Alternatibak Guatemalako herria zoriondu du Perez Molina genozidak kargua utzi izanagatik

Otto Perez Molina presidente ohia, irmo jokatu behar zuena, burua eta bihotza erabili, ez zenuen baina irmotasunik azaldu iruzurrarekin amaitzeko. Are gehiago, iruzurraren jaun eta jabe egin zara, Horregatik, Zigorgabetasunaren Kontrako Guatemalako Batzordeak (CIGIC), Estatuko fiskaltzak eta Guatemalako Diputatuen Kongresuak hala ikusi dute eta, horregatik, aduenetako zergetan iruzur masiboan parte hartzeagatik zu inputatzeko zantzuak daudela erabaki dute.

Baina hein handi batean, Guatemalako herrian izan da, etengabeko mobilizazioaren bitartez eta borrokaren bidez, usteldutako instituzioak horretara bultzatu duena. Ez dute beste aukerarik izan eta orain arte Guatemalako presidentea izandakoa atxilotzeko agindua eman dute.

Berri honek poztu egiten gaitu, eta Guatemalako herria zoriondu nahi dugu, bere borrokarengatik, eta garaipen partzial hau ospatzen dugu, militar kaibil honen kargugabetzeagatik, bihotzik gabeko genozida eta lapurra delako Perez Molina.

Bestetik, ziurgabetasuneko egunak dira hauek Guatemalako ezkerrarentzat, izan ere, irailaren 6an hauteskundean egin behar zituzten. Mobilizazioetan aritzen direnen zati handi batek bozak atzeratu beharra ikusten dute, berme demokratiko nahikorik ez delakoan, horregatik, egitekotan, abstentzio arduratsua eskatuko dute. Ezkerraren beste talde batek, aldiz, parte-hartzeko beharra ikusten du, eskura dezaketen ordezkaritza gal ez dadila.

Emaitza edozein izanda ere, Alternatibatik herri honetako herritarren kemena nabarmendu nahi dugu eta arretaz jarraituko dugu beren etorkizuna.

Alternatibak aldaketaren eragile gisa aurkezten diren alderdiei dei egin die herrikoenaren moduko epai bidegabeak sala ditzatela

Azken egunotan, herri honetako ezker subiranistak mugarri izan diren gertaeretan parte hartu izan du. Erregimenaren gainbehera Nafarroan, arrazakeria instituzionalaren kanporatzea Gasteizen, frackingaren zein transgenikoen debekua Euskal Autonomia Erkidegoan edota etxebizitza duinerako eskubidearen aitortza. Horixe baita, herri honetako esker subiranistaren jardueraren oinarria: pertsona guztien eskubideak eta duintasuna babestea. Batzuek, alabaina, iraunarazi nahi duten gatazka politikoaren oroigarriekin bete nahi dituzte egunkarietako azalak, etekin politikoa atera nahian.

Auzitegi Gorenak atzo berretsitako epaia, Herriko Tabernak konfiskatzea eta ezker abertzaleko hainbat buruzagiren aurkako kondenak eragingo dituena – kartzelan sartu beharrik izango ez badute ere- zentzugabekeria izango litzateke benetan demokratikoa den edozein herritan, botereen arteko banaketa ematen den herrietan behintzat. Espainiako Erresumak, aldiz, bere lotsagabekeria agerian uzteko inolako arazorik ez dauka, gainbeheran dagoen erregimenaren ondorengoa dela erakusten du. Baina desagertzeari uko egiten dion bezala, bakea ere ukatzen du, errepresioa zabaldu eta justizia manipulatzen duen bitartean.

Alternatibatik uste dugu aski dela esateko garaia heldu dela; bere burua demokratikotzat duen gizarte batek ezin du onartu herriaren parte adierazgarri baten militantziak altxatutako ehun bat egoitzen espoliazioa. Estatuan aldaketaren indar direla esaten duten alderdiek ere ez, ezin dute hau onartu; ez baitira aldaketa izango baizik eta ordezkatzea epai honen moduko eskandalu juridiko baten aurrean isilik  gelditzen badira. Ez dute ezer aldatuko militantzia eta disidentzia politikoa diktaduran bezala zigortzen den bitartean entzungorrarena egiten badute.

