Mapa beldurgarriak

Oskar Matute – Alternatiba

Badira kartografo zaleenak ere ikusi nahi ez dituen mapak. Era guztietakoak dira; pobreziarenak kasu, lekuaren araberako desberdintasun sozialak agerian uzten dituztenak. Badira auzo, herri zein giza baldintzen araberako bizi iraupena markatzen dituztenak. Mapa debekatuak ere marrazten dira, herritarren erdiarentzat, emakumeentzat, askatasunik gabeko eremuak markatzen dituztenak. Eta inorentzat atseginak ez diren hauekin batera, Euskal Herrian baditugu beste mapa batzuk, ehunka euskal presoren zein beren hurbilekoen sufrimendua jasotzen dituztenak. Sakabanaketaren mapak; urtero milaka eta milaka kilometro egiten dituzten senide eta lagunen errepide istripuak irudikatzen dituzten mapak… Mapa lotsagarriak.

Badira, esan bezala, inork ikusi nahi ez lituzkeen mapak eta, hala ere, jende ugari dago horiek behin eta berriro berregitera kondenatua. Baina badira ere mapa miresgarriagoak, hala nola gatazkak gainditu dituzten edota gainditu bidean dauden herrietakoak, Irlandatik Kolonbiaraino, bakean oinarritutako etorkizuna eta normalizazio politikoa lortzeko bidean presoen egoera kudeatzea ezinbestekoa dela egiaztatzen dituztenak. Izan ere, aitortza, egia eta justizia ahalbidetuko dituen edozein prozesuan aurrera egiteko funtsezkoena zera da: biktima berriak sortzeari uztea. Ez baitago beste modurik aurtengo lehen sei hilabeteetan beren preso lagun edo senidea bisitatzera joan direnean istripuak izan dituzten sei pertsonez hitz egiteko, azkenengoa duela aste gutxi gertatu dela. Zigor bikoitzaren biktimak dira sakabanaketa indarrean dagoenetik, ia hiru hamarkada, errepidean hil diren 16 lagunak. Biktimak dira eritasun larriak ziegan pairatzen dituzten presoak, Ibon Iparragirre kasu, beren bahitzaileek lege propioen kontra egiten dutelako. Eta biktimak dira, errugabeenak gainera, guraso biak edo bietako bat etxetik oso urrun preso dituzten 0 eta 18 urte bitarteko 113 adingabeak, ama edo aita ikusteko 500, 800 eta 1.000 kilometroko bidaiak egitera zigortuta daudenak.

Agian, aurretik aipatutako guzti horiek mapa bakarra osatzen dute: mendekuarena. Euskal presoez ari garenean zaila baita giza eskubideen urraketa etengabea justifikatuko duen beste arrazoiren bat aurkitzea. Mendekuaren logikatik bakarrik uler daiteke, ETAk borroka armatua utzi zuenetik ia 6 urtera eta armagabetzea gauzatu zenetik hainbat hilabete igaro ostean, Espainiako Erresuma zerrenda lazgarri eta luze horretara biktima berriak gehitzearekin tematuta jarraitzea. Mina eta gorrotoa areagotuz. Geroz eta agerikoagoa da batzuk ETArekin hobeto bizi zirela, eta ez dira, inondik inora, gatazkaren ondorioak zuzenean sufritzen zituztenak. Horixe adierazten dute haien ekintzek, bidegabekeriazko sententziek eta mendeku zein zigor politikek.

Horregatik, ezinbestekoa da etorkizunean bakea zimendatzea ahalbidetuko duten eskubide zibil eta politiko guztien berresartzearen alde gauden guztiok, gustuko ez ditugun mapa horiei begiratzeko ahalegina egitea. Mapa hauek behatzeak lagunduko baikaituelako, alde batetik ulertu eta, aldi berean, beste batzuei ulertarazteko hamarkadetan emandako sufrimendu indiskrimitatu horri amaiera emateko garaia dela. Azken batean, antolatuta dagoen herri batek gaitasuna duelako gobernuek aldatu nahi ez duten gauzak aldatzera derrigortzeko.

Badira mapa beldurgarriak, arriskuz beteriko bideak eta motxila astunak; baina guztiak dira eramangarriagoak herri oso baten elkartasuna eta adorea bidelagun denean.

Bizirik eta etxean nahi ditugu.

Alternatibak giza eskubideen alde “aitzakiarik gabe” kalera ateratzeko deia egin du

Alternatibako bozermaile nazional Oskar Matutek Euskal Herria Bilduk atzo eginiko deialdia berretsi du, datorren larunbatean Bilboko kaleak betetzeko, giza eskubiden alde eta Madril zein Parisko gobernuek “modu guztiz ulertezinean aplikatzen jarraitzen dituzten mendeku eta salbuespen politiken” aurka.

