Alternatibak “bakeari jarritako hamaikagarren oztopoa” deitoratu du

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Auzitegi Nazionalak “bakeari jarritako hamaikagarren oztopoa” deitoratu du gaur, Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta Bateragune auziko gainerako kideak zigortzen dituen epaiaren harira. Era berean, “zentzugabea” iritzi dio gatazka gainditzeko bide politikoak eraikitzeko lanean aritu diren pertsonei erakunde armatu bateko kide izatea leporatzeari.

Alternatibak  epai “bidegabea eta krudela” salatu du, “zuzenbide estatutzat saldu nahi digutenaren justizia gabezia agerian” uzten duelako. Zigorrak, halaber, “parte-hartze politikorako eskubidea desegin, ideien adierazpen askatasuna zentsuratu eta biltzeko eskubidea urratzen du”. Matutek gogorarazi duenez, epaiketan bertan Otegik berak berretsi eta argitu du ezker abertzaleak “bide politikoen aldeko hautu bakarra” egiten duela. Honen aurrean, izaera politikoa izan duen prozesuan, Auzitegi Nazionalak “milaka eta milaka gizon-emakumeek Madrildik iraunarazi nahi duten gatazka gainditzeko itxaropenak jipoitu dituzte”.

Alternatibako bozeramaileak azpimarratu duenez, Espainiako sistema judizialaren beste erakunde batek, fiskalburuak, “Moncloara laster bizilagun are totalitarioagoa heldu daitekeela aurreikusita akaso”, Auzitegi konstituzionalari Sortu ez legeztatzeko eskatu berri dio, “horrek argi eta argi uzten du noraino dagoen Madril euskal gizartearen gehiengoak abiatutako garai politiko eta sozial berriari bizkarra ematen, pertsona guztientzako eskubide guztien berresarkuntza eta herriari hitza ematearen aldeko aldarriak direlako nagusi Euskal Herrian”.

Matutek aurten abiatutako bidea berretsi du, “eskubideak urratzeko dinamika oso bat hausteko gai izan dena” eta, Alternatibaren izenean, epai honek zigortutako lagunen elkartasunean datozen egunotan antolatu daitezkeen ekitaldi eta agerraldi guztietan parte hartzeko deia egin du.

Matute: “M22k argi utzi du euskal gizarteak ez duela inoren gidaritzarik behar bere etorkizuna eraikitzeko”

Oskar Matute baikor azaldu da ETAk, GARA eta BERRIA egunkarietara bidalitako adierazpenaren bitartez, “bake eta askatasun agertoki bat eraikitzeko bidean sakontzeko prestutasuna” agertu duelako. Agiria bere osotasunean aztertu ahal izateko bihar arte itxaron behar den arren, Matutek eragile guztiei eginiko deialdia azpimarratu du “konponbidearen alde eta guztien artean elkarrizketarako eta negoziaziorako guneak irekitzen”, eta “taldeak berak deialdia bere egin dezala” espero du.

Alderdi ezkertiarraren bozeramaileak bat dator maiatzeko hauteskundeek eszenario berria, “erabat desberdina” irudikatu dutela baieztatzeko orduan eta, horrexegatik, Espainiako Gobernuari zein ETAri “prozesuaren protagonismoa herritarrengan” utz dezatela eskatu die, “M22ko emaitzek argi eta garbi utzi dute euskal gizarteak ez duela inoren gidaritzarik behar bere etorkizuna eraikitzeko, bakean eta ezkerra zein subiranotasunaren bidetik”.

Alternatibatik duela urte erdi baino gehiago, ETAk su eten iraunkorra, orokorra era egiaztagarria aldarrikatu zuenetik, adierazitakoa berretsi du, “orduan amaieraren hasiera izan zedin espero genuen eta hau norabide zuzenean eginiko urrats berria da”. Edonola ere, Matutek eskaera bat plazaratu die gainerako eragile politiko eta judizialei: “Ez dezatela besteen pausorik espero herri honi zor dioten normalizazioa eta eskubide politiko zein zibilen berrezarkuntza gauzatzen hasteko”.

