Ezin da gehiago itxaron: espetxe politika aldatzea ezinbestekoa da

Maribi Ugarteburu, Dani Maeztu, Ikerne Badiola, Oskar Matute, Pello Urizar, Amaia Agirresarobe, Pernando Barrena.

Argi dago garai berri batean gaudela. Gainera, denok gaude ados garai ona eta itxaropentsua dela. Hori horrela izanik ere, oraindik ere zurruntasun handia dago pauso gehiago emateko eta bestelako neurri batzuk hartzeko orduan. Zurruntasun horrek etsipenez estal ditzake bake, bizikidetza eta askatasun haize hauek, eta horrek zailtasun ugari ekar ditzake, nahiz eta euskal herritarrek gogotik espero duten haize horiek behin betiko gure artean zabaltzea.

Horrexegatik animatu gara gogoeta hau, eskaera hau egitera. Espero dugu aintzat hartua izango dela. Eta espero dugu hartzaileek —euskal preso politikoei zein espetxe politika ezarri behar zaien erabakitzen duten horiek— ulertuko dutela eskaera honen atzean badagoela eskaera bat euskal gizarte plural eta askotariko honetako jende gehienak babesten duena.

Eta espetxe politikaren inguruan azaldu nahi dugu, hain zuzen, gure ikuspegia eta gure eskaera, idatziz azaldu ere. Beste garai bati, beste interpretazio bati dagokion espetxe politika bati eusteak, euskal gizarteak zorionez gainditua duen aldi bati eusteak ez du ezertarako laguntzen, ez du inor gizatiartzen, ez du ezer ekartzen.

Kondena betea duena 197/2006 doktrinaren bidez espetxean edukitzea eta halako beste hainbat salbuespen neurri hartzeko modua ematen duen legedi horri eustea, osasunez larri dauden presoei kartzelatik ateratzen ez uztea eta sakabanaketa politikari eustea; besteak beste, horiexek egituratzen dute gaur egungo espetxe politika. Hori guztia zigor bat, gure herrialdean jadanik ia inork ulertzen ez duena, atxikimendu edo joera politikoa gorabehera.

Baina ez gara ari datu eta neurri gutxi gorabehera etereo edo ondoriogabe batzuei buruz. Izen-abizenak dituzten pertsona batzuei espetxean eusten dien egoera ulertezin bati buruz ari gara. Pertsona horien bizia arriskuan dago, nahitaez aldatu beharra dagoen espetxe politika bat dagoelako indarrean. Horietako askok gaixotasun larriak dituzte, askotariko patologiak, espetxealdian bertan hartuak edo muturreraino larrituak, eta, hala ere, kartzelan daude oraindik ere, irizpide medikoen eta logikarik oinarrizkoenaren aurka.

Eta, besteez ahaztu gabe, preso horietako baten egoerari erreparatu nahi diogu bereziki: Txus Martin basauriarrarenari, hain zuzen. Benetan larri dago Martin; izan ere, buruko gaixotasun bat du, ezin tratatu dena; gaitz hori edukita ezin da egon minutu bat gehiago ere espetxean. Haren gaixotasuna zein larria den kontuan hartuta, Martin bakartuta eta espetxeratuta edukitzea ez da hura zorigaiztoko amaiera batera eramateko modurik eraginkorrena baino, eta inork ezin lezake halakorik nahi, Martin estimatu ala ez, haren ideiekin ados egon ala ez.

Horrexegatik diogu ezin dela gehiago itxaron, eta instituzioek, herriaren nahiaren ordezkari izan nahi badute eta herritar bakoitzaren eskubide guzti-guztiak ziurtatu, berehala utzi behar dutela aske Martin, jaso ahal izan dezan dagokion tratamendua, baita haren egoera larriari dagokion terapia ere.

Eta, Txus Martinen kasua azpimarratuta, jabetzen gara pertsona horiei guztiei —eta beste askori— espetxean egoteak ez dizkiela gaitzak eta gaixotasunak larriagotu bakarrik; horrez gain, ez dute jaso behar bezalako osasun laguntzarik, eta, ondorioz, hainbat zailtasun izan dituzte zegozkien tratamenduei aurre egiteko.