La imagen puede contener: 7 personas, personas sonriendo, personas de pie

Ezkerreko erakundetik gogorarazi dutenez, oinarrizko eskubideen defentsan “inoiz ezin da ez aitzakiarik ezta salbuespenik” jarri; gainera, “mobilizazioa indartu ezean, bakea eta normalizazio politikoa oztopatzea helburu bakarra dutenekin bat egitearen parekoa” dela gaineratu dute.

Azkenik, Matutek bakea lortzeko eta gatazkaren ondorioak gainditzeko bidean, egunerokoan ere ahaleginak biltzera deitu du, nekez lortuko dena “presoen senideen eta ingurukoen kondena erantsia bihurtzen diren sakabanaketaren moduko zigorrak, edo gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelan mantentzen diren bitartean”. Guzti honen ondorioz, Sare elkarteak larunbatean deitutako mobilizazioarekin bat eta presoen eskubideen alde egitea “bidegabekeria pairatzen eta eskubideen urraketa sufritzen dutenekiko elkartasuna sentitzen duten guztien ardura” dela adierazi du.

Giza eskubideen eguna

Joseba Barriola – Alternatiba

Bihotzez estimatzen dudan lagun batek 2015ean argiraturiko liburu batean honakoak esaten zituen: «Bila dezagun giza eskubideen ideian oinarritutako bide bat»; «Memoria berreskuratzeko lan orok guztiona izango den oinarri sendo eta legitimatu bat behar du: Giza Eskubideak»; «Giza eskubideek hizkuntza unibertsal bat eskaintzen dute. Bidezkoa dena eta ez dena erabakitzen duen epaile gisa onartuta daude oro har, eta errespetuaren mugak ezartzen dituzte giza harremanetan».

Giza eskubideen hizkuntza unibertsala, Babel Dorrearen ataka berberean dago. Egoera kaotikoan. Hitz bera erabiliz, gauza bat eta kontrakoa aldarrikatzen eta ulertzen da. Horregatik, inork ez du ezagutzen giza-eskubide izeneko epailerik. Ezinezkoa da, bada, existitzen ez den epailea, oro har, onartua izatea. Nork interpretatzen ditu giza eskubideak?

Konfusioz beteriko eta epailerik gabeko eskubidea nekez izango da oinarri sendo eta legitimatua.

Inoiz ez dira hain aldarrikatuak izan giza eskubideak, baina aldi berean inoiz ez dira hain hankaperatuak izan. Gertatzen da gure egunotan, XVII-XVIII. mendeetan gertatu zena. Orduan, Ilustrazioko pentsalariek formulaturiko eta garaiko iraultzetan (Ameriketako Estatu Batuen independentzia, Frantziako Iraultza) oihukaturiko liberté, egalité, fraternité nahiak astindu zuen garaia, eta Giza Eskubideen Aldarrikapenak aireratu ziren munduan zehar.

Justu mende horietan, eta hain zuzen iraultza horiek egin ziren estatuetan, beltzen, indiarren eta txiroen trata eta esklabotza eskandalagarriro hedatu ziren. Frantziako Iraultzaren ondoren nagusitu zen Napoleonek, gerra deklaratu zion esklabotza abolitu zuen Haitiko Iraultzari.

AEBetako buruek (George Washingtonek eta besteek) Independentziaren Aldarrikapenean esaten zuten: «Berez ebidenteak diren egiak sostengatzen ditugu: gizaki guztiak berdinak sortuak direla; Sortzaileak alienaezinezko eskubideak ematen dizkiola; horien artean, bizitza, askatasuna eta zorionaren bilaketa». Baina mende bat geroago, Sezesio Gerran, esklabotzaren amaiera legala onartu zen eta oraindik orain, horrela dabiltza.

1948an Nazio Batuen Erakundeak giza eskubideak «onartu» zituen. Ala, II. Mundu Gerraren irabazleen (eta batez ere AEBen) komenentziazko giza eskubideak aldarrikatu zituen? Aldarrikatu eta eskubideen manipulazioa praktikatu? Izan ere –eta askoren oroimenean oraindik egongo den moduan–, azken hamarkadetako gerrak ez al dira kapitalaren akumulazioa bermatzeko egin eta giza eskubideen izenean justifikatu? Zeren izenean justifikatu zen Irakeko gerra? Demokraziaren izenean. Zeren izenean Afganistaneko gerra? Emakumeen eskubideen izenean. Zeren izenean babesten da Israelgo Estatu arrazista eta terrorista? Libertatearen izenean. Nor da giza eskubideen epailea? Abu Graib eta Guantanomo praktikatzen duena, munduko estatu atomiko hiltzaile bakarrak.

