Begirada estrabikoak Ukrainako gatazkari. (Joxe Iriarte “Bikila”)

Gerraren eta faxismoaren aurkako manifestazioa antolatu du EHKS alderdiak. Biziki txalotuko nuke, ekimen horretara deitzen duten kartelek zeharo txundituta utzi nauten arte. Kartelak bost aurpegi azaltzen ditu: Trump, Marine Le Pen, Netanyahu eta Abascal, laurak faxista porrokatuak eta gerrazale peto-petoak, baina bosgarrenarekin huts egiten dute: Putinen ordez (laukotearen adiskide mina) Zelenski azaltzen da. Hau da: Ukrainaren inbasioarekin gerra hasi zuena inbaditutako estatuburuarekin estaltzen dute.

 

Nola justifikatu daiteke hori? Ezin, ezpada ezkerreko sektore batzuek, harrigarria izan arren, Putinekiko duten miresmenagatik ez bada.

Miresle horien artean azken bi urtean txapeldun dugu Joan Mari Beloki. Bere azalpen guztietan Putini gorazarre egiteaz gain, haren tesien propagandista sutsua bihurtu zaigu.

Azken adibidea, duela egun gutxi berri paper honetan argitaratutako Ukrainan argitzekoak iritzi artikulua. Ez ditut aipatuko bertan azaltzen diren agiprop kutsua duten gezur eta manipulazio guztiak, jada nekatuegi nago gai honetaz, baina bi paragrafo hauetaz zerbait esan nahi nuke:

Lehena: «Operazio Militar Berezia abian jarri zuelarik, Vladimir Putinek desmilitarizazioa aipatu zuen helburu garrantzitsuenen artean». Ez dago lotsarik ere Putinen jazarpen gerra —alegia, inbasioa— estaltzeko sorturiko eufemismoa (Operazio Militar Berezia) ontzat hartzeko. Azala behar da gainera Errusia eta Ukraina goitik behera militarizatzea bultzatu duenari, asmo desmilitarizatzaileak emateko (zeinak gainera mehatxu nuklearrarekin erantzun duen). Jakina, denok dakigu Putin ez dela eskualde horretan dagoen militarizazioaren erantzule bakarra (NATO hor sartuko genuke), baina bai nagusia.

Bigarrena. «Errusia egun lidertzat hartua da munduko leku askotan inperialismo yankiari egiten ari zaion borrokagatik. Afrikan Burkina-Faso, Mali, Niger, Txad, Afrika Erdiko Errepublika… dira aipagarrienak». Kuriosoa da, inperialismo bat (Mendebalarena) bestearekin ordezkatzea (zein ez den bestea baino malguagoa) antiinperialistatzat jotzea. Hau da Errusiak mendebaldearen tokia hartzen badu, bere probetxu inperialistentzat izango da eta ez herri horien burujabetza sustatzeko. Hori, ur sakonagoetan sartu gabe, Wagner mertzenarioen laguntza ez baita musu truk, eta  gehienetan bertako satrapa eta diktadoreak sustatzeko alio du.

Hirugarrena. «Urriko BRICSen biltzarrean ongi ikusi zen mundu osotik etorritako estatuburuek nola erakutsi zioten Vladimir Putini beren adostasun politikoa, haren lidergoa txalotuz. Ukrainako guda amaituta Europan ere hedatuz joanen da Errusiaren aldeko jarrera».

Lehenengo bi gaiekin lotuz arrazoia ematen diot Ashley Smithi hauxe esaten digunean: «Ustezko antiinperialista batzuk, kanpista mozorroz janzten dira Errusia edo Txinarekin lerrokatzea justifikatzeko […] Jarrera horrek alderdi komunista askok Gerra Hotzaren garaian SESBi buruz izandakoa gogorarazten digu, baina oraingoan karikatura bihurtua, Putinen erregimenaren izaera erreakzionarioa eta Txinako despotismo estatal-burokratikoaren aldekoak».

Ildo beretik doa Ilya Budraitski ekintzaile sozialista eta Errusiako Mugimendu Sozialistako kideak hauxe digunean: «Putinen erregimenak zeinak hogei urtez autoritarismo neoliberal despolitizatzaile izatetik bilakaera mailakatua izan duen diktadura basati batekiko,  herrialde oso bat suntsitzera bideratutako eskuratze inperialak eta gerra suntsitzailea  bihurtu da».