Ez da mendeku garaia. Euskal herritarrek ez digute halakorik eskatzen. Alderantziz: alde bakarreko erabakien garaia da; alegia, denok gure esku eta gure arduren menpe dagoen guztia egiteko garaia, bermatzeko bake eta normalizazio prozesu bat gaindituko dituena gure herriak hamaika urtean izan dituen —eta oraindik ere badituen— zauri sakon eta ankerrak.

Inork ez liguke barkatuko gehiago egin ahal izanda gutxienekoa baino ez egitea, edo isilik geratzea, edo ez ikusiarena egitea, aurka egin gabe hemen azaldu ditugun salbuespen egoera horiei eta beste askori. Espetxe politika aldatzeak ez du esan nahi alde baten ideiei men egitea, baizik eta denontzako ondasun bat bermatzen laguntzea: bakea, hain zuzen.

Azkenik, artikulu hau aprobetxatu nahi genuke gizarte osoari deia egiteko parte har dezan martxoaren 31n Iruñean egingo den mobilizazioan: han, larri dauden presoak aska ditzatela eskatuko dugu. Halaber, gogorarazi nahi dugu maiatzaren 19an aukera ezin hobea izango dugula presoen eskubideen alde indarrak pilatzeko gure hiri, herri eta auzoetan.

Alternatibak ohartarazi du alderdien legea eta espetxe politika bidegabea bertan behera uztea atzeraezina dela

Alternatibarentzat jarduera armatua uzteko ETAk hartu duen erabakia mugarri izan da euskal gatazkaren konponbiderako, dagoeneko inork zalantzan jartzerik ez duen lehenengo urratsa herri honetako pertsona guztien eskubide guztiak lehentasun izango dituen errealitate berria eraikitzeko.

Alternatibarentzat jarduera armatua uzteko ETAk hartu duen erabakia mugarri izan da euskal gatazkaren konponbiderako, dagoeneko inork zalantzan jartzerik ez duen lehenengo urratsa herri honetako pertsona guztien eskubide guztiak lehentasun izango dituen errealitate berria eraikitzeko.

Euskal herritarren protagonismoa nabarmendu nahi dugu, eragile politikoen adierazpenen gainetik eta alde bietatik inposatu nahi izan dituzten tutoretzatik haratago, norabide egokian ibiltzen asmatu duelako; kalera atera izan direnean indarkeria zein eskubide urraketa guztiak salatzeko edota bozen bidez demokratikoki hitz egin izan duten bakoitzean, ilegalizazioak eta mehatxuak etengabe eman izan diren arren.

Herri honetako gizon-emakume gehienek bakea exijitu dute, eta gaur inoiz baino gertuago dugu. Alternatibak beti salatu izan ditu herri honi inposatu nahi izan dizkioten tutoretzak. Duela astebete zabaldutako agiriak horietako bat desagerrarazi du eta, orain, eragile politiko sozialak dira, gara, gainerako tutoretzak gainditzeko lan egin behar dugunok: inork ezin die inposatu herritarrei bozka nori eman aukera politiko batzuk legez kanpo utzita eta bere buruzagiak bahituta, horixe baita Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletarekin egin dutena; inork ezin du erabaki herri honen izenean bere etorkizuna nola egituratu behar duen eta inork ezin du bere gain hartu berez anitza eta plurala den gizartearen borondatearen ordezkaritza.

Alternatibak pozgarria deritzo Euskal Herriko zein Espainiako Erresumako politikarien artean emandako lengoaia aldaketari, izan ere, egun gutxiren buruan gatazkaren konponbidean parte hartzeari ezezkoa ematetik prozesuaren profeta izatera pasa dira. Emandako urrats bakoitza baloratu eta prozesuan ahal izan dugun neurrian lagundu dugunon aldean, gizarteak jokabide zentzugabeak ikustera ohitu behar izan du: bertoko eragileen zein nazioartekoen lana gutxietsi eta iraindu duten ordezkari instituzionalak; azaroaren 20ko hauteskundeetarako Alternatiba partekatzen duen koalizioa legez kanpo uzteko oraindik ere eskatzen duten alderdi atzerakoiak edota Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari gorena bakearen etorrera antzerki lan bilakatzea, herri honek bizi duen gatazka politikoa gainditzeko besterik egin beharko ez balitz bezala benetako konponbidea lortzeko, pankarta bat kentzeak oraindik ere bizi ditugun eskubide urraketa larriak konponduko balitu bezala, egun batetik bestera adiskidetzea eta bizikidetzaren erronkak beste barik gaindituko bailitzan.

