Alternatibak baikor hartu du Otegiren askatasuna eta gogora ekarri du bere lana, zigortu zutena, bakerako oinarri izan dela

Alternatibako bozeramaile Alba Fatuartek oso baikor hartu du biharko egunean Arnaldo Otegi eske gelditzea “sei urte luzeren ostean, bakearen alde eta gatazka gainditzeko lan egin izanagatik zigortua izan zela”. Albistea, alabaina, Rafa Diez Usabiaga kartzelan jarraitzearekin “lausotuta dator, berez euskal herritar guztientzat eta mundu osoan Otegi zein Bateragune auziko beste lagunen askatasuna eskatu duten milaka lagunentzat pozgarria den gertakaria ilunduta”.

Fatuartek nabarmendu egin du Arnaldo Otegik iraganean eginiko lana, “zigortu zutena, eta egungo bakerako oinarrizkoa izan dena, euskal gizarteak espero duen elkarbizitza zein normalizazio politikoa eraikitzeko azken batean”. Sorturen idazkari nagusia preso mantendu izanak “Espainiako gobernuaren zapalkuntzan eta mendekuan oinarritutako politikari baino ez dio erantzuten, herritarrek behin eta berriro eskatutakoaren kontra gainera”.

Ezkerreko alderdiarentzat, Otegi kalean egotearekin batera “aukera berria zabaltzen da, pertsona guztien eskubide guztiak berrezarriko diren errealitatea eraikitzeko, inork galdu edo oztopatu beharko ez lukeen aukera”. Horregatik, Fatuartek Otegiri ongietorria emateko datozen egunetarako antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deia egin du, “konponbide demokratikoen garaian, bera bezalako jendea, iraganean bakearen aldeko apustua egin zuena, egun zein etorkizunerako ere beharrezkoak direlako”.

Hala, Alternatibaren ordezkaritza zabalak parte hartuko du datorren larunbatean Donostian, Anoetako belodromoan, egingo den ekitaldi nagusian; Fatuarterekin batera, Oskar Matute, Joxe Iriarte ‘Bikila’. Ayem Oskoz edo Diana Urrea han izango dira, beste askoren artean.

Alternatibako hainbat kide Arnaldo Otegiren preso zenbakiarekin

http://alternatiba.net/old-files/8719600510.jpg

Diana Urrea: “Euskal gizarteak, lehen eta orain, sahararren borrokari erakutsi dion atxekimendua txalogarria da”

Diana Urrea Alternatibako kide eta EHBilduren Kongresurako Bizkaiko hautagaiak “euskal gizarteak, lehen eta orain, sahararren borrokari erakutsi dion atxekimendua txalotu du”.

Urreak, Fronte POLISARIOa bere XIV.garren kongresua egiten ari den Dakhlako errefuxiatu eremutik “euskal gizartearen jarrera” nabarmendu eta Mendebaldeko Sahararen aldeko Legebiltzarreko lan taldearen ekimena nabarmendu ditu.  

Hala ere, legebiltzarkide subiranistak herri sahararraren autodeterminazio borrokarekiko elkartasuna areagotzera deitu ditu euskal erakundeak.

Era berean, Urreak Espainiako gobernuak joan den urriko uholdeek errefuxiatu eremuetan sortutako larrialdi egoeraren aurrean erakutsitako jarrera salatu du.

Atsekabea eta gaitzespena Frantziako estatua Sirian egiten ari den bonbardaketen aurrean

EH Bilduk irmo salatu nahi ditu Frantziako estatuko armada Sirian egiten ari den bonbardaketak; era berean, horrek guztiak populazio zibilean eragingo dituen ondorioen aurrean bere atsekabea azaldu nahi du. Sirian egindako eraso masiboak ez dira konponbidea, arazoa dira; izan ere, eraso horietan gatazkarekin ezelango zerikusirik ez duen populazio zibila hilko da. Eraso masibo horiek mina areagotzea eta gatazka gordintzea baino ez dute eragiten: Kobane, Beirut, Palestina eta munduko beste leku pairatzen ari direnak hainbat inperialismoren ondorioa dira. Guzti-guztiak salatzen ditugu salbuespenik gabe, eta herrien eta herritarren eskubideetan oinarritutako eskubideetan oinarritutako konponbide politikoak aldarrikatzen ditugu.

Mendebaldeko herrialde nagusiek aitortu dute talde ezberdinak finantzatu eta elikatu dituztela hainbat interesei jarraituta. EH Bildutik azpimarratu nahi dugu arazoa bere osotasunean ulertu behar dela: erantzukizunak argiak dira, Mendebaldean ere bai.