Giza eskubideen eguna ospatzea ez dago gaizki. Baina hiru azpimarra gabe, ospakizuna antzua litzateke eta zurikeria.

1.- Giza eskubide unibertsalak omen dira, baina estatu bakoitzak du ardura lege bihurtzeko. Eta estatu bakoitzak definitzen ditu, eta lege bihurtu, bere interesen arabera. Horrela, Espainiako Atzerritarrei buruzko Legeak erabakitzen du “nazionalak” ez direnak eskubiderik gabe uztea. Horrela, Europar Batasunak erabakitzen du harresi fisikoa jartzea munduan ibiltzeko eskubidea ezinezkoa bihur dadin milioika pertsonarentzat. Horrela, gure herrikide batzuek (askok) uste dute erlijio askatasuna amaitzen dela auzoan meskita bat eraiki nahi dutenean. Torturatua ez izateko eskubidea dugu, baina milaka torturatu badira, eta justifikatzen da segurtasun (terrorifiko) baten izenean. Eta abar….

2.- Giza eskubideak onartuak izatea (etxea, osasuna, eskola, lana….), baldin eta dirurik gabe egonik eskubide horiek praktikaezinak bihurtzen badira, faltsukeria da. Adibidez: Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua (beharrak asetzea baino lehentasun handiagokoa da zorra ordaintzea) giza eskubideen ukazioa da eta justifikatzen da «garapen ekonomikoaren» izenean. Alta, kapitalaren akumulazioa, produkzio-esplotazio bitartekoen «jabetza pribatua», eskubidea al da? Hau da, langilea miseriara kondenatzea eskubidea al da? Informazioaren monopolio mediatikoa izatea, zer pentsatu eta zer balioztatu behar dugun jabeen esku egotea eskubide al da edo tirania mediatikoa? Eta, erne, tiraniaren aurka matxinatzea eskubidea al da?

3.- Eskubidea, beharra eta pribilegioa bereizi behar dira. Autoa edukitzea, beharra izan daiteke, baina ez da eskubidea, pribilegioa baizik. Turismo egitea ez da eskubidea, agian desioa edo beharra, baina pribilegioa da. Mundu guztira hedatu ezin daitekeen beharra edo desioa pribilegioa da, eta ez eskubidea. Mundu guztia autoarekin edo mundu guztia turismo egiten, hondamen ekologiko itzela litzateke.

Giza eskubide unibertsalak desio gisa existitzen dira, ez praktika gisa. Eta desio hori legez kateatua dago, logika ekonomikoaz tiranizatua eta kultura ofizial eta mediatikoaz manipulatua. Harresiz itotako desioa eta gure pribilegioez desitxuratua.

Naiz-en argitaratua

Alternatibak dio “lotsagarria eta nazioarte mailako erridikulua” dela Luhusoko operazioa

Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek salatu egin ditu bart gauean Luhuson eginiko atxiloketak, “lotsagarria ez ezik, nazioarte mailako erridikulua da operazioa”, esan du. Tamalez, “egiaztatu egiten dute Frantziako estatua bakea oztopatzeko edozer egiteko prest daudenekin bat egiten duela, euskal gizarteak normalizazio politikoaren bidean espero duen armagabetzea zapuzteko helburua dutelako”. Gogoratu egin du, halaber, “Espainia dela munduko estatu bakarra non, gatazka armatu baten ostean, unilateralki jarduera militarra utzi eta bere burua armagabetu nahi duen erakundeak gobernuaren kontrako jarrerarekin topo egiten duela, inolako borondaterik ez baitu”.

Matutek atxilotutako lagunen perfila nabarmendu du, “erabat bakearen eta giza eskubideen aldekoa”, eta horregatik guztiak berehala askatzeko eskatu du, “amaitu daitezela behingoz demokraziaren eta bakearen alde egitea delitu bakarra duten pertsonak jazartzea”. Ildo horretatik, iragarri egin du Alternatibak bat egiten duela gaur arratsaldeko 16:00etan Baionako Euskaldunen Plazatik abiatuko den manifestazioarekin, Bakearen alde, liberté pour les artisants de la paix lemapean.

Ezkerreko erakundetik, azkenik, gogorarazi egin dute euskal gizarteak gatazkaren ondorioak gainditzeko borondatea duela eta, bide horretan, “Madrilgo politikak, zapalkuntza eta mendekua oinarri, lortu duen gauza bakarra bere proiektu nazionalaren gainbeheran aurrera egitea izango da, inposizioaren eta eskubide urreketen bitartez bakarrik garatzen delako”.