Azkenik, berriz ere deitu egin nahi diegu Espainia eta Frantziako gobernuei, beharrezkoak diren urratsak egiteko Donostiako Konferentziaren ebazpenak ezarritako edukien arabera negoziazio prozesua ireki dezaten. Bereziki Madrilgo Gobernuari eskatzen diogu aukera historiko hau atzerapenik gabe sustatzeko, Alderdien Legea bertan behera utzita edota presoei eta haien familiei zigor bikoitza ezartzen dien espetxe politika bazter dezala; eta ez diogu eskatzen bakarrik Alternatibarentzat pauso atzeraezinak direlako euskal herritar guztien eskubideak berrezartzeko, baizik eta trabak ezarri besterik egiten ez dutenak jokoz kanpo geldituko direlako gizartearen eta historiaren aurrean, indarkeria gainditzea betirako oztopatu ezin daitekeen garaipen soziala delako.

Bihar Bilboko kaleak bete eta bakearen eragile aktibo izateko deia egin die Alternatibak herritarrei

Larunbatean, Bilbon Alternatibak biharko manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin die gaur Euskal Herriko gizon eta emakume guztiei. Gernikako Akordioaren sinatzaileek deituta, elkarretaratzeak Bilboko kaleak zeharkatuko ditu “Euskal Herriak konponbidea nahi du” lemapean. Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek esan duenez, martxarekin bat egiten dutenak “bakearen eragile aktibo” bilakatuko dira. ETAk bere jarduera armatua behin betiko laga duela jakinarazi ostean, Matutek adierazi duenez, “gizartea ezin da gertaeren ikusle hutsa izan, bizikidetza, adiskidetzea eta bakea herritar guztien elkarlanaren emaitza izan behar direlako, emakumeen eta gazteen parte-hartzeari bereziki erreparatuta”.

Alternatibak ordezkaritza zabala izango du manifestazioan; besteak beste, Begoña Vesga Gipuzkoako batzarkidea, Asier Vega Bizkaiko batzarkidea, Jonathan Martinez Senaturako Bizkaiko hautagaia eta Alternatibako bozeramaile Oskar Matute izango dira Bilbon.

Alternatibaren proposamena Euskal Herrian bakea eta normalizazioaren oinarriak ezarri eta garatzeko

Alternatibarentzat Euskal Herriaren bake eta normalizazio prozesuan aurrera egiteko apustu sendoa bere jarduera politikoaren oinarrietako bat bilakatu da.

Ezker alternatiboa, Alternatiba guri dagokigunez, laguntzaile izan behar da prozesu honetan. Kezkatzen gaituelako eta gure herriarentzako bakea eta konponbide demokratikoak nagusi izango diren egoera ezartzeko aukera dagoela uste dugulako.

Errotiko demokraziarekiko dugun konpromisoaren harira egiten dugun ekarpena da. Norbanakoen eskubideak urratzen dituen indarkeriarekin bateraezina den konpromisoa da gurea.

Bakea lortzeko bidean urratsak egiteko benetako aukerak daudela jakin badakigu, indarkeria politikoak baldintzatutako garaia bortizkeriarik gabeko etorkizunean eraldatzeko aukera dago eta, horrekin batera, Alternatibarentzat ezinbestekoa den axioma berrezartzeko: eskubide guztiak Euskal Herriko pertsona guztientzat.

Bada, beraz, gure helburua eta konpromisoa bake iraunkorra eta justua lortzea, partekatutako bakea, euskal gizartearen eskutik eta hari bizkarra eman gabe landutakoa.

Izan ere, bake justua eta irakunkorra bakarrik egin daiteke gatazkaren baitan dauden alderdi guztiek prozesuan parte hartzen badute, inork pentsatzen ez badu hartatik galtzaile atera dela. Guztiontzako egoera berria eta hobea eraikitzeko ekarpena egin dutela ikusi behar dute. Gizarte osoa garaile duen egoera da lortu beharrekoa. Horretarako, ez gaude ados balizko garaipen moral batetik galtzaileak eta garaileak exijitzen dituztenen diskurtsoekin. Bakea guztiona da, eta guztiok hartu behar dugu kontuan eginiko urratsa.