Eta batez ere arrazoia ematen diot Boris Kagarlitsky, errusiar disidente marxistari, kartzelatik idatzi duenean: «Putinen erregimena kriminala da, Ukrainaren inbasioa kriminala da, ez dago justifikaziorik horretan eta horren aurka egin behar da».

Hirugarrenari buruz, BRICSen barruan dauden Putinekiko desakordioak ez azaltzeaz gain  (bilera Errusian egin zen eta beti txalotzen da bileraren anfitrioia), okerrena daBRICS alternatiba bezala azaltzen dela. Eric Toussainten iritzia Belokirena baino askoz objektiboagoa da hauxe dioenean«Herrien emantzipazioaren aldeko alternatiba bat sustatzeko, zapalkuntza modu desberdinen aurkako borroka indartzeko eta krisi ekologikoari aurre egiteko, ezin da BRICSen laguntzarekin eta jarduerarekin kontatu.Hau da, inperialismo guztien (nagusiak edo bigarren mailakoak) aurkakoa eta eraso egindako herrien borrokekiko solidarioa den ezker internazionalista eraiki beharra nabarmendu behar da. Mundu monopolarra AEBen inperialismoan oinarritzen zenez, multipolaritatearen defentsa posizio anti-inperialista gisa ulertzeko joera du nolabaiteko ezkerrak. Nazioarteko politika, ordea, ezin da deslotu borroka ideologikotik, ezta herrialdeen barne mailako borroketatik ere. Hau da, ezin da ahaztu mundu multipolar horren alde ari diren eragileetako asko estatu autoritarioak direla, eta AEBen inperioari aurre egiteaz gain, ‘internazional erreakzionario’  baten agente direla. Horregatik nazioarteko politikaz ari garela, ezin dugu ahaztu, mundu monopolar edo multipolarraren arteko lehiaren logika hertsitik harago, herriez eta herritarrez, askapen borrokez ari garela. Hori horrela, elkartasun internazionalista garatzea AEBen inperialismoaren aurka egitea baino borroka konplexuagoa da. Nazioarteko harremanen demokratizazioa eta herri eta klase zapalduen eskubide eta askatasunen aldeko borrokak integratzen asmatzea da internazionalismoaren gakoa, aldagai horietako bat bera ere ahaztu edo lehenetsi gabe».

Internazional atzerakoi horren partaide dira Marine Le Pen, Abascal eta antzekoak. Horiek bai, nahiago Putin Zelenski baino.

More…

Fatuarte «Ahal dugun guztia egin behar dugu Bilboko Portuan, herri hau estatu kriminalen konplize izan ez dadin»

Udal gobernuak, PPren babesarekin, ez dio nahi izan mugarik jarri Bilboko Portutik armak bidaltzeari. EH Bildutik, Alba Fatuarte Altenratibako kideak hartu du parte eztabaidan.

2016ko urritik 2017ko uztailera bitartean munizioa, granadak, torpedoak, bonbak eta misilak zeramatzaten 300 ontzi baino gehiago atera dira Bilboko portutik Saudi Arabiara, nazioartean askotan leporatu zaion bezala, gerra krimenak egin dituena, Yemenen gizarte zibila erasotzeagatik; hara iristen dira Bilboko Portutik ateratzen ari diren bonbak eta gaur proposamen hau aurkeztu dugun taldeetatik argi adierazi nahi dugu, batetik gizarte bezala, ezin dugula horrelakorik onartu, eta bestetik instituzio bezala, ahal dugun guztia egin behar dugula, herri hau estatu kriminalen konplize izan ez dadin. Eta hau esatea badakit gogorra dela, baina hala da. Portuan gertatzen ari dena ilegala da eta hori eragoztea ez da soilik printzipio edo etika kontu bat. Arma batek Yemen-en familia bat hiltzen duen arte, kate bat martxan da, kate luze bezain eraginkorra, eta kate horretan Bilboko Portua beste katebegi bat da, katearen zati bakar bat, baina ezinbestekoa. Eta Udal honek katearen zati horretan zer esanik badu“, adierazi du Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak.

EH Bildu Bilbo

Alternatibak krudelkerian eta mendekuan oinarritutako espetxe politikoarekin bukatzeko kaleak betetzera deitu du

Euskal herritarrek aukera izango dute bihar, berriz ere, bakearen alde eta ondorio lazgarriak utzi dituen gatazka politikoa gainditzearen aldeko ekarpena egiteko. Tamalez, borroka armatua utzi zenetik urteak pasa diren arren, gatazkak biktima berriak sortzen ditu gaur egun ere. Izan ere, biktimak dira salbuespeneko politikak, krudel eta mendeku zaleak, pairatzen dituzten presoak. Honen ondorio larriak espetxe politika arrunta ezartzearekin batera amaituko lirateke.

