Alternatibak elkartasunaren alde lan egitea beste deliturik egin ez duten pertsonen kontrako operazio bortitza kalean salatzera deitu du

Alternatibaren Bizkaiko koordinatzaile Asier Vegak  herritarrei dei egin die Euskal Herriko kaleak betetzera atera daitezela, Euskal Herri osoko herri eta hirietan antolatutako elkarretaratzeetan parte hartzeko, gaur zein bihar, Herriraren aurkako operazioa salatu eta atxilotutako lagunei elkartasuna adierazteko.

Alternatibatik gogorarazi dutenez, Herrira kolektibo jakin baten eskubideen alde lan egitea beste deliturik ez du egin, Euskal Herriko preso politikoena, beren eskubideak behin eta berriz urratuak dituztenak eta salbuespen politikak pairatzen dituztenak, ez bakarrik beren osasun eta osotasunaren aurkakoak, beren senide eta lagunen aurka ere bai, Madrilek haien kontrako zigorrak ere ezartzen dituelako.

Vegak nabarmendu du nazioarteko eragile desberdinek aitortu dituztela urraketa horiek, Estrasburgotik hasi, NBEraino eta Nazioarteko Amnistiak ere. Guzti horregatik, ezinbestekotzat jo du “eragile sozial eta politiko guztiak aktibatzea, herritarrekin batera, Madrilek herri honetako bakea eta normalizazioaren bidea oztopatzea lortu ez dezan. Haien ustelkeriak, eskubide sozialen aurkako erasoak eta beren oinordetza frankista estaltzeko justizia erabiltzeari uzteko garaia dute.

Azkenik, ezkerreko alderditik beren elkartasun osoa adierazi diete atxilotuei zein erakundeari berari. Bihar ziren lotzekoak Alternatiba eta Herrira, euskal preso eta senideen eskubideen egoeraren eta datozen hilabetez begirako mobilizazioen berri emateko hain zuzen ere.

Alternatibak Bake Foroarekiko konpromisotzat jo du agiria eta gainerako eragileei gomendioak bere egiteko galdegin die

Alternatibako bozeramaile nazionalak, Amaia Agirresarobek, positibotzat jo du ETAk Gara egunkarira bidalitako agiriaren edukia, zeinetan iragan martxoan Iruñean eta Bilbon antolatutako Foro Sozialaren gomendioak “ekarpen eraikigarriak” direla onartzen du; “bere irakurketa zein ekarpen propioak egiteko asmoa iragarri arren, ETAk gomendioekiko konpromisoa adierazten du agirian, nazioarteko gatazketan esperientzia izan duten hainbat adituren parte-hartzea eta herritar ugariren zilegitasuna izandako foroaren gomendioak izanik”.

Bestetik, Alternatibatik azpimarratu nahi izan dute “berriro ere, ETAk herritarren protagonismoa aitortu” duela, gatazkaren konponbideari begira parte hartu izan duten lagun ugariak aipatuta. Herritarrak, gainera, “normalizazio politikoaren eta konponbidearen abangoardia bilakatu dira, beren diskurtsoa blokatzean eta geldotasunean oinarritzen dutenen aurrean”, Frantzia eta Espainiako gobernuen jarrera salatuta. Haiei Aieteko adierazpenaren zein Foro Sozialaren gomendioen edukiak bere egitera deitu ditu.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, azkenik, “eragile sozial eta politiko guztiak bakearekin konprometitzeko” beharra berretsi du, norabide egokian eraman ahal izateko gizartearen aspaldiko aldarrikapena, “inolako indarkeriarik gabeko Euskal Herria lortzea, non pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuko diren”. Hala, onartezina iritzi die Madrildik heltzen diren eraso jarraiei prozesuaren aurka, Auzitegi Nazionaletik asteburuan heldu den azkenaren modukoak, Arnaldo Otegi –Jesus Egigurenekin batera- bakea eta berradiskidetzearen saria eman izanagatik Gernikako alkatea inputatu baitute.