Ezkerrak ezin du zalantzarik izan bidegabekeriaren aurrean, ezin du beste aldera begiratu greba batean parte hartu izanagatik gazteak preso eraman nahi dituztenean; ez hemen ezta Madrilen ere. Horregatik, gauzak benetan aldatu nahi dituztenek elkartasun harresiak altxatzen dituzte, Gasteizen zein Vallekasen duintasun berarekin eraikitakoak. Lazgarria da azken hamarkadetan Euskal Herria estatuaren errepresioaren laborategi bilakatu izana, baina itxaropentsua da, aldi berean, hilabeteko eta 400 kilometro eskaseko tartean herritarrek modu berean erantzun izana gazte bat babesteko.

Eskumak aspaldi ekin dio “dena ETA da” leloa gure mugetatik harago zabaltzeari; asteotan ikus dezakegu nola erabiltzen duen eskura duen guztia instituzioetako nagusitasuna kendu dietenen aurka. Ikusi beharko dugu nola euskal disidentziaren kontra erabilitako neurriak haiekin ere erabiliko dituen, hasi dira dagoeneko. Horrexegatik, berriro diogu: aldaketaren indarrek erabaki beharko dute non egon nahi duten, zapalduekin edo, ostera, zapaltzaileak ordezkatzea den bere helburua; min handia eragin duen gatazka gainditzearen alde lan egin edo mina manipulatzearen bidez lurralde batasunari kosta ahala kosta eutsi nahi dioten.

Salatu egin nahi dugu, beraz, ezker abertzaleko militante zein buruzagien aurkako enegarren muntai juridiko-poliziala. Bakearekin hartutako konpromisoa, determinazioa eta apustua garesti ordaintzen ari dira, kartzelarekin askok. Gatazkak eragindako minaren ageriko aitortza egin izan dute, batzuek entzun nahi izan ez duten arren. Haiekin da gaur ere gure elkartasuna eta, aldi berean, epai honen moduko gehiegikeriengatik barkamena zeinek eta noiz eskatuko duten galdegin nahi dugu.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzari eta alderdi jeltzaleari eskatu nahi diegu argitzeko bidegabekeria honen kontra dauden. Hala balitz, epaiaren kontra badaude, ez dezatela haien eskumeneko polizia bidali epaia egikaritzera. Izan ere, gizartea alde izango dute justiziarik gabeko erabakien aurrean planto egitea erabakiz gero; suhiltzaileek etxegabetzeetan parte hartzeari uko egitea ontzat jotzen den bezala, gehiengoak ulertu egingo du Ertzaintzak bere herriaren kontrako espoliazioan parte ez hartzea.

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xap1/t31.0-8/1557379_1118392731511375_5114064903730949244_o.jpg

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xat1/t31.0-8/11402628_1118392744844707_5697174259075819685_o.jpg

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xat1/t31.0-8/11221615_1118392808178034_2533276843121903225_o.jpg

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xtp1/t31.0-8/11145128_1118392734844708_3099674723720571264_o.jpg

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xfa1/t31.0-8/887591_1118392804844701_1392742929371599661_o.jpg

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xtf1/t31.0-8/11406252_1118392811511367_7765762129976025490_o.jpg

Gainontzeko eragile politikoei interes partikularrak alboratuz interes kolektiboa den bakearen eraikuntza lehenesteko deia

Frantziako Asanblada Nazionalean eginiko konferentzia baloratu nahi du EH Bilduk. Konferentzia honen garrantzia azpimarratu nahi du EH Bilduk, bai egin den lekuarengatik, bai parte hartzaileengatik, bai eta edukiengatik.

Edukiei dagokionean, honakoak nabarmendu nahi ditugu:

  • ETA erakundearen armagabetze prozesua era adostu eta kontrolatuan egiteko eskaria eta horretarako Espainiako eta Frantziako gobernuen inplikazio eskaera.
  • Zentzuzko epeak errespetatuz gauzatuko litzatekeen askatze prozesu batean, lehenik eta behin euskal presoen dispertsioarekin amaitzea eta gaixo diren presoak askatzea.
  • Berradiskidetzea eta biktima guztien aitortza, kalte-ordaina eta asistentzia bermatzeko neurriak.
  • Espainiako eta Frantziako gobernuen inplikazioa gatazkaren konponbidean.