Biktimak dira, halaber, presoen senide eta adiskideak tartean azkenaldian motxiladun ume gisa ezagunak ditugun adingabeak. Guztiak dira sakabanaketaren biktimak. Milaka eta milaka kilometro egin behar dituzte bere familiakoekin edo lagunekin minutu gutxi batzuk egon ahal izateko. Askotan istripuak dira honen ondorioa, eta zenbaitetan heriotza topatzen dute bidaiariek, azken hamarkadetan 16 lagun zendu dira errepideetan.

Ez dago aitzakiarik, milaka eta milaka lagunekin batera, Casilla plazatik Bilboko udaletxeraino doan bidearekin bat ez egiteko mendekuaren amaiera galdegiteko, esan dugunez, biktima berriak sortzen dituelako eta, beraz, bakea nagusi izango duen etorkizuna gero eta zailagoa bilakatuko du. Ez dago aitzakiarik oinarrizko giza eskubideak ez babesteko; eta aitzakiarik dagoela dioenak alderdikerietan ari da. Izan ere, logika zakar eta mendeku zalearen emaitza da Espainiako estatuan eskubideak zapaltzeak botoak ematen dituela.

Alternatibak pozik hartu du FARC berria eta Gobernuari bake itunarekin aurrera egiteko eskatu dio

Egunotan Bogotan (Kolonbian) egin duten Kongresu Nazionalaren ostean, Alternatibak pozik hartu du Fuerza Alternativa Revolucionaria del Comun alderdi berria bere aurkezpenean. FARC-EPetik sortutako mugumendu politikoa Habanan hasitako bake prozesuaren ondorioa da, gaur egun itun hori garatzeko bidean dagoen arren. FARCek adiskidetze mezua zabaldu die kolonbiarrei, bake egonkorrean sakontzeko aukera eskaintzen duena.

Euskal Herritik, “Alternatibak zorte guztia opa dio gerrilaren ondorengo alderdiari bere ibilbide berrian. Baikorra deritzogu  Kolonbiako oposizio politikoak bere jarduerarekin askatasunez aurrera egiteko bermeak azkenean egoteari”, adierazi dute Alternatibako Mahai Internazionalistatik.

Azkenik, ezkerreko alderditik Juan Manuel Santosen Gobernuari eskatu dio Habanan  hartutako konpromisoen garapena bizkortzeko eskatu dio, bakeak aurrera egin dezala. Ildo beretik, ELNrekin negoziazioan aurrera egin ez ezik, “ezinbestekoa da paramilitarren amaieran irmo lan egitea”.

Alternatibak pozik hartu du Rafa Diezen askatasuna, “kartzelara joatea inoiz merezi ez zuen arren”

 

Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek, pozik hartu du LABeko idazkari nagusi ohi Rafa Diezek kartzela utzi izana, “inoiz zapaltzea merezi ez zuen arren, kontuan izanik bere delitu bakarra, Bateraguneko besteen modura, Euskal Herriaren idependentziaren aldeko borrokan bide erabat politikoak erabiltzearen aldeko estrategia eraikitzea izan zela”.

Alderdi ezkertiarreko bozeramailearen hitzetan, “denborak egiaztatu du euskal gizartearen gehiengoak aspaldi zekiena, Rafa Diezen lanak (Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Harkaitz Rodriguezena bezala), herri honen bakerako eta normalizazio politikorako oinarriak jarri zituela”. Horregatik, Matutek baikor hartu du prozesu horren eragileetako bat aske egotea, “herri honen etorkizunaren alde egiten jarraitzeko”.

Azkenik, Alternatibatik Madrilgo gobernuarentzako mezua helarazi dute, “disidentzia politikoa zigortzeari utz diezaiotela”, ez dezatela errepikatu Kataluniarekin Euskal Herriarekin hamarkadetan errepikatu egin dituzten “diktaduraren garaiko jarrerak” eta espetxe politika honekin amai dezatela, “justizian baino mendekuan oinarritzen delako. Ez ditzatela jazarri kalean hautetsontziak jarri nahi dituztenak, bakea eraiki nahi zutenak zigortu zituzten bezala”.

https://pbs.twimg.com/media/DHaecKBXcAIj5ji.jpg

X