Ekintza eta jarrera bortitz horiek giza eskubideen urraketak eragiten ari dira Sirian eta inguruetan, herri horretako pertsonak beren etxeak eta herria uztera behartuta daudelako. EH Bildu drama hori bizitzen ari diren pertsonekin dago eta egon da. Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentaria Errefuxiatuen Bidea egiten ari da Balkanetan, eta duela aste batzuk Jordaniako errefuxiatu zelai handiena bisitatu zuen. Ikusten ari dena kontatzen da: tratu txarrak, sufrimendu asko… Eta badirudi Europan ez inon ez dagoela inor prest horren gaineko erantzukizuna bere gain hartzeko. Beharrezkoa da errefuxiatuei laguntza humanitarioa eskaintzea eta gure herrietan jasotzea. Baina benetan beharrezkoa dena da pertsona horiek guztiak drama batekin aurkitzea beste drama batetik ihes egiten ari direnean.

EH Bilduren adierazpena Pariseko erasoen aurrean

Atzo Parisen gertatutako eraso latzen aurrean EH Bilduk adierazpen hau helarazi nahi dio gizarteari eta iritzi publikoari:

-Lehenik eta behin gure samina adierazi nahi diegu Pariseko erasoetan  hilik edo zauriturik izan diren herritarrei eta haien familiei. Horrekin batera gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu Frantziako estatuko herritarrei une larri hauetan.

– Giza eskubideetan eta demokrazian oinarritutako gizarte ereduan sinesten du EH Bilduk, eta horren alde lan egiten du eta borrokatzen du egunero, Euskal Herrian eta mundu zabalean harremanak dituen herrialde guztietan. Mundu osoan gertatutako giza eskubideen eta oinarrizko printzipio demokratikoen aurkako eraso guztiak salatzen ditugu.

-Zentzu horretan, Parisen gertatutako erasoaren erantzuna giza eskubideetan eta oinarrizko irizpide demokratikoetan oinarritu behar dela aldarrikatzen dugu. Populazio zibilak modu bidegabean pairatu duen eraso ankerraren erantzuna ezin da inola izan neurri eta izaera berekoa. Eskubideen murrizketan oinarritutako salbuespen legeek demokrazia ahultzen dute eta ez dute inoren segurtasuna bermatzen.

– Parisen bizi den sufrimendua ez da mundu osoan bizi diren gatazketan bizi denarekiko ezberdina. Horregatik, aldarrikatzen jarraitzen dugu inork ez dezala indarkeria erabili errugabeen aurka, inork ez ditzala armak saldu bere etekinak handitzeko, eta inoren Nazioarteko politikak ez ditzala gatazka gehiago eragin. Herri eta pertsona guztien askatasunak baino ez du lortuko mundu osoan ditugun gatazka lazgarri guztiak gainditzea.

EH Bildu

EH Bilduk palestinar herriarekiko elkartasuna areagotzeko deia egiten du

Ekialde Hurbileko gatazkaren areagotzea kezka arrazoia da eta bakearen aldeko jarrera aktiboa eskatzen du.

Urriaren lehenengo hamabostaldian 30 palestinar baino gehiago hil dira eta ehundaka zauritu -horietako hainbat larriki-, eta 10 israeldar izan dira era berean, bizitza galdu dutenak.

Akzio-erreakzioan oinarritutako eskalada berri eta arriskutsu batean aurrean gaude berriro ere, eta beti bezala, biktimen gehiengoa zibilak dira.

Al-Aqsa Mezkitara sartzeko sarrera eta ordutegi mugek, Gazako erasoek, lurraldeen kolonizazio iraunkor eta itogarriak eta kolonoak eta soldaduak herritar palestinarren aurka darabilten inpunitateak geroz eta eszenatoki lehergarriagoa sortzen ari dira.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) berak onartzen duenez, 2020. urtean Gaza ez da bizitzeko moduko lurraldea izango. Urteetako setio eta blokeoaren ostean, ordea, dagoeneko egoera arnastezina ez ote den galdetu behar da. Hala, gehiago itxaron gabe,  gazako herritarrek bizi duten dramari lehenbailehen irtenbidea eman behar zaio.

Ezinbestekoa da distentsioa bilatzea eta nazioarteko legediaren betetzea. Era berean, aurrez egina dugu gisan, EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen du Estatu Palestinarra onartzea, jakinda errekonozimendu horrek ondorio erangikorrak izan ditzan ezinbestekoa dela nazioarteko komunitateak okupazioaren amaiera behartzea.

Okupazioa, espetxea, erbestea, atxiloketak, bortxazko kanporatzeak, tortura eta beste hainbat opresio moduk denbora gehiegi iraun dute dagoeneko Palestinan, ia 70 urte. NBE ren fundaziotik gaur egun arte agendan iraun duen auzi bakarra dela gogoratzearekin nahikoa da.