Armak udaletxeetatik kanpo

Oskar Matute: “Bakerako unea da hau, benetako demokrazia parte-hartzailearako eta udalek herritarrek bozetan emandako hitza errealitate bihurtzeko  garaia da, eta horretarako armak soberan daude”.

Alternatibako bozeramaileak, Oskar Matutek, Andoain eta Lasarte-Oriako udal gobernuek bizkartzainak udaletxeetatik kanpo uzteko erabakia txalotu du: “Neurri egokia da, egoera politiko berriaren testuinguruan eta salbuespen egoerak gainditzeko bideanhartutakoa, pertsona guztien eskubide guztienganako errespetua nagusi dela eta armak behin-betiko desagertu behar diren  momentuan”.

Alderdi ezkertiarretik azpimarratu dutenez, “bakerako unea da hau, benetako demokrazia parte-hartzailearako eta udalek herritarrek bozetan emandako hitza errealitate bihurtzeko  garaia da, eta horretarako armak soberan daude”. “Gure gizartea desmilitarizatzeko gai izan behar dugu, pixkanaka gizarte normalizatua, demokratikoa eta elkarrizketan oinarritua eraikitzeko”. Nabarmendu behar da, gainera, erabakia Bilduko ordezkariek hartu dutela, koalizioaren zerrendetan joandako guztiek bakea eta eskubide guztiak babestearen aldeko dekalogoa sinatu eta bere egin zutela.

Alternatibako bozeramaileak, halaber, ETAren su-etena indarrean dagoela gogorarazi du, “behin betikoa izatea lortu” beharra dagoela. Baina guztiaren gainetik, “euskal gizartea bera da indarkeria mota guztiak eta eskubide urraketak arbuiatu eta gatazka gainditzearen alde egiten duena, M22ko emaitzek adierazten dutenez, parte hartu duten aukera politiko guztiek indarkeria errefusatzen baitutehelburu politikoak lortzeko bidean”.

Madril eta Gasteizko gobernuetako barne sailetako arduradunek egunotan eginiko kritikei dagokionez, Rubalcabak berak asteon esandakoa gogoratzeko eskatu du Matutek, arriskua gutxitu izanaren ondorioz bizkarzain kopurua murrizteko poliziak hartutako erabakia babestu baitu. Honen aurrean, “bizkartzainak udaletxetako atarian uzteak inorentzat arriskutsua denik esatea eta indarkeriak ekarri duen anormaltasuna errealitatea aldaezin gisa jorratzea absurdoa da”.

http://alternatiba.net/old-files/OskarWeb.jpg

PPren menpetik irten eta bakea eta normalizazioaren alde batzeko deia egin dio Bilduk PSEri

Bildu

Patxi Lopezek atzo aldarrikatutako bidean aurrera egiteko deia egin dio Bilduk PSEri, PPk bahituta jarraitzeari uko egin eta gizarteak babesten duen prozesuarekin bat egin dezan deia.

Hilabete luzeak Euskal Herriak bizi duen aldaketa politikoaren prozesua ukatzen eman eta gero, “Lopezek behin betiko bakean aurrera egiteko bidean egiten ari” garela aitortu duela azpimarratu du Bilduk. Baina hori “ezin da gizartearen zati handia baztertzen saiatzen direnekin egin, hiritargoaren zati baten eskubide politikoak ukatzen dituztenekin, alegia”.

Gizarteak Bilduk proposatutako aldaketa politiko eta sozialaren aldeko apustua egin du eta horrek eragile guztien elkarlana behar du. Horregatik, koalizioak “gainontzeko indar politikoek ere matxan dagoen prozesuaren balioa onartzea” garrantzitsua dela esan du, eta Lopez lehendakariari bakea bilatzeko lanari ekin diezaion eskatu dio, zehazki zer plan dituen galdetu ere.

