek ez dituztela Bilduk proposaturiko murrizketak onartuko.

Bildu bigarren indarra izan da Bizkaian hauteskunde hauetan. Koalizioa ordezkatzen dugun gizon-emakumeok erantzukizunez eta gogotsu egingo du lan, Bilduren proposamenak aldaketa politiko eta soziala aurrera eramateko, bai BBNNetan zein Udaletan. Bilduk berea egiten du herritarrek emandako normalizazio eta aro politiko berri baten agindua, antzinako jarrerak gainditzeko desioarekin. EAJk Bildu mahaitik kanporatzea ez ote da iraganeko adierazlerik nabarmenena?

X