Alternatibak dio Ondarroa herri duintasunaren eredugarri bilakatu dela gaur mundu osoarentzat

Alternatibaren Bilboko bozeramaile Asier Vegak Askegune berrian, Ondarroako Zumardian, erakutsitako herri duintasun eredua txalotu du, zeinetan ehunka lagunek “delitu ezagun bakartzat militantzia politikoa duen gazte bat” babesten eguneko 24 orduak eman dituzten. Baina atxiloketaren gainetik ere, Alternatibatik nabarmendu dute Donostiako Boulevarden gertatu bezala, “Ondarroa erresistentzia bakezalearen, herritar duintasunaren eta elkartasunaren eredu bilakatu dela mundu osoaren aurrean”.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gogorarazi du Alkortaren aitortza torturapean lortu zutela, berak salatu zuenez, eta Nazioarteko Amnistia bezalako erakunde batek Espainiako Erresuman “tortura estatuaren egiturazko arazoa” dela esan berri duela; horri gehituta nazioarteko epaitegi ugarik diotela tratu txarren eta irainen salaketak ez direla behar bezala ikertzen. Era berean, Arartekoak berak eskatu zituen atxiloketa honi buruzko agiriak, “inoiz lortu ez zituen arren”.

Bestaldetik, Vegak bertan egon diren pertsonak zoriondu ditu: “haien elkartasun aktiboa eta bortizkeriarik gabeko herri erresistentziarekiko konpromisoa erakutsi dutelako, herri honetan soluzioaren eta bakearen alde nor dagoen eta nor ez dagoen agerian utziz”. Aldi berean, Iñigo Urkulluren gobernuaren eta polizia agintarien jarrera deitoratu du, berriro ere, beharrezkoa ez zen bortizkeria erabili duten eragileen ikuskizun tamalgarriak errepikatzea ahalbidetu dutelako; “gure koalizioko kide Maribi Ugarteburu mehatxatu badute honek legebiltzarkide txartela erakutsi arren, zer ez zuten egingo bertan zeuden pertsonen kontra”.

Bukatzeko, Alternatibatik azpimarratu dute “euskal gizartearen gehiengoa Euskal Herriko pertsona guztien eskubide osoak berreskuratuko dituen prozesu ekonomikoaren alde” dagoela eta horren harira, gaurko deitutako elkartasun manifestazioetan parte hartzera deitu dute.

Alternatibak ke gortinak eraikitzea leporatu dio PPri, atxiloketekin giza eskubideak urratzen dituzten politikak ezkutatu nahi dituelako

Alternatibako bozeramaile Jonathan Martinezek gogor salatu du Sortuko Bizkaiko kide Iker Rodrigoren atxiloketa, gaur goizean Guardia Zibilaren eskutik eman dena, “agerikoa da atxiloketak helburu oso zehatzak dituela, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren kanpainaren baitan ematen baitira, atzo errepikatu baitzuen Sortu zein Bildu legez kanpo uzteko asmoa duela”.

Talde ezkertiarretik galdegin dute zergatik antolatzea leporatu dioten ekitaldian zeuden lagunetik Sortuko kidea bakarrik atxilotzea erabaki duten, eta azpimarratu egin dute Lopez Peñaren familiak berak gogorarazi duela ekitaldi pribatua izan zela, lagun eta hurkoek bakarrik eta inolako erakunderen laguntzarik gabe antolatu zutela. Honek Rodrigoren kontrako aitzakiak ezerezean uzten ditu.

Martinezek Espainiako Erresumako Gobernuak egindako mugimendu hau salatu du eta “Euskal Herriaren bake eta normalizazio politikoaren kontrako zentzugabekeriazko kanpaina horretan gorakada kualitatiboa” suposatu duela ere esan du, hau izanik Sortu alderdiko kide bat atxilotzen duten lehenbiziko aldia; guztiz legala den erakundea eta beren estatutuetan indarkeria ororen gaitzespena egiten duena.

Alternatibatik deitoratu dute Mariano Rajoyren gobernuak “atxiloketaz jantzitako ke gortinak erabiltzea giza eskubideak urratzen dituzten politikak estaltzeko ahaleginean, hala nola, ustelkeria eta elite finantzarioen mesederako zurikeria egitea, haien kabineteetatik agintzen dituzten neurriak betez. Aldi berean, historian inoiz emandako ospe-indize baxuena ematen diete inkestek, bai PP bezala zein Espainiako bipartidismoari”. Gainera, bitxia da oso, “hau guztia Santi Brouard erail zuenaren identitatea eta Iñigo Cabacasen heriotza ekarri zuen agindua nola burutu zen ezagutu dugun egun berean jakin dugu”. 

Azkenik, Martinezek bere alderdiaren elkartasuna adierazi dio bai Rodrigo eta bai Sorturi, eta gaur Erandion, arratsaldeko mobilizazioan parte hartzera deitu du atxilotuaren berehalako kaleratzea eskatzeko.

X