Eduki indartsuak, zalantzarik gabe, baina konferentziak berak izan duen babesak eta oihartzunak, bereziki Frantziako estatuan, eduki horien balioa biderkatzen dute.

Konferentzian parte hartu duten lagunei dagokionean, hiru aspektu nabarmendu nahiko genituzke: Nazioarteko ordezkariek berretsiriko inplikazioa, Frantziako estatuko ordezkaritzen maila eta nola ez, Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren aniztasuna, esparru politikoa ia osoa ordezkatzen duena.

Horrelako argazkia posible litzateke Hego Euskal Herrian, horrelako borondate askirik balego. Hori da EH Bilduk gainontzeko eragile politikoei luzatzen dien deia: interes partikularrak alboratu interes kolektiboa den bakearen eraikuntza lehenesteko, konponbidearen aldeko jarrera aktiboa hartuz eta bereziki, oztopoak jartzeari utziz. Hala, gizartearen gehiengo zabal batek aspaldi espero duena marraztea lortuko dugu, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuak izango diren etorkizuna eraikitzea.

EHBildu

Bakerako bidean, sakabanaketarekin amaitu

Xabier Soto – Alternatiba

Pasa den apirilaren 21ean, Deustuko unibertsitatera joan nintzen EH Bildu, PSE, EAJ eta PPren Donostiako alkatetzarako hautagaien arteko mahai-inguruan publiko bezala parte-hartzeko.

Nahiz eta antolatzaileen arauak urratu ahal izan nituen, ikasle ez izanda hitza hartzean, eta nire galderaren helburua alderdikoi bezala gaizki interpretatu zitekeen arren – El Mundok egin zuen moduan-, uste dut merezi izan zuela; izan ere, iruditzen zait presoen egoera gazteen artean ezagutarazteko, eta batez ere, gai honen inguruan alderdiek dituzten posizioak pentsa daitekeena baino hurbilago daudela erakusteko balio izan zuela.

Nire hitz-hartzean, Donostian eraildako ehun pertsona baino gehiago izan zirela aipatu, eta erailketak burutu, lesioak eragin edo kalte material hutsak sortu dituztenei eragindako minaren aitortza eskatu beharraz hitz egin ondoren; hautagaiei galdegin nien ea zer eskaintzen zieten 66 preso donostiarrei, zeintzuk sakabanatuak izan diren (Estrasburgoko Auzitegiaren epaiak urratuz); horietako bat konfinatua izan den (Espainiar Konstituzioan aipatzen den birgizarteratze helburua baztertuz); gutxienez zortzi Segiko kide izateagatik kartzelaratuak izan diren (Entzutegi Nazional beraren ondorengo sententziak urratuz, non inkomunikazio-aldian lortutako polizia-aitorpenetan soilik oinarrituta inor ezin dela kartzelaratu adierazten den); pertsona bat (Arkaitz Rodriguez) Bateragune kasuagatik kartzelaratua izan den, bere egoerara kartzelan egoteagatik pairatutako mugikortasun arazoak gehituz; eta beste bat (Carlos Trenor) Egin-eko Administrazio Kontseiluko kide izateagatik kartzelaratua izan den, kasu honetan 70 urte baino gehiago dituela kontuan hartuz eta beraz, egungo Zigor Kodea aplikatuz baldintzapeko askatasunean egon behar lukeela gehituz. Era berean, galdetu nuen ea zer eskainiko zuketen donostiar presoren batek gaixotasun larri eta sendaezin bat pairatuko balu, kasu honetan ere egungo legedia urratuko baitzen.

Eneko Goia (EAJ) eta Miren Albisturren (PP) erantzunei dagokienez, bat egiten ez dudan gauza  bakarra da nire ustez ETAren disolbatzea ezin dela sakabanaketa aplikatzeari uztea erabakitzerakoan kontuan hartu beharreko faktorea izan; besteak beste, 1989a baino lehen ETA ere existitzen baitzen (orain baino modu askoz aktiboagoan), eta urte hartara arte ez baitzen dispertsioa aplikatzen hasi, Felipe Gonzalezen gobernu sozialistaren erabaki politiko baten fruitu, eta Jose Antonio Ardanza buru zuen EAJ, PSE eta PPk osaturiko Ajuria Eneako itunaren oniritziarekin.