Eraiki nahi dugun aberria (Alternatiba)

Irudia: Iñigo Arsuaga
Igande honetan, apirilak 24, Aberri Eguna ospatzen da, Alternatibak autodeterminaziorako eskubide erreala eta eraginkorra aldarrikatzeko baliatzen duen eguna. Menpekotasun sistema guztiak gaindituko dituen Euskal Herria eraiki beharra daukagu: kapitalismo aseezina, patriarkatuaren bidegabekeria, produktibismo suntsikorra, arrazakeri ankerra, itxurazko demokrazia eta kultur asimilizazioa gaindituko dituena.

Borroka guzti hauek izan behar dute lekua Aberri Eguneko ospakizunetan, hala uste dugu Alternatiba osatzen dugun gizon-emakumeok, bakarrik horiei aurre egin eta urratsak egiteko gai den herria izango delako benetan demokratikoa.

Egun honek folklorea gainditu behar du, gure lurraldean diren gatazka sozial, politiko eta ekologikoen aurrean entzungor dirauen nazio ikuspegia baztertzen dugu. Ez dugu haien nazioa nahi, naziorik ez baitago berdintasuna urratuta eta pertsona guztien eskubide guztiak errespetatu gabe. Ez gara ikurren defentsarekin konformatuko, Euskal Herri justuagoa eraikitzeak herritarrentzako eskubideak eta askatasunak zabaldu behar dituela aldarrikatzen dugu.

Garai berria bizi du Euskal Herriak, egoera politiko berria non, herriak eskatzen duenaren bidetik, elkarlanaren alde egiten dugu. Alternatibak eragile ezkertiar eta subiranistek indarrak batzearen aldeko apustua egin du beti, eta oraingoan etorkizun komun baterako bidea partekatzeko aukera gauzatu dugu. Zailtasunak daudela jakin badakigu, eta ez gara bakea eta nazio eraikuntza oztopatu nahi dutenei buruz bakarrik ari. Izan ere, badira askoz traba gehiago: desberdintasunak, pobrezia, era guztietako eskubideen urraketa eta indarrean dauden logika zapaltzaileak.

Seguruenik, esan ohi denez, ez daude diren guztiak, baina badakigu zer garen barruan gaudenok. Euskal Herriko pertsona guztien eskubide indibidual eta kolektibo guztiak bermatu beharraz seguru gaude, bakerantz   egin beharreko urratsen premiaz, indarkeria, mehatxu eta errepresio forma guztiak gaindituta, gatazkaren parte diren edozein erakunde, eragile zein instituzioen aldetik. Askok ukatzen badute ere, gatazka herritar guztiek gainditu nahi dutela jakin badakigu.

Era berean, Euskal Herrian diren subiranotasun nahiak zilegi direla konbentzituta gaude. Bere buruari zuzenbidezkoa deritzon estatuak zilegitasun hori modu gaitzesgarrian urratzen duela salatzen dugu, horretarako milaka eta milaka herritarren parte-hartze politikorako eskubidea bortxatzen du, 50.000 lagunena zuzenean eta bi milioitik gora lagunena zeharka. Demokrazioaren aurkako bidegabakeria honen aurrean, behin et aberriz exijituko diogu Espainiako estatuari, ETAri indarkeriazko ekintzak uzteko galdegin genion irmotasun berberarekin, gobernu espainiarrek urratu izan dituzten eskubide guztiak berrezar ditzala: elkartzeko eskubidea, adierazpen eta manifestazio askatasunarena eta herritarren botoa bahitzen duen Alderdien Legea bertan behera uztea.

Bestetik, Iruñea eta Gasteizko gobernuen politika neoliberalekiko morroitzari erantzuteko alternatibak eskaini behar ditugu, herri sozialista, ekologista eta feminista eraikiz. Eta nazio eraikuntzan zein eremu sozialean herria desegiten dutenen aurka egin behar dugu.

Hauxe da Aberri Egun honetan Alternatibak egiten duen aldarrikapena, azken hilabeteotan elkarrekin egin ditugun urratsek herri honen eraikuntzarako aukera berriak eta itxaropentsuak eskainiko dituelakoan, herri honetan sinesten dugulako, ezkerreko Euskal Herrian sinesten dugulako.

Euskal Herrian, 2011ko apirilaren 24an

X