Itxaropenari bai

Diana Urrea – Alternatiba

Gaur Kolonbiako herriak aukera izango du mugarri izango den akordioa berresteko; herri honen zein kontinente osoaren etorkizuna baldintzatuko duen itun historikoaz ari gara. Lau urteko negoziazio zailak egin behar izan dira, Kuba, Norvegia, Venezuela eta Txileko gobernuen babesarekin. Azkenean, sinatu egin dute Kolonbiako Gobernuak eta FARC-EPk irailaren 26an Gatazkarekin bukatzeko eta bake egonkorra eta iraunkorra eraikitzeko behin betiko akordioa.

Zortzi milioi biktima, 250.000 hildako eta desagertutako 70.000 lagun utzi ditu. Bakea eta Justizia Soziala oinarri izango duen historia idatzi ahal izango du. Izan ere, itunak eduki benetan azpimarragarriak ditu:

Nekazaritza erreforma osoa: Kolonbian biztanleriaren %0,04 lurralde osoaren %60aren jabe da. Nekazariei zortzi milioi hektarea inguru kendu dizkiete.

Bakea eraikitzeko irekitasun demokratikoa: eremu politikoan arazo nagusien inguruan hausnarketa aberastuko duten indar berriei ateak irekiko dizkiete.

Legez kanpoko drogen arazoari aurre egitea: horren desagerpena erabakigarria izango da. Labore hauek, hilero, bilioika dolar mugitzen dituzte.

Biktimak: Egia, Justizia, Erreparazioa eta Berriz ez Gertatzeko Sistema Integrala ezartzen da, bitarteko judizial zein bide judizialetatik kanpokoak, biktimak ahal den neurrian gogobetetzeko.

Behin betiko su-etena eta bi aldeen arteko erasoei amaiera behin betikoa ematea, armak laga eta gatazka bukatzea. 180 eguneko epean armak uzteko kronograma zehaztuta, ondoren, bizitza zibilerako urratsa egin ahal izan du FARCek.

Inplementazioa, egiaztatzea eta berrestea: Akordioak jaso du sinaduraren ostean, herritarrek berrestu beharko dutela. Horixe da gaurko ariketa. Habanan Genero Azpibatzorde bat ezarri da, halaber, emakumeei ahalbidetu diena bizi izan duten indarkeriaren berri ematea. Akordioaren atal guztiak ikuspegi horretatik garatu dira.

Prozesua atzeraezina da, baina ezin ahaztu bakearen etsaiek, Uribe buru, ahal duten guztia egingo dutela akordioan jasotakoa gauza ez dadin. Esaterako, nekazariei kendutako lurrak berrezartzeak, paramilitarren ekintzekin egingo du topo. Kezkak ditugu, halaber, FARC-EP alderdi politiko bilatzeko bidearen inguruan. Izan ere, 1980ko hamarkadan Union Patrioticako 4.000 lagun erail zituzten, bizirik atera ziren apurrek erbesterako bidea hartuta. 30 urteko zigorgabetasunaren ostean, Kolonbiako presidenteak krimen horien erantzukizuna aitortu eta barkamena eskatu zuen lehen aldiz. Hala ere, azken urtean Marcha Patrioticako 100 lagun baino gehiago hil dituzte.

Sinetsita nago galdeketan baiezkoak irabaziko duela, baina egia da kanpaina gogorra ari dela egiten bakearen aurka, prozesuaren kontra hitz egiten eta gizateriaren aurkako krimenak egin dituztenak babesten. Hiriguneetan sarbidea duen diskurtsoa da, landa eremuan pairatu baitira gatazkaren ondorio nagusiak, eta bertakoak, konbentzituta daude bakea ezartzeko bidearen hasiera dela akordioa.

Nabarmendu behar da Kolonbiako Gobernuak eta FARC-EPk erakutsi duten ausardia. Borondate politikoa dagoenean, bakea eraiki daitekeela frogatu dute, mailaketarik gabeko biktimak aitortu daitezkeela eta garaile zein galtzailerik gabeko prozesua egin daitekeela. Eta Kolonbian egin izan bada, Euskal Herrian ere egin ahalko da.

Galdeketa honetan bakeari baiezkoa ematea, etorkizun hobea marrazteari baiezkoa ematearen parekoa da. Horregatik espero dugu bakea eta justizia soziala garaile ateratzea gorrotoaren eta gerraren aurrean.

 
BERRIAn argitaratua
X