Marwam Bargoutik, espetxetik, duela gutxi ongi esan zuen gisan “Palestinarrei esan zitzaien bitarteko baketsuez eta bide diplomatikoez baliatuz gero okupazioari amaiera jartzeko nazioarteko komunitatearen babesa jasoko zutela. Eta aldiz, nazioarteko komunitatea ez da gai izan nazioarteko zuzenbidea eta NBE ren ebazpenak aplikatzeko nazioarteko egitura bat abiarazteko; ezta kontuen eskatzea posible egiten duten neurri eraginkorrak aplikatzeko ere.”

Era berean, Marwan Bargoutik “okupazioaren azken eguna bakearen lehenengoa” izango dela adierazi zuen.

EH Bildu gisa bakearen bila irrikaz dihardutenak, Palestinan gisan Euskal Herrian, okupazioaren amaiera eta Estatu Palestinarra errealitate egiteko premisa hori bete dadin gure konpromisoa indartu behar dugu

EH Bilduk Palestinarekiko elkartasuna areagotzeko konpromisoa berresten du, Estatu Palestinarraren errekonozimenduaren aldeko esfortzuei eta nazioarteko araudia betetzeko ekarpena egiteko.

Justizia auzia delako, Ekialde Hurbilean bake justua eta iraunkorra lortzea horren baitan dagoelako: Zisjordaniaren okupazioari berehala amaiera ematea eta Gazaren blokeoa altxatzea aldarrikatzen ditugu.

EH Bildu

Azken gertakariak salatzeko manifestazio batera deitu dugu urriaren 3an Donostian “Bakea, erabakia” lelopearekin

Euskal Herriak ez du ezagutu, azken 175 urteotan, gatazka bizi izan ez duen belaunaldirik. Herri honek, modu batean edo bestean, ondo asko ezagutzen ditu gatazka etengabean bizitzeak dituen ondorioak. Orain ia lau urte, Aieteko nazioarteko bake konferentzian, gatazkaren behin betiko konponbiderako aukera eta esperantza ireki zitzaizkion Euskal Herriari.

Orduan, nazioarte osoaren begiradapean, aldebakartasunez emandako pausoek behin betiko bakea ekarriko zuten bideak ireki zituzten. Euskal Herriak hainbeste denboran amestutako bakea lortzeko bideari ekin zion.

https://pbs.twimg.com/media/CPlUfA6WUAAVGhY.jpg

Esperantzaz beteriko une haiek, ordea, oztopo eta traba ugari ezagutu dituzte: tamalez, herri honek bakean bizitzeko hartutako erabakiaren aurka, Estatu espainiar eta frantsesek, elkarlanean, gure bidea zapuztea erabaki dute. Ez dute bakerik nahi; gatazkan bakean baino erosoago sentitzen direlako.

Herri baketsua da gurea, bakea bakean biziz eraiki nahi duena. Bakean bizitzea erabaki duena. Konponbiderik nahi ez dutenen aurrean, gatazka etengabean aritu nahi dutenen aurrean, hitza eta erabakia nahi dituena. Erabakia eta bakea.

Ez dira txikira jokatzeko garaiak. Herri bezala hartutako erabakia, bakean eta askatasunean bizitzeko erabakia, muturreraino eramatekoak baizik. Abagune historiko honetan, beste behin, herri gisa jokatzeko erantzukizuna eta betebeharra dauzkagu. Ezin diegu hutsik egin bakea amets izatetik errealitate izatera igarotzeko hainbeste lan egin duten milaka eta milaka herritarrei.

Horregatik, Euskal Herriari eta geure buruari bi deialdi egin nahi dizkiegu, zintzotasunetik eta tinkotasunetik. Lehena, jarrai dezagula bakearen bidean urratsak ematen, elkarbizitzan eta bakegintzan eredu izaten. Ez diezaiogun uko egin bakean behin betiko bizitzeko ametsari. Jarrai dezagun posible dela erakusten. Jarrai dezagun, bakoitzak guretik, dagokiguna eginez, herri bezala bakea eraikitzen.

Bigarren deialdia, datorren urriaren 3an Donostiako kaleetan 17:00etatik aurrera, «Bakea, erabakia» lelopean egingo dugun manifestazioan parte hartzea. Bete ditzagun Donostiako kaleak bake eta askatasun egarriz. Bihur ditzagun Donostiako kaleak behin betiko bakera eramango gaituzten bide. Bihur ditzagun bideak pauso eta pausoak bide, Euskal Herriak, azkenean, gatazkarik ezagutuko ez duten belaunaldi berriei ongi etorria egin diezaien.

EH Bildu

X