Horregatik, aurretik porrot egin duten beste prozesuetan ez bezala, honek gizarte zibilaren eskutik ibili beharko da une oro. Ez da bakarrik esan, pentsatu edo amesten duena interpretatzea. Etengabe galdetu behar zaio, bake prozesuaren eta konponbide demokratikoaren motor eta protagonista bilakatu behar da.

Azken hilabeteetan urrats garrantzitsuak egin dira, aipatu beharrekoak; besteak beste hauek nabarmendu beharrean gaude:

– Konponbide demokratikoak eta bake egoera erdiesteko eginiko Gernikako Adierazpena.

– Nazioarteko Harreman Taldea (NHT) martxan jarri izana.

– ETAren su eten egiaztagarri, iraunkor eta aldi bakarrekoa.

– Mehatxuen, estortsioaren eta ETAri lotutako maila apaleko indarkeriaren desagerpena.

– EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako akordioarekin bat egitea.

– Desarmea egiaztatzeko nazioarteko batzordea martxan jarri izana.

– Hauek gertatzen ziren bitartean, gizartearen mobilizazioa etengabea izan da eta Euskal Herriak bake justua lortzeko gogoak dituela agerian gelditu izana.

Beraz, Alternatibatik, urrats kate honek mahai gainean jarritakoa egonkortzeko gauza bagara, prozesu erabakigarrian aurrera egiteko moduan egongo gara, gure herria egoera berri eta hobe batera eramango duena.

Guzti horregatik, gure ikuspuntutik, une honetan oinarri hauek lotu beharrean gaude:

– Elkarrizketarako, negoziaziorako eta euskal gizartearen askastasun demokratikoa eta borondatea errespetatzeko konpromisoa, aipatutako indakeria aroa gainditu ondoren.

– Apustu garbia eta sendoa, orain eta etorkizunerako, bide bakezaleak, politikoak eta demokratikoak besterik ez erabiltzeko, ideia zein proiektu politiko desberdinen artean lehiatzeko.

– Aldebakartasunetik alde aniztasunera igarotzeko beharra. Gatazkaren parte diren alderdi guztiek (ETA, gobernua, indar armatuak, etab. ) bakea nagusi izango duen egoera egonkortzeko urratsak egin behar dituzte, edo gutxienez ez dituzte besteek emandako pausoak oztopatu behar.

– Presoen arazoa bere dimentsio guztietan jorratu behar da (hurbiltzea, ezkutuko bizi arteko kartzela zigorra bertan behera uztea, gaixotasun sendaezinak dituzten pertsonak askatzea, etab.).

– Eskubide zibil eta politiko guztiak gizarte osoari berrezartzea. SORTU legeztatzea.

– Alderdi guztiek pertsona guztientzako eskubide guztiak (gizarte, zibil eta politikoak) batera aldarrikatzeko urratsak egitea. Zalantzarik ez dago ahalegin kolektibo eta anitz honek besteei eragindako mina aitortzeko baliagarria izango dela, bere jatorria edozein izanda ere (ETA, GAL, segurtasun indarrak, etab.) .

– ETAren eta Gobernuaren arteko negoziazio prozesua desarmeari, EHko desmilitarizazioari eta presoen eremuei mugatzea.

Hala, Alternatibatik uste dugu helburu hauek erdiesteak gizartearen adiskidetzarako prozesua bermeekin hasteko aukera emango duela elkarbizitzarako eszenatoki berria, prozesuak atzera ezin egitea eta bake justua eta iraunkorra eraikitze aldera.

Bake justua eta iraunkorra, behin eta berriro aipatu duguna, prozesuan emakumeek eta gazteek ere bere ekarpena egin dezaten bermatu behar du. Biak dira ezinbestekoak adiskidetza, elkarbizitza eta bakea goitik behera ezarria izan ez daitezen, behetik eraiki behar baita. Hala, prozesu motela nahiago dugu, gizartean errotutakoa eta guztien artekoa, gizartea ikusle gisa kokatzea baino, bere egiteko zailtasunak izango lituzkeelako horrela.

X