ETAren komunikatuaren aurrean

Alternatiba osatzen dugun pertsonek berri ontzat dugu ETAk bere ekintza armatuak eteteko erabakia; izan ere, urte gehigiren buruan luzatu den gatazka konpontzeko abagune historikoa delakoan gaude.

Nahiz eta jakin badakigun indarkeria oro amaitzeko behin betiko pausuak emateko lan handia dagoela aurretik, herri honek nahi duen bake eta eskubide demokratikoen testuinguruak herritarren mugimenduari eta eragile sozial, politiko eta sindikalen aldeko lanari esker iritsiko beharko duela ziur gaude. Ezin dugu ulertu itxaropenerako zantzuak ikusteko gai ez direnen eta herri honen borondate nagusiarekib bat ez datozen ukatze estrategia antzuekin tematzen diren horien jarrera.

Esandako guztien harira, bakeak eta elkarrizketak giza eskubideen zein eskubide zibil eta politikoen urraketa atzean utziko duten garai berrirako elkarkidetzara deitu nahi dugu. Bide baketsu, politiko eta demokratikoekin atxikitzeko konpromisoa dugu eta geure egiten ditugu Mitchell printzipioak edozein eskubideren urraketa gainditzeko oinarrian. Honexegatik, ETAri argi eta garbi printzipio hautara lot dadin eskatzen diogu, eta Espainiako Erresumako Gobernuari dei egiten diogu arduraz eta interes berekoiei men egin gabe erantzun diezaion herri honetan irekitzen den aukera testuinguru honi.

Euskal Herria, 2010eko irailaren 5ean

Brian Currin> Bakea Euskal Herrian> Lander Arbelaitz (Argia)

Argia” Euskal Herrira bakea ekartzen laguntzen badut, nazioarteari diogun zorraren zati bat kitatuko dut”

“Arrazoi onak daude baikor izateko. Uste dut ezker abertzaleak heldutasunera pausoa eman duela. Badakite euren estrategia politiko berriak emaitzak eman ditzakeela. Sinesten dut bide horri eutsiko diotela eta ez dutela atzera egingo. Aurrera bultzatuko dute, ETAren buruzagitzak jarrera hori babestu arte”

 

Argazkia: Lander Arbelaitz

Gerrarako ez emakumerik, ez gizonik, ezta sosik ere

GERRARAKO EZ EMAKUMERIK, EZ GIZONIK, EZTA SOSIK ERE

Militar zabalkuntza dagoen bitartean, Gobernuak Militarismoarako  aurrekontu sailak handitzen jarraitzen du, baina, bestalde, Erakundeek ez dute oraindik konponbiderik eman emakumeok, bai kolektiboki, bai indibidualki, pairatzen ditugun egoera larrien inguruan: eraso eta tratu txarrak, banaketak eta dibortzioak, lan diskriminazioa eta pobreziaren feminizazioa, gizarte nahiz komunitate zerbitzuen gabezia: haurtzaindegiak, zaharrentzako egoitzak…

Hau guztia kontutan harturik, Zerga Eragozpena burutzera gonbidatzen zaitugu. Hau da egiten dizuegun proposamena: hurrengo errentaren aitorpenean 60 euro ematea Bizkaiko emakume taldeek garatzendituzten proiektu haueetarako:

“ARGITAN” Barakaldoko Emakumeentzako Aholku Etxea.
“NEBA- NEBA” Sestaoko Emakumeentzako Aholku Zentroa.
“BESARKATUZ”. Bilbo.

http://www.nodo50.org/informacion-objecion/

Aberri Eguna 2010: Behetik eta ezkerretik

Apirilaren 4an Aberri Eguna ospatuko da. Alternatibak egun hau autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko ez ezik Euskal Herriaren eraikuntza nazionala egungo mendekotasun sistemen aurka –kapitalismoa, patriarkatua, produktibismoa, arrazakeria, ordezkaritza demokrazia eta kultur asimilazioa- aldarrikatzeko ere erabili nahi du.

Alternatibaren aburuz borrokaren arlo hauek guztiek izan behar dute tokia aberri egunean, hauetan guztietan aurrera egin behar baita benetan demokratikoa, berdinzalea eta bidezkoa den herria osatuko badugu.

Hori dela eta, egun hau urriaren 25arekin –autonomi estatuaren eguna hain zuzen- alderatuz aberri egunaren zentzua leundu nahi dutenen aurka gaude; estatuaren egunak euskal gizartearen borondateak eta gertakariek eurek atzera utzi duten status quoa ordezkatzen du.

Arrazoi beragatik, baina, jarrera izatasun eta folklore hutsetan oinarriturik geure herriko politika, gizarte eta ingurugiro arazo ugariei bizkar eman nahi dieten nazio edo arkadia horri ere uko egin nahi diogu. Ez dago naziorik berdintasunik gabe, ez eta pertsona guztiontzako eskubiderik gabe ere.

Beraz, Euskal Herriaren eraikuntza aipatzean, benetako herritar izaera zabaltzea dugu buruan, hots, askatasun eta eskubideak zabaltzean,  ikur eta ohitura batzuen defentsa hutsa baino.

Egun hau ezkerreko indar subiranista guztiekin batera ospa zedin gustatuko zitzaigukeen, baina ez da posible izan. Alternatibak, baina, euskal ezkerra ikuspegi berriekin berrosatzeko asmoari darraikio, sareak osatuta Euskal Herriko herritar askok duten ametsa gauza dadin: ezker indartsu, anitz, demokratiko eta erradikala osatzea; indarrean diren mendekotasun, errepresio, pertsona zein talde eskubideen urraketa, berdintasun eza eta txirotasun egoerei aurre egiteko.

Arestian esandakoa aintzat hartuta, honakoa adierazi nahi dugu:

Euskal Herrian bizi diren pertsona oreren banako zein talde eskubideak errespetatu behar dira.

Premiazkoa da ETAk bere aldetik indarkeria jardunari utzi diezaion. Euskal Herri aske eta subiranoaren zilegizko helburuak ez dakar helburu politikoak lortzeko indarkeriaren erabilera babestea, ez zuzenki ez zeharka ere.

Nahitaezkoa da espainiar estatuko gobernuek debekatu dituzten eskubide guztiak berrezartzea, hala nola, elkartzeko eskubidea, adierazpen askatasuna, manifestaziorako eskubidea,…ezker abertzale ofiziala legez kanpo uzteko propio eginiko alderdien legea indargabetzea, ez baititu herritarren nahia ordezkatzen duten gobernuak ahalbidetzen.

Gasteiz eta Iruñeako gobernuek aurrera eramaten duten logika neoliberalari erantzuna eman behar dio ezkerrak. Euren neurriei, gizarte edo herri feminista, ekologista eta sozialistaren aldeko alternatiben bitartez egin behar diegu aurre.

Ezkerreko indar metaketa ahalbidetuko duten jardunak abiarazi behar ditugu, egungo gobernuen aurkako lan politikoa modu erreal eta eraginkorrean egiteko gai izango dena, pairatzen dugun nazio eta gizarte deseraikuntza iraultzeko.

Hau da Alternatibako emakume eta gizonezkoek Aberri Egunerako aldarrikatzen dugun zentzua. Ea hurrengo urteetan helburu hauek aurrera egin dutela  ospatzeko moduan gauden; Euskal Herria badela, eta ezkerrekoa behar duela uste dugun guztion artean.

X