Sufrimendua eragin duten eta zorionez gaur egun ematen ez diren beste erabaki politikoekin gertatu den moduan, dispertsioa lehenbailehen amaitu behar da; eta berau aplikatzea erabaki politikoa izan zenez, politikatik ere bilatu behar da presoek eta haien senide eta lagunek pairatzen duten egoerari irtenbide bat ematea.

Presoen eskubideak errespetatuak izatera hurbiltzeko, beharrezkoa izango da elkarrizketan eta lanean jarraitzea beren egoeraren hobetzean lagunduko duten akordio zehatzak lortu ahal izateko; eta zintzoki, uste dut gehiengoaren nahia dela pausu horiek ematea, edo gutxienez geldirik mantentzearen edo atzera bueltatzearen borondatea ez dela nagusitzen. Beharrezkoa den bakarra gizarte zibiletik aldaketa hauek sustatzen jarraitzea da, alderdiak beren hatsa sentitu eta ibilian jarraitzera behartuz.

Zentzu honetan, niretzat helburua argi dago: pertsona guztiek beren eskubide guztiak errespetatuak izango dituzten eszenatoki batera iristea. Eszenatoki hau definitzeko, lehenik eta behin, beharrezkoa izango da guztion artean erabakitzea eskubide horiek zeintzuk izango diren, gutxienez bakean, eta beraz armek inongo norabidetan hartutako erabakiak baldintzatzen ez duten eszenatoki batean bizitzeko eskubidea; giza duintasunaren errespetua bermatzen duten eta birgizarteratze helburuarekin bat datozen presoen eskubideak; eta eragile ezberdinek sortutako biktimentzako egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eskubideak jaso beharrez. Edonola ere, garrantzitsuena alde guztiek guztion artean definitutako eskubide horiek errespetatu eta errespetarazteko borondatea izatea dela deritzot.

Norabidea finkaturik dago, gure aurreko pausoek nondik gatozen gogorarazten digute; orain ibilian hastea besterik ez da falta, izan ere, Machadoren poemak zioen moduan: “ibilian dabilenarentzat bere oinatzak bidea besterik ez dira; ibilian dabilenarentzat ez dago biderik, ibilian egiten baita bidea.”

Honako hedabieetan argitaratu da: Ahotsa, Naiz

Preso eta senideen eskubideen defentsan: Elkartasuna aurrera!

Euskal errepresaliatu politiko eta hauen senide eta lagunen eskubideen defentsan konprometituak dauden 4 pertsonen atxiloketa salatzen dugu. Euskal preso politikoen defentsa juridikoa egoera onartezinean jarri zuen abokatuen kontrako aurreko operazio polizialak, oraingoan, konfiantzazko mediku asistentzia ere galarazi nahi dute. Nahikoa ez balitz, espainiar gobernuak aurrera pausu berri bat eman du senide eta lagunei erasotzen, salbuespeneko espetxe politika honek dakartzan ondorio lazgarriei aurre egiteko senideei asistentzia eta laguntza psikosozialari erasotzen.

Euskal preso eta euren senideen asistentzian arduratutako kolektibo eta pertsonen kriminalizazioa, eskubiderik eta oinarrizkoenari erasoa dira. Euskal gizarte eta norbanakoen egoera guztiz larria da kontuan hartuta, asistentzia honetan horren oinarrizkoa den presoen osasun eskubidea kokatzen dela, baita ere, senideak senide izateagatik bizi dituzten egoera latzen aurreko salaketa, asistentzia eta elkartasun eskubidea.

Horregatik uste dugu, gizarteak berak erantzun beharko liokeela eraso honi. Giza eskubideen defentsarekin duen konpromisoagatik, bakearekin duen konpromisoagatik, dei egiten diogu euskal gizarteari egoerak dakarren neurrian erantzutera. Eszenatoki berri batera eramango gaituen bideei ateak ireki behar dizkiogu elkarren artean. Konponbideari, giza eskubideen errespetuari eta bakeari atea itxi nahi dion oro gelditzeko nahitaezkoa da gure konpromiso aktiboa.

Deia zabaldu nahi diogu euskal gizarte eta eragile ezberdinei larunbat honetan Donostian burutuko den mobilizazioan parte hartzera. Mobilizazioa, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Anoetatik, “Preso eta senideen eskubideen defentsan, elkartasuna aurrera!” lemapean.

Kartela eta sinatzaileak

X